Manuel Endeiza
Atzo, apirilaren 14a, Errepublikaren eguna izan zen, eta zer egun hoberik Lekittoko elantxobetar bat gogoratzeko.
Bada sarean gune bat Lekeitioko errepublikarrak gogoan dituena. Guk, behintzat, ez dakigu ezertxo ere haien gainean. Ez errepublikarren gainean, ez jeltzaleen gainean, ez... Ez dakigu tutik ere gerra garaiaz Lekeition, eta bada sasoia herriko historialariek horren gainean zer edo zer egin dezaten. Eta laster egiten ez bada, betiko galduko gizon-emakume haien memoria.
Guk gaur gogoan izan nahi dugun gizona komunista zen. Urte haietan ez zen izango komunita askorik, eta gaur egun ere ez. Guk lauren berri baino ez dugu: Marcelino Usatorre, Aniceto Perez Claret argazkilaria, Manuel Endeiza eta Patxi komunistia, azken hau izan ez arren besteen gisako komunistia.
Claret garai bateko argazkilari bakarra izan genuen Lekeition eta makina bat etxetan izango dira hark ateratako lehen jaunhartze eguneko eta ezkontzetako argazkiak. Badira postal batzuk, baina haren lana galdu egingo da gure etxeetako argazki albumak eta ganberetako kaxak ez baditugu arakatzen eta argazkiok biltzen non edo non, esaterako udal artxibategian.
Baina guk Manuel Endeiza ekarri nahi dugu berbara. Gaur egun denok dakigu non dagoen Manuel Endeiza jubilatuen etxea, baina nor demontre izan zen Manuel Endeiza?
Manuel, guk dakigula, elantxobetarra zen, baina luzaroan bizi izan zen Lekeition. Beren borroka nagusia, nagusitan (gaztetako konturik ez dakigu, baina imajinatzen ditugu), jubilatuen mundua izan zen: jubilatuen elkarte bat, haien premiak gogoan hartzea eta egoitza bat haientzat. Eta lortu zuen: elkarte bat sortu zuen, eta gaur Talako taberna dagoen tokian Saridunen etxea (jubilatuen egoitza) egitea. Gainera, jaietan, nagusien eguna egotea lortu zuen eta jai batzordeak antolatutako omenezko bazkari bat egitea.
Haren idearioa eta borrokaren muina esan daiteke Sustraia 4an argitaratu zuen artikuluan dagoela jasota:
Eta politikaren munduan ere ez zen izan uzkur: hautagai izan zen 1983ko udal hauteskundeetan Euskadiko Ezkerraren zerrendetan.


Hombre, gure aitta! Ez, gure aitta ez zen komunistia, Manuelen ezpalekua behintzat. Baina, askok zer ziren ezkutatzen zutenean, berak, ez, eta heterodoxoa izan zen goitik behera eta beti.
ErantzunEzabatu