2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

kirola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kirola etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/02/25

 

Lekeitio Kirol 1

1989ko martxoa 

Lagun batek, Josafateko zelaira joandako bat gogoan, ekinak izatea ez dela gauza ona esaten digu. Baina blog honetan ez dugu beste erremediorik eta ezinbestean behar dugu izan ekin. Eta batzuetan fruitua ematen du. Horren froga Lekeitio Kirol 1 hau. Hiru bakarrik genituen, eta ezin besterik aurkitu. Eta hara non lehen zenbakia bidali diguten ocr-a eginda eta guzti. Eskerrik asko. Lehen zenbakiak beti dira garrantzitsuak.

Lehen zenbaki honetan Lekeitioko kirol taldeen errepaso orokorra.

 



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio Kirol 1

 

Azken orrialdea iluntxu dago aldizkarian, eta guk, Bittorrek hori eta gehiago merezi du-eta, beste bertsio bat aurkitu dugu, argiagoa (jatorrizkoa, Aulestin ikusi genuenez, koloretan da). Ea animatzen den eta Lekeition ere erakusketa bat oparitzen digun. Onartzen diogu erdiaulestiar sentitzea, baina pentsatzen dugu Lekeition ere egin beharko lukeela bat.




 

2026/01/29

 

Lekeitio Kirol 5

1989ko ekain-uztailak 


 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio Kirol 5
 
Faltan ditugun zenbakien peskizan segitzen dugu. Ea baten batek dituen eta gurekin harremanetan ipintzen den.
 
 

2026/01/27

 

Lekeitio Kirol 2

1989ko apirila 

1987ko udal hauteskundeetan HB izan zen lehen alderdia, baina ez zuen gehiengoa. Ematen zuen EAJk eta EAk bat egingo zutela, baina, azken orduan, HBk eta EAK hitzarmena egin, eta alkatetza HBko Juan Karlos San Migelek hartu zuen. Udal batza hartan, Kiroletako zinegotzia Josu Erkiaga Atila izan zen eta haren ekimenez Kirol batzordea aldizkari bat kaleratzen hasi zen: Lekeitio Kirol.

Jakina, izenak berak iragartzen duenez, kirola da gai bakarra: herriko kirol taldeen egunerokotasuna eta herriko kirolariak.

Zoritxarrez ez dakigu zenbat zenbaki kalerau zituzten, eta guk hiru baino ez ditugu.

Juan Ramon Arrasateren gaineko berrian, une gogoangarri bat aipatzen da: IJAPAkoen greba. Horren gainean ere esan beharko dugu zerbait; izan ere, zestalari haien alde Lekeitioko frontoian egindako kirol ekitaldi bateko pare bat argazki ditugu. Hurrengoan.

 


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio Kirol 2
 
 

2025/02/21

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (1)

 

Bai. Non demontre da Mitxel Kaltzakorta?

Nori galdetu, halakoa erantzuna. 80 urtetik gorakoei galdetuz gero, Gerbasio eletrizistiaren semea dela esango dizuete; 70-80 bitartekoei itaunduta, Tartalosaren (Juan Carlos, hau ere eletrizistia) anaia dela entzungo duzue, eta hondartzako futbol txapelketan Bonbillon taldearekin jokatzen zuela jakingo duzue (izan ere, futbolaria zen, eta Jose Maria Mendiagaz eta Jabi Zugadigaz batera, Begoñako nagusien taldean jokatu zuen, artean 17 urte zituela)

 

Haur daukazue, 3.a ezkerretik.


60-70 bitartekoengana jo ezkero, Bonbillonena errepikatuko dizuete, eta informazio garrantzitsuago bat: 1974an, Athletik-ek Lezaman 
futbol txapelta bat antolatu zuen eta Lekeitioko gaztetxo batzuk parte hartu zuten, Lezama Lekeitiotik oso urrun egon arren orduan. Eta nork entrenatzen zituen mutiko haiek? Bada, Mitxel Kaltzakortak. Kontuan izan, orduan Lekeition ez zegoela futbol zelairik ezta talderik ere: dena egiten zen hondarrean. Eta, futboleko botakin sekula jokatu barik egon arren, finalera heldu ziren.


Lezaman. Goian: Mitxel Kaltzakorta, Xabier Iturbe, Jose Enrike Amillategi, Fernando Intxausti, Josu Erkiaga, ? eta ?

Behean: Joseba Goitia, Mitxel Galan, Mikel Salinas, Jose Angel Goitia eta ?

Hiru ezezagun horiek ez dira lekeitiarrak, eta taldeak kanporaketetan aurrera egin ahala atzean geratutako taldeetako zenbait jokalari (on) hartu behar izan zituzten Athletikek hala aginduta.


 
Hondarrean. Goian: Andoni Zamora, Andoni Gallastegi, Joseba Goitia, Fernando Intxausti, Andoni Madariaga eta Mitxel Galan.

Behean: Mikel Salinas, Xabier Iturbe, Josu Erkiaga, Jose Angel Goitia eta Jose Enrike Amillategi.

Zoritxarrez, sasoi hartan, Lezama eta Bilbo urrunegi zeuden Lekeitiotik.

Eta behar bada, horiek denek esango dute: Mitxel Kaltzakorta? Fernanditon anaia.


 Fernandito, Superman jantzita, Lior-Itsasokoekin

 

Eta zer du horrek guztiak zerikusirik euskararekin? Ezebez, baina argi dago esku bat botatzeko prest egon dela beti.


2025/02/03

 

KUADRILLA ARTEKO FUTBOL TXAPELKETA


Aurrekoan, Hondartzako Futbol Txapelketaren 25. urteurreneko argitalpena jarri genizuen eskura. Argitalpen horretan, gauza ugari kontatzen dira, baina material gehiago egon behar da hortik buelta-bueltaka, eta komeni da batzea betiko galdu aurretik. Hona hemen gure ekarpen xumea

1. Kartela

Irakurle baten bidez jakin izan dugu karteleko irudia Claude Serre irudigile eta umorista frantsesarena dela (beheko sinadurari ez erreparatzearren). Jakina, haren baimenik gabe eta egile-eskubideak ordaindu barik erabiliko zen (zuten, genuen). Zergatik demontre erabili ote dugu -ko modalizatzaile hori aurreko esaldiak modalizazio beharrik ez badu? Ay, modalizazioa!

 


 2. Arbitrajeen zerrenda bat

 



 


2025/01/31

 

HONDARTZAKO FUTBOL TXAPELKETAREN 25. URTEURRENA



 
Argitalpena ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Hondartzako futbol txapelketaren 25. urteurrena

Lekeitioko hondartzako futbol txapelketen gainean asko ikasi dugu argitalpen honetan eta argazki ederrak ageri dira, baina ez legoke txarto gehitxoago sakontzea; izan ere, gure ustez Kepa Naveran Bolkana eta Jose Ramon Barcina Sokondo, behintzat, aipatu beharko liratekeela uste dugu.

 

 

Argazkien artean, bada bat Liverpool-eko jokalari ospetsu batekin batera gerrako umeak hartzen dituena. Argazki oinak zelebrea izan nahi du, eta "lekittarrak" direla esaten da. Guri esan digutenez, hiru baino ez dira hor ageri diren lekeitiarrak: 1 Agustin Markuerkiaga, 2. Todor Telleria eta 3. Patxi Madariaga.

Kontu hau dela eta, jakin izan dugu Xabier Gezuraga eta Iñigo Eiguren, 700. urteurrenari ekarpen bat egin nahian, Kuadrilla Arteko Futbol Txapelketari buruzko informazio eta pasadizo bila dabiltzala. Ea laguntzen diegun! 

 

 

2025/01/30

 

LEKITTARRAK

Txirrindularitza


Aldi berean bedarutarra eta lekeitiarra izan eta Mendexan bizitzea bateragarria delako.

Atzo, Tomas Oñaederra joan zitzaigun pedalei gogor eraginda, batek daki nora, Patxi Gabikagaz bizikletan ibiltzen kontixu. Bietako zein ibiliko ote da Patxik Tomaseri erosi zion bizikletaren gainean?

Tomas, bere anaia lez, txirrindularia izan genuen garai heroikoetan, eta bizi osoa segitu zuen txirrindulari izaten. Ez zen irabazlea izan, baina Loroñok berba onak bakarrik zituen haren gainean hitz egiten zuen bakoitzean. Bada zer edo zeren seinale!

 



Gauza asko esan ditzakegu Tomasen gainean, baina hobe pedalek berba egitea; izan ere, gaur ez da eguna. Egin dezatela Lekeitialde-Sillonizekoek haren aldarri!

Hemen daukazue Lea ibarreko !Jeurt errebistin 7. zenbakian egin zuten erreportaia bat: Tomas Oñaederra !Jeurt errebisti

Tomas, atzean utzi gaituzu tropelean, beste tropel horretan ez zaitzatela atzean utzi!


 

2025/01/29

Bolkana

 

 

Kepa Naberan Bolkana. Asko joan dira arin mundu honetatik, eta Kepa arinegi joan zen. Hondartzako futbol txapelketan faltan izango dabe, eta, batez ere, Umeen Futbol Txapelketan. Merezimendu osoz ipini zioten beraren izena futbol zelaiari.

 


 

Bolkanaren une gogoangarrienetako bat Menbrilluagaz batera (Andoni Madariaga, beste inklito bat) izan zen Hondar Txikiñian 1982-83 aldera, markinarrek Aittitta Makurra bere lekutik kendu nahi izan zutenean futbol eremuan traba egiten ziela-eta.




Eta zelan ahaztu bere ironia finagaz behin eta berriro errepikatzen ziguna: Lekeitio, cuna de cerebros.  Eta hala segitzen dugu: Bolki, ez daukagu arreglorik, eta kulpia ez da ez Garakoitxearena, ez poli-miliena.