2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

Kitzika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Kitzika etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/10/30

 

KITZIKA 5

2007ko urria-azaroa 

Urria-azaroa, hurrrengo urteko aurrekontuak prestatzeko sasoia herri erakundeetan (udalak, aldundiak, mankomunitateak...). Lau, lau, lau, sardiña bakalau kantatzen dugu eta hor ematen dugu kantua amaitutzat. Kitzika 5rekin, bat propinan izan genuen; urtebete iraun zuen Kitzikak zoritxarrez, eta harrezkero ez da izan herri-prentsarik gurean, eta joan dira 28 urte mando.
 

... Azkenik eskerrak emon nahi dizkiet laguntzen diguten guztiei (Kultur Etxea aupa, Jone, Lekitxoko tabernak, hainbat pertsona, musika taldeak) eta proiektu honetan nire umore desberdina jasan duten hiru lankideeiii... tali, per, arruza

Hurrengo zenbakira arte kitzikalari, Kitzikak lagun zaitzala!!! ;)

 
Ez dok hamairurik lez, ez zen izan hurrengorik. Kitzika munduratzen ari zen, Ebrotik Atturrira bitartekoari eusten zioten, baina eremu gero eta zabalagoari erreparatuta; gure erakundeak, berriz, txokozaleak, beti norberaren zilborrari begira, ezin zilbor-hestea moztu, eta diru-iturria moztu zieten.
 
Norbaiti ez bide zitzaion gustatu Kitzikakoak Etsaiakoekin Miranda de Ebrora joatea (inoiz, urrunago), eta, nahiz eta ikusleak euskaraz kantatu, Miranda de Ebro ez dago Ebrotik Atturrirako bitarte horretan. 
 
Edo ez zitzaion gustatuko euskal musika taldeak Mikel Laboa, Xabier Lete edo Oskorriren bideetatik ―edo asko jota Hertzainen, Barricadaren eta La Pollarenetatik joan beharrean black-core, thrashcore, crustcore, emo-metal, metal-core, death metal, hevy metal tradizionala, thrash metal, black metal, doom metal, power metal, hardcore, hardcore punk, pop punk, post-punk, skate punk, grunge, indie rock eta halako bide arraro eta heterodoxoetan barrena ibiltzea.
 
Disfrutatu jaun-andreok 5. Kitzika hau, ez dago besterik eta! Ipini diska platerean edo sartu Cd-a irakurgailuan (oso-oso modernoak bazarete sartu kaseta pletinan) eta, behingoagatik, igo bolumena eta su!, ze berriro bueltatu behar dugu euskal musika setentero-otxenterora: Sustraietara. Orduan, bolumen motelagoak erabiltzen ziren, eta, hala ere, arrazoi beragatik geratu zen bide bazterrean (eta honek metafora bat izan nahi du).

 
 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kitzika 5
 

 


2025/10/29

 

KITZIKA 4

2007ko abuztua-iraila 

Kitzika 4 honen sarreran, aspaldiko eta ohiko eskabide bat, Kitzikan bertan lehenago ere agertutakoa eta haren aurreko Lekeitioko beste herri aldizkarietan orro izandakoa.
 

Kaixo KITZIKALARI,

Esku artean duzuna labetik atera berria den Kitzikaren laugarren alea da. Irakurleon begiak, belarriak eta bihotzak kitzikatzeko sortua. Zaila da, oso zaila, ideia bat proiektu bihurtzea. Zailagoa egitasmo hori egi bihurtzea. Lortu dugu lau aldiz, Lekittotik abiatuta, gure ama hizkuntza denari, musika aldizkari baten soineko dotorea jarrita, kaleratzea, zabaltzea eta hedatzea. Baina laguntza behar dugu. Guztion laguntza. Adaska txiki hau, etorkizuneko zuhaitz bihurtzeko. Bosgarrena zure esku ere badago... Euskerazko hedabide lokalak sendotu behar ditugu, idatzizko prentsa zabaldu, hedatu eta garatu behar dugu.... aro digitalean, paperezko euskarriek, liburuek, komikiek, egunkariek, aldizkariek garrantzi ikaragarria dute. Danon artean lortuko dog

Baina orain gozatu rnusika, gozatu kitzika, On egin!!

Arrakala irrati librean hasi ziren beren musika-irratsaioan informazioa zabaltzen. Handik pasatu ziren paperera, eta, aldi berean, Euskal Herriko irrati libreen sarearen bidez leuskal urralde osora zabaltzeko aukera izan zuten. Hala kontatzen da 2007ko martxoaren 26an Gara egunkarian:
 

2007 Martxoaren 26

 GARAIdatzia > Irrati-telebista 

"Kitzika", aldizkaritik irratira eta Lekeitiotik Euskal Herrira

Lekeition sortua, «Kitzika" doako aldizkaria Lea-Artibain musika eredu berrien oihartzuna zabaltzen ahalegindu da eta, zenbait astez frogatan aritu ostean, herriko Arrakala irratirako ahozko bertsioa osatu dute. Orain, Euskal Herri osora hedatuko da uhina.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Badira zenbait hilabete Lekeitioko lau lagunek «Kitzika» aldizkaria sortu zutela. Lea-Artibain eta Bilbo inguruan banatu dute musika eredu ezberdinak -«kañeruak» esan dute beraiek- jorratzen dituen doako argitalpena eta, duela zenbait astetatik hona, herriko Arrakala irrati librearen uhinetan ere hustu dituzte aldizkariko edukiak.

Esatari lanetan trebatu ostean, iragan ostiraletik aurrera Arrosa Sarean emango da «Kitzika» eta, beraz, Euskal Herri osoko irrati libreei saioa zuzenean emateko aukera zabaldu zaie.

Paperezko edizioa bide onetik doala azaldu dute lekeitiarrek eta, hirurehun aleko lehenengo argitaraldi hura bostehunera zabaltzeko asmoa omen dute, Udalaren laguntzarekin: «Lekeition talde asko sortzen ari zirela ikusi genuen eta aldizkariaren kontua sortu zen. Udalarekin hitz egin eta aurrera atera zen gaia. Handik gutxira, Arrakalatik aldizkariko musika irratira pasatzea proposatu ziguten eta, tira, horretan gabiltza». Hiruzpalau saio Lekeitioko irrati librean eman ostean, iragan ostiralean sartu zen «Kitzika» Arrosa Sarean.

Hizpide nagusia Bizkaiko musika izango badute ere, eremua zabalduko dutela adierazi dute eta «kontzertu potenteak» dauden lekuetara joango direla, horien kritikak eman ahal izateko. Sortzen doazen taldeen berriak, elkarrizketak, agenda zabala eta ohiko formatuak landuko dituztela gaineratu dute.

 
Zenbaki honetan, aurrekoan lez, betikoak: gureak (ingurukoak, eta mendikatetik beherakoak eta mendikatetik gorakoak) eta hangoak eta harantzagokoak. Azalburuan Berri Txarrak, ikusle bakarraren aurrean jotzeko adorea eta duintasuna izan zuen taldea ―ikusi Berria eta Publico―; Lekeition, ostera, zuzendari batek bertan behera utzi zuen herriko elizan eman beharreko kontzertua entzule gutxiegi zegoela begitanduta: koipelustre esan zioten Sustraia aldizkarian 21. zenbakian, Kultur Asteari buruzko artikuluan.  
 
Bestela, gozo eta bero zenbaki honetako edukiak ere. Eta batetik bestera ibiltzen zirela eta dagoeneko izena eta ospetua zuten frogagarri:
 

ACAMPADA JOVE Sant Celoni 07

Heldu ginenean, Euskaldunok, Kitzika lan taldekoak, adeitasun eta elkartasun handiz hartu gintuzten. Gure eskerrak Marta eta Acampada Jove antolatu zuten abertzale ezkertiar katalenei. Anaitasun horrek alboko herriak maitatzea, ulertzea, laguntzea... bultzatzen du. Guzti horregatik, ziur naiz datorren urtean ere gure Kitzika agendan Kataloniako Acanpada Jove jaialdia gorriz azpimarkatuta izango dugula.
Prensa zioten passeak jantzita, gure lanari ekin genion.

 
Hala, bada, disfrutatu eta jantzi zeuen buruak. Eta disfrutatu musikarekin.
  
 
 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kitzika 4
 


2025/10/28

 

KITZIKA 3

2007ko ekaina-uztaila 

Kitzika 1 eta Kitzika 2 debalde banatu zituzten eta, jakina, Kitzika 3 hau ere bai. Ondorioa? Gero eta estuago aurrekontuekin. 
 

Gure proiektuaren hirugarren emaitza da eta aurrekontuarekin geroz eta justuago gabiltza. Nahi dabenak bere tokixa eukiko dau gure aldizkarixan, bere iragarkixa ipintxeko merke eta itxuroso. Gure asmua kitzikako ale bakotxa debalde ixatia da eta hau be holan ein dogu, gaurtik aurrera ezinbestekua dogu zure laguntzia.Beraz, zuen iragarkixa kitzika aldizkarixan nahi badozue agertzia kitzika@gmail.com mezu bat bidali eta inongo arazorik barik jarriko dogu merke eta itxuroso.Eta beste barik ale hau be zuen gustukoa izango dalakuan!!! Gozatu eta on egin danori!!

 
Aldizkarian iragarkiak ipintzea eskaintzen zuten, baina ez zuten ibili nahi komertzial modura batetik bestera. Nahikoa lan zuten bestela ere. Gainera, ez ziren mugatzen Gureak kitzikatzen edo Ebrotik Atturrira. Kitzikak gauza asko kitzikatu zituen, kitzikatzetik oihartzun izatera pasatu ziren, eta estatuko festibaletatik-eta (Europatik ere bai) hasi zitzaien deiez beren oirrialdeetan agertzeko. Lekeitioko zulotik mundura. Horixe da arrakasta izatea. 
  
 
 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kitzika 3



2025/10/27

 

KITZIKA 2

2007ko apirila-maiatza 

Kitzika 1 eskuartean izan duen edonork daki zer lan dagoen haren atzean, begibistakoa da: bidaiak egin, kontzertuak ikusi, argazkiak hartu, diskak erosi... Gero, hori guztiori idatzi, forma eman, maketatu, inprimatu, banatu... Lan izugarria.     
 
Guri dagokigunez, batzuk musikazaletzat (baten batek melomanotzat ere bai) genituen (eta daukagu) geure buruak, eta Kitzikarekin konturatu ginen zenbat hutsune genituen gure diskoteketan. Bai, ez da nahikoa 70-80ko hamarkadetako rockero handien eta euskal kantagintzako diskoak izatea, edo fardateko jazza (batez ere, Miles Davis) gustatzen zaizula esatea. Hori wikipedian dator. Kitzikan beste mundu bat ageri da, musikaren humus-a, eta humusik gabe ez da sortzen berez musikari erraldoirik. 
 
Izen batzuk badakigu nor diren: Mikel Laboa, Elliot Murphy, Berri Txarrak, Zea Mays, Police, Des-kontrol, Nabil eta besteren bat. Baina, askori eta askori, usainik ere ez. Mundu ezezagun bat zen orduan askorentzat, eta, behar bada, gaur ere bai. Bada, ez galdu zuen musika ezagutza aberasteko aukera. Seguru baten bat diska zahar horien bila hasten dela.
 
Eta betiko kontu bat. Nabil taldeko Unai Egiagaz egiten da berba Leketioko musika panoramiari buruz, eta batera edo bestera  Lekeition kulturaren arloan bizi izan diren guztiak sufritutakoa azaleratzen da.
 

Kitzika. Zer aldatuko zenuke Lekeition, musikari dagokionean?

Asteko, betikoa aipatu behar dut: Kultur etxeko lokala ederra da, baina, alkate jauna, ez gara kabitzen hamar talde lokal batean!

  
 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kitzika 2


2025/10/23

 

KITZIKA 1

2007ko otsaila-martxoa 

Papergintza zabala izan dugu azken urtean blog honetan. Gauza asko falta dira eta asko geratuko dira aipatu gabe ez daukagulako informaziorik horien gainean, baina hori ezin da izan Kitzikaren kasua. Prentsa eta aldizkarigintzan Lekeition izan den asko puntazoa!
 
Badakizue, eta irakurri bagaituzue jakin beharko zenukete, zer pentsatzen dugun Lekeitioren eta kulturaren arteko ebaketaz: osagai bakarreko multzoa dela. Badira tarteka agertzen diren bestelako osagaiak, baina beti irauten du batek, musikak. Musika haren aldaera guztietan: txarangerua, poperua, rockerua, punkerua, metalerua, horien arteko nahasketa posible guztiak, koralerua... Hori bai: 1867ko udaberrian gazte talde batek ―gazteak izan behar orduan ere― bultzatu eta sortutako musika bandaren bidea eteteko damurik ez dogu izan. Kontserbatoriokoa kontserbadoreegia, behar bada, gure belarrietarako!
 
Eta hain musikazale den herri batean, apena zegoen informaziorik unean uneko musika joeren eta horien protagonisten gainean. Harik eta Kitzika sortu zen arte 2007ko otsailean.
 
Hiru lekeitiar gaztek Ibon Goikoetxea, Iban Galletebeitia eta Peru Badiola― pentsatu zuten: batetik bestera ibiltzen gara kontzerturik kontzertu, baina informazio falta handia izaten dugu (diska berriak, kontzertuak non-noiz ziren, musika taldeen asmoak eta joan-etorriak...), eta... zergatik ez dugu geuk sortzen aldizkari bat hutsune hori betetzeko. Bada, pentsatu eta egin. 
 
Aho zabalik geratu ginen atera zenean, eta harrituago hiru lagun bakarrik zirela jakin genuenean: kontzertuetara joan, elkarrizketak egin, maketatu, banatu (debalde). Flipa txabal/potxua!
 
Indarrik bada gurean (gure herrian eta kulturaren arloan), baina, beti bezala, gutxi batzuk aritzen dira horretan, eta normalean ez dute laguntza eta ardura handirik sumatzen herritarren partetik, eta are gutxiago udalarenetik. Kulturak ez du saltzen, eta Lekeitioren izena beste batzuek zabaltzen dute gure mundutxoan barrena; dirua, beraz, horientzat da. 
 
jaioko dira berriak kantatu zuen Xenpelarrek, eta jaioko dira, egon lasai. Gure ardura izango da bizirik irautea.
 
 
 

 Ibon Goikoetxea, Iban Galletebeitia eta Peru Badiola

 

Kitzika argi bizi bat izan zen batzuentzat, Lekeition eta Eskal Herri osoan, eta sudurraren puntan jartzen zaiguna entzutea aholkatu ziguten; hori bai, musika entzuteko eskatu ziguten.  Haien webean diotenez,

 

Kitzika Musika aldizkaria 2007ko Otsailean jaio zen

…Lekitttotik zuzenian kresalan indarraaz eta freskotasunaz beteta, alternatiba bat nahi dau ixan kitzikak zuen belarrixentzako. Diskoetxien dirua mantekilla moduan untata eztaukazen mikroetatik, bi ahots izango dozuez astero zuekin  Arrakala irratixan 107.7fm-an eta underground musikal aberatsetik, askatasunez eta belarrixetako zera faltsu hori kentzeko ilusnoiagaz beste lau langile altruista ixango duzuez aldizkarixen editazinoian. Beste musika bat existiduten dabelako, horren bozgorailu nahi dogu ixan kitzika irratsaiuen bidez, horregaitxik arrakalan. Zein itxasotan murgilduko da gure entzulia? Ba metaletik hasi eta bere adar guztixetara zabaltzen dirazen ibaixetatik ziar…. dala hardcore, dala pop alternatibuena, baitxa punk eta rockak be bere tokixa eukiko dabe, gure aldizkarixan. Beraz, max-mix hori izpide hartunda gure txalupa barrixa estreinateko prest gagoz marrazuen itsaso honetan gure Lekittotik hasi eta EH arte. Gure ilusinoia belarrixatik ziar musikagaz entzulia aberastia da. Beste mundu hori ezkutukua, patroi komertzial handixagaz tapatzen dabena egunero lau txori txiki edo handi gaitxik, mundu ezkutu horreri tapia altza nahi dotzagu eta entzulegua kitzikatu… entzun beza bakotxak surren puntan ipintxen jakona…, kitzikatu musika, Musikatu kitzika!!!


 
 

 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kitzika 1