2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2026/04/29

 

Lekitto musika banda

 
 

Iñuzente eguneko bandaren kontzertua iñuzentadia izan ote zen? Zergatik ATOR horrek ez dauka hatxerik? ATORranteren laburpena ote da? Ze, musikariak beti izan dira atorranteak! Izango ote dugu, 2025ean, Musika Bandarik herrian? Eta badaukagu, izango ote du zuzendaririk?

1867an lehen Musika Banda  sortu zenetik, Udalaren eta bandakoen arteko harremanek beti izan dute gorabeherarik, Fernando Garateak dinonez Kurik 4an eman zuen Lekeitioko Musika Banda artikulu gogoangarrian.

Gorabehera horiek 1891n jo zuten goia. Urte hartan, banda bi izan ziren herrian: la Independiente (izena aukeratu ere...) eta udalaren banda

 

Azken esaldia, gogoan hartzekoa: 1891 urteaz ari da, e!

Harrezkero, behin baino gehiagotan izan dugu antzeko dualtasunik herrian (alderdi politikoen arteko banaketak eta ika-mikak alde batera utzita). 

1. Estudiantina bi; bueno Itxaropena estudiantina eta tuna bat. Bandatik bertatik sortu zen arazoa 60ko hamarkadan, 1967 aldera. Sasoi hartan, Migel Arrieta genuen bandako zuzendari behin-behinean, baina bandako zuzendariena gorputz nazionala zen eta, Valentzia aldetik, Rafael Rosell etorri zen herrira lanpostuaz jabetzen (Migel bandako musikari soil izatera pasatu zen). Migelek musika eskola bat zeukan eta etorri berriak, gutxiago izan nahi ez-eta, berea zabaldu zuen. Emaitza? Karnabaletan Migelek umeen Estudiantina montatzen zuen eta besteak, bada, tuna.

 


 

2. 1974an Aste Kultural bi, biak denbora tarte berean. Gaztedi gazte taldeak antolatu zuen bat, eta EAJk hori jakitean, arduratuta eta presaka, beste bat antolatu zuen. Kontraprogramazioa esaten zaio horri.

3. Dantza talde bi. Kaxarranka taldea zegoen urteetan. Baina, hara, Franco hil zorian eta... Etorkizuna taldea agertu zen.

4. Ikastola eta herriko eskolak. Beti nor baino nor. Beti nor herriko(i)ago.

5. Triatloi talde bi. Garraitz eta haren eszisioa, Amandarri.




6. Gazte talde bi: Ernai eta GKS. Hauek ere nor gazteago, nor ezkertiarrago, nor abertzaleago, nor herritik hurrerago, nor askeago?

7. Eta, zirkulua zarratzeko-edo, herriko musika banda eta eskola musika elkarri mokoka.

Migelek erretiroa hartu zuenean, arduratuta geratu ginen zer pasako gure Bandiagaz. Urtzi Iriondo agertu zen, eta are gehiago jaso zuen (zail zeukan) gure bandaren izen ona eta haren maila. Begi bistan dago zer lan egin duen. Zoriontzekoa!

Harro gara lekeitiarrok gure musikarako joerarekin eta gure Musika bandarekin. Benetan harro.

Baina entzun dugu bandako zuzendariak 19 urte daramatzala urte birik behin kontratuak egiten. Denbora tarte horretan, 4 alkate pasatu dira Udaletik, eta batek ere ez du konpondu egoera. Gora langileen eskubideak eta lan baldintza duinak!

Eta, ez, ez gaude harro horrekin!

OHARRA. Idazki hau, bistan da, 2024ko abenduaren bukaeran edo 2025eko urtarrilaren hasieran dago idatzita. Kontua da bestelako kontuak entzuten hasi ginela, eta gure sanedrinean erabaki genuen tartea ematea eta ez kaleratzea bazterrak ez nahastearren (bazterrak nahastea gustatzen zaigun arren). Urte bete luze joan da eta ikusi dugu zein itsasotan isuri diren uholde haren urak. Bego, bada, bere hartan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina