2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

Dzanga etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Dzanga etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/07/11

 

DZANGA 16

 

 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 16
 

Indartsu eta sendo agertu zen Dzanga 16a, baina Dzangaren azken zenbakia izango zen. Aldi hura amaitu zen, eta ez da egon hirugarren aldirik. Izan dira, eta orain ere bada, beste Udal aldizkaririk: Udaletik EAJren sasoian eta Talaiapekoa gaur egun (irakurtzeko, Udalaren webgunean sartu behar da eta Talaiapekoa idatzi bilatzailean). Instituzionalagoak, ordea. Herri aldizkarigintzan ere Zer Esana agur esanda zegoen ordurako. 

Indartsu diogu: Kultur etxea, Rufo, nesken futbol taldea...

Baina Rufo Atxurra dugu zenbaki honetako izarra. Berak lan egiten zuen enpresak (CAV, Compañia de Automoviles Vascongados) hartzen zuen eremuan jasotako etxe tarteko enparantzari haren izena jarri zitzaion: Rufo Atxurra enparantza. Lekeitioko memoria bizia zen, eta gerra aurreko eta osteko zerbait jakin nahi izanez gero, harengana joten genuen, Natxik eta Fernando Garateak argi azaldu dutenez zenbaki honetan bertan. Ikusita ditugu haren liburukiak ondo jasota apalean eta baten-baten barrukoak ikuskatuta ere bai. Kontua da haren ezagutzak eta jasotako informazioak legenda bihurtzeko bidean direla; izan ere, badaude inon ikusgai eta aztergai, lekeitiar guztion eskura?


 Gonbitea
ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Rufo Atxurra enparantzaren inagurazioa, gonbitea

Arazoa da lekeitiar gehienok ez dakigula gerra aurrean eta gerra ostean zer gertatzen zen Lekeition eta zer egiten zuten lekeitiar gazteek eta ez hain gazteek (eta 700. urteurrenaren ospakizunetan ere ez zaigu gauza handirik konta). Periodikuetan beti agertzen dira pertsona handiak, handiak eta handi usteak. Letra xehekook ez dugu lekurik izaten halakoetan eta gure memoriak galdu egiten dira. Eta antzera pasatzen da Rufok bildutakoekin: ez dakigula zer bildu zuen.

Ruforen bildumatik La Gran Enciclopedia Vasca-k liburu bat atera zuen, haren ustezko iruzkinekin. Bada, pena ematen du gehien-gehiena gaztelaniaz ikusita. Eta euskaraz dagoen apurrak ez du batere ortografia-araurik zaintzen eta beste zabarkeria batzuk ere badira, Ruforen memoriari batere onik egiten ez diotenak.




Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio, Rufo Atxurra

Liburuan, lau gai ageri dira 

1 Portua eta arraintza

2 Lekeitio eta automobilla

3 Herritar Erlejiotasunaren agerpena

4 "Antzar" jaiak Lekeition

 

Ikusten denez, herri xehearen kontuak eta beste inon landu eta argitaratu gabeak. Eta hala ere, interesgarriak.

Handik gutxira joan zen Rufo mundu honetatik; haren ondarea, berriz, dantzan bide dabil.


 

 

Zoritxarreko otsail hartan, baina, ez zitzaigun Dzanga bakarrik itzali. Barruan, orri solte batean Euskaldunon Egunkariaren aldarria ageri zen.


 

 

 2003ko otsailaren 20an, Auzitegi Nazionaleko instrukzio-epaile Juan del Olmok aldi baterako ixtea eta Egunkaria-ren ondasun guztiak prebentzioz enbargatzea agindu zuen, ustez ETAk kontrolatutako enpresa-multzoaren parte izatea argudiatuta. Ondotxo genekien zer ziren aldi baterako ixtea eta prebentzioz enbargatzea haiek, ze 5 urte lehenago, 1998ko uztailaren 14an, Liberte, egalite eta fraterniteran egunean, Baltasar Garzon, giza eskubideen defendatzaile sutsu hark, gauza bera egiteko agindu zuen Eginekin. Denok dakigu zer gertatu zen aldi baterako eta prebentzio haiekin: egunkari biak behin betiko itxita, ondarea galduta, eta hainbat pertsona torturatuta eta kartzelan sartuta.  


2025/07/09


 

DZANGA 15

 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 15
 

Oraingoan ere bada berbalekurako gairik Dzangan. 

2002ko udan Kultur etxea San Antolin egunerako egongo zela iragarri zitzaigun. Izan zen herrian kultur etxea egoteko moduko eraikina, lekeitiar asko eta askoren izerdiarekin ordaindutakoa: Gizarte etxea. Baina, gauzak zer diren, kontuak ez zitzaizkigun atera ongi. Elizarena ei zen, eta elizak saldu egin zuen. Dirua poltsikora eta eraikina lurrera. Zerbitzu publikorako zen eremu hartan etxeak daude orain. Eta zinema, eskerrak!

Parkeko arbolak ere eztabaidagai izan ziren 20 urte lehenago lez. Berri honen ondoan, parkearen historia labur bat dator eta tartean hau esaten da:

 

Eskultura horien nondik norakoak Iñaki Madariagak azaldu zizkigun hitzaldi batean 2022an, Kultur etxean.

 

 

Hitzaldi haren bideoa youtuben dago jasota, Atabaka elkartearen eskutik



Iñaki Madariaga Valle, "Frantziako Fundizio Artea Lekeition"

Une honetan, eskultura horiek udal biltegi batean dagoz, zatituta. Itsusiak eta balio bakoak begitantzen zitzaizkigun (eta zaizkigu, antza), harik eta Iñakik besterik jakinarazi.

Alberto eta Bingen Barbariasen eta German Gabiolaren hegazkinaren historia ere kontatzen da.


 

Urte hartan, Isuntza arraun taldeak 25 urte bete zituen, eta liburua idatzi zuten. Resurreccionek, berriz, 109. Tentuz irakurtzeko berriak, bigarrena batez ere.


 



 


2025/07/07

 

DZANGA 13

 

 

  
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 13
 

Dzanga 13a hau ia oso-osorik gure herriak emandako gizonik ospetsuenaren gainean ―Resurreccion Maria de Azkue. 2001ean haren omenez egindako berbaldiak Euskara 2001-1ean dagoz jasota 221-254 or.― bada ere, beste gai batzuk ere aipatzen dira, azaletik aipatu ere garrantzitsuak izan arren.

Batek, kotxe asko eta toki gitxi, oraindik ere zeresana ematen segitzen du 25 urte geroago. Azken udalak aurre egin dio arazoari ―sasoia genuen― eta neurri batean herri barruko arazoa bideratzea lortu du. Herritik kanpoko aparkalekuak dira eztabaidagai: herritarrak, pozik; kanpoan bizi diren lekeitiarrak, astebururo datozenak eta udatiarrak, haserre. Beti mokoka? Negu osoa Bilbon ikasten ematen duten lekeitiar gazteek berba berri bat omen dute Bilbotik asteburuetan eta udan datozen bilbotarrak izendatzeko: bilborratak. Zelan ez gara, bada, elkarri mokoka ibiliko.

Bigarrenak, 24 urte betetzen zituen orduan, eta 48 beteko ditu aurten: Lekeitioko Euskal Zinema Bilera. Beraz, indartsu eta osasuntsu dago. 

Hirugarrenak, ostera, aspaldi galdu zuen gaurkotasuna, uda guztietan, plazan, haren izena daroan xake taldeak txapelketa bat antolatu arren. Baina bidezkoa da haren izena gogoratzea: Jokin Erdozia.

Jokin herriko gauza askotan zegoen sartuta, eta denetan zen abila: futbolean ondarrean ―Erdoziatar guztiak lez: anaia Mikel, aita Joakin eta osaba Xabier―, xakean ―Jokin Erdozia xake taldea, musikan Etsaiak, Ume gaiztuak...―, Arrakala irratia, gazte mugimendua ―Ostala, mundu osoko gaztetxerik ederrena―...

 

Ezkerretik eskumatara: Jose Ramon Aretxabaleta (xake taldearen sortzaileetako beste bat), Jabi Olabarriaga, Jokin Erdozia, Jabier Barcina, Juan Luis Goitiz eta Imanol Mendiguren


Dzangan mentatzen den omenaldiaren berri Euskaldunon Egunkarian ere eman zen


 

Ez daukagu ahazteko.

 

2025/07/05

 

DZANGA 12

Dzanga 12a kaleratu zenean, Kale antzerkiak 12 urte bete zituen, eta Nazioarteko Kale-antzerki jaialdia zuen izena. Aurten, 35 urte bete ditu, eta Kaleka esaten diogu. Dagoeneko, ez da Kale-antzerki jaialdi huts, nagusi egin da, eta kale arteen jaialdia dugu.


 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 12
 

Horrez gain, EUSKARAREN PLAN ESTRATEGIKOA LEA-ARTIBAIN Bai Euskarari Akordioaren haritik. 

Plan estrategikoak eta Akordioak. Erakundeak eta organizazioak sortzen ematen dugu denbora. Eta helburuak begi bistatik galduta, erakunde eta organizazio horien biziraupena bermatzen ematen dugu denbora: Bai Euskarariren helburua plan estrategikoak egitea da; Korrikarena, korrika egitea; Ibilaldiarena, Kilometroena eta enparauena, paseatzea; Durangoko Azokarena, liburuak saltzea Elkarren mesede; Sarerena, manifestazioak antolatzea, Euskaraldiarena ―zein da Euskaraldiarena? Euskara aldia urte osoko egun guztiak dira, 24 orduetan, eta ez urte bitik behin aste betean geure buruak Belarrimotz edo Ahobizi definitzea― danok paparrean txapa bat daroagula ibiltzea, eta hala zientoka erakunde ez dakigu zer euskal-en alde. Aldarriak eta aldarrikatzaileak beharrezkoak ditugu, baina sasoia dugu aldarritik harantzako pausoak emateko.

Lea-Artibaira bueltatuta, zenbatgarren plan estrategikoan ote gaude? Euskara atzeraka euskaldunen ahoetan, eta gu plan estrategikotik plan estrategikora eta akordiotik akordiora euskara berba ahoan eta euskara mordoiloan―, harik eta hori guztiori zeren alde egin ez dugun arte.

Eta berriro ekarriko dugu Iñigo Aranbarri hona. Aurreko batean, Berriako zutabe gogoangarri batean, Ezjakintasunaz harro, honako hau esaten zuen euskaldun askoren jokabideaz: Analfabetoa naiz eta harro nago. Ez dut transmititu nahi zaidan horren beharrik euskalduna izateko. Ez dut batuaren beharrik euskaraz nonahi egiteko. Pribilegiatu ororen antzera, aski dut sehaskak eta inguruak eman didatenarekin

Eta holaxe...


 


2025/07/01

 

DZANGA 14

Aurrekoan, San Pedro eguneko sarreran, gure egurra  eman zaleak Dzanga 14a ekarri zuen gaira besteoi aukerarik eman barik zuen eskura jartzeko. Gaur, akastxo hori konpondu nahi dugu. Hurrengoan etorriko dira Dzanga 12a eta 13a.

 

 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 14
 
 
Iñigo Aranbarrik, domekan, Berria egunkarian, Publikoaren neurrira izeneko artikuluan, Bruce Springsteen eta beste enparau ospetsu batzuen adierazpen (edo ez-adierazpen) politikoak mintzagai hartuta, honako hau diño: "Galdetu ez dioten bezala zinez uste duen AEBen 250 urteko ibilbidea hain sortzezgarbia izan den Trump heldu arte".  

Zer erantzungo ote zuen Margarik galdetu izan baliote: "Zer sentitu zenuen bat-batean Lekeition bigarren dantza talde bat agertu zenean".
 

2025/06/27

 

DZANGA 11

Dzanga 11n, jende askoren adorea nabarmentzen da: esku-lan taldeko andrena, Victor San Migelena Indian misiolari bizi osoan, Zumatzetako aeroplanoaren egileak, Estudiantina diskoa grabatzen... 

Baina, bakarra aukeratzekotan, Miguel Muñoz-ekin geratuko gara. Zenbaki honen bidez jakin genuen Miguel, materia nahieran moldatzen zuen Miguel, materiarik gabeko mundura joana zela beste era bateko harrien bila, Ereñoko marmol gorria baino gai moldagarriagoen bila.

Dzangakoek esan ziguten material bila zebiltzala hurrengo zenbakian Miguelen gainean sakonago idazteko. Gaur arte.

 

 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 11
 
 
 
Miguel Muñoz, Artxindonan jaioa, luzaroan bizi izan zen Lekeition, eta San Iñazio auzoan Lekeitio taberna izan zuen. Ez dakigu zenbat edari saltzen zuen, baina hango tertulia haiek ez zituen paittarrak bakarrik eragiten. 
 
Eskultura bi ditu herrian. Askok nork eginak diren ere ez du jakingo, eta gutxiago nor den Miguel Muñoz.

 

 
 
Azkueren omenez egina eta 1984an jarria, lehenengo kanpandorrearen ondoan, eta handik urte batzuetara Kultur Etxearen aurrean.
 
Zer pena sasoi hartan (gazte eta berde) dirurik ez izana haren obra bat erosteko.
 
Gu eta gure desmemoria. Gu eta gure axolagabekeria. Miguel Muñoz. Esker txarreko gure herri honen desmemorian galdutako eskultorea.
 

2025/05/11

 

DZANGA 10

Dzanga 9a. Gai bi zalantzazkoak. Ez dugu harria bota eta eskua ezkutatu nahi. Egingo dugu berba horiek gai bien gainean, baina aurrerago.

Oraingoan, Dzanga 10a ipini nahi dizuegu eskura. Herri musikazalea gurea: banda (galdu berria), txarangak, Estudiantina, txistulariak, Musika eskola, eta rock taldeak, rock talde ugari. Honako honetan rock talde horien premien gainean hitz egiten da, batez ere lokalen gainean. betiko arazoa, denok behar ditugu lokalak.

Beste atal batean, Kostra eta Sustraia desagertutako aldizkariak mentatzen dira, Zer Esana agertu berriak egindakoak eta aurrera begirako asmoak komentatzen dira, eta handik gutxira agertuko zen Lekeitioko Berbak saila iragartzen da. Gune honen jatorrizko asmoen berdinak erakutsi zituzten: iraganeko aldizkarien berri eman belaunaldi berriei. Gaur arte.




 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 10
  


2025/05/09

 

DZANGA 9

Dzanga 9 hau argitaratu zenean, Lekeitio villaren 675. urteurrena ari ziren ospatzen. Kasualitatea. Erreparatu zertaz ziren berbaldiak: zaharrak berri gure herrian. 

Gai interesgarriak; batez ere, bi: Etorkizuna dantza taldea eta Zine Barria, gerora Ikusgarri zinema aretoa. Pozgarria da Etorkizuna dantza taldeak hainbeste urte irautea, eta gaur egun ere lanean segitzea, baina, gure ustez, ez zen bide onetik sortu: gure herri honetan beti egon behar ote dira, bada, langintza berean dabiltzan talde bi? Dena dela, zorionak ematekoa da 50 urtean lanean ibiltzea. Ospatu datorren astean, hilaren 18an, Lekeition izango duzuen Bizkaiko Dantzari Egunean.



Zine Barria, askorentzat, eraitsi zuten zine zaharra zen, azken aldian Antzoki esaten ziotena, Beitiaren eta Gora Bururen aldean berria zen eta; beraz, oraingo hau Zine Barria Barria izango zen, ezta? Gai honetan ere badago zer esanik: Gizarte Etxea eraikina bota etxeak egiteko (espekulazioa), udalak ez du lagundu diruz (esku publikoetatik pribatuetara pasatu nahi izatea), eraikinaren jabea nor den... esan dugu lehenago ere: txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa, edo The Washington Post egunkariko Bob Woodward-i eta Carl Berstein-i Eztarri Sakonek esan zien esaldi gogoangarri hura: segitu diruaren arrastoari.

 

Bai, batzuk ez dakite edo ez dute jakin nahi, eta bete batzuk ahaztu egin nahi dute eta ez dezagula jakin ezer. Kontua da guk ez daukagula ahaztuteko.


 

 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 9


2025/04/21

 

DZANGA 8

Dzanga 7a 1993ko ekainean kaleratu zen. Herri prentsa mutu egon zen Lekeition luzaroan, eta inork uste ez zuenean, 2000ko ekainean, Dzanga 8. Baina, Dzanga ez zegoen, bada, hilda eta lurperatuta?

 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 8

1999ko hauteskundeak Herri Batasunak irabazi zituen, eta Kultura zinegotzi Andoni Seijo zegoen. Bada, Dzanga berpiztea Andoniri diogu zor. Andonik zenbait lagun bildu zituen bere inguruan (ale honetarako Gerardo Zabala, Jabi Zabala, Jon Andoni Okamika eta Bittor Txakartegi engainatu zituen) eta berriro kaleratu zuten Dzanga. 2003ra bitartean beste 8 zenbaki kaleratu zituzten. 

Gainera, 2000ko martxoan Zer Esana Lekeitioko gazteena!!! izeneko aldizkari bat kaleratu zen eta udarako beste zenbaki bat agintzen zuten. 

Egoera aldatzen ari zen. 2000 urtearen efektua pozgarria izan zen Lekeition prentsa lokalaren aldetik. Hutsetik bira, ha zelako pausua!

2025/01/11

 

DZANGA 4


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 4

Dzangen hurrenkeran, Dzanga 4a ez zen agertu: material guztia eskura ez izatearen ajeak. Baina hemen daukazue.

Historiaren gurpilean atalean gai ezin aproposago bat dator: Zinema Leketion. Lehenengo zine emanaldiak eta areto iraunkorrak: lehenengo, Beitia zinema, eta, gero, Gora Buru. Social zinema, geroago Antzoki izango zena, falta da zerrendan. 

Beitia duela gutxi bota dute lurrera (zinemarik ez zegoen aspaldi); Gora Buruk tente segitzen du (Batzokia) baina hor ere ez dago zinemarik. Hirugarrena, Antzoki zinema eta hura hartzen zuen Gizarte Etxea, aspaldi bota zuten lurrera eta etxeak egin. Eraikuntza proiektu hartan, ostera, lekua gorde zuten beste zinema bat egiteko: Ikusgarri zinema, gaur egun Zinemazaleek kudeatzen duten aretoa. Areto hori Eleizarena da, eta alokairuan dago hartuta. Eleizarena? Bai. Gizarte Etxea herritarrek ordaindu zuten, baina Eleizak bere izenean jarri zuen, beraz, Eleizarena zen. Hortik, bada, Ikusgarri Eleizarena izatea. Gai luzea da hori, eta hurrengo batean egingo dugu berba horren gainean.

Gai ezin aproposagoa esan dugu arrazoi birengatik. Lehenengoa, Serafin Lopezekin egindako elkarrizketa: pelikula bat egiteko modukoa, zoragarria. Herrena zen, baina ez zen atzean gelditzekoa, eta bistan-bistan dauka zein hankatatik egiten zuen herren! 

Serafin, sekula ez genizun behar beste eskertu umetan, eskolatik etxera bueltan, Goiko kaleko zure txoko hartan ematen zenizkigun barkillo haiek!


 
 Hor ageri dena ez da Serafin (anaia edo) baina holako karrotxo batekin ibiltzen zen izozkiak saltzen.
 
Eta, bigarrena? Bada, elkarrizketak. Zeri buruz galdetuko, eta oporrei buruz galdetu: Behar dira oporrak?, Zergatik joaten zara kanpora?, Zer gustatuko litzaizuke egitea oporretan?, eta biribiltzeko Zer botatzen duzu falta herrian? 2024ko udan aparkalekuak direla eta monta dan pelikulia ikusita, txistea ematen du 1990eko uztailean horren gainean berba egiten zebiltzala ikustea. Zaharrak berri.
 
 

 

Ene herrian

Mundu guztia arrotza da ene herrian.
Leon euskalduna delako,
Martin erdalduna,
Ane abertzale baita.
Brigitte frantximanta.
Eskerrak aipatzen gaituzten
Artikulu buruetan, eskerrak
Gure mapa ikusten ahal den
Jatetxeetan.

 


2025/01/07

 

DZANGA 

1990eko urriko ale berezia

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 1990eko otsaila

Historiaren gurpilean atalean Lekeitio nondik nora hazi eta garatu zen kontatzen zaigu, gero datorrenaren sarrera modura-edo: orduko arau subsidiarioak eta PRI. 

Orduko plan hark marraztu zituen gaur eguneko Lekeitioren marra nagusiak: Larrotegiko kirol eremua (futbol zelaia, atletismo pistia...), Kultur etxea (liburutegia, hitzaldi eta erakusketa aretoak...), Trinketeko igerilekua, Jubilatuen etxea, 2002 inguruan Letraukuan egin ziren etxebizitza sozialak... Baina, baita frailekietan eta Beitia hotelean egingo diren etxe espekulatiboak ere.

Aurreko udalak, alkate Koldo Goitia zuenak, Hiri-antolamenduko plan orokorra (HAPO) onartu zuen, eta, gaur egun, Barne Eraldaketarako Plan Bereziarekin (BEPB/PERI) ari da lanean udal korporazio berria antza denez. Ikusiko dugu zer marra berri dakartzan plan horrek, eta izango du buruhausterik Ander Aldazabalek gidatzen duen korporazioak: Zer egin Maderas de Lekeitioko orubean?, Zer pasatzen da Santa Katalina bideko Maderas Eigureneko lurrekin?, Zertan da autobusen geltoki berria Portaleko Maderas Eigurenen lurretan jartzeko egitasmoa?, Abaroa jauregiak hutsik segituko ote du sekulam sekulorum?, Eskainiko zaie, behingoz, gazteei berek kudeatuko duten Gaztetxerik?, etxebizitza sozialak...

Ekarri ote dute ekialdeko mago edo erregeek ideia berririk, eta batez ere diturik, kontu horiei behar bezala aurre egiteko? 

Izan ere, gure herrian aspalditik dakigunez,

Hiru errege datoz
Eskolapetik
mozkor-mozkor eginda
Abaskalenetik




2025/01/05

 

DZANGA 

1990eko otsaileko ale berezia

 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 1990eko otsaila

Lekeitioko lur apurrak zelan urritu ziren kontatzen du oraingoan Iñaki Goioganak.

Ekologiaren eta gure herrian dugun inguru natural apurretako baten aldeko aldarria. Duela 34 urteko oihua, eta orduko Udala, entzungor. Otoiok 1990eko leku berean segitzen du, baina, onura publikoko eremu izendatuta egon arren, ez diogu jaramon handirik egiten. Talaiako etxea konpondu eta txukun jarri zen. Ez zuen luze iraun: berriro hondatu genuen. Antena garrantzitsuagoa zen inguru baino, eta porlanezko bidea ere egin zioten. Gure Udalek izugarri dute gustuko auzolana: egin zeu(e)k eta ordaindu zeu(e)k. Total...


Baina han segitzen du pistiak ("s"gaz idatzita, baina "z" erabilta ere berdin-berdin idatzi genezakeen). Eta han segitzen du Talaiak ere, halaxe segitu ere. Hori bai, bistia, zoragarria!

 


Jose Ramon Mentxakak landatzen zituen zuhaitzak nola landatzen diren ere kontatzen zaigu. Badaezpada baten bati okurritzen bazaio antzeko lana egitea. Ez baduzue ulertzen, galdetu Lekitto Bedarrak elkartekoei,  Usotegiko ortu komunitarioan aurkituko dituzue.

2024/12/29

 

DZANGA 7


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 7

Sakon ditu sustraiak gure herriak historian, eta zutabe sendoak eraiki ditu mundura jagiteko, berbatik berbara erabiltzen ditugun berbak: euskara, arrantza eta arrantzaleak, itsasoa. Gutxi erabiltzen dugu halako testuinguruetan emakumea berba, eta besteen neurriko zutabea . Baina, historian... historiaren gurpilean atalean kontatzen denez, Rebeka dauke kartzelan. Gure lagun batek dinonez, errezoia daukazu, baina kartzelarako zara.

Kartzelak kontzijopera ematen zuen, beraz, beheko partean zegoen; han izango zuten Rebeka. Baina, emakumeak, bultza eta bultza, iraultzen ari dira egoera hori, eta, Udaletxean behintzat, goiko partera ari dira pasatzen: sasoi batean gizona baino ez zegoen hor goian, eta gaur, ostera, emakumeak dira nagusi.

Bidea luzea da, baina Dzanga honetan arraildura zabaltzen dagoela erakusten zaigu: katekistak, sareginak (bie batez, Teodora, Teodora Abaroa erkiaga da), elektrikariak, abokatuak, eta monja bat: Juana Atxabal. Guztiekin joan zaitezke edonora, baina Juana Atxabalen berbek harritu egingo zaituzte: pobreek ez dute etorkizunik ikusten, ondorioz etorkizuneko aditzak galdu egiten dira. Iraultzailea!

Andre horien guztien lan eta bultzada barik, gure amen eta amumen lan eta bultzada barik ez ginen hona helduko: ez genuen inolako aldaketarik biziko; ez genuen ikusiko Ane Maruri Kaxarranka dantzatzen; ez genituen Jaione Murelaga (Euskal Herritarrok) eta Maitane Larrauri (ehbilbu) alkate ikusiko; ez genuen...

Baina guztiok batera
saiatu hura botatzera,
usteltzen hasita dago-ta,
laister eroriko da.
Hik bultza gogor hortikan,
ta bultza nik hemendikan,
ikusiko dek nola-nola
laister eroriko dan.

2024/12/23

 

DZANGA 6


 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 6

Kolinetak, kolinetak. Orain ere galbidean dira, baina hor segitzen dute. Hurrengo Santinetik pasatzen garenean, bat eskatuko dugu.

Eta karamelo gomazkoak! Gutxi ikusten dira Astesantuetan; izan ere, Astesantuak dagoeneko ez dira Astesantuak. Gero eta katoliko gutxiago dagoen seinale. Zergatik ote da? Hori bai, Astesantuero astesantuero Mingorrik karamelo gomazkoa izaten duzu beti zintzilik bere mingainetik.

Antzerkiaz eta lekeitiarron zaletasunaz ere egiten da berba: zaletasun gutxi, halakoxea! Gerra aurrekoek ereindako haziak izan zuen fruiturik gerra ostean, baina gutxi Franco hil ondoren: 50 urtean, lekeitiarrek antzeztutako lan bi: Vizcaitik Bizkaira (Tramana kuadrillakoek) eta Gaztibeltzaren karabinak (herritarrek). Emanaldiak ere, gutxi, eta dirua galduta sarritan.

Kontrabandistak gara, familia alaia
armak saldu ta erosten beti gara saia
hala ere badakigu nun dugun sustraia
listo gara apurtzeko foruen etsaia

Dena dela, 1979an antzerki-topaketa batzuk egin ziren herrian, hemen leku hartu zuten antzerkigile batzuen eskutik: Txiruliruli konpainia. Dinamarkako Odin Theatre ekarri zuten, eta ikusgarria izan zen. Horrek batzuen barruko sua piztu zuen, Imanol Agirrerena esaterako, eta 10 urte geroago, 1989an Lekitoko Kale Antzerkia sortu zuen, harrezkero 34 edizio izan dituen jaialdia. Bada zer edo zer.

Antzerkigileak ere sortu ziren. Hiru aipatzen daira: Amaia Aboitiz, Ana Meabe (emanaldi bat izango du Lekeitio 700en) eta Miren Gogenola.

Elkarrizketa interesgarri bat Anton Ansotegi Txakartegirekin. Bizi gogorra eta zelan urten aurrera beso bakarrarekin. Gerro osteko antzerkiaz ere egiten du berba. Leiru, ez zarete damutuko. 

Bihar Gabon Gaba

Gabon gabian
soledadian
lapurrak teilatuan
teilak ohostuten 
konpaiñerua jagoten ...



2024/12/21

 

DZANGA 5

 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 5

Gabonak datoz, eta gaur santo Tomas dugu. Azokia plazan. Han batuko gara denok inguruko baserrietakoen produktuak erosteko: batzuk, sagarrak, eta besteak, gaztaia. Kontua da hemen bertokoa erosteko ohitura sustatzea. Apropos datorkigu Dzanga hau: Santo Tomaseko ohituraren gainean hitz egiten da, eta kontuan izanda Gabonak ditugula, bada, jostailuei eta olgateko moduei buruz, batez ere, Gallo tabernako Juli Mendia eta Karmen Goitien bizpenetatik abiatuta. Laster ikusiko dugu Karraspion ez dagoela olaturik!

Nola aldatu diren garaiak: ez dakigu nolakoak ziren hor aipatzen diren jolas gehien-gehienak.

La línea está trazada la maldición esta echada
lo lento hoy será rápido mañana
vuestro tiempo ha pasado
y el diablo esta de nuestro lado.

Por que los tiempos están cambiando.

Eta hala da, gure denborak joan dira, gure gurasoenak aspaldiago amaitu ziren. Baina guk ez dugu alzheimerrik; beste batzuk, berriz... 


2024/12/19

 

DZANGA 3

 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 3

Azalean, marmuak.

Iñaki Goioganak uren kontuak dakartza oraingoan, eta hara non jakin dugun gune honi izen ematen dion iturria 1724an eraiki zutela. Aurten 300 urte. Halakorik, geu ere mendeurrenean gara!

Gero, barriro ere Don Antonio. Oraingoan, Don Antonio Zamora. Abadea. Lan handia egina da Don Antonio umeekin herrian: eskursiñoiak, tanborrada, Antero, jolasak, herriko eskoletan (orduan, eskola nazionalak)...

Gaur eguneko begiekin erreparatuta ostera, goiko argiei ilunak ere batzen zaizkie. Baina hurrengo baterako utziko dugu hori.

Elkarrizketetan, denak ez ditugu ezagutzen, baina: Ramón, Ramón Fernandez da; Beatriz, Beatriz Anakabe; Kepa, Kepa Goitia; Koke, Jesus Mari Gogenola; Jesús Mari, Jesús Mari Malaxetxebarria.

Bertsio bi dauzkagu: lehenengoan, bazkaria Zapirain jatetxean da, eta bigarrenean, Leagi kanpinean. Ez dakigu non bazkaldu zuten irabazleek.




 

 


2024/12/13

 

 

DZANGA 2


 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 2

Santa Mariako parrokia dakar berbara Iñaki Goioganak, Lekeitio sortu zuten sasoiko kontuekin. Orain elizkizunetan eta hiletetan bakarrik zabaltzen duten herri ondarea. Eiona barre! Herri ondarea esan dugu? Bai zera! Eraikin hori inorena da, eta horrexegatik egoten da ia beti zarratuta. Badakizue norena den?

Ondo dino Txantxanek: Eugenio Egiaren historia beraren adineko edozein marineroren historia da. Bizitza gogorra, 13 urtegaz itsasora, eta ekonomia, familiarra: aita marinero, semea mutil txiki eta ama-alabak enkarnaten, saregin, señero… Nola aldatzen diren gauzak, kamaraaada!!!

 

Eugenion berbetan ogibidearekin batera galbidean dauden makina bat berba: traina, mandzuidza, arin-aringa, txikota, partilla, drogan, señerua, txarrantxia, tretza, errenkadan etorri, kandelak, parasmia, blankuria, txartadan ibili, ardora, giñarrea, maluta, part, palta...

 

Anton piperra, Jose txikia, Sebilla… eta Jesus Baltza!!! Zigarrotxu bat, zigarrotxu bat ezagutu genuen guk, nagusi eta makal, eta barre egiten genion. Baina, gure aitak kontatzen zigunez, gizon txiki, dardarti eta ihar hura handia izandakoa zen. Artean, gazte eta berde ginen.

 

Agurtza ere ageri da kontakizunean. Bapore dotoreagorik itsaso gainean! Orain, 2004tik, Santurtzin dago ikusgai. Lekeitioko ondarea, Murelaga anaien ontziolan egina, Santurtzin!

 

 
 

 

Izan genuen herrian beste itsasontzi bat gure ondarearen erakusgarri: Playa de Ondarzabal, 2003an udalak erosia. Portuan egon zen ikusgai, bisitagai. Itsasora ere irteten zen.  Apurka-apurka, hondatu egin zen zaintza eta mantenimendu faltaren faltaz. Makinatxo berbaleku eman zuten Andoni Madariaga Menbrik eta Josu Erkiaga Atilak bapore hura zela eta: zaindu eta gorde beharra zegoen. Baina, gauzak zer diren kontuak ez zaizkit ateratzen ongi; bapore kontuetan gabiltza-eta, sekula ere ez aproposago esaldia: Donde manda patrón, no manda marinero. 

 

Hala, bada, ez dago dirurik eta hondora erabaki zuen Udalak, sasoi hartan EHBilduren ardurapean. Gauzak zer diren kontuak ez zaizkit ateratzen ongi kantatzen du Ruper Ordorikak Zaindu maite duzun hori kantuan. Euskaldunon Egunkariaz ari zen, berdin-berdin ari zitekeen Playa de Ondarzabalen gainean.


 
 
 
Hauxe duk hauxe gure destinu petrala, hauxe!