Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan
2026/03/31
Korrika ostea
2026ko martxoa
Etorri d(ir)a Korrika. Ibili gara korrika, Joan d(ir)a Korrika.
Adarra jo zuten, eta guk erantzun. Gor-mututu arte egin dugu oihu, eta aldarrikatu beharreko guztiak aldarrikatu. Eta ez gaitu ezerk itsutu bide horretan, harik eta...
Joan da Korrika Bilbaora bidean, eta gu, nekatuta, herrira bueltan, itsu utzi gaitu hormako kartelaren dir-dirrak:
AUZOLANA URIBARREN PARKEKO. Eutsiok/na horri.
Bai, badakigu tipografia arazo bat dagoela, eta esaldia Uribarren parkeko lorontzien lora berriak jarri eta jolas-tokio pinturaren erretokeak dela. Eta?, bigarren horrek ere ez dauka nondik harturik.
Badakigu oihu egiten eta aldarriak lau haizeetara zabaltzen, baina ez dugu ikasi, eta 2026an! bizi gara, euskaraz zuzen idazten.
IAk ez du dena ondo egiten, eta komeni da norberaren I ibiltzea ere. Eduki egin behar ze!
Domekan, Iñigo Aranbarrik, Herri anormal hau zutabea idatzi du Berria egunkarian. Bertan, Normalak bagina... diño. Ez daki zein normalak garen. Baina, normal izate horrek erakusten du benetan zein anormalak garen.
2026/03/29
Korrika (2)
Korrika 1. 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra
Korrika 1en gaineko kontuak Sustraia 26an eta haren gaineko postean agertu genizkizuen. Han agertutakoak dira argazki hauek
Argazkian, Lekeitioko alkate Xabier Txakartegi lekukoa hartzen lehen kilometroari ekiteko.
Korrika, Ondarroatik, kostako bidetik etorri zen, eta lekukoa ostal aurrean hartu behar zen arren, Kurlulutxuko errebuelta lekeitiarrez beteta egon zen Korrikaren zain. Euria goitik behera, baina inor ez zen geratu etxean.
Aitor, Iñaki, Jabi, Sabiño eta Grillua?
Jokin?, Patxi, Jabi, Jon, Kruzito eta Iñaki
Azken honek ez du ematen Lekeition denik, eta itxura batean lekeitiarrak Ean sartu zirenekoa da.
Korrika2ko argazki bakarra daukagu (segituko dugu lanean ea besterik aurkitzen dugun), baina istorio polit bat kontatzeko.
Frontoiaren aurretik pasatzen. Urrunean, Amaia eraikina jasotzen
Argazkian, besteak beste, hor ikusten ditugu: Natxi, Martin Lekuederrekoa, Jon Atxurra, Jose Luis Zugadi, Sabiño Goitia, Garate, Mimi, Gaspar, Santamaria, Martin ikastolakua
Lekeitioren txanda Ondarroako bidean hasten zen, Asterrikapeko iturriaren parean. Hotz egiten zuen. Goizeko 6retan, lehen kilometroari ekiteko prest, Enrike Iturriagagoitia eta Jose Mari Akarregi, pastelero jantzita, pasta eta guzti ondarrutarren zain.
Baina Korrika atzeratuta zetorren, oso atzeratuta: ordu biko atzerapena. Enrike eta Aka Lekeitiora bueltatu ziren kotxez, eta han zeuden besteak Ondarroara jeitsi ziren hotsari eskapando. Enrikeren eta Aken pastek ez zuten ordu bi iraun eta Ondarroako marinako patxaran guztia amaitu zen.
Ordu bi geroago, ondarrutarrak lekukoarekin heldu zirenean, pasta apur batzuk geratzen ziren eta Earainoko bidea luze egin zen, oso luze.
Korrika 2ren gaineko informazioa Sustraia 35ean agertu zen. Guztira, 274969 pezeta batu ziren, diru bat.
Korrika 3. 1983ko abenduaren 3tik 11ra
Korrika 3arenistoriorik ez dakigu, baina argazkiak baditugu.
Gorri, Bingen, Pototo, Agurtzane eta Iñaki
Pintinho eta Aitor
Korrika 4. 1985ko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra
Eta xelebreena Korrika 4an gertatu zen. Baina horren aurretik daukagun orduko argazki bakarra.
Juan Kruz, Jesus Mari Anakabe, Sabiño Madariaga, Cristian Arantzamendi, Miguel Arantzamendi
Argazkia hau 1987ko Aizu! batean agertu zen, 5. Korrika iragartzeko egindako erreportaje batean. Artikulua Mikel Alonso Mikel Samar Korrika haietako argazkilariari buruzkoa zen. Baina bertan 5 lekeitiar ageri ziren, jende gutxi Korrikaburua izateko eta lekua ezezaguna zitzaigun. Hala, bada, ikertzea pentsatu genuen.
Gure lekukoak kontatu digunez, goizeko 6retan bajatu zen Eskolapera: giroa, mandualakoxea. Bera bizikletan joan zen Bedaruko kruzera, leketiarrok lekukoahan hartu behar genuen-eta. Goizeko zazpiretan baina, Ean gora Korrikaren soinua entzuten hasi zenean, lekukoa hartu behar zen tokian gure txirrindularia bakarrik zegoen. Bizikleta hartu eta han joan zen aldapan behera, Korrikaburura ailagatu eta furgonetan Andoni Seijo.
―Txo, hor eztago inor.
― Zer?
―Lasai, hor taldian datozenen artian egongo da lekittarren bat, eta neuk preparako dot dana.
Sartu bizikletia funrgonetan, eta esan eta egin. Eatik lau lekeitiar zetozen, eta haiek hartu eta eraman zuten lekukoa kilometro bitan, Mikel Samar (multzoa egiteko, kamara utzi eta korrika hasi zen) eta bedarutar batzuk lagun.
Lekeitiarrak heldu zirenean, Felipe eta Sabiño nor baino nor ibili ziren: batak lekukoa hartu nahi eta besteak eman nahi ez.
Korrika 1ean Goma Bikoek bete-betean igarri zuten
Urte hartako bideo bat ere badago Jon Grandek grabatuta:
Hortik aurrerakoa historia da.
2026/03/27
Gastibeltzaren karabinak (2)
1991
2024ko Natibitate egunean, Gastibeltzaren karabinak antzezlanaren liburukia jarri genuen sarean denon eskura. Eta 2025 uztailaren 19an, III. Kale Antzerkiaren programa. 1991 zen, eta orduan antzeztu zen.
Duela gutxi, Imanol Agirrek, Lekeitioko Kale Antzerkiaren sortzaileak, yotuben partekatu du emanaldi haren bideo osoa guztiontzat; https://www.youtube.com/watch?v=AwK1OcdZG9M
2026/03/25
Korrika
1982ko maiatza
Ez daukagu gomutan Korrika beti pasatu izan den Lekeitiotik, baina gehienetan bai, 1980ko azaro-abendu tartean egin zen lehenengo hartatik hasita. Aurten, martxoaren 25etik 26rako gauean pasatuko da.
Korrika 24 dela eta, Korrika 2ko materialaren argazki eta pdf batzuk bidali dizkigute. Guztiak Lekeition banatutakoak.
Hirugarren honekin, badakigu Jose Antonio Aranburu Natxitartean zela.
Eta azalpenak eta informazioa. 2026an denok dakigu zer den AEK, baina 1980 urrun hartan azaldu egin behar zen; izan ere, Euskaltzaindiak babesa kendu zion. Garai hartan, gainera, Eusko Jaurlaritza AEKren kontra zegoen, gaur egun dena Korrikaren aldeko aldarria den arren.
2026an gaude, 24. Korrika eta ez dakigu zenbatgarren Plan estrategikoa. Urte bi barru 25.a eta lau urte barru 50. urteurrena. Pentsatuko ote dugu inoiz zertan egiten dugun huts eta zeri egin behar diogun aurre?
2026/03/23
Korrika datorrela eta...
Antton Abaroaren hiztegia
25etik 26rako gauean 24. Korrika pasatuko da gure herritik. Ia denok egongo gauerdian kalean, gure izanaren sustrai nagusiaren aldarri. Aldarri, arduratuta gaudelako: erasoa handik, eraso hemendik, eta guk geuk ere eraso. Ehunekoetan behera, lexiko gero eta kaxkarragoa eta urriagoa, erabilera zabar eta badaezpadakoak, adierazkortasun traketsagoa... Korrika egingo dugu, eta oihu, baina ez gabiltza bide onean.
Oi gu hemen Bidean galduak (Hir.) Heriotz minez.
Bide hori zuzendu nahirik-edo, Lekeitioko Berbak liburukiak imini ditugu hemen, Sustraia 49a ere iminiko dugu egunen batean (Resurrección Maria de Azkueren lanen separata bat, Lekeitiori buruz bildu zuen guztia biltzen duena), eta, gaur, Korrika datorrela aprobetxatuta, Antton Abaroak atondutako hiztegia dakartsuegu (Pena ordena alfabetikoan ez egotea). Ea berreskuratzen ditugun galbidean ditugun berba horiek.
Lekeitioko kultur eta natur ondareak
webgunean, 9.3. puntuko Lekeitioko idazle eta euskalariak
atalean jasota dago Eusebio Erkiaga. Herriko Kultur etxeak haren izena du eta kale bat ere bada Lekeition haren izenarekin: ateta bakarreko kalea, inork ibili nahi ez duen bidearen abiaburuan, kanposanturako bidearen hasieran.
Lekeitioko eta inguruko herrietako kronista gerra aurrean Euzkadi egunkarian, idazle, itzultzaile, euskaltzain...
Beraren liburuak eta aparteko beste kontu batzuk Euskarazaintzaren web gunean dituze eskuragai eta musu truk.
Andres Urrutia euskaltzain buruak bildu zituen Eusebio Erkiagaren prosa lanak Berbalauaren kulunkan, prosa lanak 1 eta 2 lanean. Lan mardula. Labairuk ditu sarean ipinita liburu biak.
Baina guk, ezer gutxi dakigu Eusebio Erkiagaren gainean. Gerra aurreko argazkiren batean ikustetik aparte, Auñamendi entziklopedian irakurri duguna.
2026/03/19
Gardatapeko zabortegia
Urte bete inguru da gune honetan Amotoko zabortegia ekarri genduala berbara.
Sarrera hartan, Gardatapeko zabortegia aipatu genuen. Ikaratzeko modukoa. Bada, 1984ko Egin zahar bateko artikulua aurkitu dugu zabortegia haren gainekoa, Herri Batasunak sinatuta.
Eta ideia bat egin dezazuen. argazki batzuk: Ez dira oso onak, baina dardara eragiten dute.
Balio egin behar da leku horretan txaleta egiteko.
Txaletekoena, baina, aukerakoa zen. Beste batzuk, bizitza irabazi nahian, ostera, ez zuten beste erremediorik bertan bizitzea baino.
Eta, behar bada, ez duzue sinistuko leku hartan bizi zitekeenik. Bada, hona hemen han bizi zirenetako batzuk:
Padre Aldamiz-Etxebarrian bizi zirenak ez ziren poz-pozik egongo.
Hau behetik hartuta badago, beldurtzeko modukoa izango zen tontor hura.
Eta beste alde batetik begiratuta ere, ez zegoen lasaitzerik, antza.
Irakurri itzazue, Gartapeko zabortegi haren gainean,Sustria 19an agertutako bertsoak. Kontu serioa izan zen.