2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

Hezkuntza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Hezkuntza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2025/03/01

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (eta 3.2)

 

Mitxel Ondarroako Zubi Zahar ikastolan ari zen irakasle 1973-74 ikasturtea baino lehen, eta ordurako asmatua zuen aditza irakasteko trikimailu bat

 

 
Egin klik hemen joku osoa ikusteko eta jaisteko: Aditza irakasteko tresna

Ondarroan, 1972-1973an hasi ziren Gau Eskolak, 1973-74 Lekeition, eta Markinan ez zegoen ezer. Gainera, irakasleak falta ziren eskualde osoan. Hutsune hori konpontzeko, ikastaro bat antolatu zen 1975-76 ikasturtean Markinan, eta klaseak Vera Cruz ikastetxeko geletan eman ziren larunbat arratsaldeetan eta igande goizetan. Maila bi antolatu ziren: bata, aurretiaz 73-74an Gau Eskoletan ibilitakoekin eta bestea, 74-75 ikasturtean apuntakoekin eta ibili gabekoekin. Irakasleak, hurrenez hurren: Josetxu Llerandi eta Mitxel Kaltzakorta. Euskal Herriko historia ere izan zen ikasgai, eta irakasle Abel Ariznabarreta aritu zen.

Urte hartan argitaratutako Alfabetatzen 1 metodoa erabili zen testu liburu

 




Anaitasuna aldizkariak zenbaki oso bat prestatu zuen Bizkaiko Alfabetatze-euskalduntzearen berri ematen.

 


 Aldizkaria
jaisteko, egin klik hemen: Anaitasuna 311, 1976-2-15

Aldizkari horretan, Bizkaiko Alfabetatze-euskalduntzearen nondik norakoa guztiak daude jasota, Lea Artibaikoa barne.

Lea Artibaiko horretan jasota daude Lekeitioko irakasle formatu berrien izenak: Aintzane Aboitiz, Sorkunde Txurruka eta Ramon Egurrola. Aurrerago, 1978an Alfabetatze Batzordeak Euskaltzaindiatik bereizi eta nortasun propioa hartu zuenean (AEK), horiek izango ziren lehenengo irakasleak Lekeition.

 


 

Esanda dago Alfabetatze klaseak, Lekeition, Gizarte Etxean ematen hasi zirela, eta gerora ere han emango ziren, baina... 


Gizarte Etxearen historia baltzaz ere norbaitek arrotu beharko lituzke isilean gordetako hautsak.

Mitxelek hauek guztiak eta Lekeitioko euskalgintzari buruzko beste hainbat kontu Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian eman zituen argitara, 2001eko azaroan Euskaltzaindiak, Resurrección Maria Azkueren heriotzaren 50. urteurrena aitzaki, Lekeition antolatutako ekitaldietan eman zuen hitzaldiaren harira: EUSKALGINTZA LEKEITION 1970-1977 INGURUAN, Mitxel Kaltzakorta, Euskara 46.

Bada, Gau Eskolak Euskaltzaidiaren gerizapeko Alfabetatze batzordeak antolatu zituen urteetan (1973-1978) Mitxel Kaltzakorta izan zen Lea Artibaiko koordinatzailea, eta domekero-domekero hartzen zuen parte Zornotzako karmeldarren irakastegian, Jon Aurre arduradun zela, Alfabetatze Batzordeak egiten zituen koordinazio-bileretan.

 
 


Egia esateko, amaitu 25-ek hori, guk dakigunez, lar optimista da. Ikasle izan ziren batzuen bidez dakigu guk aste santuan, eguraldi ona tarteko, dozena bat eskasera murriztu zela taldea. Baina, ahalegin hark bidea egin zuen: Markinako ikastaroa, irakasle berriak, ikasle berriak, AEK... eta gaur arte.

Eta amaitzeko, Mitxelen beste lan bat, beraren izenik ageri ez bada ere:

 


Eusko Jaurlaritzaren aurreko Euskal Kontseilu Nagusiak, Hezkuntzan Hizkuntz ereduak ezartzeko bidean, irakaskuntzarako Hizkuntz Edukiekin kaleratutako liburukia.



2025/02/27

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (3.1)

 

Baina Mitxelen ekarriak ez dira horretan amaitzen, Lekeitiori dagokionez behintzat. Ez dagozkio ez futbolari, ez liburugintzari, ezta euskararen azterketari ere. Eta elektrizitatearen arloari ere ez, zirraragarri badira ere.

Mitxel dela-eta, ezer nabarmendu behar badugu Lekeitiotik erreparatuta, hori herrigintza da. Bai, Mitxel aitzindaria izan dugu euskalgintzan Lekeition eta Lea-Artibain. 

60-70eko hamarkadetan, lekeitiar gehien-gehienek ez zekiten ez idazten ez irakurtzen beren hizkuntzan, euskaraz. Hori konpondu nahian-edo, egon ziren ahalegin batzuk: ikastola sortu zen (Ana Mari Uribe, Irene Uribe eta Ana Dani Zugadi); Anjel Ugarteburu, Milloiko Ikaran nagusia baserrikoa, eta Jon Barbarias lekeitiarra (Jon da Julen askatu) 1971-72 ikasturtean Enrike Antonen akademian (udan, Andres Urrutia gaur eguneko Euskaltzainburua aritu zen ikasle); Gaztedi elkartean Josetxu Llerandik 1972-73an emandako eskolak bertako bazkide batzuei; eta Mitzel berak emandako eskola batzuk 1972-73an.

Baina pausu garrantzitsuena 1973-74an eman zen Euskaltzaindiaren Alfabetatze batzordearen gerizapean eta lehenengo Gau Eskolak antolatu ziren Lekeition. Irakasleak? Batez ere Mitxel Kaltzakorta, eta Josetxu Llerandi. Guardia Zibiletan nork eskatu zuen baimena? Mitxelek eta Josetxuk. Lokal bila eta eskean nor ibili zen? Mitxel eta Josetxu. 

1973-74 haretan eman ziren Lekeition, lehenengo aldiz behar lez antolatuta, euskarazko eskolak: Alfabetatzen. Urte osoa iraun zuten, urritik ekainera, aste santuan bajak egon arren (eguraldi onaren ordaina). Klaseak Gizarte Etxean eman ziren, beheko solairuan, Zumatzeta kaleko atetik sartuta. 

Materialak, gehien bat, Mitxelek berak prestatzen zituen. Irakugaietarako erabili zen lehen liburua Felix Bilbaoren Ipuin barreka izan zen

 

eta gramatika kontuetarako Txillardegiren Euskara batua zertan den

 

Haur daukagu, bada, Mitxel Gau Eskolen sortzaile eta lehen irakasle Lekeition. Lau urtez aritu zen zeregin horretan harik eta Alfabetatze Batzordea Euskaltzaindiatik bereizi eta AEK sortu zen arte.

Baina Mitxelen historia ez zen hor amaitu.


2025/02/25

HEZKUNTZA

 

Idatzia irakurtzeko eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitioko ikasliak udalari 1980-02-25

1980an, Espainian, UCD (Unión de Centro Democrático) zegoen Madrileko agintean. Izenean Centro eta Democrático izan arren, eskumakoak ziren, eta Fragaren Alianza Popularrekoak bezain Francoren oinordeko. Politika guztiak eskumakoak ziren, Hezkuntzari zegozkionak tartean. Hiru lege onartu nahi zituzten Hezkuntzaren arloan: Ikastetxeen Estatutua (Estatuto de Centros), Autonomia Unibertsitariorako Lege Organikoa (Ley Orgánica de Autonomía de Universitaria, LAU) eta Irakaskuntzaren Finanztiazioaren Legea (Ley de Financiación de Centros), eta hirurak zein baino zein atzerakoiago. 

Sasoi hartan, Lehen Hezkuntza baino ez zegoen Lekeition, eta ez zegoen instituturik; bai, ostera, Lanbide Heziketako zentro bat San Jose ikastetxean (gaur egungo Kultur Etxea), zentro xumea izan ere. Batxilerra egin nahi zuten herriko ikasle gehienak Ondarroakora joaten ziren, eta apurren batzuk Gernikakora. Pribatuan estudiatu nahi zutenek ere ba zituzten beren aukerak: Durangoko jesuitak, Eubako pasionistak eta Derioko seminarioa, batez ere.

1980ko lehen hiruhilekoa eta 1979ko azkena nahikoa beroak izan ziren ikastetxeetan, eta greba eta mobilizazio ugari egin ziren lege haien kontra. Herriko ikasleak bildu egin ziren eta eskabide bateratu bat aurkeztu zioten udalari gaurko egunez, 1980an. 

Idatzian, gehien bat, orduko ikasle mugimenduen aldarriak jasotzen dira, gehienak ezkerreko ikuspegi batetik; izan ere, orduko mugimendu haietan antolatuenak EMK-koak (Euskadiko Mugimendu Komunista) eta LKI-koak (Liga Komunista Iraultzailea) ziren, neurri apalagoan HB-koak (Herri Batasuna) IAM-en (Ikasle abertzale Mugimendua) eta EE-koak (Euskadiko Ezkerra. Ez konfunditu gaur eguneko PSE-EErekin). PNV-EAJ, ostera, testimoniala baino gutxiago zen. Hala ere, agiriaren azken puntuan nabari da saiatzen zirela eskua sartzen. Batasunaren izenean. 

Goian daukazue Lekeitioko ikasleeek orduko udalari (lehen udal demokratikoa: 8 EAJ eta 5 Herri kandidatura) egindako eskabidea.

Eskuratu dugun bertsioak oharrak ditu idatzita, eta, guk dakigula, aurreragoko zirriborro baten azken bertsioa da. Parkatu txapuzilla samarrak izatearren, baina eskuratu dugun bakarra da. UIdaletxeko artxibategian egongo da gordeta garbiagorik.

Sasoi hartako mugimenduaren adierazgarri, hemen daukazue borroka hartan Bizkaiko ikasleek argitaratu zuten boletinaren lehen zenbakia.


Eskuorria jaisteko, egin klik hemen: Unibertsitatea borrokan



 

2025/02/23

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (2)

 

Eta, zer beste da Mitxel Kaltzakorta, bada?

Injineru teknikoa (elektrizitatekoa, zelan ez!) formazioz, irakaskuntzan aritu izan da bizi osoan: Ondarroako Zubi Zahar ikastolan, Donostiako Santo Tomas Lizeoan eta Mondragon Unibertsitateko Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien faskultatean (HUHEZI), Eskoriatzako Magisteritza fakultatean.   

Mitxel, bere ortodoxian, erabat heterodoxoa izan da, eta da: sekula ez da izan ezein hizkuntza-lobbyko kide, eta bere kaxa aritu da beti; ez du sarrerarik Wikipedian berak bere buruaz egina hirugarren eta lehen pertsonak nahastuta; puntuazioaz arduratuta zebilen Juan Garziak EIMA liburukietan bere Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak argitaratu aurretik; eta, batez ere, aditza aurreratu beharra aldarrikatzen zuen atzerakarga existitu ere egiten ez zenean, ez hitz eta ez kontzeptu modura; hau da, Pello Esnalek Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa (Euskaltzaindia, Jagon Saila) kaleratu baino dezente lehenago. Hau da, ondo komunikatzea, erraz, argi eta ulergarri izan da haren ardura. Eta 80 urte betetzeko bidean, gaur egunere hori hori du ardura.

 

1980an argitaratu zuen bere lehen liburua: Mintzamena Lantzen. Ahozkoan euskal gazteen trebezia ezak arduratuta egin zuen lan hori

 

 Hitzaurrea irakurtzeko, egin klik hemen: Mintzamena lantzen. Hitzaurrea

Gero, ahozkotasunetik idatzira egin zuen salto; izan ere, ideiak eta mezuak, ulergaitz emanda egoteagatik, zuzen ez badira jasotzen, nekez adieraziko dira zuzen eta egoki. Euskal klasikoak goitik behera irakurrita eta aztertuta, eta Auspoa sailekoetan (euskara idatzian trebatu bako idazleek idatzitako liburu sorta zoragarria) murgilduta, ohartu zen testu idatzietako ―informazio testuetakoa eta, batez ere, eskola testuetakoa― idazkera moldea ez zela ez ulergarria ez eraginkorra: aditza esaldiaren atze-atzean ematea oztopo baino ez zela; Altuberen legeak oker ulertu genituela eta, gainera, lege horiek hainbatetan oker zeudela; errezen erabili behar zen testuinguruetan erabiltzen genuela hizkuntza okerren... Eta harrezkero, bada, buru belarri aritu izan da arlo horretan. Artikulu ugari idatzi ditu arazo hori gogoan, hau da, komunikagarritasuna eta testuen eraginkortasuna helburu hartuta.


Artikulu horien motor bera dago idatzi dituen beste liburu bietan:

 

 

Liburua irakurtzeko eta jaisteko, egin klik hemen: Prosa komunikagarriago egiten

Prosa komunikagariago egiten. Zenbait proposamen (I). 2007 liburuari buruzko ohar bat

eta

 

 

Zelan ordenatu egoki informazioa testuetan (I). 2012.

Lekeitioko ormetan ikusten ditugun kartel asko eta askotako euskara moduak irakurrita eta buzoietan jasotzen ditugun bateko eta besteko argitalpen eta eskuorrietakoei erreparatuta, lekeitiar ugarik du premia liburu horietan jasotzen dena zertan den jakiteko.

Baina, jakina, inork gutxik aitortuko dio ezer, lobbykide ez izatearen ordaina. Eta, herrian, Azkuek goregi utzi zigun langa. Zer zorigaizto norberaren herrian hain arrotz izatea, eta zer triste Mitxelek gure herrian duen historia izanda.





2025/02/19

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, dibagazioaren erantzun bat

 

Bai, bada zerrenda horretan egotea merezi duen pertsona bat behintzat.

Zergatik ez dago Mitxel Kaltzakorta zerrenda horretan?

Eta..., nor demontre da Mitxel Kaltzakorta?


2025/01/19

 

1991

Sasoia zen


 
 

 
Bai, ordua zuten! 
 Bigarren Hezkuntzako zentroa!
 
Lekeition, luzaroan, ez zen egon 14 urtetik gorako ikasketak egiteko modurik. Eta 14 urtera artekoak ere justu-justuan. 1960ko hamarkadan, eta teorian, hezkuntza 14 urtera artekoa zen, baina Lekeition ez zegoen Batxilerra modu ofizialean egiteko aukerarik. Hala ere, Portaleko eskoletan inor gutxi geratzen zen 14 urteak bete arte. 
 
Gomutan daukagu oraindik zer gertatzen zen udaberrian: eskolako hainbat mutil (Portaleko eskoletan, eskola nazionaletan, mutilak goiko solairuan egoten ziren eta neskak, behekoan; ez beraz galdetu zer gertatzen zen beheko pisu horretan), 9-11 urte bitartekoak, ez ziren etortzen eskolara martxotik ekainera. Nora demontre joaten ote ziren? Kabana izeneko leku batzuetara joaten omen ziren antxoei burua kentzen. familia ekonomia esaten zaio orain horri. Mutil horiek gehienak itsasora joaten ziren mutil txiki 14 urte betetakoan. 

Eskolan geratzen ginenok 12 bat urterekin jakin genuen zer zer kabanara joatea, baina gu bakarrik joaten ginen asteburuetan eta aste santuko oporraldian. Amak ogi bitartekoa jarri, abante kabanara goizeko zortzirak bete barik. Atean jarri, eta han geratzen ginen, harik eta arduraduna atera irten eta antxoei burua bihurtzeko aukeratzen gintuen jakin arte. Arduraduna atera etortzen zen eta: zu, zu, eta zuek hirurok; besteok etxera. Zortziak eta laurdenetan etxera bueltan allaga, eta amak:  
 
—Zer pasa da? 
Enabe hartu
 
Andaluziako jauntxoek nola, bada hala izaten zen hemen ere gaztetxoekin izaten zen jokabidea. Ekonomia familiarra esaten zaio horri orain.
 
Eta, egunero-egunero kabanara joaten ez zirenak, zer? Bada, 14 urtera arte Portalean geratu, eta gero lanean hasi lehorrean, edo Academia Uribera (Maixu Txatuaren akademia) joan Batxillerra estudiatzen. Baina azterketa ofizialak ez ziren egiten bertan, eta Gernikara joan behar izaten zen azterketok pasatzen: egun bitan jokatzen zen urte osoko lana. Ikasketak libretik egitea esaten zitzaion horri. Beti egoten zen ia guztiek penkatzen zuten gairen bat, eta Gernikako kabroi haiei izugarri gustatzen zitzaien ikasgai horien azterketak Antzar eguneko arratsaldean jartzea. 
 
1974an, kendu egin zuten Batxillerra Akademia Uriben eta gehienok Ondarroako bidea hartu genuen ikasketekin jarraitzeko. Familia elkartearen bidez (orduan, Asociación de Familias bat zegoen Lekeition) autobusa alokatu eta, abante Ondarroara: joan-etorri-bazkaldu-joan-etorri. 4 bidaia egunean!

1975ean Lanbide Heziketako zentro ofizial bat sortu zen san Jose ikastetxean, gaur eguneko Kultur etxea den horretan. Zentro apala: hasieran Administrazio kudeaketa eta Instalazio elektrikoak ikasketak baino ez zeuden. Han ibili ziren, su eta gar, Jose Bengoetxea Banda, Eva Jauregi, Andoni Perez Urraza Andoni abadia, Anton Urzelai, Eli Eiguren, Raúl Galan-eta ikastetxe hura aurrera ateratzeko ahaleginean. Gizarte Etxeko beheko solairuan ere aritu ziren, kalefakziorik gabe, bihotzeko suarekin. Portaleko eskolak hustu zirenean, San Josetik bertara joan ziren eta eskaintza ere zabaldu egin zuten.


 
Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitioko Lanbide Heziketa

Azkenik, 1992 ikasturtean, martxan jarri zen, Iturriotz-en, bigarren hezkuntzako ikasketak egiteko berariaz eraikitako zentroa. Apal eta Ondarroako institutuaren menpe. Aurreko basamortuaren aldean... Une honetan egoitza bi ditu: Portalekoa eta Iturriotzekoa, eta 16-18 urteko neska-mutilek Batxilergoa egiteko aukera bakarra da herrian.