2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

aldizkariak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
aldizkariak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/05/11

 

Talaiapekoa 4

2025eko abendua

Aurrekontuak gai nagusi zenbaki honetan, eta egitasmo garrantzitsuenak

 

 

Aspaldion jende ugari arduratzen duen gai bat ere ageri da:

 

Ander Goikoetxea Vazquez, Euskara zinegotzia

“Zelan eskatu kanpotik datorrenari euskaraz ikasteko, guk geuk hutsuneak baditugu euskararen erabileran?

Bada, horixe.



 

 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
Talaiapekoa 4
 
 
 

2026/05/03

 

Talaiapekoa 3

2025eko otsaila

Gai garrantzitsua aldizkaria hasteko: Andara bizian zahartzen dagoen herrian, gazteak kanpora eta etxeak hutsik. 

Gai bi dira? Lotuta daude? Nola lotu nahi dira? Bizi dabil mundu zabalean etxebizitzaren arazoa, eta guk ezin dugu besteak baino gutxiago izan. Gurean ere problema larria da: Lekeition 909 etxebizitza daude erabat hutsik, hau da, ez dira turistikoak eta ez da inor bizi urte osoan. 

Azterketa bera interesgarri begitandu zaigun arren, iradokitzen zaigunez, gazteek herritik joan behar dute ez dutelako aurkitzen etxebizitzarik. Eta, gure ustez, ezin da halakorik ondorioztatu beste parametro batzuk aintzat hartu barik. Non geratu da arlo ekonomikoa? Ez ote dira joango herrian lanik ez dagoelako?

Eraikitzen ari direnak (Beitian eta frailekietan), behintzat, ez dira gazte horientzat, ezta lekeitiar askorentzat ere.

Beste gai batzuk ere badaude: Erresidentzia, euskara zenbatean erabiltzen den herrian...

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
Talaiapekoa 3
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

2026/03/15

 

Euskaltzaleak aldizkaria

Gure paperen artean, aldizkari hau agertu zaigu. Ez dakigu ez noizkoa den, ez nongoa. Eskola batekoa da, eta ematen dugu 80ko hamarkadaren hasierakoa dela, D eredua ezartzen hasi zenekoa; izan ere, gaztelania gahiago dago euskara baino.

Baina sumatzen dugu zergatik gorde dugun: Lekeitioko lamia izeneko artikulu bat dakarrelako. Guk ez dugu inoiz halakorik entzun, eta bitxia irudituko zitzaigun. Arraroena da lohietan amaitu ez izana.
 
 

  

 
 


Plana ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Euskaltzaleak

  

2026/03/09

 

Talaiapekoa 2

2024ko uztaila

Udal hauteskundeetatik urtea bete berri kaleratu zen Talaiapekoa 2. Gaiak, igaroko azken 20 urteetan herritarrak arduratzen dituztenak: osasuna, turismoa, etxebizitza eta etxebizitza turistikoak, Maderas de Lekeitio...

Etxebizitzaren arazoan, hona zer datorren: 

Gaur egun eskura ditugun datuak, Eustatenak, arduratzeko modukoak dira. Lekeition, 5300 etxebizitza daude. Horietatik 2000 hutsik daude —inor ez dago erroldatuta bertan—. Baina seguru gaude beste 3300 etxe okupatuetatik asko bakar-bakarrik oporraldi sasoian betetzen direla.

EHBilduren beste argitalpen batean, honako hau dakar:

Lekeitioko udal arduradunen esanetan, orain urtebete egindako etxebizitzaren diagnostikoaren arabera, eta edabearen zahartze progresiboaren testuinguruan gazteek herritik alde egin behar dutenean, etxebizitzen % 57,4 erabilera egonkorreko lehen etxebizitzak dira, eta % 25,4, aldiz, erabilera ez-egonkorrekoak. Lekeitioko 909 etxe, % 17,2, hutsik daude. 

Bada sasoia etxebizitzaren datuekin serio aritzeko. Kanpokoen azterketak erabiltzen dira (Eustat) eta datu horiek ez dute ematen arazoaren irudi zehatzik. EAJk ez zuen egin benetako azterketa seriorik. EHBilduk ere ez ote du egingo?

Maderaseko prozesu parte-hartzaileko ondorioekin bideragarritasun plana egiten dabil UdalaEz dakiola gerta Abaroa jauregikoa: 20 urtetik gora begira.

Eta zer esan editorialeko Garraitzeko bisitariek Gaztelugatxe gogora horri buruz? Bada, lekeitiarrok kasu gutxi egin diogula isliari eta ez garela konturatu oraintsu arte zenbat jende izaten den bisitan irlan ekainetik urrira. Hori bai, lekeitiarrak gutxi. Azpiko esanekin, bestela, ados.





 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
Talaiapekoa 2
 
 

2026/03/03

 

KALERA!

Lekeitioko Amnistiaren Aldeko Batzordea

1988ko iraila 

2025eko uztailaren 21ean, jarri genuen Kalera!-ren ale bat, garrantzitsua Jabi Goitia kabiri eskainia zelako, eta zenbaki bakarra daukagula esan genuen. 



Beste bat eskuratu dugu. Ez dakigu zenbat kaleratu zituzten, baina garrantzitsua da hutsuneak betetzea.
 
 
 
 
 

 
 Argitalpena ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KALERA, 1988ko iraila
 
 
Amnistiaren aldarri hartan Rubixua, Jota, Lurdes askatu oihukatzen genuen, eta etxean dira dagoeneko.
 
Ozen esaten genuen Smeri, Pototo, Txitxarro, Isaak, Karmelo etxera. Eta etxean dira dagoeneko Pototo izan ezik. Pototo askatu! oihukatzen segitu beharrean gara, beraz.
 
Baina batzuk irten ahala beste batzuk sartu zituzten, eta sartu-irten horretan Liherrek barruan segitzen du. Gainera, ez dute etsi: duela gutxi sartu dute Arantza barrura. Hala, bada

Pototo, Liher, Arantza askatu!
 
 

2026/03/01

 

Talaiapekoa

2024ko otsaila

Udalaren edo udal batzordeen ekimenez, 4 aldizkari eta bideo emanaldi bat kaleratu izan dira: Lekeitioko Udaletik, Dzanga, Lekeitio Kirol, Udaletik bideo emanaldia (youtuben ikusgai) eta Talaiapekoa.

Lehenengo hiruren berri eman dugu gune honetan. Bideo emaldiak, berriz, youtube.com-en daude jarrita eta guk ez dugu ez lekurik gure ontzian ezta dirurik ere ontzi hori handitzeko bideo horiei lekua egiteko.

Talaiapekoak, baina, ipiniko ditugu ez dadin gerta gainerako udal ekimemekin gertatzen dena. Guk dakigula Lekeitioko Udaletik, Dzanga eta Lekeitio Kirol inoiz ez dira egon Udalaren web gunean jarrita; Lekeitioko Berbak argitarapenaren lehenengo hiru zenbakiak egon ziren eskuragai denbora tarte baten, harik ea kendu zituzten arte, eta gainerako biak sekula ez ziren jarri; eta Talaiapekoaren lehenengo bi zenbakiak ez daude dagoeneko, edo guk ez dugu jakin aurkitzen. Eskerrak jarri zituztenean gorde genituen.

Notizia nagusia Maderas de Lekeitio herriarena izatea. Ea ez den gertatzen Abaroa jauregiarekin gertatzen dena: begira nago begira...

Urtzi Iriondo ere ageri da tronboia jotzen aurreragoko Aratuste batzuetako argazkian. Erabateko kantzelazioa ezinezkoa den seinale. Horregatik desagertu ote dira, bada, Udalaren webgunetik lehenengo Talaiapeko biak? Karin Karan, ba zen atal bat asko gustatzen zitzaiguna: Hemeroteka zantarra. Denontzat balio du.

 


 

Korrika martxoan pasatzekoa zela ere iragarri zen, eta aurten ere martxoan pasatuko da, hilaren 25ean, gaueko 12etan. Ea arin-aringa egitea baino zer edo zer gehiagorako balio duen




 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
Talaiapekoa 1
 
 
 

2026/02/27

 

Ekina

1998ko urria

HBk ere kaleratu zuen bere aldizkaria. Hona dakarguna 12. zenbakia, eta ez daukagu besterik. Ea agertzen diren Lekeitio Kirol 1 agertu den moduan.

Azalean, Lizarra-Garaziko akordioa eta ETAren su etena. Denok dakigu zelan amaitu zen hura. Konponbide garaia omen zen, eta hemen segitzen dugu kontua konpondu ezinean. Presoek barruan segitzen dute behintzat. Tartean Pototo eta Liher, eta Arantza kartzelan sartu berri dute.  Konponbidea noiz?



 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
Ekina 12, HB
 
 
 

2026/02/25

 

Lekeitio Kirol 1

1989ko martxoa 

Lagun batek, Josafateko zelaira joandako bat gogoan, ekinak izatea ez dela gauza ona esaten digu. Baina blog honetan ez dugu beste erremediorik eta ezinbestean behar dugu izan ekin. Eta batzuetan fruitua ematen du. Horren froga Lekeitio Kirol 1 hau. Hiru bakarrik genituen, eta ezin besterik aurkitu. Eta hara non lehen zenbakia bidali diguten ocr-a eginda eta guzti. Eskerrik asko. Lehen zenbakiak beti dira garrantzitsuak.

Lehen zenbaki honetan Lekeitioko kirol taldeen errepaso orokorra.

 



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio Kirol 1

 

Azken orrialdea iluntxu dago aldizkarian, eta guk, Bittorrek hori eta gehiago merezi du-eta, beste bertsio bat aurkitu dugu, argiagoa (jatorrizkoa, Aulestin ikusi genuenez, koloretan da). Ea animatzen den eta Lekeition ere erakusketa bat oparitzen digun. Onartzen diogu erdiaulestiar sentitzea, baina pentsatzen dugu Lekeition ere egin beharko lukeela bat.




 

2026/02/23

 

Lekeitioko II. udal boletina 

1990 

Karin Kara aldizkariaren 5 zenbakia ez daukagu eta pentsatzen dugu 12. bat ere egon zela hauteskunde kanpainan, baina ez dugu topa. Beraz, besterik ezean, 11.arekin amaituko dugu EH Bilduren aldizkarigintzakoa.

Duela gutxi eskuratu dugu gaur dakargun aldizkaria, EAk kaleratutakoa. Ez dakigu zehatz-mehatz noizkoa den, ezta zenbat kaleratu zituzten ere. Beraz, oraingoz, bakarra eskuratuko dizuegu.

XXI. mendera begirako zenbakia duzue gaurko hau, eta, sarreran, itaun interesgarriak egin zituzten. 35 urte geroago, erantzuteko moduan gaude.

Itaunok baieztapen batetik abiatzen dira: Izan ere, argi dago Lekeitio krisian sartuta daukagula luzaroan, inork gutxik dakigularik norantz bideratu nahi dugun herri hau. Bitxia gu hori: haiek bazekiten nora bideratu herria. Ez dugu pentsatzen gaur eguneko errealitatea gustatuko zaienik.

Zertan den itaun haien mamia gaur egun? Ea, bada

zergatik bajatu dira erdira itsasuntziak? Ez da geratzen bajurako itsasontzirik.

zergatik geratu gara Kabana erdiekin? Ez dago kabanarik.

zergatik daude lehengo astilero erdiak? Ez dago astilerorik. Bueno, bai: iraganaren oroigarri-erakusgarri antzeko bat, museo-edo egin nahi dutena.

zergatik daude alde zaharreko etxe erdiak hutsik? Hutsik segitzen dute.

zergatik doaz 25-35 urte bitarteko gazte erdiak herritik kanpora lan egitera? Dagoeneko ez dira erdiak ia denak baino.

Eta aurrera begira, ze pisu izan behar luke turismoak? Honi bakoitzak erantzun diezaiola.

ze industri-mota bultzatu beharko litzateke gure herrian? Ez dago industriarik.

ze leku bilatu behar diogu arrantzari? Arrantza kirola da, portua kirol portua da, eta hiru lebatzale daude, bat salgai.

REM ikastetxea, kiroldegia, depuradora eta osasun etxea, ostera, errealitate dira.  Kultur etxea ere bada, eta, zelebrea bada ere, eleizak beretzat eskuratutako Gizarte etxearen argazki bat ageri da azken orrialdean: dagoeneko ez da existitzen.

 


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
Lekeitioko II. udal boletina EA
 
 
 

2026/02/19

 

Karin Kara 11

2022ko azaroa 

Energiaren krisia eta eredua aldatu beharra. Gai serioa. 

Etxebizitzaren arazoa. 40 urte buelta-bueltaka eta aurrera egin ezinik.

Urtetik urtera, gero eta gatxago egiten jaku herritarroi Lekitton bizitea. Zaharrak berri. Herrian lan egitea eta bertan bizitzea nekeza izan da aspaldi luzean, eta ezinezkoa gaur egun administraziorako lan egiten ez bada edo zerbitzuetan eguneroko ogia lortzeko ahaleginean ez bazabiltza. Askok eta askok aukeratu dute egunero hara-hona ibiltzea autoan Lekeition bizitzea hautatu dutelako, eta asko eta asko dira herririk joan behar izan dutenak  langintza berean. Urteak joan urteak etorri, batzuk lekeitiar osoak dira eta besteak beraneante zapaltzaileak. Eta, bideak eta komunikabideak hobetu ahala, arazoa areagotu egin da.

laster gazteleraz biziko gara eta ez jaku ardura izango dator Euskaraldiari buruzko artikuluan. Mintzatuan eusten diogu oraindik; baina, aspaldi ari gara espainolez idazten euskarazko berbak erabilita, eta ez gara konturatzen.

 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 11
 
 

2026/02/17

 

Karin Kara 10

2022ko ekaina 

Zenbat iraun behar dute Sanantolinek? Ederra itauna. Ausartu ere! Beti izan dira 8 egun eta! Beti? Ederra eztabaida zehazteko zer diren geureak eta zer betikoak.

Sasoi batean, antiojuak dirudunek eta abadeek bakarrik izaten zituzten. Gure herriko Kristobal Amezketa eskribauak ez zuen izango halakorik, baina begitanduten zaigu izanda ere ez zuela ikusiko andrerik begi aurreko aldran.

Hizkuntza politiken kontuetan ez gara sartuko, geu ere makinatxo bat argazkitan agertutakoak gara-eta. Argazkitik argazkira hurrengo argazkira arte, ze euskarak ez du aurrera egiten aspaldion.

Pentsa, Gure eskukoek Pirinioak argiztatu zituzten, baina argi gutxi gure bidean. Errua, behar bada, energia berriztagarrien komunitatekoena.

Postaleko herria eta gazteok. Ihartu bidean den postala dagoeneko.


 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 10
 
 

2026/02/15

 

Karin Kara 9

2022ko otsaila 

Portuko obrak. Arrantza portutik kirol portura. Egin ahal izango ziren udala kontra ipini izan balitz eta aurre egin izan balio goitik ezarritako erabakiari? Aurrerantzean ezingo dute jarri turismoko eskuorrietan Pequeño pueblo pesquero. Hilkutxa horrek jarrita dauka dagoneko azken iltzea.

Osakidetzarena ere marka da gero! Mundu mundialeko osasun sistema onena zena hilbanean hartuta zegoen, antza. Danbateko bat, eta arrakalak di-da batean agertu zitzaizkion.

Aratusteen eta antzeko jai-ekimenen inguruko hausnarketa bat ere badator. Zer pentsatu ematen du. Baina burutazio txiki bat honen inguruan: Lekittoko aratusteetako asteartearen ospe eta jendetzarik ez da urteotan entzuten gure kaleetan. Lekitton ez dago beharrik; Maderas Eiguren, Maderas Lekeitio eta Latoneria zarratu zituzten egunean hasi zen bertan behera karnabal martitzena. Enpresok jardun bitartean, Hausterre-eguna lanik gabeko eguna izaten zen, eta horrek arratsalde-gaueko giroa ahalbidetzen zuen. Gaur, herriko langileek ez dute jai martitzen biharamuna, arratsaldean ez daude herrian eta ezin dute gaua alaitzen ibili hurrengo egunean kotxea hartu eta lanera joan behar badute.

Zer geratzen da? Eskola-ikastoletako umeen jai-kalejira, jubilatu batzuk eta... Halako jaiek arrakasta izateko masa kritikoa behar dute, eta, dagoeneko, herrian ez dugu halakorik. Masa kritikoa zegoenean, umeek ere pando egiten zuten eskolara Sasikopatsu egunean, eta maisu-maistrak haserretu. Memoria geratzen zaigu, baina hori ere galtzen daukagu.

Casimiro Etxebarria gogoan artikuluan, Baina ba dago jakiterik Casimiroren bandari zergatik galarazi eutsen herrian jotea? itauna. Zelebrea. 2025ean, Kasimiro Etxeberria Urtzi Irondon haragitu zan. Eta ez dago jakiterik zergatik.

 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 9
 
 
Ohar bat. Ez dakigu gure Kasimiro Etxebarria zen edo Etxeberria.  Lekeitioko kale-izendegian Etxebarria da eta Fernando Garateak 4. Kurik-en argiataratutako artikuluan, Etxeberria. Fernando zein zehatza den jakinda, ez daukagu batere zalantzarik nor dabilen zuzen. Eta, hartara, gure Kasimiro giputz jatorrikoa genuen. 
 
 
 

2026/02/13

 

Karin Kara 8

2021eko urria 

Gai garrantzitsuak zenbaki honetan lehenengotik hasita: sexu erasoak. Sexu erasoak askotarikoak dagoz, baina denak dira eraso. Hizkuntza zelan erabilrzen dugun da bat: hauri bai mostradora, aitzakiak aitzaki,  eraso sexista da. Eta halakoak asko dira, hizkuntza baliatuta egiten diren asko.

Bigarrena ere ez da makala: Euskal Hezkuntza sistema. Berba handiak, eta proposamenean ere halakoak. Hizkuntzaren beste erabilera bat: eufemismoa esaten zaio horri, berba politak eta kutsu aurrerakoia dutenak erabiltzea benetan esan nahi duguna tapatzeko. Haratzago izan zuen lema Lekeition egin zen Ibilaldiak, baina Ikastolen mugimendua 1993 geratu da ainguratuta. Eta horrek ez du esan nahi euskarak ez duela erasorik, are gehiago Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian eta ez aurre egin behar ez diogunik.

Hirugarrena, Osakidetza. Zergatik ez ote dute defenditzen Hezkuntzan eta Osasunbidean gauza bera?

 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 8
 
 

2026/02/11

 

Karin Kara 7

2021eko apirila 

Urte luze bi aurrekotik hona: hauteskundeak galduteak eragindako ajea-edo. 

Pentsionisten mugimendua eta mobilizazioak, Andretxea, eta zorioneko etxebizitzak. Andretxea egin da, pentsionistek borrokan segitzen dute, eta etxebizitzak beti dira berbagai eta sekula ez dira eraikitzen. Sekula? Frailekietan eta Beitian ari dira egiten, baina horiek ez dira Lekeitioko gazteentzat. Zeren gainean ari gara orduan?

 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 7
 
 

2026/02/09

 

Karin Kara 6

2019ko martxoa 

EHBildu hauteskundeak prestatzen, eta, horretarako, oraingoan, Miren Tere Aboitizekin dator elkarrizketa bat, bera izan zen-eta hautagaia. Herriak beste noranzko bat behar omen zuen, eta horretan dabiltza beti gure alderdi biak, sekula adostu barik, edo adostu ezinda, noranzko bakarra. Hori bai, eta eskertzekoa da, EAJren lanak alde onak ere izan dituela aitortzen du. Ez da hasiera txarra.

ZAPRAN GAGOZetik HARATZAGOra artikuluan eskola publikoen eta ikastolaren arteko kontuez egiten da berba. Elkarrekin lan egin beharra eta zentzu berean bultza egin beharra aipatzen da. Pena amaiera aldean bulta hori zeinek bere lekutik egitea iradokitzen den. Ea horrela segituko dugu: ustez leku berera bultzaka, baina elkarri lepoa emanda.





Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 6
 
 

2026/02/05

 

Karin Kara 3

2018ko martxoa 

Aurrekontua, urteroko kontua. Zer proposatu dugun, eta zer onartu diguten eta zer, ez.  Mingarriena, euskara batzordearen diruena. Eta gero hor gabiltza denok, ahoa berotuta, gero eta euskara gutxiago egiten dugula herrian.

Nabarmentzekoa, martxoaren 8ko greba feministarena. Mugimendu feministak greba orokorra deitu zuen 2018ko martxoaren 8rako. Historiarako eguna. Andrak nekatuta eta nazkatuta zeuden (eta daude) gizarte patriarkal honen utzikeria eta zurikeriekin. Tropelean atera ziren kalera. 8 urte geroago beste bat egiteko premian daude.

Beste gai bat, Autonomiatik Subirautzara. Horra hor subirautza berba, eragile, proposamen, proiektu eta hurrengo fasea berbekin batera erabat higatuta eta dagoeneko esanahirik ez duen berba.

Kuriosoa hemerotekakoa. Oposizioan esandakoak nola ez diren betetzen agintea eskuratutakoan (eta horrek batzuentzat eta besteentzat balio du). 

Leidu Materia organikoaren bilketaren gainekoa, eta ea ez ditugun botatzen paper-kartoiak eta beirakiak edukiontzi berdera! 

 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 3
 

 

Karin Kara 4

2018ko uztaila 

Rajoy, ospa hemendik. Pedro Sanchez etorri zen haren ostetik. Zein gutxirekin konformatzen garen. 

Gure eskuk deituta, milaka herritarrek, eskutik hartuta, Gasteiz- Donostia-Bilbo lotu zituzten. Egun gogoangarria. Zein trebeak garen Euskal Herrian halako ekitaldiak antolatzen eta horietan parte hartzen. Gero gorokoak.

Santa Katalinako jolas-lekuko arbolak ere mentatzen dira. Jolas-lekua txikitu, zertarako... eta aparkalekuak ipinteko. Behin eta berriz agintzen diguten eraztun berdeak berreskuratuko ote ditu inoiz arbolok. Batek daki noiz egingo den.

Leidu Sarai Goitiaren artikulua. Lehen udal hauteskunde demokratikoak egin zirenetik gabiltza gai horrekin buelta-bueltaka. Harrezkero, makina bat lekeitiar gaztek joan behar izan du herririk bizitza irabazteko. Eta hemen segitzen dugu, buelta-bueltaka. Sarai, 8 urte joan dira hausnarketa hori idatzi zenuenetik. 23 barik 31 dituzu: ikusten diozu konponbiderik? Bete duzu zure ametsa, edo, beste askori lez, zapuztu egin dizugu?



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 4
 
 

2026/02/03

 

Karin Kara 2

2017ko abendua 

Abendua urriaren ostetik etorrita, ezin bazterrera utzi 2017ko urrian Katalunian gertatutakoak.

EHBildukoen zenbakietan, udal batzordeak gero eta gutxiagotan batzen dira eta aurreko legegintzaldian baino dexente gutxiagotan.

San Antolin jaien balorazio bat ere badago, eta jaietan politika egin daitekeen edo ez. Entzuixu 11n, "Nahiz eta megafoniatik, oraindik, BATZUK mezu politikoak adierazteko aprobetxatu” esan zen. Karin Kara honetan, berriz, "Euskal preso politikoak gomutan izan eta egun batzuetan besterik ez bada “geure artean” eukitea jarrera oso politikoa da, jakina! Horixe bezain politikoa da ahaleginak egitea presoen argazkirik ez agertuteko inon, presoak ahaztutea." Sabiño bera ere ageri da elkarrizketa labur batean, eta harritu egin gaitu: suabe ikusi dugu.

Eta gu, oraingoan behintzat, ados gaude: politika ez egitea politika egitea bezain politika da. Kontrakoa pentsarazi nahi diguten arren.



 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 2
 

2026/02/01

 

Karin Kara 1 

2017ko uztaila 

EHBilduk ere izan du bere aldizkaria: 2015eko hauteskundeak galdu ostean hasi ziren kaleratzen. 

Domina zuretzako ta domina niretzako, domina gauza ona da ta mundu guztientzako.

Entzuixuren eta Karin kararen arteko aldea, nork argitaratzen duen.


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 1