2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/09/01

 

LEKITTARRAK

Don Antonio Zamora Donantonio

 

Erlijioa herriaren opioa da, Karl Marxek 1884an esana. 100 urte geroago, Lekeition, Club de Pescako horman bide bereko pintada gogoangarri bat agertu zen: Donantonio pasa coca.

Hiru berba ziztrin, egiatik ez oso urrun, eta ederra piztu zuten herrian.

Mundu honetan, denok ahalegintzen gara ingurukoak geurera erakartzen ―eta besterik diñonak, gezurra diño―, eta Donantonio ere halakoxea zen: apaiza izanda, denak elizara erakartzen ahalegintzen zen, bera eta bere katekista taldea. 

Hiru egun handi izaten zituen: irailaren 1a, bajadaren eguna; irailaren 7a, umeen eguna, eta urtarrilaren 5a, errege eguneko bezperako kabalgatia. Erabiltzen zuen arrazoia ―edo aitzakia―: umeen ilusioa piztea.

2023ko ekainean, Jose Mari Arriola Aranak Tala films - Guiones lekeitianos izeneko liburua argitaratu zuen. Kapitulu oso bat hartzen du Don Antoniok. Erabateko hagiografia. Hala idazten da historia.




Don Antonioren atala

 

Baina historia ez da erabat hala, Don Antoniori beste dohain batzuk onartu behar zaizkion arren: langilea, nekaezina, ekina, ilusioarena neurri batean...

Eta, erabat beltzez jantzi arren, argi ilunak zituen ―nork ez dauka halakorik, geugandik hasita?―: txupinazoaren egunean, plaza guztia hartzen zuen berarentzat eta bere tanborradarentzat, eta besteak hor konpon, kanpora eta bazterrera. Tanborradan, batzuek tanborra jotzen zuten eta beste batzuek desfilatu egiten zuten: tanborrean zeudenek ez zuten beste itxaropenik tanborra jotzea baino, eta bazekiten hurrengo urtean ere hori hala izango zela; izan ere, majoretteak, Napoleon txiki, jaietako erregina eta haren damak... beti izaten ziren Donantonioren ingururik hurbilenekoen familietakoak. Denen buruan, Don Antonioren beraren loba. Betikoa, batzuk agintzeko jaioak gara eta zuek, lan egiteko. Ederto erakutsi zigun zertarako izan behar genuen guk ilusio: gerria makurtu eta nagusiei men egiteko. Hori guztiori gure umezaroan; gu baino nagusiagoek kontatzen dutenez, berak eta bere katekistek, 50eko hamarkadan, beren irudiko lizun ziren liburu eta errebistak erre zituzten, egun argitan, plazaren erdian. Hortik gatoz gu.

Kontuan zer diren. Megafono bat zeukan eta harekin ibiltzen zen aginduak ematen tanborradan eta jaietan umeentzat antolatzen zituen ekintzetan; bada, behin, Guardia Zibilek konfiskatu egin zioten por subersivo. Don Antonio, subersivo! Halakorik!

 

 
Don Antonio umeen egunean udaletxeko atean
 
 

Don Antonio Barandiarenegaz eta agintariekin 1983ko Ibilaldian
 
 
Gaur egun, gainbeheran dago eliza eta ume gutxi joaten da hara; tanborrada ez da egiten ―egia esateko, la,n izugarria da; ordukoa bezalako umeen egunik ez dago ―zaharrenik ere ez. Manuel Endeiza ere joan zen; baina, Antero iaz lez bajatuko da elizako kanpandorretik eta 70eko amaierako eta 80ko hasierako neska-mutikoek badakite Anterorena ere Don Antoniori diogula zor.
 
  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina