ANTZARTEK
1979ko irailean horma bat bota zuten lurrera neskek. Tente geratu zen, ostera, beste bat, lekeitiar guztiok bota beharrekoa, baina ikusi ere ez genuen egiten hormatzar hura. 27 beharko genituen horma hura arrakalatzen hasteko; 34 ikusten ―ez denok― eta sakaka hasteko, eta 43 erabat lurrera botatzeko.
1965ean, ia debekatu egin zituzten Antzarrak, eta, hori ez gertatzeko, hilda jartzea erabaki zen. 1975ean, Franco hil zen eta, 1979ko lehenengo udal demokratikoek antolatutako jaietan, antzarrak berriro jarri ziren bizirik. Hala esaten zuten jai batzordekoek arlo positiboen artean: antzarrak bizirik eskegitea, aintzinako ohiturari jarraiturik (ikusi Sustraia 15). Antinuklear, ekologista eta feminista ginen, baina tradiziñoia tradiziñoia zen.
1983an, talde txiki batek, pisajiaren egunean bertan, udaletxeko areto nagusian, agiri bat aurkeztu zuen eta antzarrak hilda jartzea eskatu. Eskatzea ere... Pixka bat gehiago, eta udaletxeko balkoitik behera botatzen dituzte. Baina hazi hark lurra topa zuen eta, urte batzuk geroago, 1986an, antzarrak hilda jarri ziren berriro, Xabier Txakartegik gidatzen zuen Udalak hala erabakita.
1987an ―HB zen alkatetzan―, antzarrak samatik hartu aurretik apurtzen ziren, eta ez zuten 15 potinik ere aguantatu. Produktu frantzesen kontrako boikotean sartu-sartuta geunden, eta zabaldu zen antzarrak Nafarroatik ekarri zituztela eta ez betiko lekutik ―Iparraldetik― boikotagatik. Eta batzuk frontoira joan ziren Juan Carlos San Migel-en bila, egurtu nahirik.
Arrazoia beste bat zen, ostera: antzarrek muga pasatzea ahalbidetzen zuena jubilatu egin zen, eta haren ordezkoak kale egin zuen antzarrak mugan bertan zeudela. Horregatik erosi ziren korrika eta presaka Nafarroan.
Gauzak horrela, Paul Seijok Jesus Mari Urrutia Txumarengana ―Txuma jo zuen eta esan zion: "haz lo que quieras, pero el año que viene los gansos pasan por Valcarlos". Eta hala sartu ziren Txuma eta Juan Fran Agirre Antzarren komisioan eta antzarren kontrabandoan hasi.
Urteak joan eta urteak etorri, animalistak beti kontra, guk geure antzarrekin jarraitu genuen. Eta bat-batean, 2006a eta hegaztien gripea. Eta hara non dauden Txuma eta Juan Fran, Abarketa soziedadean, berbaz, buruz buru: Eta zer egin behar dugu antzarrak ekartzea debekatzen badute? Trapu bat jarri? Gomazko paitta bat eskegi?
Ondoko mahaian, beste kontu batzuetan, Iñaki Letonak ―Abarketakidea, eta material berrietan, mekanikan eta materialen trakzioan aditua― Txumaren eta Juan Franen gogoetak entzuten ditu ―Txumak ez zuen isil-misilean berba egiten, ez horixe― eta elkarrizketan sartu da: Horrek konponbide erraza dauka: tresna mekaniko bat sortu dezakegu antzarraren samaren jokabide bera duena.
Txumak eta Juan Franek, aho zabalik, ez dute ulertu ezer. Tresna mekaniko bat? Antzarraren samak funtzionatzen duen modu berean funtzionatuko duena? Egin daiteke hori? Eta Iñaki Letonak, han bertan, serbilleta batean ―itxura batean, mundu honetako gauza inportante guztiak serbilletetan jasotzen dira―, di-da batean marraztu die nolakoa izan daitekeen tresna hori. Eta: ipintzen diogu gainetik polimero bat antzarraren gorputzaren itxurarekin eta listo! Konponduta arazoa. Hori guztiori Gaiker ikerketa zentroan landu eta garatu dezakegu ―orduko hartan, Iñaki Letona bera zen Gaikerrreko zuzendari orokorra, eta horrek ahalbidetu zuen Gaikerrek proiektu horri ekitea―. Txuma eta Juan Fran, oraindik gauza handirik ulertu barik, zur eta lur. Guztiaren lekuko, Iñaki Letonaren emazte Lurdes Muguruza. Hortik aurrerakoa historia da.
1. Hasteko, udalari azaldu behar zaio ideia. Eta uzkur dira, ez dute ezer ulertzen. Jose Mª Kazalis, orduko alkatea, konbentzitu behar da ikerketa babesteko. Izan ere, Antzar jokoan parte hartzen duten indar guztiak aztertu behar dira: tiratzaileen indarra, harrapatzailearen pisua eta urak egiten duen tiratzaileen kontrako indarra, eta, horren guztiaren arabera, polimero egoki bat aukeratu antzarraren samaren funtzioa behar bezala bete dezan.
2. Udalak oniritzia emanda, prototipoak landu eta sortu behar dira. Hor garrantzitsuak dira Juan Carlos Manchado eta Carlos Lopez Iñaki Letonaren gidaritzapean.
Carlos Lopez, Juan Carlos Manchado eta Iñaki Letona
3. Tresnaren mekanismoa estali egin behar da eta antzarraren itxura eman. Horretan Juan Fran Agirrek du agintea: samaren luzera, bola bat buruaren ―harrapatzailearen euskarri puntua― funtzioa egiteko. Antzar mekanikoa prest dago.
4. Prototipo horiek laborategian aztertu dira, baina benetako egoera batean ere probatu behar dira. 2006ko uztailaren 18an, Karraspiora doan jendea harrituta dago: Zertan ari da zubian Ipar Arrinda, antzarretan lez gora eta behera? Eta prototipoek arrakasta dute.
5. 2006ko Antzar egunean, jokotik kanpo jende guztiaren aurrean aurkezten da antzar mekanikoa, Antzartek. Sendotasun diferenteko haustura-mekanismoak daude eta, zoritxarrez, ahulenak ipintzen dira eta Antzartekek ez du arrakastarik. 2007an, mekanismo sendoagoak jarrita, arrakastatsua da saiakera.
6. 2013ko jaiaren balorazioan, Antzar komisioko pertsona bik Antzarteken aldeko apustua egitea proposatzen dute. Proposamenak ez du harrera onik komisioan. Gainera inkesta bat egiten da parte hartzaileen artean: 86 galdetegi bidali eta 43 erantzun, 30 kontra eta 13 alde. Udalak prentsa-ohar bat kaleratu zuen.
7. 2014an, Maitane Larrauri alkate duen udalak Antzartek bi eta 2000 haustura-mekanismo edo erostea onartu du, eta bidea ematea parte hartzaileei antzar naturalaren eta mekanikoaren artean aukeratzeko. Eta 14k aukeratu dute. Antzarrak prestatzeko abuztu amaierako batzarrean, ostera, giroa bero egon zen eta ederra montatu zen. Demokrazia gora, demokrazia behera, gehiengoa antzar mekanikoaren kontra ―bi heren kontra―, ea zergatik jarri behar zen, tradizioa zapuzten zela ―emakumeak ere tradizioaren alde ―jakin gabe 46 urte lehenago apurtu behar izan zutela haiek ere tradizioa, Potxuak taldearen historia ere zabaldu behar da― ... Sabiño Madariagak ―berak gidatu zuen batzarra― gorriak ikusi zituen batzar hartan.
8. Kopuru hori hazi egin da urtetik urtera ―2019an bi herenek aukeratu zuten Antzartek―, eta, 2022an, Koldo Goitia alkate zela ―bera ere Antzarteken aldekoa― Udalak antzar naturalak baztertzea eta Antzartek bakarrik jartzearen aldeko apustu egin zuen.
Ez da, beraz, ez panpina bat ez gomazko edo plastikozko antzarra. Gailu mekaniko bat da, Gaiker ikerketa zentroak sortua gaur egungo teknologia aurreratuak baliatuta, teknologia gizartearen premietarako erabilita.
Eta hemen, samaren funtzioa betetzen duen trakzio-probeta. Probeta horren sendotasuna aldatu egiten da erdiko zuloaren diametroaren arabera, eta horrek bihurtzen du aleatorio jokoa, benetako antzarrekin pasatzen zen moduan.
Lekeitioko Antzar jokoak hainbat aldaketa izan ditu urteetan zehar: marinelen jaia izatetik herriko gizonen jaia izatera; gizonen jaia izatetik andreen eta gizonen jaia izatera, eta, azkenik animaliak erabiltzetik ez erabiltzera. Eta hala ere, jai bera da.






iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina