2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/09/04

 

ANTZAR EGUNA ETA POLIZIA

Jaietan eta, batez ere, Antzar egunean milaka lagun etortzen da Lekeitiora eta denak izaten dira ongi etorriak. Badira, baina, sekula gonbitatu ez ditugun batzuk, eta ongi etorriak ez direnak eta izango ez direnak. Kontua da sarri autogonbitatu direla, eta, une gogoangarriak izan ez arren, gogoan ditugu.

1975ean berdeek parte hartu zuten jaietan eta herria erdia sartu zuten kartzelan. Pintadak ere egin zituzten herrian beren balentria nabarmentzeko: Este año no hay gansos, están todos en Basauri.
 
1975
 
 
 
Eta beste horrenbeste edo gehiago zerrenda horretan agertu ez arren: Jose Ramon Arrasat, Vicente Goitia, Agustin Olabarriaga, Victoriano Gabiola... 
 
 
Pentsa! Begiratu nola zegoen apainduta udaletxeko balkoia urte hartan
 
 

 
 
 
 1976
 
1976ko Antzar egunean, gauez, berriro agertu ziren, oraingoan grisak. 

Zer gertatu zen? Irakurri orduko egunkari independiente bietan zer agertu zen, eta pentsatu: bertsio bera, berba berak, antolamendu eta hurrenkera bera. Kazetariek ala poliziaren komunikazio sailak idatziak ote dira?


El Correo Español, 1976-9-8

 

 
La Gaceta del Norte, 1976-9-8
 
 

Bertsio ofizialean esaten denez, ikurrina atera zuten udaletxeko eskaileretan eta bandera espainola erre. Eta antzera batera kontatu ziguten guri ere bertan egondakoek. Kontua da, lekeitiarrok zer gertatzen zen jakin aurretik, grisak han zeudela ezker-eskuma. Pixka bat lehenago, eta ikurrina jarri aurretik agertzen dira. 
 
"Trás invitar al público a disolverse efectuaron varias cargas. Hubo carreras y varias detenciones". Invitar diño. Grisakesku batean porra eta bestea kaskoari eusten― elizaren atzeko partetik sartu eta batera hasi ziren egurrean, eta, berdeekin batera, gau osoa eman zuten egurrean eta tiro hotsean herri guztian zehar. Gerora jakin genuen arratsalde osoa eman zutela herri inguruan ―Eluntzetan-edo― zain, banderena noiz gertatuko zain.


2009


2009an, lasai geunden: berdeak aspaldi herritik joanda, eta grisak, marroitik pasata, urdinak ziren. Gainera, ordurako ordena publikoaren gaia ez zen haien ardurakoa. Ardura hori gorri-urdinen lepora pasatuta zegoen eta, batez ere, horien senitarteko batzuenera: beltzerenera. 
 
Ondo ikasita etorri ziren ―Arkauten errepresioaren historia ikasten bide dute. Oraingoan, baina, ikurrinaren aitzakiak ez zuenez balio, eraso sexualarena erabili zuten. Hauek ere hor nonbait ibili ziren arratsaldean gauerako prest egoteko. Orduan agertu ziren, eta berehala piztu z(ut)en sua, eta ez da metafora bat. El Correok  ―dagoeneko Español barik― zabaldu zuen berriro bertsio ofiziala. Ez ditugu orrialde haiek hemen jarriko; nahi duenak bilatu ditzala hemerotekan.

Correon, jakina, ez ziguten kontatu nola jipoitu zuten Jesus Mari Zamora Zamorita Makala tabernaren aurrean, nola izan zuten lurrean botata trapu zahar baten pare ia ordu erdian, ezta nola eraman zuten ―ingurukoak luzaroan kexatuta furgoneta batera tarraz, bizkarra lurretik arrastaka, lau ertzain artean, bik orkatiletatik hartuta eta beste biak, eskumuturretatik.
 
Hurrengo urtean, 2010ean, salatu eta epai-bidean jarritakoen inguruko lagun batzuek agiri bat kaleratu zuten Antzar egunean, eta, pisajia baino lehentxoago, kioskotik irakurri zuen Antzar komisioko Sabiño Madariagak. 
 
 

 
Handik urte batzuetara, egurra eman zioten Sabiñori berari ere udaletik bertatik, komisioko batzuek lagunduta, azpijokoz. Berak esaten duen moduan: "Atea zabaldu zidaten, eta esan nien: lasai, sakatu barik, banoia-eta".


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina