2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/05/03

 

Euskara gora, euskara behera I

Maiatzaren 1eko sarreran, gora langileria!, aldarri eguna dela esan genuen: manifestazioak (noren atzetik?), banderak zerura, oihuak eztarria urratu arte, mitinlariak... Gaur, hilaren 3a dugu eta aldarria hilaren 1ean geratu zen, bide bazterreko zuloan botata, eta hizlari berbalapikoek mozorroa erantzi dute: "Europar Batasunak berariazko zerga bat jarri beharko liguke guztioi defentsa bermatzeko" 

UGTko idazkari orokor Jose Alvarezek. Nork behar du halako bidelagunik? Eta aldarria aldarri huts bada, ez badu odolik ez muinik, zertarako ezer aldarrikatzen ibili?

Aspalditik daukagu iltzatuta buruan euskararekin ere aldarri huts horietan gabiltzala noraezean: euskararen lepotik bizi diren horiek asmatutako aldarri-ekintzetan boluntario, ikastolen euskararen aldeko festetan eta Korrikan parte hartzeagatik edo Durangoko azokan liburu artean paseatzen ibili eta apaletan txukun geratzeko liburu bat edo beste erosteagatik alfabetatzetik salbuetsita dauden euskaldunak. Esan zuen Iñigo Aranberrik Berria egunkariko bere zutabean, Ezjakintasunaz harro: Analfabetoa naiz eta harro nago... Pribilegiatu ororen antzera, aski dut sehaskak eta inguruak eman didatenarekin.

Dzanga 8an euskararen gaineko ardura erakusten duen artikulu bat ageri da


 

ZER ESANA 0an, beste bat 

 

 
 


Dzangako artikuluaren buruan, harrotasun-adierazpen bat

 


Bere horretan idatziko genuke orain? 

Alferrik joan dira 35 urte: herriko kaleetan gero eta euskara gutxiago entzuten da; hormetan agertzen diren kartelak erdipurdiko euskaran idatzita daude, txokokeriaz josita...

Bien bitartean, aldarrika segitzen dugu, euskararen alde korrika egiten,  oinez ibiltzen, edo jaiak antolatzen. Eta ez gara ohartzen bere hizkuntzaren alde korrika egiten duen herri batek horixe baino ez duela egiten: korrika. 

Jaiak bai, borroka ere bai. Bigarren partera oraindik ez gara heldu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina