DZANGA 9
Dzanga 9 hau argitaratu zenean, Lekeitio villaren 675. urteurrena ari ziren ospatzen. Kasualitatea. Erreparatu zertaz ziren berbaldiak: zaharrak berri gure herrian.
Gai interesgarriak; batez ere, bi: Etorkizuna dantza taldea eta Zine Barria, gerora Ikusgarri zinema aretoa. Pozgarria da Etorkizuna dantza taldeak hainbeste urte irautea, eta gaur egun ere lanean segitzea, baina, gure ustez, ez zen bide onetik sortu: gure herri honetan beti egon behar ote dira, bada, langintza berean dabiltzan talde bi? Dena dela, zorionak ematekoa da 50 urtean lanean ibiltzea. Ospatu datorren astean, hilaren 18an, Lekeition izango duzuen Bizkaiko Dantzari Egunean.
Zine Barria, askorentzat, eraitsi zuten zine zaharra zen, azken aldian Antzoki esaten ziotena, Beitiaren eta Gora Bururen aldean berria zen eta; beraz, oraingo hau Zine Barria Barria izango zen, ezta? Gai honetan ere badago zer esanik: Gizarte Etxea eraikina bota etxeak egiteko (espekulazioa), udalak ez du lagundu diruz (esku publikoetatik pribatuetara pasatu nahi izatea), eraikinaren jabea nor den... esan dugu lehenago ere: txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa, edo The Washington Post egunkariko Bob Woodward-i eta Carl Berstein-i Eztarri Sakonek esan zien esaldi gogoangarri hura: segitu diruaren arrastoari.
Bai, batzuk ez dakite edo ez dute jakin nahi, eta bete batzuk ahaztu egin nahi dute eta ez dezagula jakin ezer. Kontua da guk ez daukagula ahaztuteko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina