2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/05/31

 

Udala eta udal hauteskundeak 1983, III

Hauteskunde hauetan, Herri Batasuna borrokalari agertu zen, eta hainbat dokumentu-proposamen argitaratu zituzten. Hasteko, udaletarako udal egitarau orokor bat argitaratu zuten: hauteskundeetan parte hartzean gogoan izan beharrekoak, udalak kudeatzean bermatu beharreko helburuak eta zer hutsune ikusten zituzten betebeharreko ordura arteko udal egituretan.
 
 

 



 

Programa ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Herri Batasuna, udal egitaraua 1983

 

 

 

 


2025/05/29

 

Udala eta udal hauteskundeak 1983, II

Hauteskundeak baino egun gutxi batzuk lehenago, Eusko Alderdi Jeltzaleak eskuorri bat zabaldu zuen herrian -goizetan lurretik jaso behar ez zen haietakoa aurreko legegintzaldian berari esker zer egin zen eta zer lortu zen kontatzen.
 
 

 


 

Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio EAJren agerpena

kaleratuko zuen besterik ere, baina, zoritxarrez, ez ditugu.



2025/05/27

 

Udala eta udal hauteskundeak 1983,  I

 

1983rako, Herri Kandidatura deseginda zegoen. Euskadiko Ezkerrrak hauteskundeak egin eta gutxira utzi zuen koalizioa. Denbora batera, Paul Seijok lehenengo eta Jose Antonio Aranburuk gero, utzi egin zuten zinegotzi ardura eta haien ordez Enrike Iturriagagoitia eta Aitor Laka sartu ziren. Zuzendaritza batzordea Jakintza liburutegia egondako lokalean batzen zen, baina azken urte eta erdian bost pertsona baino ez ziren batzen: Jose Antonio Aranburu, Zorione Aboitiz, Bego Zugadi, Enrike Iturriagagoitia eta Sabin Madariaga. Saneamentuaren kontrako borroka han abiatu zen, baina, bestela, ez zegoen zer zuzendu askorik. Han hartu zuten Lekeition Herri Batasunako mahia sortzeko erabakia.
  
Eta, hala, 1983ko udal hauteskundeetan hiru hautagaitza izan genituen Lekeition.
 
Datuak hauteskunde-batzorde zentralaren webgunetik hartu ditugu (gorriz hautatuak):

Eusko Alderdi Jeltzalea

1 Javier Chacartegui Cendoya

2 Alejandro Zarragoitia Guezuraga

3 Juan Cenarruzabeitia Basterrechea

4 María Teresa Gabiola Alcíbar

5 Amparo Segura Letona

6 Antonio Goitia Goicoechea


7 María Jesús Santamaría Larreátegui

$ Antonio Gabiola Odria


9 Miren Jajone Arrasate Anacabe

10 Modesto Robles Zabala


1 Imanol Erquiaga Marqués


12 Miren Karmele Aburruza Gojénola

13 Josu Imanol Erquiaga Laca

 

Herri Batasuna

1 María Elvira Eiguren Goitia

2 Carmelo Anacabe Ansuátegui

3 lñaki Uriarte Arana


4 Jon Achurra Egurrola


5 Sabino Madariaga Malaxechevarria


6 José Angel Olabarriaga Maguregui


7 Aitor Abóitiz Erquiaga


8 José Manuel Arrizabalaga Mendiguren

9 Juan José Arámbarri Echevarría

10 Jesús Goyenechea Gorostidi


11 Miren Izurieta Abóitiz

12 Juan Luis Nachiondo Arrizubieta

13 Josu Callejo Luque

 

Euskadiko Ezkerra


1 Carlos Salinas Solano

2 Juan María Gorostiza Vizcarra

3 Jesús Martín Míguez

4 María Jesús Astoreca Elorriaga

5 Manuel Endeiza Bilbao

6
 María Sánchez Romero


7 Miren Anzola Alday

8
 Severo Manzano Gómez

9 Ana Laucirica Zubillaga


10 Carlos Ibarra Abóitiz


11 María Carmen Cortazar Lapeira

12 Miren Josune Laca Güenaga

13 Alejandro Elorza Idígoras 

 

Datuok digitalizatu ditugunean, gure programa informatikoak akats bat egin digu zenbaketetako batean. Oraindik ere barreari ezin eutsita gaude, eta bere horretan uztea pentsatu dugu.






2025/05/25

 

Udala eta udal hauteskundeak 1979, eta VII

Hauteskunde haietan izan zen hautagaitzarik aurkeztu ez zuen erakunderik. Batek, batez ere batek, bere presentzia nabarmendu nahi izan zuen eta hauteskundeotan eragin. Haren ekarpena lurretik jaso genuen goiz batean etxe aurreko losan. Ekarpen klase haiek gauez zabaltzen ziren eta goizean goiz jaso behar izaten ziren, eguerdirako bakarra ere ez zelako geratzen lurrean.

 

 



Gutuna ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Euskal Herriari ETAren gutuna



2025/05/23

 

Udala eta udal hauteskundeak 1979, VI

Izana. Izena. Izanik ez baina izena bai sasoi hartan gure kaleetan.

Beldurra ez zen izen huts Franco hil osteko urte haietan. Irakurri, irakurri eskuorri hau. Udal demokratiko batek idatzitakoa da, kaleen jatorrizko izenak berreskuratzearen gainekoa. Ha zelako prosa, ha zelako lexikoa. Antologikoa, txo/potxua! idatzi egin behar da, e!

 

LA CORPORACION MUNICIPAL, al vecindario

(Ondo hasi ziren kontuak: udala letra larriz eta herritatrrak xehez)

Como no podia menos de suceder, vuelven las aguas a sus cauces normales. Nos referimos, claro está, a las nomincaiones de las calles, a las que por motivos derivados de la pasada contienda civil entre humanos, al entrar en el escenario leketiano las tropas de Mola, se cambiaron, como no, los nombres de ciertas calles, rebautizandolas nuevamente con otras nominaciones más acoredees con la politica de su fracción.

Nork demontre idatzi ote zuen perla hori? Kosta egiten zaigu sinestea, beldurrak beldur, Xabier Txakartegik edo Joa Antonio Aranburu Natxik halakorik idaztea.  

Ez dakigu, bada, LA CORPORACION MUNICIPAL etereo horren azpian zer eskribau dagoen. Aurkituko ote dute 400 urte barru gure kontuak zertan ziren galdez arituko dire historiagileek? Euskarazko bertsioak ematen digu pistarik: UDALETXEAK berak idatzi zuen, antza! Jakina da, pertsonak joan egiten dira (hautatu eta hautagai ausart haietako askotxo joan dira) eta eraikinek hor segitzen dute (gureak, berrituta bada ere, tente segizten du, bere lekuan, zirkinik ere egin barik).


 


Egunkariko orrialdea ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: LEKEITIOKO UDALETXEAK, hauzokideei


Sasoi horretakoa da Beascocalea zenari Beheko kalea jartzeko erabakia ere. Eskerrak Oier Gorosabelen ekinak jatorrizko izena berreskuratu duen: Beaskokalea (Bixkokalia Leketioko berbetan). Orain, antza denez, izen ofizial bi izango ditu: Beaskokalea (Bixkokalia) eta Beheko kalea (Bekokalia).

2025/05/21

 

Udala eta udal hauteskundeak 1979, V

Lequeitiotik Lekeitiora

Izana. Izena. Batak bestea ei dakar. Sasoi batean, gure izanak okerreko izena zuen, eta okerrekoak ziren herriko hainbat jardun: denok egiten genuan euskaraz eta administrazioaren zerbitzu publiko guztiak gaztelaniaz ziren.

Orduan, lehenengo udal demokratikoak bidezko izena berreskuratzea erabaki zuen. 1981 zen, eta ez zen izan nahikoa herritarron borondatea, goragoko erakundeek eman behar izan zuten oniritzia.

 


Egunkariko orrialdea ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lequeitiotik Lekeitiora, egunkariko berria

 

Harrezkero, joan dira joan 44 urte, eta beldur gara ez ote garen kontrako bidean, Lekeitiotik Lequeitiorako bidean.

2025/05/19

 

Udala eta udal hauteskundeak 1979, IV

Kultura garrantzitsua da, eta jakinda kultur eragileak zaindu egin behar direla, 1979ko hauteskundeetatik sortutako udalak proposamen bat zabaldu zuen herriko kultur taldeen artean, zehazteko nola egin behar zen lan udaletik eta zer landu behar zen. Interesgarria da jakiteko zer zegoen une hartan herrian eta zeintzuk ziren ardurak. 

Eta interesgarria da elkarren arteko lana sustatu nahi duelako, sarritan faltan izan dugun jokabidea. 

Esaterako, aurten. Herriko Musika bandarekin. Titulua gora, aurrekontua behera, udalak eskumen osoa dauka horiek balioesteko, eta ez gara horretan sartuko.

Hortik aurrerakoa ez da harro egoteko modukoa. Gu behintzat ez gaude harro, ez geure buruarekin, ez herriko hainbat eragileren jokabidearekin. Kulturako pertsona batzuek goratu dute egindako lana, baina inguruan ez dugu inor entzun, ezta somatu ere, ozen esaten ―bat edo beste ahapeka bai―  zer gertatu den: egun argitan baina marmo kaperen azpian, Ku-Klux-Klan biziberritua bagina bezala, herriko plazan lintxatu dugu zuzendaria, eta haren ezker-eskuma inguruko konplizeak. Jo zuen baten batek turuta, eta han joan ginen haren atzetik itsumustuan.


Dokumentu honek beste modu batzuk erakutsi eta proposatzen ditu. Itxura batean, ahaztu eta lohietara bota ditugu. Bejon daigula.


 


Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kultura batzordetik lanerako proposamena 1979

 


2025/05/17

 

Udala eta udal hauteskundeak 1979, III

Aurrekoan, Herri Kandidaturaren programaren zirriborro bat eta koalizioaren estatutuak ipini genituen hemen. Orain, hauteskunde aurrean kaleratu zuten 16 orrialdeko eskuorria duzue:



Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Herri Kandidatura 1979. Programa eta hautagaiak

 

2025/05/15

 

Udala eta udal hauteskundeak 1979, II

Herri Kandidatura hark programa bat izan zuen eta koalizioaren estatutu batzuk.

Haur dituzue

 

 

Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Herri Kandidatura Estatutuak eta zirriborroa 1979

 


 

 

2025/05/13

 

Udala eta udal hauteskundeak 1979, I

Kontu zaharrak. Leku hau kontu zaharrekin dago beteta. Eta beste kontu zahar batzuk ipini nahi ditugu, batzuk Udalaren historiaren gainekoak.

horren aurretik udalaren webgunerajo dugu udal korporazioen historikorik dagoen ikusteko: hara, ez dago, edo ez dugu topa. 

Une honetako alkate-zinegotziak bai, argazki eta guzti

https://www.lekeitio.com/eu-ES/Udala/Corporacion/Orriak/Alcaldeyconcejales.aspx


Beste korporazio oso bat ikusteko, Lekeitioko Udaletik 3ra jo behar dugu

 


 

Komeni da hutsune hori zuzentzea. Guk, gure partetik, aurreko hauteskundeetako material batzuk ipiniko doguz aurrerantzean. Penaz, ez denak, ez ditugu-eta.

Franco hil osteko lehenengo udal hauteskundea demokratikoak 1979an izan ziren. Hautagaitza bi egon ziren: EAJ eta HK (Herri Kandidatura). Herri Kandidatura koalizio bat izan zen: HASI, EE (Euskadiko Ezkerra), LKI (Liga Komunista Iraultzailea) eta independenteak.

Hauteskunde haiek EAJ-k irabazi zituen 2392 bozka eskuratuta. HK-k, berriz, 1350 bozka lortu zituen. Ondorioz, EAJ-k 8 zinegotzi eta alkatetza, eta HK-k 5 zinegotzi.

Hamen lehenengo ausartak

 
 



 

 


2025/05/11

 

DZANGA 10

Dzanga 9a. Gai bi zalantzazkoak. Ez dugu harria bota eta eskua ezkutatu nahi. Egingo dugu berba horiek gai bien gainean, baina aurrerago.

Oraingoan, Dzanga 10a ipini nahi dizuegu eskura. Herri musikazalea gurea: banda (galdu berria), txarangak, Estudiantina, txistulariak, Musika eskola, eta rock taldeak, rock talde ugari. Honako honetan rock talde horien premien gainean hitz egiten da, batez ere lokalen gainean. betiko arazoa, denok behar ditugu lokalak.

Beste atal batean, Kostra eta Sustraia desagertutako aldizkariak mentatzen dira, Zer Esana agertu berriak egindakoak eta aurrera begirako asmoak komentatzen dira, eta handik gutxira agertuko zen Lekeitioko Berbak saila iragartzen da. Gune honen jatorrizko asmoen berdinak erakutsi zituzten: iraganeko aldizkarien berri eman belaunaldi berriei. Gaur arte.




 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 10
  


2025/05/09

 

DZANGA 9

Dzanga 9 hau argitaratu zenean, Lekeitio villaren 675. urteurrena ari ziren ospatzen. Kasualitatea. Erreparatu zertaz ziren berbaldiak: zaharrak berri gure herrian. 

Gai interesgarriak; batez ere, bi: Etorkizuna dantza taldea eta Zine Barria, gerora Ikusgarri zinema aretoa. Pozgarria da Etorkizuna dantza taldeak hainbeste urte irautea, eta gaur egun ere lanean segitzea, baina, gure ustez, ez zen bide onetik sortu: gure herri honetan beti egon behar ote dira, bada, langintza berean dabiltzan talde bi? Dena dela, zorionak ematekoa da 50 urtean lanean ibiltzea. Ospatu datorren astean, hilaren 18an, Lekeition izango duzuen Bizkaiko Dantzari Egunean.



Zine Barria, askorentzat, eraitsi zuten zine zaharra zen, azken aldian Antzoki esaten ziotena, Beitiaren eta Gora Bururen aldean berria zen eta; beraz, oraingo hau Zine Barria Barria izango zen, ezta? Gai honetan ere badago zer esanik: Gizarte Etxea eraikina bota etxeak egiteko (espekulazioa), udalak ez du lagundu diruz (esku publikoetatik pribatuetara pasatu nahi izatea), eraikinaren jabea nor den... esan dugu lehenago ere: txin-txin, txin-txin, diruaren hotsa, edo The Washington Post egunkariko Bob Woodward-i eta Carl Berstein-i Eztarri Sakonek esan zien esaldi gogoangarri hura: segitu diruaren arrastoari.

 

Bai, batzuk ez dakite edo ez dute jakin nahi, eta bete batzuk ahaztu egin nahi dute eta ez dezagula jakin ezer. Kontua da guk ez daukagula ahaztuteko.


 

 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 9


2025/05/07

 

 

Drogak direla eta

Zer Esana 0an, artikulu sendo bat dator drogen gainean: droga moten errepasoa egiten da eta zer eragin izan duten gizartean.






Zoritxarrez, ez dira lehenak arduratzen, ezta azkenak izango ere.

Alkohola beti izan dugu tartean, eta droga onartua izan dugu; baina alkoholak alkoholikoak sortzen ditu eta hori arduratzekoa da. Oker ez bagaude, 70eko hamarkadaren bukaeran edo 80koaren hasieran Eskolapeko horman, monjen horman (gaur egun desagertuta dago) Alkoholiko Anonimoak taldearen mural bat zegoen. 

Urte haietan, beste droga batzuk sartu zituzten gurean: kalamua, kokaina eta, okerrena, heroina. Sartu zituzten diogu, jakina delako nondik zetozen eta nortzuk ziren trafikatzaile nagusiak: berdeak. Gaztedia suntsitu nahi zuten eta, neurri batean, lortu zuten. Makinatxo bat neska-mutik gazte geratu zen bidean: Lekeition, Ondarroan, Bermeon... eta beste hainbat lekutan. Lekeition bertan behar baino lehenago joan ziren: Mitxel Galan, Jose Luis Azurmendi Bokistele, Federico Fernandez, Mari Karmen Garramiola, Carrasco..., eta beste batzuk betirako kaltetuta geratu ziren.

Lekeition eragin zuen ezin egonaren adibide dugu, JAAk (Jose Antonio Aranburu Natxi suposatzen dugu) idatzitako artikulua hau. Bertan, udalaren ekimen baten berri ematen da



Alderdi politikoetan ere sumatzen zen ardura. Artikuluaren sasoian, EAJ zegoen alkatetzan eta HB eta EE ziren udaleko beste alderdiak. Ez zetozen bat gauza askotan, baina honetan, bai.
 
Drogen kontra errotik jo behar zen, eta denek zekiten erro horiek nondik barreiatzen ziren, egin, baina, inork ez zuen ezer egiten.
 

 KAS alternatibako partaideek Lekeition argitaratutako komunikatua
 
25 urte geroago, 2000. urtean, arazoak bere horretan segitzen zuen. Eta beste 25 urtera, 2025ean, arazoa ez da konpondu, areagotu egin da: orain, droga  sintetikoak ditugu eta heroina bueltan da.
 

2025/05/05

 

Euskara gora, euskara behera II

Aurreko mendearen 70eko hamarkadan makina bat tirabira izan ziren euskal berben grafia zela eta ez zela. Buruko minak eta haserreak. 50 urte geroago, ez daukagu arazo hori, edo hori pentsatzen dugu. Bada, oker pentsatuta. Haur dauzkagu herriko gazteak (eta, beste kartel batzuetan, ez horren gazteak) lekeitiarkeriaz betetzen beren kartelak. Itxura batean, kartelotan iragartzen diren ospakizunak lekeitiarrentzat bakarrik dira: ondarrutar batek banaketi esango leuke; eatar batek, banaketie; eta dinostar batek, banaketea. Eta zertara datoz banaketia, apainketia, ondoren eta jarraian berbak? Belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ote?  Zoritxarrez, ez da bakarrik Lekeitioko pekatua.

 


 

Bide instituzionaletan ere gertatzen da arduragabekeria. Lekeitioko ondare jokoko galderak eskola-ikastoletako ikasleek egin omen dituzte, eta haien irakasleek zuzendu. Benetan?

Haur perla batzuk 

Eta komak? Eta letra larriak eta xeheak zer? 


Gaztelaniazko como guztiak ez dira bezala euskaraz. Erantzunak ere ez daude zuzen.

 

 

Zelan egiten dira galderak?

 


Zeinetatik...

 

Eta tronpeteroek, zer? 


Seguru askok galdetuko duela: eta zer pasatzen da hor, bada?

Baina guztietan harrigarriena da bigarren Euskaraldian Lekeition batzorde bat osatzeko erabilitako dei-papera:

Hartu boligrafoa, eta hasi. Eta nagi bazaudete, gure lagun baten kontraproposamena




Arin astoratzen gara bestek euskara zabar erabiltzen duela ikusten dugunean. Eta utzikeria geurea denean, zer? (geuk ere egiten dugu kale, e!)

Aldarriak aldarri, beharrezkoak ditugu, baina ez dezagun egin apaizena eta egin dezagun guk geuk besteei eskatzen dieguna.

 


2025/05/03

 

Euskara gora, euskara behera I

Maiatzaren 1eko sarreran, gora langileria!, aldarri eguna dela esan genuen: manifestazioak (noren atzetik?), banderak zerura, oihuak eztarria urratu arte, mitinlariak... Gaur, hilaren 3a dugu eta aldarria hilaren 1ean geratu zen, bide bazterreko zuloan botata, eta hizlari berbalapikoek mozorroa erantzi dute: "Europar Batasunak berariazko zerga bat jarri beharko liguke guztioi defentsa bermatzeko" 

UGTko idazkari orokor Jose Alvarezek. Nork behar du halako bidelagunik? Eta aldarria aldarri huts bada, ez badu odolik ez muinik, zertarako ezer aldarrikatzen ibili?

Aspalditik daukagu iltzatuta buruan euskararekin ere aldarri huts horietan gabiltzala noraezean: euskararen lepotik bizi diren horiek asmatutako aldarri-ekintzetan boluntario, ikastolen euskararen aldeko festetan eta Korrikan parte hartzeagatik edo Durangoko azokan liburu artean paseatzen ibili eta apaletan txukun geratzeko liburu bat edo beste erosteagatik alfabetatzetik salbuetsita dauden euskaldunak. Esan zuen Iñigo Aranberrik Berria egunkariko bere zutabean, Ezjakintasunaz harro: Analfabetoa naiz eta harro nago... Pribilegiatu ororen antzera, aski dut sehaskak eta inguruak eman didatenarekin.

Dzanga 8an euskararen gaineko ardura erakusten duen artikulu bat ageri da


 

ZER ESANA 0an, beste bat 

 

 
 


Dzangako artikuluaren buruan, harrotasun-adierazpen bat

 


Bere horretan idatziko genuke orain? 

Alferrik joan dira 35 urte: herriko kaleetan gero eta euskara gutxiago entzuten da; hormetan agertzen diren kartelak erdipurdiko euskaran idatzita daude, txokokeriaz josita...

Bien bitartean, aldarrika segitzen dugu, euskararen alde korrika egiten,  oinez ibiltzen, edo jaiak antolatzen. Eta ez gara ohartzen bere hizkuntzaren alde korrika egiten duen herri batek horixe baino ez duela egiten: korrika. 

Jaiak bai, borroka ere bai. Bigarren partera oraindik ez gara heldu.

2025/05/01

 

Maiatzaren 1a

Gaur, ez dugu lanerako eguna. Gaur, aldarrirako eguna dugu. 

Borroka amaitu ez delako!


 

Zutik lurrean kondenatu
Zaren langile tristea!
Nekez ginen elkarganatu,
Indazu albiristea!

Gertatuak ez du ardura.
Jende esklabua jaiki!
Aldaketak datoz mundura.
Nor den herriak badaki.

Oro gudura, ala!
Bihar izan dadin
Internazionala
Pertsonaren adin.

 

Aurrekoa, munduko langile guztien himnoaren euskarazko iztulpena dugu, gaurko manifestazioetan ozen kantatzekoa.

Neurri lokalagoan, eman zigun Xabier Letek lanaren gaineko zer pentsatu


Langile baten seme

Langile baten semea naiz ni,
aita bezala langille,
eguneroko alegiñetan
soldata baten egille;
esku hutsik jaio eta
esku hutsikan nabille,
puntakoetan iñor etzaigu
gertatu ongille.

Aita eta amak nahiko ninduten
fabrika batean,
bizitzarekin borrokatzeko
altzairu artean;
bidexigorretik noa,
agian nere kaltean,
baiña ez dut uste nabillenikan
horren apartean.

Izerdi asko ez dut ixurtzen
larreko pendizan,
paper tartean murgildutako
zomorroa izan,
limosnatik bizi diren
umezurtz batzuen gisan,
periodikuak ez dira gutaz
mintzatzen Parisan.

Horretan badut bizi geraden
herriaren antza,
ezintasuna gaillendu eta
bakardade latza;
bihotzeraino sartua
baztertuaren arantza,
eromen kolpez berpiztu nahirik
gure esperantza.

Gitarra txar bat hartu nuen ta
hemen nabil deman
euskaldun zaharrok aspalditikan
beti dugun teman;
ardo mindua edanaz
historiaren tabernan,
nahiz desapiyo galanki jaso
bueltan ezin eman.

Hamaika orru ta bertso arrunt
nauzute botea,
ez da erreza trebe xehetzen
euskaldun otea;
norbaitek esango balu
hobe neukala joatea,
neri berdin zait zuek hemen ta
ni hor egotea.

 

Zer pentsatu asko eman zigun Xabier Letek.

Eta borrokak segitzen duelako, sekula etsi ez zuen lekeitiar bat gogoratu nahi dugu gaurko egunean

 

Pototo, borrokan segitzen dugu, eta zu eta zure indarra gurekin zaudete!