2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/02/27

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (3.1)

 

Baina Mitxelen ekarriak ez dira horretan amaitzen, Lekeitiori dagokionez behintzat. Ez dagozkio ez futbolari, ez liburugintzari, ezta euskararen azterketari ere. Eta elektrizitatearen arloari ere ez, zirraragarri badira ere.

Mitxel dela-eta, ezer nabarmendu behar badugu Lekeitiotik erreparatuta, hori herrigintza da. Bai, Mitxel aitzindaria izan dugu euskalgintzan Lekeition eta Lea-Artibain. 

60-70eko hamarkadetan, lekeitiar gehien-gehienek ez zekiten ez idazten ez irakurtzen beren hizkuntzan, euskaraz. Hori konpondu nahian-edo, egon ziren ahalegin batzuk: ikastola sortu zen (Ana Mari Uribe, Irene Uribe eta Ana Dani Zugadi); Anjel Ugarteburu, Milloiko Ikaran nagusia baserrikoa, eta Jon Barbarias lekeitiarra (Jon da Julen askatu) 1971-72 ikasturtean Enrike Antonen akademian (udan, Andres Urrutia gaur eguneko Euskaltzainburua aritu zen ikasle); Gaztedi elkartean Josetxu Llerandik 1972-73an emandako eskolak bertako bazkide batzuei; eta Mitzel berak emandako eskola batzuk 1972-73an.

Baina pausu garrantzitsuena 1973-74an eman zen Euskaltzaindiaren Alfabetatze batzordearen gerizapean eta lehenengo Gau Eskolak antolatu ziren Lekeition. Irakasleak? Batez ere Mitxel Kaltzakorta, eta Josetxu Llerandi. Guardia Zibiletan nork eskatu zuen baimena? Mitxelek eta Josetxuk. Lokal bila eta eskean nor ibili zen? Mitxel eta Josetxu. 

1973-74 haretan eman ziren Lekeition, lehenengo aldiz behar lez antolatuta, euskarazko eskolak: Alfabetatzen. Urte osoa iraun zuten, urritik ekainera, aste santuan bajak egon arren (eguraldi onaren ordaina). Klaseak Gizarte Etxean eman ziren, beheko solairuan, Zumatzeta kaleko atetik sartuta. 

Materialak, gehien bat, Mitxelek berak prestatzen zituen. Irakugaietarako erabili zen lehen liburua Felix Bilbaoren Ipuin barreka izan zen

 

eta gramatika kontuetarako Txillardegiren Euskara batua zertan den

 

Haur daukagu, bada, Mitxel Gau Eskolen sortzaile eta lehen irakasle Lekeition. Lau urtez aritu zen zeregin horretan harik eta Alfabetatze Batzordea Euskaltzaindiatik bereizi eta AEK sortu zen arte.

Baina Mitxelen historia ez zen hor amaitu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina