HEZKUNTZA
1980an, Espainian, UCD (Unión de Centro Democrático) zegoen Madrileko agintean. Izenean Centro eta Democrático izan arren, eskumakoak ziren, eta Fragaren Alianza Popularrekoak bezain Francoren oinordeko. Politika guztiak eskumakoak ziren, Hezkuntzari zegozkionak tartean. Hiru lege onartu nahi zituzten Hezkuntzaren arloan: Ikastetxeen Estatutua (Estatuto de Centros), Autonomia Unibertsitariorako Lege Organikoa (Ley Orgánica de Autonomía de Universitaria, LAU) eta Irakaskuntzaren Finanztiazioaren Legea (Ley de Financiación de Centros), eta hirurak zein baino zein atzerakoiago.
Sasoi hartan, Lehen Hezkuntza baino ez zegoen Lekeition, eta ez zegoen instituturik; bai, ostera, Lanbide Heziketako zentro bat San Jose ikastetxean (gaur egungo Kultur Etxea), zentro xumea izan ere. Batxilerra egin nahi zuten herriko ikasle gehienak Ondarroakora joaten ziren, eta apurren batzuk Gernikakora. Pribatuan estudiatu nahi zutenek ere ba zituzten beren aukerak: Durangoko jesuitak, Eubako pasionistak eta Derioko seminarioa, batez ere.
1980ko lehen hiruhilekoa eta 1979ko azkena nahikoa beroak izan ziren ikastetxeetan, eta greba eta mobilizazio ugari egin ziren lege haien kontra. Herriko ikasleak bildu egin ziren eta eskabide bateratu bat aurkeztu zioten udalari gaurko egunez, 1980an.
Idatzian, gehien bat, orduko ikasle mugimenduen aldarriak jasotzen dira, gehienak ezkerreko ikuspegi batetik; izan ere, orduko mugimendu haietan antolatuenak EMK-koak (Euskadiko Mugimendu Komunista) eta LKI-koak (Liga Komunista Iraultzailea) ziren, neurri apalagoan HB-koak (Herri Batasuna) IAM-en (Ikasle abertzale Mugimendua) eta EE-koak (Euskadiko Ezkerra. Ez konfunditu gaur eguneko PSE-EErekin). PNV-EAJ, ostera, testimoniala baino gutxiago zen. Hala ere, agiriaren azken puntuan nabari da saiatzen zirela eskua sartzen. Batasunaren izenean.
Goian daukazue Lekeitioko ikasleeek orduko udalari (lehen udal demokratikoa: 8 EAJ eta 5 Herri kandidatura) egindako eskabidea.
Eskuratu dugun bertsioak oharrak ditu idatzita, eta, guk dakigula, aurreragoko zirriborro baten azken bertsioa da. Parkatu txapuzilla samarrak izatearren, baina eskuratu dugun bakarra da. UIdaletxeko artxibategian egongo da gordeta garbiagorik.
Sasoi hartako mugimenduaren adierazgarri, hemen daukazue borroka hartan Bizkaiko ikasleek argitaratu zuten boletinaren lehen zenbakia.
Eskuorria jaisteko, egin klik hemen: Unibertsitatea borrokan
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina