LEKITTARRAK
Ondarea dela eta, dibagazio bat
Utz ditzagun idazleak alde batera ―egia esateko, 2018tik hona zerrenda potolotu egin zaigu―, eta pasatu gaitezen atalaren bigarren partera: eta euskalariak?
Azkue hil eta harrezkero, izan ote dugu euskalaririk Lekeition? Eusebio Erkiaga euskaltzain osoa izan zen, baina ez dugu uste euskalaria zenik, eta, gainera, ageri da zerrendan. Gauza bera esan dezakegu Miren Agur Meaberi buruz. Jabier Erdozia euskaltzain urgazlea izan zen eta Iñigo Aranbarri ere bada. Andres Urrutia euskaltzain burua bera ere proposatu dezakegu, hiru arima dituen arren: bilbotarra, lekeitiarra eta ondarrutarra ―azken hau, mesederako baino gehiago, eragozpen da―. Eta beste hainbat eta hainbat filologo eskola-institutu-ikastoletan euskara irakasten ari direnak. Baina euskalari ote dira horiek guztiak? Gu ezezkoan gaude.
Lekeitio700eko ekitaldietan, hitzaldi bat dago Lekeitioko euskara. Haren interesa alderdi linguistikotik izenekoa, eta lekeitiar birek emango dute: Gorka eta Arantzazu Elordieta Alcibar neba-arrebek. Biak hizkuntzalaritzan doktoreak, eta Linguistikako irakasle Euskalerriko unibertsitatean. Lan bat dute argitaratuta, J.I. Hualderekin batera, (The basque dialect of Lekeitio (ASJUren gehigarriak, 34). Donostia eta Bilbo: Gipuzkoako Foru Aldundia eta EHU) Lekeitioko euskarari buruz, eta sumatzen dugu lan hori dagoela Lekeitioko kultur eta natur ondareak laneko Lekeitioko euskararen berezitasunak atalarren oinarrian, edo ez, ze Mara Salinasek ere egin zuen antzeko lan bat aspaldian. Elordieta neba-arrebek, gainera, badituzte beste hainbat lan euskararen gainekoak: Menpeko perpausetako hitz azentugabeen foku azentuaz edo Merezi ete dau erabilera hauei begiratzea?, besteak beste. Dena den, haien lan-esparrua linguistika da, eta lanok ikuspuntu horretatik begiratuta egin dira.
Jaso behar ote dira euskalarien zerrenda horretan?
Ba ote da besterik?
Zientzilariek beti esaten dutenez, ikerlan batean galderak egin behar zaizkio norberaren buruari, eta horretan ari gara gu: geure buruari galderak egiten, eta bide batez zuoi ere bai.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina