LEKITTARRAK
Ondarea dela eta, azken galderaz (eta 3.2)
Mitxel Ondarroako Zubi Zahar ikastolan ari zen irakasle 1973-74 ikasturtea baino lehen, eta ordurako asmatua zuen aditza irakasteko trikimailu bat
Ondarroan, 1972-1973an hasi ziren Gau Eskolak, 1973-74 Lekeition, eta Markinan ez zegoen ezer. Gainera, irakasleak falta ziren eskualde osoan. Hutsune hori konpontzeko, ikastaro bat antolatu zen 1975-76 ikasturtean Markinan, eta klaseak Vera Cruz ikastetxeko geletan eman ziren larunbat arratsaldeetan eta igande goizetan. Maila bi antolatu ziren: bata, aurretiaz 73-74an Gau Eskoletan ibilitakoekin eta bestea, 74-75 ikasturtean apuntakoekin eta ibili gabekoekin. Irakasleak, hurrenez hurren: Josetxu Llerandi eta Mitxel Kaltzakorta. Euskal Herriko historia ere izan zen ikasgai, eta irakasle Abel Ariznabarreta aritu zen.
Urte hartan argitaratutako Alfabetatzen 1 metodoa erabili zen testu liburu
Anaitasuna aldizkariak zenbaki oso bat prestatu zuen Bizkaiko Alfabetatze-euskalduntzearen berri ematen.
Aldizkaria jaisteko, egin klik hemen: Anaitasuna 311, 1976-2-15
Aldizkari horretan, Bizkaiko Alfabetatze-euskalduntzearen nondik norakoa guztiak daude jasota, Lea Artibaikoa barne.
Lea Artibaiko horretan jasota daude Lekeitioko irakasle formatu berrien izenak: Aintzane Aboitiz, Sorkunde Txurruka eta Ramon Egurrola. Aurrerago, 1978an Alfabetatze Batzordeak Euskaltzaindiatik bereizi eta nortasun propioa hartu zuenean (AEK), horiek izango ziren lehenengo irakasleak Lekeition.
Esanda dago Alfabetatze klaseak, Lekeition, Gizarte Etxean ematen hasi zirela, eta gerora ere han emango ziren, baina...
Gizarte Etxearen historia baltzaz ere norbaitek arrotu beharko lituzke isilean gordetako hautsak.
Mitxelek hauek guztiak eta Lekeitioko euskalgintzari buruzko beste hainbat kontu Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian eman zituen argitara, 2001eko azaroan Euskaltzaindiak, Resurrección Maria Azkueren heriotzaren 50. urteurrena aitzaki, Lekeition antolatutako ekitaldietan eman zuen hitzaldiaren harira: EUSKALGINTZA LEKEITION 1970-1977 INGURUAN, Mitxel Kaltzakorta, Euskara 46.
Bada, Gau Eskolak Euskaltzaidiaren gerizapeko Alfabetatze batzordeak antolatu zituen urteetan (1973-1978) Mitxel Kaltzakorta izan zen Lea Artibaiko koordinatzailea, eta domekero-domekero hartzen zuen parte Zornotzako karmeldarren irakastegian, Jon Aurre arduradun zela, Alfabetatze Batzordeak egiten zituen koordinazio-bileretan.
Egia esateko, amaitu 25-ek hori, guk dakigunez, lar optimista da. Ikasle izan ziren batzuen bidez dakigu guk aste santuan, eguraldi ona tarteko, dozena bat eskasera murriztu zela taldea. Baina, ahalegin hark bidea egin zuen: Markinako ikastaroa, irakasle berriak, ikasle berriak, AEK... eta gaur arte.
Eta amaitzeko, Mitxelen beste lan bat, beraren izenik ageri ez bada ere:
Eusko Jaurlaritzaren aurreko Euskal Kontseilu Nagusiak, Hezkuntzan Hizkuntz ereduak ezartzeko bidean, irakaskuntzarako Hizkuntz Edukiekin kaleratutako liburukia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina