2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/01/09

 

TRINKETEA

eta igerilekua

 
1990eko urriko Dzanga berezian orduko arau subsidiarioak dira gai nagusia. Zurrumurruak ugari ziren herrian, eta herritarrak arduratuta zeuden etxeak jo eta lurrera botako zizkietelakoan. Baina horixe ziren: azalpen faltak eragindako zurrumurruak.

Baina izan zen tirabira serioagorik ere. Galdetu dezake batek: Zer egiten du Jubilatuen etxeak kirol gune batean, hango jarduerak baldintzatzen? 

Bada, itxura batean, Udalak aurreikusita zeukan egoitza hori Sosoaga jauregian egotea, lorategi eta guzti, baina jubilatuak ez zuten nahi beren egoitza hor egotea eta gaur eguneko gunearen aldeko apostu egin zuten; ondorioz, jokabide horrekin, frontoiaren inguruko kirol gunea baldintzatu zuten. Kontatzen zen jubilatuen orduko buruak, Bitxor Txakartegik, txantajea-edo egin ziola Juan Carlos San Miguel alkateari: ez bazen egoitza egiten mataderoan —ederra lekua jubilatuen egoitza bat jartzeko; 70eko hamarkadaren bukaerako pastilliaren kontua ekartzen digu gogora—, jubilatuak alkaterako aurkeztuko ziren hurrengo hauteskundeetan Bitxor buru zela, eta jubilatu guztien botoarekin (2000 inguru) hauteskundeak irabaziko zituzten. Beraz...

Beste tira bira bat Trinketea erostea izan zen. Gaur eguneko begiekin ikusita Udalak igarri egin zuen erosita: igerilekua herriaren nahiko erdian dago, eta ez herriaren bazter batean. Larrotegin egin izan balitz, hau da, herritik nahikoa aparte, behar bada ez zuen izango orain daukan besteko arrakastarik.

Sasoi hartan, ostera, kontuak ez zeuden hain argi, eta kontuak dinogu tartean dirua zebilelako. Trinketea elkarte pribatu elitista izateko jaio zen Cecilio Gerrikabeitiaren eskutik. Baina ez zuen pentsatutako arrakastarik izan eta arazo ekonomiko larria egin zen elkartearen bultzatzaileentzat. Orduko Udalak pare bat ahalegin egin zituen Trinketea erosteko eta Gerrikabeitiari eta beraren kideei laguntzeko. Gogoratu ez zegoela arau subsidiario eguneraturik eta ez zegoela definituta non jarri behar ziren herriko zerbitzuak: kiroldegia, igerilekua, futbol zelaia, liburutegia, osasun zerbitzuak... Oposizioa (irakurri Herri Batasuna) erostearen erabat kontra zegoen eta manifestazioak bultzatu zituen ahalegin horien kontra.

 


Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Trinketea erostearen kontrako eskuorria

Herri Batasuna kontra zegoen, baina 1987an eta 1991n hauteskundeak irabazi zituzten eta EArekin batera jarri ziren agintzen Udaletxean. Hirigintza Plan berri bat landu zen, eta pentsatuko zuten: Zergatik eraiki igerileku bat herriaren bazter batean dagoeneko herri barruan bat badaukagu? Eta iritziak aldatu egin ziren: hasteko, alokatu egin zen, eta, gero, erosi. Berriro dinogu: beti dago baten bat besteok baino urrunago begiratzen duena eta, beharbada, ondo begiratu ere, baina, aldi berean, ez da ahaztu behar Gerrikabetiari eta besteei egin genien mesedea. Handik urte batzuetara ikusiko genuen mesede horren neurria


Euskaldunon Egunkariko orria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Igerilekua berriztatzeko proiektua egunkarian

Zenbatzen badakizue atara kontuak eta jakingo duzue zelako porrotetik libratu genituen handiuste haiek guztiak.

 

 

 


 

2 iruzkin:

  1. Anonimoa9/1/25 17:09

    Gai korapilatsua izan zen hura. Lehenengo eztabaida hauxe izan zen: polikiroldegia ala futbol-zelaia egin lehenengo. Eskerrak kirol-taldeak zentzuzkoak ziren, eta lehenengoaren alde egin zuten, nahiz eta erabaki horrek orduko futbol-arloko arduradunek kirol-batzordera etortzeari uztea eragin, haserretuta; gauza bera egin zuen HBko zinegotziak ere (PNVkoak ez zuen ezer esaten).
    Trinketeari dagokionez, gauzak antzera zeuden: "atze" luzeko kontua zen, eta horrek eztabaida guztiz baldintzatzen zuen. Dena dela, berriro ere kirol-taldeek zentzuz jokatu zuten: hasieran, alokairuaren alde egin zuten, herritarrek zerbitzu hori behar/nahi zuten jakiteko (inkestatxo bat ere egin zen); ondoren, erostea erabaki zuten.
    Bitxia izan zen igerilekua alokatu ala ez erabakitzeko Osoko Bilkuran gertatutako emaitza: 4 boto alde (EA); 9 abstentzio (5 HB; 4 PNV).
    Futbol-zelaiarenak ere luze joko luke...

    ErantzunEzabatu
  2. Anonimoa9/1/25 17:17

    1992ko apirilaren 8an zera idatzi zuen Gerrikabeitiak: "Ha terminado la operación Trinkete, y, aunque globalmente ha sido una operación desastrosa para mí, en el aspecto filosófico que me movió a su creación (un lugar de encuentro para desarrollar en familia aspectos culturales, deportivos y de ocio para 800 familias), al final, ha resultado MEJOR, porque puede serlo para todos los lekeitiarras y amantes asiduos de Lekeitio.
    CONCLUSION FINAL: SATISFACCION.

    ErantzunEzabatu