2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/01/19

 

1991

Sasoia zen


 
 

 
Bai, ordua zuten! 
 Bigarren Hezkuntzako zentroa!
 
Lekeition, luzaroan, ez zen egon 14 urtetik gorako ikasketak egiteko modurik. Eta 14 urtera artekoak ere justu-justuan. 1960ko hamarkadan, eta teorian, hezkuntza 14 urtera artekoa zen, baina Lekeition ez zegoen Batxilerra modu ofizialean egiteko aukerarik. Hala ere, Portaleko eskoletan inor gutxi geratzen zen 14 urteak bete arte. 
 
Gomutan daukagu oraindik zer gertatzen zen udaberrian: eskolako hainbat mutil (Portaleko eskoletan, eskola nazionaletan, mutilak goiko solairuan egoten ziren eta neskak, behekoan; ez beraz galdetu zer gertatzen zen beheko pisu horretan), 9-11 urte bitartekoak, ez ziren etortzen eskolara martxotik ekainera. Nora demontre joaten ote ziren? Kabana izeneko leku batzuetara joaten omen ziren antxoei burua kentzen. familia ekonomia esaten zaio orain horri. Mutil horiek gehienak itsasora joaten ziren mutil txiki 14 urte betetakoan. 

Eskolan geratzen ginenok 12 bat urterekin jakin genuen zer zer kabanara joatea, baina gu bakarrik joaten ginen asteburuetan eta aste santuko oporraldian. Amak ogi bitartekoa jarri, abante kabanara goizeko zortzirak bete barik. Atean jarri, eta han geratzen ginen, harik eta arduraduna atera irten eta antxoei burua bihurtzeko aukeratzen gintuen jakin arte. Arduraduna atera etortzen zen eta: zu, zu, eta zuek hirurok; besteok etxera. Zortziak eta laurdenetan etxera bueltan allaga, eta amak:  
 
—Zer pasa da? 
Enabe hartu
 
Andaluziako jauntxoek nola, bada hala izaten zen hemen ere gaztetxoekin izaten zen jokabidea. Ekonomia familiarra esaten zaio horri orain.
 
Eta, egunero-egunero kabanara joaten ez zirenak, zer? Bada, 14 urtera arte Portalean geratu, eta gero lanean hasi lehorrean, edo Academia Uribera (Maixu Txatuaren akademia) joan Batxillerra estudiatzen. Baina azterketa ofizialak ez ziren egiten bertan, eta Gernikara joan behar izaten zen azterketok pasatzen: egun bitan jokatzen zen urte osoko lana. Ikasketak libretik egitea esaten zitzaion horri. Beti egoten zen ia guztiek penkatzen zuten gairen bat, eta Gernikako kabroi haiei izugarri gustatzen zitzaien ikasgai horien azterketak Antzar eguneko arratsaldean jartzea. 
 
1974an, kendu egin zuten Batxillerra Akademia Uriben eta gehienok Ondarroako bidea hartu genuen ikasketekin jarraitzeko. Familia elkartearen bidez (orduan, Asociación de Familias bat zegoen Lekeition) autobusa alokatu eta, abante Ondarroara: joan-etorri-bazkaldu-joan-etorri. 4 bidaia egunean!

1975ean Lanbide Heziketako zentro ofizial bat sortu zen san Jose ikastetxean, gaur eguneko Kultur etxea den horretan. Zentro apala: hasieran Administrazio kudeaketa eta Instalazio elektrikoak ikasketak baino ez zeuden. Han ibili ziren, su eta gar, Jose Bengoetxea Banda, Eva Jauregi, Andoni Perez Urraza Andoni abadia, Anton Urzelai, Eli Eiguren, Raúl Galan-eta ikastetxe hura aurrera ateratzeko ahaleginean. Gizarte Etxeko beheko solairuan ere aritu ziren, kalefakziorik gabe, bihotzeko suarekin. Portaleko eskolak hustu zirenean, San Josetik bertara joan ziren eta eskaintza ere zabaldu egin zuten.


 
Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitioko Lanbide Heziketa

Azkenik, 1992 ikasturtean, martxan jarri zen, Iturriotz-en, bigarren hezkuntzako ikasketak egiteko berariaz eraikitako zentroa. Apal eta Ondarroako institutuaren menpe. Aurreko basamortuaren aldean... Une honetan egoitza bi ditu: Portalekoa eta Iturriotzekoa, eta 16-18 urteko neska-mutilek Batxilergoa egiteko aukera bakarra da herrian.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina