SUSTRAIA 35
1982ko ekaina
San Juan suak azalean. Sustraiaren zenbat alek ez zuten amaituko su horietan!
Sutan amaitu du, edo kiskalita behintzat, ikastolako irakasleek greba egiteko izan zuten helburuak ere: euskal eskola publiko bakarra. 1993an egon zen horretarako aukera, eta hainbat ikastolak muzin egin zioten. Ondorioak begi bistan daude han eta hemen: euskal eskola publiko bat eta euskal eskola publiko kontzertatuak, eta elkarren artean mokoka.
Eskola nazionaletan ere greba zuzendarien dekretua dela-eta: greba irakasleek, ze uneko zuzendariak bat egin zuen dekretuarekin eta bera izendatu zuen administrazioak 1983-84 ikasturteko zuzendari. Dekretuak ez zuen aurrera egin, eta zuzendari hura joan egin zen Lekeitiotik.
Korrika 82 (Korrika 2) ordu bi atzeratuta pasatu zen herritik. Kontatu digute han egondakoek Enrike pastelerua eta Aka (Akarregi pastelerua; gaur egun Guzurmendi taberna dago haren pastelerian) pastekin egon zirela Korrikaren zain Lekeitiori zegokion lehenengo kilometroan, Asterrika parean. Atzeratuta zetorrenez, lanera bueltau behar izan zuten korrika egin gabe; bertan bildutakoek pasta guztiak jan zituzten eta Ondarroara joan ziren txurrutari ematen: dezente omen zeuden Korrika heldu zenean! Argazkiak eta guzti omen daude, baina... ez dizkigute eman nahi izan.
Ikusgarri erakustaretoa inaguratu zen. Elizak Gizarte etxea saldu zuenean, akabo.
Gaur egun, Korrika ia-ia zuzenean ematen digute ETBn; 1982an, gauzak beste era batera zeuden: udalak ez zuen diruz lagundu euskararen aldeko ekimena. 2025ean gobernuak bere utzikeria garbizeko baliatzen ditu euskararen aldeko herri ekimenak, tartean Korrika. Datorren urtean, 24 garrena, eta etorriko direnak. Zoritxarrez.
Elkarrizketa, Karlos Castellanoseri, Valentin Castellanos Zapaterito pelotari handiaren seme eta Lekeitioko udal liburutegiko arduradunari. Liburutegi hura ere Gizarte etxean egon zen, lehen pisuan.
Osti! Eta Sabiñok firmatutako artikulu bat! (Baleki nor garen...). Firmatu egin zuen, eta Sustraia taldeak artikuluarekin zerikusirik ez zeukala argitu beharrean egon zen, antza. Hori bai, patrimonializatuta zeukan aldizkaria, ze jarraian elkarrizketa bat ageri da bere Mermeleko kolegekin, hondartzako futbol txapeketa irabazi zutelako aitzakian.
Eta kontuak argi: herriak lagundu zuen diruz Korrika 82, eta herriari azaldu egin behar zaio zertan gauzatu den laguntza hori. Hor daude ditu kontuak iñork aztertu nahi baditu ere.
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 35 originaletatik


iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina