2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/11/03

 

700 urte

2025eko azaroaren 3a 

 
Eta zergatik hau guztiau? 
 
2024ko azaroaren 3an abiatu genuen blog hau, eta egun bitik behin sarrera bat ipintzen ahalegindu gara, egun bakoitietan kaleratuta. Izan ere, nahikoa primoak/primak gara eta horiek bakoitietan bakarrik daude, bikoitietan ez da halakorik.
 
Zergatik sartu ginen masi honetan? Gutako bakoitzak bere arrazoi propioa du, baina denok partekatzen dugu bat: handikiak eta haien harriak.
 
Ikusi duzu/e 700. urteurreneko programa? galdetzen genion tarteka urrekoren bati, isilean jakina, edo galdetzen ziguten guri. Iragan urruna gehiena, urrunegia sarriegi, protagonistak harriak (harresia, etxeak, konbentoak...) eta handikiak (Arteitatarrak, Abaroatarrak, Uribarrendarrak...) eta gaur egungo lekeitiarron historiarik ia ezer ere ez. Lan handia zegoen jasota, hori ukaezina da, baina hutsune nabarmenak (Ahaztu direlako? Ahaztu egin nahi izan dituztelako? Berriegiak direlako historia egiten hasteko?...) ikusten genizkion: ez zitzaigun arraro egin udala EAJren eskuetan egonda, baina ez genuen espero EHBilduk ere bide beretik (edo markatutako bidetik) segitzea. 
 
Potxua 1. Ni amorratu egiten nintzan neska gaztiak (neskak diñot neskia naizelako, baina mutilak be bardin) Antzarretan tradizioa aldarrikatzen ikusita, Antzarteken kontra eta antzar naturalaren alde. Tra(d)izioa! Zer tradizio? Neska horrek ez ekien piperrik be 1978an eta 1979an bizitakuaren gainean ezebe, pentsatzen eben emakumiak betitik hartu izan dabela parte antzarretan. Eta antzera beste gauza askogaz. Aspaldi esana da: historia ez dakienak...
 
Potxua 2. Penia emoten dost gure historialariak atzera, atzeregi begira egotiak. Dana ateraten dabe eliza eta udaleko liburuetatik, testamentuetatik, artxibategi pribatuetatik (handikien artxibategiak, jakina), eta, halakuetan eztira ageri sasoi haretako gure parekoak. 300-400-500 urte barru gure garaia aztertuko daben lekeitiar historialariak makinatxu bat material izango dabe halakuetan eta egunkarietan, baina gu ez gara agertzen horretan paperetan.
 
Potxua 3. Neurri baten, eskertzearren. Goguan daukat, gaztetxua nintzala, gure etxera Azkueren Sustraia berezia sartu zala (ez nekian Sustraia zer zan be), eta errebista harek nire euskalzaletasuna biztu eban betiko. Sustraia guztiak batzen ahalegindutia (eta Kostrak, Dzangak, Zer Esanak, Kitzikak...) eta herritar guztien eskura ipintia garrantzitsua bagitandu jaten. Ez daukat ezeren nostagiarik, eta ez dot ezer idealizatu nahi; kontua ―nitzat batzia,  jasotzia eta bistaratzia izan da, eta ondare horreri guztiori balio kultural bat emotia.
 
Txo 1. Nik nahikoa daukat guztiok partekatuten dugun arrazoiagaz.
 
Txo 2. Nik be bai, eta, ganera, ez neban nahi baldragas honek bakarrik itxi langintza honetan.
 
Txo 3. MANDASKIA bloga zer zan be ez nekian. Lagun batek oiñ 35 urte gertatutako kontu baten albistia bialdu eustan, mandaskia.blogspot.com  helbidea erantsita. Segiduan sartu nintzan, eta sorpresa itzala hartu neban: geuk ezagutzen genduzan gertaera ‘historikoak’ agertzen zirian orrialde horretan. Lekeitio herriko urreko historia (Historia?) zan. Egunetara sartu nintzan eta kontu barriak agertuten zirian: notizia politikoak, kulturalak, kirolekoak, udalekoak…

Astean zehar 3-4 gertaera agertuten zirian, orden kronologikoari erreparatu barik. Kontu batzuk ez niñuen erakartzen, baina beste batzuk bai, eta lagunen artean zabaldu izan dotez. 

Denborara, egileekin konektatu neban eta laguntzeko gogoa erakutsi neutsen. Eta, hamen egon naiz, gaur arte. Baina MANDASKIAren bizi iraupena urtebetekoa zala esan eusten; gaur, 2025eko azaroaren 3an, izango da azken eguna. Pena handia daukat, ze kontu piloa agertu bada be blogian, beste horrenbeste geratuten dira agertu barik. Ez dot nahi amaitzia; nahiago neuke notizirik ez dagonian lagatia. Pasadan mendearen amaierakoak dira albiste gehienak, baina XXI. mendekoak asko falta dira ondiño. Eztabaida momentuetan gagoz, eta nik segitziaren alde borrokatuko dot.

Txo 4. Ispasterreko familia bateko seme lekeitiar bakarrak eta Gizaburuko alaba batek lekeitiar egin nindduelako.
 
 

7 iruzkin:

  1. Zorionak egin duzuen lanagatik! Benetan ederra eta jakin penak jota geratuko garela gaur amaitzen bada. Eskerrik asko.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. mandaskia3/11/25 23:01

      Eskerrik asko. Baina egon lasai, Sustraia guztiak eta gordeta daukaguzan beste material batzuk ipini arte segiduko dogu, eta bien bitartean errekistuan ibiliko gara ea besterik topaten dogun.
      Gaur amaitzeko kontu hori 700. urteurrenari lotuta zegoen. Hau da gure ekarpena, baina ez dogu ondo kalkulatu, baina garrantzitsuagoa da materiala bistaratzea epemugei erreparatzea baino

      Ezabatu
  2. Eta,. amaitu? Asteburu osoko erdiarogintza ikastaro intentsibo batekin eman diogu errematea. Zergaitik ote da dagoeneko ez naizela harritzen? Hori bai, herritar gehienak pozik, eta horrek ere eznau harritzen. Oposiziokook galbidean gaude.

    ErantzunEzabatu
  3. Bueno, bueno... Lan ederra egin dozue zuek be, baina 700. urteurrenekuaren osagarri baino ez da izan lan hori. "Izan Lekeitio" da 700. urteurrenaren leloa, eta, normalean, aditz infinitiboa erabiltzen denean etorkizunera begiratzen da; kasu honetan, ostera, eliptiko dagoen aditza ginen da "Lekeitio izan GINEN", eta zuen leloan, hain zuzen, "izan" falda da, "Lekeitio IZAN gara", biak ala biak iragana.
    Ez zuek ez ekimen ofizialak ez duzue planteatu zer izan behar duen Lekeitiok etorkizunean, eta, dagozan problemak ikusita, horretxek dauko lehentasuna, ez iraganak. 45 urte daroiazuez erronka horreri aurre egin barik (edo egin nahi barik), eta holan allaga gara gaur egungo zoritxarreko egoera honetara, eta pagateko zuen osteko belaunaldikuok. Norberaren zilborrari begira egotia, horra hor lekittaron berezko joeria.

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. mandaskia4/11/25 19:36

      Ba, zer esango dautsugu, txabal... Errezorik ez dozu falta.

      Ezabatu
  4. Zorionak 💜 Mila esker!

    ErantzunEzabatu
  5. Mandaskia4/11/25 19:37

    Eskerrik asko, eta gusta bajatzu, gu pozarren

    ErantzunEzabatu