SUSTRAIA 27
1981eko otsaila
Aurreko editoriala, etsigarria; oraingoa, ostera, pozgarria. Bada, bai! Batzar deiak izan oihartzunik eta etekinik. 14 lagun mando batu ziren Gizart Etxeko bigarren pisuan, eta adorea hartu Sustraiari eusteko. Eta berri ekonomiko bat: aldizkariaren salneurria igo beharrean zeuden, 25 pezetatik 30 era, % 20ko igoera. Diru zikinik gabe nora joango ginduzkean, ba?
Hemerotekan ere bada zeri erreparatu. Herria-ren 29. alean hau zekarren: Amnistia etzen inoiz heldu (gogoratu 1981 zela). Ez zekiten sekula ez zela helduko (eta 2025ean gaude, eta ETAk 2011n utzi zuen borroka armatua). ERE aldizkarikoa ere bitxia da: aldea omen zegoen Donostiko eta Bilboko rock zaleen artean. Halakorik!
Sustraia 25ean kontatu ziguten Eusebio Maria de Azkue ikastetxean (beti eskola komarkala esan dioguna) txapuza larriak zeudela (tartean beroketa sisteman) eta azaroan greba egitea erabaki zutela (urtarrilean egin zuten hotzen zegoenena). Bada, otsailean plenoa izan zen gai honen kontura eta Udalari (EAJri esan nahi da) ez zitzaion bidezkoa begitandu greba egitea. Zabarkeria eskola publikoen baldintzatean nabarmena zen sasoi hartan: 1980ko urriaren 23an, Ortuellako eskolan, beroketa sistemak eztanda egin zuen eta 52 pertsona hil ziren, haur eta nagusi. Beheko eskuorria 1982-83 ikasturtekoa da, baina argigarria gai honetan (Lekeition ere banatu zen).
Eskuorria eskuratzeko egin klik hemen
Guraso eskola bat sortu zen herrian. Premia ei zegoen. Orain ere bai, baina ez dugu halakorik!
Eta beste hainbat gai: Arte eskola eta II. diapositiba lehiaketa, bertsoak eta poesiak, bestelako oroitzapenak, eta Mendexara mediku erdaldun hutsa bialdu zutenekoa.
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 27 originaletatik



iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina