2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/07/27

 

SUSTRAIA 1

Gaur, Sustraia aldizkariarekin gatoz, Lekeition gehien ―guk dakigula― iraun duen aldizkaria: 1977ko Gabonetan kaleratu zuten lehen zenbakia eta hamar urte geroago, 1987an, azkena, 51 zenbakia. Egia esateko, zenbaki bat salto egin zuten, eta haiek ere ez dakite zergatik, beraz 50 zenbaki atera zituzten 10 urtean.
 
Hasieran, 1976an sortutako Gaztedi gazte elkartearen erdi buletin, herriko erdi buletin sortu zen. Gaztedi gazte elkarte modura amaitu zenean, bertan sortutako batzorde batzuk beren kontura segitu zuten: Azkue zineforum eta argazki taldeak, Hondartzako lagun arteko futbol txapelketak, eta Sustraia aldizkariak.
 
Sustraiaren lehen zenbaki honen arduradun Gaztediko zuzendaritza izan zen batez ere, eta tartean izan ziren besteak beste: Julen Atxurra Pototo, Teodoro Meabe Tetxu, Iñaki Malaxetxebarria, Aitor Etxebarria, Aitor Munitis, Joseba Alcalde...
 
Zati batzuk vietnamita batekin inprimatu ziren eta beste batzuk ―irudidunak― multikopista batean. Eta edukiari dagokionez, Gaztediko batzordeetan landuak gehien bat: hemeroteka, euskal kultura, alfabetatzea, sormen saila, ―azken bi hauek zenbaki guztietan izan zuten lekua― jolasgarriak...

Aritikuluen egileak zoritxarrez ez dakigu nortzuk izan ziren, eta Sustraiakoek ere ez. Behar bada, editoriala Pototok egingo zuen eta kulturakoa Aitor Etxebarriak. Poesia bai, sinatuta dago eta: Joseba Alcaldek.

Artikulu batean, Gaztedirako berariazko liburutegi bat sortzeko proposamena dago eta interesgarria da harekin batera datorren irudia; izan ere, Gizarte etxearen adar baten oinplanoa da: eskumako adarra, zine-aretoaren gainekoa. Gela bakoitzean 13-14 urteko 50-60 ikasle sartzen baziren, kalkulatu neurria. Eta ezkerreko adarra ez da ageri.
 
Bide batez, argi geratzen da nagusiek nagusien ikuspegitik eta nagusiek kudeatuta gazteentzat sortutako azpiegiturek ez dituztela gazteen beharrak asetzen normalean.

Sabiñok bidali dizkigu faltan izan ditugun zenbakiak, eta, beraz, kaleratutako guztiak ditugu dagoeneko. Gainera, agindu digu originalak ere eskaneatu eta bidaliko dituela. Hala, bada, baten prezioan bi ipiniko dizkizuegu eskura.

Salneurria 25 pezeta.
 
 
 


 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 1, kaleratutakoa
 
 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 1, originala

 
Kaleratutakoen kalitatea ez da ona, diru gutxirekin ezin da-eta ezer kalitatez inprimatu. Eta originalek erakutsi digute nola egiten zuten lan: orduko zelo gardenak orban marroi bihurtu dira.
 
Zati batzuk vietnamita batekin inprimatu ziren, eta beste batzuk ―irudidunak― multikopista batean.  Prekaritatea. Kostran ere sumatzen da hori. Zerikusirik ez geroagoko Dzangarekin, eta are gutxiago Zer Esanarekin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina