2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/09/29

 

Zer Esana 6

2001eko urria

Proiektu komunikatibo baten garrantzia eta beharrizana, Jokin Erdozia musika taldeen eta xakearen aitzindari Lekeition, Torre Bikien kontrako erasoa erori ziren erori, eta batzuk narrutik ordaindu zuten―, Rufo Atxurra beste behin ―non ote dago berak batutako altxorra?―,  Amnistia ―haren atzetik oraindik ere, edo presoak noiz aske ikusiko zain―, ezerezean geratutako Euskararen plan estrategikoa, eta beste gauza interesgarri asko garai hartako mugimenduen perspektiba bat izateko (beste Zer Esana guztiak bezala, jakina)
 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 6 2001eko urria
 

2025/09/25

 

Zer Esana 5

2001eko uztaila

Galdera ederra Zer Esana honetako editorialean: guk momentuz badaukagu lekua geure gazte espresiori oinarri fisiko bat emoten asko laguntzen deutsona; ze pasako da beste gazte espresio barriekin?

2025ean badaukagu erantzuna: zero patatero, autogestiotik begiratuta behintzat ―gazteek, ez lehengoek ezta oraingoek; etorkizunekoek ere ez, jakina― ez dituzte maite udal langileek kudeatu eta gaueko 9etan zarratzen diren guenak.

Herritarren esanetan atalean ere badira galderak. Erantzunetan kanpotarrek eragindako agobijjua mentatzen da. Beste galdera bat: Lekeitiotik Bilborako bideak kenduko balituzte, nork sufrituko luke gehiago: kanpotarrek, edo lekittarrok?

Euskal gazte mugimenduaren bilakaera. Ez da gida bat baina izan zitekeen euskal gazte mugimenduen sigla saltsan zer edo zer ulertzeko. Eta, harrezkero, sigla kopurua hazi egin da. Bide batez, IAM ahaztu zuten. Baditugu 70eko amaiera partean Lekeitioko IAMekoek eztabaidagai izandako dokumentu batzuk. Hurrengoan jarriko ditugu. 

Euskara ere berriro da mintzagai: Bai euskarari, XXI. mendeko akordioa. Ordutik, beste hainbat akordio, konpromiso, hitzarmen, mobilizazio, ekimen... 24 urte geroago, Euskaraldia dugu uneko ekimen-hitzarmen-mobilizazio, eta horrela hurrengo ekimen-hitzarmen-konpromiso-mobilizaziora arte: Jose Muguruza, zertan geratu da oso plan serio hura?

Bere hizkuntzaren alde korrika egiten duen herriak ―hemen edo Shanghain― horixe baino ez du egiten: korrika.

Eta beste kontu batzuk.

 

 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 5 2001eko uztaila
 

2025/09/23

 

Zer Esana 4

2001eko ekaina

Berriro mamitsu Zer Esana: euskara, Korrika, hauteskundeak, drogak eta 18/98 sumarioa, Baltasar Garzón epaile demokrata hark ―ondo ordaindu zioten gero: inhabilitatu egin zuten; badakigu, Erromak ez die ordaintzen traidoreei― dena da ETA teoria baliatuta euskal kultur mugimendua osoa kriminalizatu, epaitu eta kartzelan sartzeko erabilitakoa. 

 





Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 4 2001eko ekaina
 
Barruan, harpidetza orria
 

 
 
Beste orri bat ere badago barruan gordeta, elkartasun eskekoa gazteen eta euskal mugimendu sozio-politikoen kontrako errepresioa dela-eta. Susmoa daukagu aurreko zenbakiari dagokiola
 

 
 

 
 
 

2025/09/21

 

Zer Esana 3

2001eko martxoa 

Etxebied eta Letrakuako etxe sozialak (heritarren iritziak eta udalaren azalpenak), Lekeitioko alderdi politikoen gazte erakundeak, euskara, Antonio Gabiola Toñua eta Jesus Mari Zabala Smeri atxilotu dituztelako berriak... 

 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 3 2001eko martxoa
 
 
Zenbaki honetan iragarri zuten martxoaren 24an Zer Esana eguna antolatuko zutela, baita antolatu ere
 
 
 

Luzaroan antolatu zuten, eta horren berri haien webgunean daukazue https://zeresanalekitto.wordpress.com/   eta jardun haien guztien harira sortutako ZerEsana komunikazio taldearen gaineko informazioa beste honetan https://www.youtube.com/user/zeresana


Guk ez dakigu ekimen horien gainean gauza handirik: nortzuk ziren parte, nola funtzionatzen zuten, 15 urteko tartean zer aldaketa izan zituzten,eta komeniko litzateke haiek kontatzea beren esperientzia; izan ere, faltan daukagu ahalako proiektu bat Lekeition.
 
 
 
 

2025/09/19

 

 

Zer Esana 2

2000ko abendua

Zer Esana hau abenduan kaleratu zen, baina irailean kaleratzekoa zen. Ohituta geunden halakoetara: Sustraiakoek sekula santan ez zuten bete iragarritako eperik. Gutxienez, badakigu noiz atera ziren, eta ez da gutxi! Sustraietan ez da halan.
 
Barruan, garaiko gai garrantzitsuak: borroka armatuaren ekintzen gaineko iritziak batekoak zein bestekoak―, ekologismoa, zaborren tratamendua, etxebizitza, arrantzaren arazoa, politika eta amnistia, gazteen antolamendua...
 
Bihar edo etzi, beste aldizkari bat izango dugu herrian espero―, eta etxebizitzaren arazoaz hitz egiten segituko dute, gazteen denbora libreaz eta lokalen gainean (hau da, gaztetxeaz), ekologismoaz... Ordurako, baina, arrantza galduta egongo da herrian kirol arrantza, ez; izan ee, hori sustatuko dute, betiko arrantza ez bezala eta ez da izango mintzagai, borroka armatua ere ez, seguruenik.
 
Aurrekoan, Rubixuari eman zitzaion ongi etorria ―ahaztu ere bai―; oraingoan, Jotari. Pototo eta Liher falta ditugu gurean, eta ez dakigu zer pasatuko zaion Arantza Zuluetari. Espero dezagun amnistia eta presoak etxera iraganeko leloak izatea etorkizuneko aldizkari horretan ibiliko direnentzat.

 




Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 2 2000ko abendua
 
 

2025/09/17

 

Zer Esana 1

2000ko uztaila

Zer Esanakoek martxoan kaleratu zuten beren aldizkariaren zero zenbakia, eta jarraipena iragarri. Bada, emandako berba bete zuten: uztailean esku artean izan genuen Zer esanaren 1 zenbakia. 
 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 1, 2000ko uztaila
 
Azalean jartzen zuen zer zetorren barruan. Hasteko, etxebizitzaren arazoa: 2000 arduratuta zeuden, lehenago ere bai, eta gaur egun ere arazoari inork ez dio konponbidea aurkitu, edo horren ardura dutenek ez dute konpondu nahi. Hor ditugu prailekietako eta Beitiako etxeak: zein lekeitiarrentzat ote?

Aurtengo apirileko datu batzuk





Zer pasatzen da Lizarra-Garazin? ere galdetzen zen. Barruan, ekarpen bi: Lekittoko Lizarra-Garazirena bat, eta Elkarriren Lekittoko Tailerrarena
bestea. Hotzikara ematen du irakurtze hutsak. Ez genekien Loiolan gauza bera gertatuko zitzaigula. 2011an, berriz, heldu ginen, antza. 

Presoen gaia ere lantzen da. Rubixuaren amari ―burua altzatuko balu― egiten zaio elkarrizketa. 2025ean, presoak Euskal Herrian daude, baina ez etxean. Ematen du inor gutxiri zaizkiola ardura, eta Rubixua zorotzat izan dugu luzaroan herrian.

Eta, 0 zenbakiko aldarria berriro errepikatzen da 1 zenbaki honetan: gazteentzat gaztetxea. Munduko gaztetxerik onena kendu zigutenik errepikatzen den aldarria, belaunaldiz belaunaldi oihukatu den aldarria. Gure zoritxarra? Bada, aurreko belaunaldiak ukatu izan diola hurrengoari gaztetxea. 1990ekoek ez zuten entzun 2000koen oihua, eta, modu berean, 2000koak ez-entzunarena egin zuten 2014koen aurrean. Ba da 2025ean aldarririk, edo, dagoeneko, denok ote gara gor eta mutu?


2025/09/15

 

Amnistiaren aldeko itxialdia elizan, 1977

Itxialdia. Entzerrona esaten genion orduan. Eta benetako entzerrona izan zen 1977ko otsailaren 26 gauean, Lekeitioko elizan, Amnistiaren aldeko astearen harira egindako aldarri hartara batutakoentzat. 
 
Polizia elizan sartu zen, egurrean: pilotak, porrak eta pasilloa eliza kanpoan kanporatzen zirenak kulatekin jotzen. Okerren Antxone Telleria, larri zauritua. Bertsio ofizialak, ostera, bestela azaltzen zuen gertatutakoa: erori eta zapaldu egin zuten elizan zeudenek. Joera izaten dugu guk halakoetarako, jaustekoa eta zauritzekoa. Baldarrak gara izatez, Eta beste 20tik gora zaurituak ere bai.

 
El Correon enfrentamientos eufemismoa erabili zuten gertatutakoa azaltzeko , nahiz eta gerora herida por la Guardia Civil aitortu behar.
 

 

 

 

 
Izan zen aldizkari ofizialetan Guardia Zibilaren jarduteko modua kritikatu zuenik ere.
 

 
Eskerrak beste era bateko prentsa ere ba zen orduan. Hona hemen zer kontatu zuten Anaitasuna aldizkarian.








Baina, onena, Antxoneri berari entzutea da Euskadi Irratiaren Faktoria programan.
 
Haren ostean ikasi genuen jendea utzi behar genuela kanpoko aldea zaintzen, badaezpada polizia zetorren bereak egiteko prest.
 
2012an aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak biolentzia ofizial eta instituzionalaren biktima moduan.




 
 

2025/09/13

 

TXIMISTAKADAK

Tximista Lekeitioko atletismo taldea da. 1989an sortua, bide luze eta oparoa izan du. 1990ean, Usue Zatika Espainiako txapeldun ―errekorra ezarrita, 15 urte iraun zuen errekorra; gaur egun ere laugarren da ranking horretan― 300 metroetan. Nazioarteko altura jauzia ere antolatu izan dute urte luzez, eta, besteak beste, Javier Sotomayor kubatarra munduko txapeldun, Olinpiar Jokoetan txapeldun eta munduko errekorra― eta Ruth Beitia kantabriarra Olinpiar jokoetan txapeldun― ikusi izan ditugu Lekeition saltatzen beste hainbat jauzilarirekin batera. Pascual Abaroak ere sarritan ikusi ditu Eskola Olinpiadak.
 
Tximista taldea Julian Arrateren ekimenez eta bultzadaz sortutako taldea dugu. Julian, lehenengo, Isuntza Arraun elkartean ibili zen, arraunlari eta zuzendaritzan; gero, Aittitta Makurra soka-tira taldea sortu zuen eta, azkenik, Tximista atletismo taldea. Hor, beste asko nahastu zituen: Aitor Okamika, Juan Mari Figueroa, Ricardo Elordi, José Salio, Manu Saez de Ginoa, Juanjo Sesma, Usue Zarika, Ibon Laka, Bixente Rodríguez ctaAinhoa Egaña.Gaur egun, Jose Saliok darama Tximista.
 



1981
 
 
 
1982
 
Ondo zekiten informazioa ematea eta propaganda egitea zer garrantzitsua zen. Horregatik, Tximistakadak aldizkaria kaleratu zuten: 7 zenbaki guztira. Aldizkari xumea zen, 4-6 orrialde eta publizitateko orrialde bat. Dirua lortzen trebea izan da beti Julian.
 
Aldizkari horrek goia jo zuen 2000 garren urtean, 10 urte bete zituztenean: kolorea, inprentan egina, eta bost laguntzaile aldizkaria egiteko: 


Esther Murelagak eta beste batzuk Zer Esana aldizkaria kalteratuko zuten handik gutxira.
 



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Tximistakadak 7





Tximistakadak 2 

 

 

Tximistakadak 3

 


 

Tximistakadak 4

 


Tximistakadak 5

 


Tximistakadak 6

 


 

2025/09/11

 

SUSTRAIA 20

1980ko martxoa 

Sustraia 20an, Sustraia 19an lez, ez zen gauza nabarmen-nabarmenik agertu. Egunerokoan, baina, ageri da orduko egoeraren zertzeladararik. Eta Lekeitio herri hartua artikuluan UAR-en (Unidad Antiterrorista Rural, eta aurrerago GAR, Grupo de Acción Rápida; berba baten Guardia Zibilean elitea) balentrien berri ematen da: hau Oestea omen, eta 7. Zalduneria bidali ziguten. Custer, Saenz de Santamaria zen.

Julen Barbarias ere atxilotu zuten. Fitxeroak erreko zituztela esan ziguten, erre, erre, erre...


Gure herrian, Portalean, zeudenak Gernikako bidea hartu zuten; baina, lehenago, beren arrastoa utzi ziguten herriko hormetan. Gogoan ditugu pintada haiek. 

Miren Agur, Bego, Aitor eta Sabiño (hau sarriegi gauza onerako) ere ageri dira. Gogoan ditugu Kilin-Kala parean Miren Agur eta Bego, eta udaletxeko eskaileretan Aitor eta Sabiño (gero Mirari batu zitzaien), Sustraiak kaltzarpean, 25 pezetatan saltzen alea. Pulmonia kalea pasua izanda, ez zegon eskapatzerik!

45 urte geroago Kaixo. lagunok! artikuluko amesgaiztoak, egia bihurtzeko bidean. Hau, patua!

 



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 20 kaleratutakoa





 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 20 originaletatik
 
 

 

 

2025/09/09

 

SUSTRAIA 19

1980ko otsaila 

Egunerokoan gertakari latzak, hirigintza planean handiusteko aurreikuspenak, bertsoak Gardatapeko zabortegia dela-eta ―nekez sinistu daiteke gaur egun han zabortegia egon zitekeenik...



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 19 kaleratutakoa


 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 19 originaletatik

 

 

2025/09/07

 

BERTSO-PAPERAK

Bazen 1991n bertso eskola bat Lekeition
 
 

 
1987 baino lehenago Jose Antonio Aranburu Natxik bertso-paperak idatzi eta Sustraia aldizkarian argitaratzen zituen. Bertso-eskolakoek, tarteka-tarteka, bertso-paperak kaleratzen zituzten herrian kantatzeko. Bada, haietako gogoangarrienetakoak 1991eko irailaren 7an kaleratu zituzten, eta antzeztu ere bai.
 
1991ko abuztuaren 19an, Mijail Gorbachov-en kontrako estatu-golpea izan zen, eta bertso-eskolakoek ederto aprobetxatu zuten egoera: bertso-paperak idatzi, errusiar jantzi, eta tanke bihurtutako Land-roverrean atera ziren kalera kantu-kantari eta gorria aldarri ―orduan lez, gaur egun ere aldarrikagai―.



 


Manu Ziluaga, Jabi Zubieta, Jose Luis Goenaga Gorri, Luzio Laka eta Bittor Txakartegi
 
 
 
 Luzio Laka eta Jabi Zubieta
 

 
Jose Luis Goenaga Gorri eta Bittor Txakartegi
 
 

 


2025/09/06

 

ANTZARTEK

1979ko irailean horma bat bota zuten lurrera neskek. Tente geratu zen, ostera, beste bat, lekeitiar guztiok bota beharrekoa, baina ikusi ere ez genuen egiten hormatzar hura. 27 beharko genituen horma hura arrakalatzen hasteko; 34 ikusten  ―ez denok― eta sakaka hasteko, eta 43 erabat lurrera botatzeko.
 
1965ean, ia debekatu egin zituzten Antzarrak, eta, hori ez gertatzeko, hilda jartzea erabaki zen. 1975ean, Franco hil zen eta, 1979ko lehenengo udal demokratikoek antolatutako jaietan, antzarrak berriro jarri ziren bizirik. Hala esaten zuten jai batzordekoek arlo positiboen artean: antzarrak bizirik eskegitea, aintzinako ohiturari jarraiturik (ikusi Sustraia 15). Antinuklear, ekologista eta feminista ginen, baina tradiziñoia tradiziñoia zen.

1983an, talde txiki batek, pisajiaren egunean bertan, udaletxeko areto nagusian, agiri bat aurkeztu zuen eta antzarrak hilda jartzea eskatu. Eskatzea ere... Pixka bat gehiago, eta udaletxeko balkoitik behera botatzen dituzte. Baina hazi hark lurra topa zuen eta, urte batzuk geroago, 1986an, antzarrak hilda jarri ziren berriro, Xabier Txakartegik gidatzen zuen Udalak hala erabakita.
 

 

1987an HB zen alkatetzan, antzarrak samatik hartu aurretik apurtzen ziren, eta ez zuten 15 potinik ere aguantatu. Produktu frantzesen kontrako boikotean sartu-sartuta geunden, eta zabaldu zen antzarrak Nafarroatik ekarri zituztela eta ez betiko lekutik ―Iparraldetik― boikotagatik. Eta batzuk frontoira joan ziren Juan Carlos San Migel-en bila, egurtu nahirik.
 
Arrazoia beste bat zen, ostera: antzarrek muga pasatzea ahalbidetzen zuena jubilatu egin zen, eta haren ordezkoak kale egin zuen antzarrak mugan bertan zeudela. Horregatik erosi ziren korrika eta presaka Nafarroan.

Gauzak horrela, Paul Seijok Jesus Mari Urrutia Txumarengana ―Txuma  jo zuen eta esan zion: "haz lo que quieras, pero el año que viene los gansos pasan por Valcarlos". Eta hala sartu ziren Txuma eta Juan Fran Agirre Antzarren komisioan eta antzarren kontrabandoan hasi.

Urteak joan eta urteak etorri, animalistak beti kontra, guk geure antzarrekin jarraitu genuen. Eta bat-batean, 2006a eta hegaztien gripea. Eta hara non dauden Txuma eta Juan Fran, Abarketa soziedadean, berbaz, buruz buru: Eta zer egin behar dugu antzarrak ekartzea debekatzen badute? Trapu bat jarri? Gomazko paitta bat eskegi?

Ondoko mahaian, beste kontu batzuetan, Iñaki Letonak ―Abarketakidea, eta material berrietan, mekanikan eta materialen trakzioan aditua― Txumaren eta Juan Franen gogoetak entzuten ditu ―Txumak ez zuen isil-misilean berba egiten, ez horixe― eta elkarrizketan sartu da: Horrek konponbide erraza dauka: tresna mekaniko bat sortu dezakegu antzarraren samaren jokabide bera duena.

Txumak eta Juan Franek, aho zabalik, ez dute ulertu ezer. Tresna mekaniko bat? Antzarraren samak funtzionatzen duen modu berean funtzionatuko duena? Egin daiteke hori? Eta Iñaki Letonak, han bertan, serbilleta batean itxura batean, mundu honetako gauza inportante guztiak serbilletetan jasotzen dira―, di-da batean marraztu die nolakoa izan daitekeen tresna hori. Eta: ipintzen diogu gainetik polimero bat antzarraren gorputzaren itxurarekin eta listo! Konponduta arazoa. Hori guztiori Gaiker ikerketa zentroan landu eta garatu dezakegu orduko hartan, Iñaki Letona bera zen Gaikerrreko zuzendari orokorra, eta horrek ahalbidetu zuen Gaikerrek proiektu horri ekitea―.  Txuma eta Juan Fran, oraindik gauza handirik ulertu barik, zur eta lur. Guztiaren lekuko, Iñaki Letonaren emazte Lurdes Muguruza. Hortik aurrerakoa historia da.

1. Hasteko, udalari azaldu behar zaio ideia. Eta uzkur dira, ez dute ezer ulertzen. Jose Mª Kazalis, orduko alkatea, konbentzitu behar da ikerketa babesteko. Izan ere, Antzar jokoan parte hartzen duten indar guztiak aztertu behar dira: tiratzaileen indarra, harrapatzailearen pisua eta urak egiten duen tiratzaileen kontrako indarra, eta, horren guztiaren arabera, polimero egoki bat aukeratu antzarraren samaren funtzioa behar bezala bete dezan. 
 
2. Udalak oniritzia emanda, prototipoak landu eta sortu behar dira. Hor garrantzitsuak dira Juan Carlos Manchado eta Carlos Lopez Iñaki Letonaren gidaritzapean.

Carlos Lopez, Juan Carlos Manchado eta Iñaki Letona

3. Tresnaren mekanismoa estali egin behar da eta antzarraren itxura eman. Horretan Juan Fran Agirrek du agintea: samaren luzera, bola bat buruaren ―harrapatzailearen euskarri puntua funtzioa egiteko. Antzar mekanikoa prest dago.
 
4. Prototipo horiek laborategian aztertu dira, baina benetako egoera batean ere probatu behar dira. 2006ko uztailaren 18an, Karraspiora doan jendea harrituta dago: Zertan ari da zubian Ipar Arrinda, antzarretan lez gora eta behera? Eta prototipoek arrakasta dute.
 
 


 
 


5. 2006ko Antzar egunean, jokotik kanpo jende guztiaren aurrean aurkezten da antzar mekanikoa, Antzartek. Sendotasun diferenteko haustura-mekanismoak daude eta, zoritxarrez, ahulenak ipintzen dira eta Antzartekek ez du arrakastarik. 2007an, mekanismo sendoagoak jarrita, arrakastatsua da saiakera.

6. 2013ko jaiaren balorazioan, Antzar komisioko pertsona bik Antzarteken aldeko apustua egitea proposatzen dute. Proposamenak ez du harrera onik komisioan. Gainera inkesta bat egiten da parte hartzaileen artean: 86 galdetegi bidali eta 43 erantzun, 30 kontra eta 13 alde. Udalak prentsa-ohar bat kaleratu zuen.

7. 2014an, Maitane Larrauri alkate duen udalak Antzartek bi eta 2000 haustura-mekanismo edo erostea onartu du, eta bidea ematea parte hartzaileei antzar naturalaren eta mekanikoaren artean aukeratzeko. Eta 14k aukeratu dute. Antzarrak prestatzeko abuztu amaierako batzarrean, ostera, giroa bero egon zen eta ederra montatu zen. Demokrazia gora, demokrazia behera, gehiengoa antzar mekanikoaren kontra bi heren kontra―, ea zergatik jarri behar zen, tradizioa zapuzten zela ―emakumeak ere tradizioaren alde jakin gabe 46 urte lehenago apurtu behar izan zutela haiek ere tradizioa, Potxuak taldearen historia ere zabaldu behar da― ... Sabiño Madariagak berak gidatu zuen batzarra― gorriak ikusi zituen batzar hartan.

8. Kopuru hori hazi egin da urtetik urtera ―2019an bi herenek aukeratu zuten Antzartek, eta, 2022an, Koldo Goitia alkate zela ―bera ere Antzarteken aldekoa― Udalak antzar naturalak baztertzea eta Antzartek bakarrik jartzearen aldeko apustu egin zuen.
 
 

 
 

 


Ez da, beraz, ez panpina bat ez gomazko edo plastikozko antzarra. Gailu mekaniko bat da, Gaiker ikerketa zentroak sortua gaur egungo teknologia aurreratuak baliatuta, teknologia gizartearen premietarako erabilita.

Eta hemen, samaren funtzioa betetzen duen trakzio-probeta. Probeta horren sendotasuna aldatu egiten da erdiko zuloaren diametroaren arabera, eta horrek bihurtzen du aleatorio jokoa, benetako antzarrekin pasatzen zen moduan.



 

Lekeitioko Antzar jokoak hainbat aldaketa izan ditu urteetan zehar: marinelen jaia izatetik herriko gizonen jaia izatera; gizonen jaia izatetik andreen eta gizonen jaia izatera, eta, azkenik animaliak erabiltzetik ez erabiltzera. Eta hala ere, jai bera da.