Pescaderia Félix
Lorenen eta Xabierren argazkiez gain, bada besterik interesgarri Lekeitioko Udaletik 4an.
Egoera txarrean dauden etxeak, Hirigintza Komisioaren kezka nagusia izeneko artikulua dator 11.-13. orrialdeetan.
Eta honako berba hauekin hasten da
Ez igurtzi begirik, ondo irakurri duzue-eta: 1991ko irailaren 15ean erori zen Bixkokaleko 31. zenbakiko etxearen teilatua, handik gutxira bota zuten lurrera, eta hormak bakarrik geratu ziren tente. Aldamenekoa, 29a, ere sasoi hartan deklaratu zuten aurri-egoeran. Harrezkero, 2024ra arte, orube huts eta zikin bat egon da leku horretan. 32 urte.
Gero, Dendari kaleko 34a eta 32a bota zituzten. Eta han egon dira: jabeak ez zirela beren artean ados jartzen, arkeologia-hondarrak aurkitu zituztela... 32 urte.
Hirigintza Komisioan arduratuta zer gertatuko egoera txarrean zeuden etxe haietan. Gero gerokoak.
Honek guztionek begira eman digu, gogor eman ere. Indargarri, artikuluarekin batera argazki bat dator: garabidun kamioi bat lanean Bixkokaleko 31. zenbaki horretan.
Eta argazki horretan, xehetasun zirraragarri bat: PESCADERIA FELIX. Bixkokaleak bizia zuenean eta dendaz josita zegoenean, harategi bat eta arraindegi bat zeuden: harategia, Ramon Zubizarretarena eta arraindegia, Felix-ena (ez dakigu abizena), ez bata ez bestea Lekeition jaioak, baina biak lekeitiarrak. Felixek eta emazteak seme bat zuten adoptatua, Felix hura ere. Bada, Felix (Maixu Txatuenian ikasten zuen, eta ikasle ona zen por tzierto) semeak arazo bat zuen bihotzean, eta ezinbestekoa zuen ebaketa egitea. 12-13 urte zituela egin zioten. Ez zuen 14rik bete.
Hil
zen Felix, eta lan baino egiten ez zuten senar-emazte bi haien munduak
eta bizitzak ez zuen egin hobera. Azkenenan, beren jaioterriko bidea
hartu zuten, Avilarantz. Peskateria han geratu zen, errotulua agerian
zuela: PESCADERIA FELIX. Gero eta utziago, gero eta eroriago, azkenean
narra egin zuen, Felixen eta haren familiaren irudi. 32 urte.
Eta argazki horrek, zerbait hautsi digu barruan.
Malkoak euri balira...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina