Aldizkarigintza
Lekeitioko Udaletik 4.a, eta azkena. Kitto. Egileek berek idatzi zuten euren epitafioa Eskualdeko aldizkarirantz izenpean. -rantz. Nora zoaz, nora goaz bide galdu honetatik...
Prentsa lokala goraka, eta Lekeition kontrako bidean: desagertu. Ordurako, galduta zeuden sekulan santan Sustraia, Kostra eta Dzanga (bigarren bizialdi bat izango zuen 1999-2003ko legegintzaldian).
Lea-Artibai eskualdeko aldizkari bateratu bat amestu zuten, baina asko geratzen zen oraindik Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA agertzeko.
Zabaldu zen bestelako paper inprimaturik: Lekeitio Kirol, Tximistakadak, ikastolako Dzingoa, baina herri prentsa hamar urtez egon zen mutu.
Dzangaren bigarren bizialdiarekin batera, 2000. urtean, ZER ESANA agertu zen (Lekeitioko gazteen ZER ESANA), produktu txukuna eta garai berrietako teknologiak aprobetxatuta egindakoa: inprentan eta azala koloretan. Baina, hark ere bi-hiru urte eutsi zion. Harrezkero, herriko prentsari dagokionez, basamortua.
Lea ibarrean Jeurt! aldizkaria izan da, eta Lekeition bertan musikari begirako aldizkari espezializatu bat: Kitzika. Besterik? Bada...
Aurrerantzean, bigarren aroko Dzangak, Zer Esanak eta Sustraiak jartzen ahaleginduko gara. Eskuratzen ditugun neurrian; izan ere, 50 Sustraiak ez dira erraz lortzen eskatuta ditugun arren. Kitzikarik ez dugu bakar bat ere zoritxarrez.
Horiekin batera herrian zabaldu diren bestelako hainbat eskuorri ere jarriko ditugu. Ditugunak.

iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina