2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/03/05

 

Amotoko zabortegi kontrolatua

 

Gune honetan ari garenok badugu, dagoeneko, adin bat. Adinarekin, batzuek memoria galtzen dute eta beste batzuek, berreskuratu. Guri, lauso bada ere, zerbait etorri zaigu burura Lekeitioko Udaletik 2an Amotoko zabortegiari buruzko zertzeladatxoak irakurri ditugunean.   

Guk hiru zabortegi ezagutu ditugu Lekeition. Lehenengoa, Santa Katalinako bidekoa, kolunpioak baino haratxoago, gaur egun atseden gune bat dagoen lekuan (2-3 aulki eta begiralekua). Gure lohiak, gure zaborrak, zuzen-zuzenean uretara. 

Gero, norbaiti otuko zitzaion hori ez zela batere bidezkoa eta Gardatako bide zaharrean egin zuten beste bat. Gaur egun, goiko parkinaren zati bat eta saihesbidearen beste bat dagoz haren gainean. Zementoa zaborra ezkutatzeko. 80ko hamarkadaren hasieran biak ere erabili ziren aldi berean: Iñaki Maximak eta Iñaki Abekrimek (Abd el-Krim-etik dator) erabakitzen zuten non bota, noiz, zer. Itsasoak dena garbitzen zuen antza, baina Gardatakoak arazo gehiago zituen (arratoiak, lixibiatuak, hatsa...). Herritar batzuk eta inguruko baserritarrak arduratuta zeuden. Marmarra zegoen herrian, eta pintadak.

Lekeition, mugimendu antinuklear indartsu bat zegoen. Antinuklearrak esaten genien, orduko arazo nagusia Lemoizeko zentral nuklearra zelako eta horren kontra ari zirelako sutsu, baina edozein eraso ekologiko gertatzen zenean, han zeuden haiek: Miren Tere Aboitiz, Igone Kazalis, Agurtzane Gogenola, Marisol Atxurra, Julen Atxurra Pototo, Jabi Barcina, Juan Daniel Ruiz Mimi, Lurdes Gabikagogeaskoa Lulu... Borroka guztiak galdu zituzten (genituen, gu ere haien atzetik joaten ginen-eta), Lemoizen kontrakoa izan ezik (baina orain ez gara hasiko kontatzen zergatik irabazi zen). Beste batzuek amnistiakoak eta autonomoak esaten zien, eta borroka hori ere irabazi egin zuten (horren arrazoia kontatzen ere ez dugu galduko denborarik).

Eta, Gardatakoak ganez egitean, gure ezagutzako hirugarren zabortegia Amotoko lurretan egitea proposatu zenean, han zeuden haiek kontuak eskatzeko.


 

 

Hor esaten denez, Lea-Artibaiko Udalek batzorde bat osatu zuten zabortegiaren kontra-edo. Eta osatu zen.

1987-2-6

 
1987-5-19
 
 
1987-7-28
 
 
1987-8-1
 
 
 
1987 hartan hauteskundeak izan ziren eta Leketion aldaketa egon zen udalean: Herri Batasunak hartu zuen alkatetza Eusko Alkartasunarekin egindako hitzarmen bat tarteko (hauteskuneak EAJ-k irabazi zituen). Eskerrak! Horri esker lortu zelako halako adierazpen bat egitea; izan ere, EAJ zabortegia bere horretan egitearen alde zegoen hauteskundeen aurretik eta hauteskundeen ostean.
 
Baina, delako batzordea eratu aurretik eta adierazpen horien guztien aurretik herri ekimena egon zen eta herri ekimen horren buru, Lekeition behintzat, antinuklearrak zeuden. 
 


 
Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Amotoko zabortegi kontrolatua
 

2 iruzkin:

  1. Lagunak, Lekittoko neskarik bihurriena ahaztu dozue: Lulu

    ErantzunEzabatu
  2. mandaskia25/3/25 17:30

    Eskerrik asko. Konponduta. Lulu ahaztutia be... Hurrengoan sarrera oso bat egingo dogu beragaz, ze gauza asko ian da Lekitton

    ErantzunEzabatu