2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/04/29

 

Aiba, argija

1983a uholdeen urtea izan zen. Izugarriak egin zituen inguruko herrietan: Bilbokoa zabaldu zen Lau Haizetara, baina Bermeo eta Elantxobe sats eginda utzi zituen. Lekeition? Abuztuaren 26an argia joan zen eta hurrengo goizean bueltatu gabe zegoen. Eta, zer egin genuen lekeitiarrok? Bada, dana arrasta dendetatik: azukrea, olioa, esnea, txokolatea (zertarako txokolatea?)... Baten batek izango du, oraindik ere, orduko azukre paketerik ganbaran. Tira, egia esateko, hil batzuk lehenago ere argia joana zen, eta neurotiko samar genbiltzan.

Sustraia aldizkaria aldizkari baino noizbehinkari genuen ordurako: azaroan kaleratu zen (notizia berri-berriak ikusten duzuenez), eta modu xelebrean kontatzen zuen gertatutakoa.

 


 

 

Gaur, errepikatu egin da historia, argia joatearena esan nahi dugu. Penintsula osoan eta beste bazter batzuetan. Eta berriro izua. Duela hilabete inguru, Ursula Von der Leyen-en Europar Batasunak esan zigun (hobe sinestarazi) bizirauteko kit bat izan behar genuela etxean, badaezpada be, eta tartean esku-dirua. Bada, gaur, Bilbon ez omen da geratu dirurik kutxazain automatikoetan, eta denak barruak urratu beharrean diru plastikoarekin ezin pagata.    

Eta guk, herritar maiteok, utzi ote dugu urunik dendan atzetik etorri direnentzat?




2025/04/27

 

Grândola, Vila Morena

Herenegun, apirilaren 25a. Esperantza kimera bat ez zela, benetan existitzen zela erakutsi zigun eguna. Gure belaunaldikoentzat, 70eko hamarkadan borroka sozio-politikoan zeudenentzat, adorea. Krabelinen iraultza. Diktadurak, eror zitezkeen, eta Franco ere eroriko zen. Urte eta erdi geroago, Franco Oliveira de Salazar-ekin bildu zen infernuan. Dagozela bertan erretzen betierean.

Egun hark esperantzaz gain, kantu bat utzi zigun iltzatuta barren-barrenean: Grândola, Vila Morena,
 

 
 
Munduko iraultzaile guztientzat ikur eta himno. Gauzak ez dira gertatu nahi eta pentsatu bezala, baina badugu esperantza. Beharko.

Grândola, Vila Morena-ri eta Krabelinen iraultzaren kantu bien gainean  gehiago jakin nahi izanez gero: 1 eta 2

Borrokak segitzen du.


2025/04/25

 

Etxebizitza dela eta

Etxebizitza gora, etxebizitza behera, bizitza osoa daramagu itzulinguruka eta buelta-bueltaka. Eta beti txokolate berari bueltak ematen: etxebizitzen erdiak hutsik daudela, etxe berriak beraneanteentzat egiten direla, ezin dela aurkitu urte osorako etxerik alokairuan... 

Bada, udan alokatzen diren etxeak lekeitiarrenak dira, ez putre-funtsenak.

1991n, Lekeitioko Udaletik 3an,





10 urte geroago, 2000ko martxoan, ZER ESANAren 0 zenbakian





eta, hiruhilabete geroaogo, ekainean,

 



Dzangakoak, nahigabean seguruenik, izenburu harrigarri bat jarri zuten

Herriko etxebizitza sozialak bere balioaren erdian salduko dira

eta dirutan adierazi tituluaren azpian   

Etxebizitza sozialen salneurria 10-11 milioi inguruan egongo da, bere benetako balio 20-22 miloikoa izan arren

Bere balio errealaren erdian? 

Etxebidek, beraz Eusko Jaurlaritzak,  10-11 milioi pezetako subentzioa eman zuen etxebizitza bakoitzeko?  

Sakatujona beste bateri! 

A, ez zela horretara izan? Zelan, bada? 

Horrela bai! Merkatu librean saldu izan balira prezioa 20-22 milioikoa izango zen! 

Baina, balioa eta prezioa gauza bera? Okurritu ere! Euskarazko azterketan sinonimotzat ematen badituzu, penko.

Ondo geratu nahian, begian aurrean jarri zigun Jaurlaritzak berak zer gertatzen den negozio honetan: etxea eraikitzen duenak % 100 eskuratzen du garbi, gutxienez. Eta etxebizitza sozial haiek eraiki zituenak dirua irabazi zuela gogoan hartuta... Egin kontu!

Argi utzi zuen Agurtzane Gojenolak 1991n: espekulazioa. Izan ere, benetan balio dute 50000 € lau marrak lurrean marraztuta? Prezioa, baina, horixe da.

Eta hemen gaude, 2025ean. Zenbat balioko dute Beitia Hotela zenaren orubean eta frailekietan egingo diren etxeek? Eta Gamarra enparantzan, markesitoaren etxean, egingo direnek? Prezioa badakigu. Gamarrakoan 60 m²-koak, 450.000 €; 100 m²-koak, 600.000 €. Besteak antzera. Dirutza ederrak irabaziko ditu norbaitek. Eta Beitiakoak denak daude salduta, antza. 

Erosi ote du 30 urte inguruko ezein lekeitiar gaztek etxe horietakoren bat? Edo duela 25 urte ZER ESANA egiten zutenetako inork?

Bien bitartean, 2007an, piperrak eta tomateak kenduta, 2011rako agindu zizkiguten 144 etxebizitza sozialak piper eta tomate segitzen dute izaten, eta behar bada onerako. Ze, zergatik behar ditugu eraiki etxe horiek guztiak herrian esaten den beste etxe badaude hutsik?

Eta hala dago kontua, denok kexu.



2025/04/23

 

ZER ESANA 0

2000ko martxoa

2000ko martxoan, udaberriarekin batera, ZER ESANA kaleratu zen. Lekeitioko gazteena zela aldarrikatzen zuten azalean; barruan, baina, argi geratzen zen asmo zabalagoak zituztela. 

Milurteko berriaren ateetan, Sustraia eta Kostra iraungi eta 13 urtera, herritik sortutako aldizkari bat. Lekeition luzaroan mutu egon ostean, herri prentsaren deiadarra.

Gaiak, gazteen ardurakoak, eta, kasualitatez (edo ez), ekainean kaleratuko zen Dzanga berpiztuan agertuko ziren berberak batzuk.

 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: ZER ESANA 0

Eta garrantzitsuena, aldizkaria ez zen hiru-lauren burutazioa eta txapeladia: jarraipena iragartzen zuten eta udarako beste zenbaki bat kaleratzeko asmoa. Azken orrialdean, zorionez, parte hartzaileen zerrenda ageri zen, Sustraiakoek eta Kostrakoek zoritxarrez egin ez zutena

 


 


2025/04/21

 

DZANGA 8

Dzanga 7a 1993ko ekainean kaleratu zen. Herri prentsa mutu egon zen Lekeition luzaroan, eta inork uste ez zuenean, 2000ko ekainean, Dzanga 8. Baina, Dzanga ez zegoen, bada, hilda eta lurperatuta?

 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Dzanga 8

1999ko hauteskundeak Herri Batasunak irabazi zituen, eta Kultura zinegotzi Andoni Seijo zegoen. Bada, Dzanga berpiztea Andoniri diogu zor. Andonik zenbait lagun bildu zituen bere inguruan (ale honetarako Gerardo Zabala, Jabi Zabala, Jon Andoni Okamika eta Bittor Txakartegi engainatu zituen) eta berriro kaleratu zuten Dzanga. 2003ra bitartean beste 8 zenbaki kaleratu zituzten. 

Gainera, 2000ko martxoan Zer Esana Lekeitioko gazteena!!! izeneko aldizkari bat kaleratu zen eta udarako beste zenbaki bat agintzen zuten. 

Egoera aldatzen ari zen. 2000 urtearen efektua pozgarria izan zen Lekeition prentsa lokalaren aldetik. Hutsetik bira, ha zelako pausua!

2025/04/19

 

Aldizkarigintza

Lekeitioko Udaletik 4.a, eta azkena. Kitto. Egileek berek idatzi zuten euren epitafioa Eskualdeko aldizkarirantz izenpean. -rantz. Nora zoaz, nora goaz bide galdu honetatik...


 

Prentsa lokala goraka, eta Lekeition kontrako bidean: desagertu. Ordurako, galduta zeuden sekulan santan Sustraia, Kostra eta Dzanga (bigarren bizialdi bat izango zuen 1999-2003ko legegintzaldian).

Lea-Artibai eskualdeko aldizkari bateratu bat amestu zuten, baina asko geratzen zen oraindik Lea-Artibai eta Mutrikuko HITZA agertzeko.

Zabaldu zen bestelako paper inprimaturik: Lekeitio Kirol, Tximistakadak, ikastolako Dzingoa, baina herri prentsa hamar urtez egon zen mutu.

Dzangaren bigarren bizialdiarekin batera, 2000. urtean, ZER ESANA agertu zen (Lekeitioko gazteen ZER ESANA), produktu txukuna eta garai berrietako teknologiak aprobetxatuta egindakoa: inprentan eta azala koloretan. Baina, hark ere bi-hiru urte eutsi zion. Harrezkero, herriko prentsari dagokionez, basamortua.

Lea ibarrean Jeurt! aldizkaria izan da, eta  Lekeition bertan musikari begirako aldizkari espezializatu bat: Kitzika. Besterik? Bada...

Aurrerantzean, bigarren aroko Dzangak, Zer Esanak eta Sustraiak jartzen ahaleginduko gara. Eskuratzen ditugun neurrian; izan ere, 50 Sustraiak ez dira erraz lortzen eskatuta ditugun arren. Kitzikarik ez dugu bakar bat ere zoritxarrez.

Horiekin batera herrian zabaldu diren bestelako hainbat eskuorri ere jarriko ditugu. Ditugunak.

 

 


2025/04/17

 

Pescaderia Félix

Lorenen eta Xabierren argazkiez gain, bada besterik interesgarri Lekeitioko Udaletik 4an.

Egoera txarrean dauden etxeak, Hirigintza Komisioaren kezka nagusia izeneko artikulua dator 11.-13. orrialdeetan.

 


Eta honako berba hauekin hasten da

 

Ez igurtzi begirik, ondo irakurri duzue-eta: 1991ko irailaren 15ean erori zen Bixkokaleko 31. zenbakiko etxearen teilatua, handik gutxira bota zuten lurrera, eta hormak bakarrik geratu ziren tente. Aldamenekoa, 29a, ere sasoi hartan deklaratu zuten aurri-egoeran. Harrezkero, 2024ra arte, orube huts eta zikin bat egon da leku horretan. 32 urte.

Gero, Dendari kaleko 34a eta 32a bota zituzten. Eta han egon dira: jabeak ez zirela beren artean ados jartzen, arkeologia-hondarrak aurkitu zituztela... 32 urte.

Hirigintza Komisioan arduratuta zer gertatuko egoera txarrean zeuden etxe haietan. Gero gerokoak.

Honek guztionek begira eman digu, gogor eman ere. Indargarri, artikuluarekin batera argazki bat dator: garabidun kamioi bat lanean Bixkokaleko 31. zenbaki horretan.

 

 

Eta argazki horretan, xehetasun zirraragarri bat: PESCADERIA FELIX. Bixkokaleak bizia zuenean eta dendaz josita zegoenean, harategi bat eta arraindegi bat zeuden: harategia, Ramon Zubizarretarena eta arraindegia, Felix-ena (ez dakigu abizena), ez bata ez bestea Lekeition jaioak, baina biak lekeitiarrak. Felixek eta emazteak seme bat zuten adoptatua, Felix hura ere. Bada, Felix (Maixu Txatuenian ikasten zuen, eta ikasle ona zen por tzierto) semeak arazo bat zuen bihotzean, eta ezinbestekoa zuen ebaketa egitea. 12-13 urte zituela egin zioten. Ez zuen 14rik bete.

Hil zen Felix, eta lan baino egiten ez zuten senar-emazte bi haien munduak eta bizitzak ez zuen egin hobera. Azkenenan, beren jaioterriko bidea hartu zuten, Avilarantz. Peskateria han geratu zen, errotulua agerian zuela: PESCADERIA FELIX. Gero eta utziago, gero eta eroriago, azkenean narra egin zuen, Felixen eta haren familiaren irudi. 32 urte.

Eta guri zerbait hautsi zitzaigukean bihotzean, KRA! 

Malkoak euri balira...