2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/12/03

 

SUSTRAIA 42


Sustraia 42?  Sustraia 42a ez zen izan. Sustraien hurrenkeran, 1etik 51ra, 42 ez dago (edo guk ez daukagu), aurretik 13 egon ez zen moduan. Eta 9, ostera, birritan. Zergatik? Batek daki.
 
42 zenbaki bikoti pepelerdo bat da. 4+ 2 = 6 da. eta 6 =3 x 2 x 1 da, hau da, lehenengo hiru zenbaki primoen biderkadura; bada zer edo zer. Eta 6 Bakero handiak lepoan zeraman zenbakia da. 42/3 =14, eta 14 Cruiffen zenbakia da. Baina ez dugu pentsatzen zenakiok ez agertzearen arrazoi futbolean dagoenik.
 
Zer lotura dagoen 9, 13 eta 42ren artean? Bada, 42ren eta 9ren faktore-deskonposaketan 3 ageri da, eta 13 3n amaitzen da. Hori izango ote da lotura? 3 zenbakia, eta gaur, gainera, abenduaren 3a da, euskararen eguna. Aldarrikatu, eta burrukatu, osti!
 
10 urtean, 51 - 2 + 1 =50. Ez da zenkaki txarra, 50, zenbaki biribila; baina, kontuz: 0n amatzen da eta guk zerotik ihes egin behar dugu, nahiz eta aspaldion horretara jo nahian gabiltzan.
 

2025/12/01

 

SUSTRAIA 41

1983ko apirila 

Sakrilegio bat Sustraia 41 honen azalean: Pascual Abaroa eta, behean, NEGREO letra larri eta, imajinatzen dugu, beltzez idatzita. Hautsak harrotuko zituen horrek herrian: ez dugu pentsatu nahi ere zertzuk esango ziren eta noren kontra. Eta Sustraiako hauek, gainera, txantxetan: ez zuten, bada, azpian jarri HILEKO MARKARIK GOGORRENA. Behar da, e!
 
Hurrengo orrialdeetan lehenengo udal-legegintzaldi demokratikoaren balantzeak:Eusko alderdi Jeltzalearena eta Herri Kandidaturarenak. Zeuek irakurri. Sustraiakoek ez zuten eman iritzirik, baina hurrengo orrialdean 13 urteko nesken talde bat kexu da: asteburuetan ez da ezer antolatzen gazteentzat, eta, antolatzen bada, futbol txapelketak dira, eta, jakina, mutilentzat. Legengiltzadi hartako, eta harrezkerokoen puntu beltza: gazteak.
 
Zaharren Kongreso Estatala egin zen Alakant-en, eta zelan ez, Manuel Endeiza han izan zen Lekeitioko Elkartearen ordezkari.
 
Eta, lehen lerroan aipatu dugunaren harira, Lekeitioko Jubilatu eta Pentsionisten elkartearen gutuna udalari Pascual Abaroaren kontra egindako atentatua salatzeko eta eskabide bat egiteko: eskultura bere jatorrizko egoerara bueltzatzea lehenbailehen eta ekitaldi bat egitea herriko ongilearen izen ona goraipatzeko. Gutun honetan jakin dugu, gainera, negrero idazteaz gain aurpegia eta eskuak ere beltzez magoztu zizkiotela. Sustraiakoak hemen ere zirika aritu ziren: Langile baten galderak liburu baten aurrean kantuko letrak jarri zituzten, Beltord Bretht-en berbekin Mikel Laboak egindako kantua.
 



 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 41 kaleratutakoa
 
 
Sustraia  41aren originalak galduta dagoz, oraingoz. Sabiño, segi bila topako dituzu-eta. Pasatu ahalik eta arinen, hau eta falta ditugun besteak.

 

 

 

 

2025/11/29

 

SUSTRAIA 40

1983ko martxoa 

1983an, Lekeitioko jatetxeetan, euskaraz jatea ez zen normala, antza, nahiz eta hala beharko zukeen. Prim-ean eta Txopin bakarrik egin zitekeen hala. Euskal Herrian Euskaraz dixit. Ahoz, denok gara euskaldun eta euskaltzale, baina partikari erreparatzen diogunean...
 
Ibilaldiaz ere ari dira sustraia honetan: 1983koa Lekeition egin zen. Itaun bat dago: Hala ere, oraindik euskara erreibindikatu egin behar al da? 2025ean, euskara erreibindikatzen segitu behar dugu. Kontua da zenbat eragile desberdin dauden euskararen aldeko kontu horretan, eta nork bere erreibindikazio-aldarri-ekimen-ekitaldia duela: Ikastolek 5 horietatik bi aldarri bikoitzekoak: euskara eta heziketa euskaraz jasotzeko eskubidea―; AEK-k bat, Korrika; Euskalgintzaren Kontseilua, UEMA; Euskal herrian Euskaraz... eta hala infinitoraino. Bien bitartean... 
 
Oi gu hemen bideak galduak
oi gu hemen bidean galduak 
heriotz minez ...  
...
Nundikan ezinaren mina 
zergatik errekan iluna 
egurra, kolpeka landua 
bide hustuak. 
 
 
Aurreraxeago eskola nazionalen publikoen― eta kontzertatuen arteko aldeez zer pentsatua ematen duen artikulua,
 
Potorrei, gustu hutsez, tiroka aritu zirenen ganeko 9 puntuko bertsoak ere badaude. Egunotan, tiroka aritzeko plazer hutsez, Sarajevon pertsonak ehizatze aldera dirutzak pagatu zituztela jakin izan dugu.  Gero eta ehizagai zailagoak edo arraroagoak edo debakatuagoak edo... kontua da ehizan aritzea.
 
Zikloturismoaz ere artikulu bat. Justu gaur, Berrizen autobus batek bizikletan zihoazen gazte bi jo eta bat hil eta bestea ospitalera bidali dituen egunean. 
 
Ondarroako bidea ere aipagai: 50 urtean konpontarik egin gabe egon, eta egin denean asfaltoa rakaneatzen, ezkerrean zuloa eta eskuman zuloa, jausi eta bertan betiko galdu. Beste 50 urte pasata konpondu zuten Tourra pasatu zelako bertatik: ea Tourra 5 urtetik behin pasatzen den gure lurraldetik!
 
Eta amaitzeko, artikulu bat euskalkiak direla eta. Euskalkien arazoa txarto ulertzen omen zen. Ez dirudi asko aurreratu dugunik horretan edo ulertzen hasi garen behintzat: herriko kaleetan sarri-sarri ikusten ditugu lekitxarkeriaz betetako kartelak. Eta kontua ez da batu-batuaz idaztea, baina berbak idazteko modu formal bat dute, eta olioa olioa da eta ez orijua, koipelustre alaenok.
 



 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 40 kaleratutakoa
 
 
Sustraia  40aren originalak galduta dagoz, oraingoz. Sabiño, segi bila topako dituzu-eta. Pasatu ahalik eta arinen, hau eta falta ditugun besteak.

 

2025/11/27

 

SUSTRAIA 38ko INKESTAK

1983ko urtarrila 

Erantzun ziren 25 inkestak salbatu egin dira, ez dira joan edukiontzi urdinera (edo berdera) gure ondarearen parte handi bat joan den moduan, eta eskaneatuta pasatu dizkigute.
 
Erantzunak denetakoak dira. Hona hemen hiru adibide:
 
Bizitzaren ikasketetan dabilen honek Osasuna eta Askatasuna izenpetzen du, anarkista samarra bera edo ijitoa (izatez, lema hori, jatorriz, ijitoena baita). Zapataren bertsioa Tierra y libertad izan zen eta badakigu nola amaitu zuten berak eta Pantxo Villak. Zer beste espero daiteke goizaldeko ordu bat eta erdietan inkestak betetzen dabilen batengandik.
 
 

 
 
Beste hau Kazetaritzako 4. maila ikasten dabil eta ez daki euskaraaz idazten. Martzianoa berau da benetan be. Ez da sustraiakide, orduan. Ikasiko ote zuen gerora?, bestela zelako kazetaritza praktikatu du, kazetari egin badu lan behintzat. Kirol kazetari-edo; izan ere, horiek ez dute atzo goizaldera arte eskaraz ezer idatzi. Munduko kontu inportanteak inperio(ar)en hizkuntz(et)an idazten dira.
 

 
 
Beste hau astronauta ikasten dabil ―ez du argitzen aurreko martzianoaren kide edo familiko den―, eta han goitik dena hobeto ikusten denez, egia santu bi dinoz: lehenengoa, Sustraia ideologiaren aldetik nahaste borrastea dela, eta bigarrena "hikan" eran idatzi nahi baduzue, kontuz! denok ez gara hemafroditak. Hau da, hikan, gizona izan andrea izan desberdin jokazen da aditza, eta argitalpen idatzi batek kontuan hartu behar du hori. Inkesta honetan baina, begiratu eta erreparatu nola erabiltzen dituzten Sustraiakoek hikako formak.
 
 

 
 Inkestak ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 38ko inkestak

Inkesta guztiak irakurrita, susmo bat daukagu guk: inkesta guztiak Zuluan batu ote ziren? Ez du ematen Leku Ederren asko batu zirenik, beharbada Inkenierua firmatzen duena. Eskerrak 82an datuen tratamendurako legea zer zen (edo izango zen) ere ez genekien, bestela...

 

2025/11/25

 

SUSTRAIA 39

1983ko urtarrila 

Azalean ez dator 1983, baina hurrenkerari erreparatuta... 
 
Sendo dator 39 hau, 44 orrialde. 5 urte betetzen zituen Sustraiak ―lehenengo zenbakia 1977ko gabonetan kaleratu zen―, eta ospatu egin behar. Ez da ohiko Sustraia bat, eta gehienbat balantzeak, kolaborazioek eta sormen sailak hartzen dute lekua.
 
Oraingoan editorial sendo bat, 5 urteen balantze bat, sormen saileko kolaboratzaile guztien lanen bat ―tartean, Natxiren bertsoak Sustraia goraipatzen eta kolaborazioak: Argia astekariko Xabier E. orduko Argietan begiratuta, E hori Etxanizena da―, Gotzon Garate, Angel Zelaieta, eta Jon Juaristi! Jon Juaristi, sasoi hartan, Lekeitiotik ibiltzen zen eta euskaltzalea zen ―erreparatu zeren gainean idatzi duen; orain, itxuraz, bestelakoa da, baina, gure lagun batek dionez, sakonean, euskaltzalea segitzen du izaten.
 
Erdiko orrialdeetan, 1983ra arte Sustraiatik pasatakoen esaldi bana. Abizen bakarra ageri da, besteak izen soil. Irakurri zer harrikada zeukan bakoitzak.
 
1983, droga gero eta egoera larriagoak eragiten ari zen. 
 
Elkarrizketa, Rufo Atxurra, isilean joandako belaunaldi baten ahotsa eta oroimena.
 
Euskadiko Ezkerrekoen artikulu bat Turismo batzordearen gainean.
 
Eta, 38. zenbakian kaleratutako inkestaren emaitzak: bitxiak. 25 erantzun, eta beste guztiek zertarako erabili zuten jakin zuten. Ez dira erabilera txarrak, ez horixe.
 
 





 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 39 kaleratutakoa
 
 

Sustraia 39aren originalak galduta dagoz, oraingoz. Sabiño, segi bila topako dituzu-eta. Pasatu ahalik eta arinen, hau eta falta ditugun besteak.

 

2025/11/23

 

 

SUSTRAIA 38

1982ko abendua 

Sustraia 38ak ez dakar egunerokorik, zoritxarrez. 
 
Eta, noiz eta abenduan!, San Antolinen balantze antzeko bat-edo. Gai nagusia, parte hartzea: antarretan bai, gainekoetan... eta Antzarrak bizirik/hilda dela eta egondako hika-mika (kontatu digute nahikoa zakarra izan zela, eta bati balkoitik behera botatzeko mehatxu egin ziotela) haren gaineko azalpen nahikoa apala.
 
Manuel Endeizari buruz egin dugu berba (goraipatuz haren lana, indarra eta ekimena) lehenago ere. Gaur, haren ahotik zuzen-zuzenean eagutzeko aukera duzue. Esaten dituen gauza askok 2025 honetan esandakoak ematen dute.
 
Urnietakoari buruzkoa zail egin zaigu ulertzen. Saiatuko gara argia bilatzen, eta ezer topatzen badugu, jarriko dugu hemen bertan.
 
Herrrian hiru (3) zinema-areto zeudeneko kontuak ere kontatzen dira. zelako pelikulak non eta aretoaren ezaugarriak. Beste garai batzuk ziren. Gora Buru eta Beitia laster desagertu ziren, eta zinebarrijak, Antzoki zinema bihurtuta, Gizarte etxea lurrera bota arte iraun zuen. Harrezkero, Ikusgarri daukagu. Gaitzerdi.
 
Bide batez, eta zer diren gauzak, Gora Buru zinema-arteoa batzokiaren eraikinean zegoen. Batzokia gerran bereganatu zuten frankistek eta Cosmopolitan izan zen hainbat urtetan. Batzokia alderdiarena da orain, baina 1920 urrun hartan Gora Buru elkarteak bultzau zuen. Herritarrok izen hori gorde genion frankismoaren aldi ilunenetan ere.  
 
Argia berriro joan zen herrian, eta horren gaineko hausnarketa bat ere ba dator: zelan galdu ditugun geure buruak geure ahaleginez zaintzeko abildadeak.
 
Azken orrialdea Pototok bete behar zuen. Indautxuko komisaldegian omen zeukan Poliziak. Sarri etortzen omen ziren haren bila. Azkenean, ihes gin zuen eta benetan saltsan sartu. 
 
Elkarrizketa, esan bezala, Manuel Endeiza.    
 
Eta kontu bitxi bat: aleak, erdian, inkesta bat zekarren betetzeko, nahikoa katxondoa.
 
 


Beteta entregatzeko leku bi: gazteentzat, Zuloa (gazteek, 1982an, Zulua zuten bilgune), eta, karrozentzat, Leku Eder.






 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 38 kaleratutakoa
 
 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 38 originaletatik

Orrialde bat falta da, 11.a, umearen irudia. Ea agertzen den originala! 

 

2025/11/21

 

SUSTRAIA 37

1982ko urria 

Tetriko samar hasten da Sustraia 37a: hildakoak eta labankadaz zaurituak. Ez dakigu nor zen Lekeitio izeneko arrantzalea, bai, ostera, Mendexarreneko mutila: Fran Meabe, euskaldun izategatik sartu zioten kutxiloa Valladoliden. 1982ko mundiala (futbolekoa, jakina; besteak ez dira mundilak) Espainian jokatu zen eta horren kontura konpondu zituzten futbol zelaiak (diru piblokoarekin, jakina), eta tartean, antza denez, Josefateko zelaia. Azken egunean han batuko omen gara, eta ezkerraldean egoteko gomendatzen diote Lekeitiori, bestela ez baitugu elkar ikusiko.
 
Guk aspaldi esan genuen gure herria musikeroen herria dugula, eta, gaur, Sustraia honetan, horren harikoa topa dugu: lasai egon, ez egin ikararik, joko ditek txistua. Aspaldiko hartan ere haizeak leku beretik jotzen zuen seinale.
 
82ko urria eta haueskundeak. Felipito Señor X Gonzalezek irabazi zituen haueteskunde orokorrak eta bere P(SO)Ek. Modernitatea saldu ziguten, baina ba dakigu zer ekarri zigun: Barrionuevo, Zen plana (Zona Especial Norte), Cassinello generala, GAL, Galindo eta Amedo, heroina...
 
ZEN planak euskal gaztedia oso-osorik kriminalizatu zuen, denak ziren susmagarri.  
 
"Desconfie especialmente de persona jóvenes, sobre todo si visten anorak oscuro, pantalón vaquero, zapatillas deportivas y bolsa de deportes"
 
RIP eta Eskorbuto taldeek (horietako gehienak ere Josafateko zelaian ditugu zain) disko bat kaleratu zuten akronimo haren izen berarekin 
 
 

 
Eta, lerro artean, izen mitiko bi: Jai klub eta  Kabaua. Gaur egun biak zarratuta behin betiko. Gezurra ematen du: garai batean ezin zen horiek barik bizi, eta gaur, ostera, ez ditugu behar ezertarako. Nola aldatzen diren gauzak, kamarada.

Elkarrizketa, Taurus. Taurus behar zuen izan, gero Maria Errota, geroago Itsaso Petronor eta, azkenean, Atila. Lehenenago ere egin dugu berba honen gainean.
 
erreleboa noiz? izeneko artikuluan azken 50 urteetako kontua bat: berba eta berba euskaldunon arazoen gainean, baina aldaketak ez dira sekula etorri.
 
Emakumeen ohiko artikuluan ere gai errekurrenteak: dibortzio eskubidea badugu, baina beste guztiaren alde borrokatzen segitu beharrean gaude. Eta, ezin esan egoerak hoberako itxurarik duenik. Sasoi txarrak datoz. Gora borroka feminista!
 
Ganera, zorioneko berba bat: Tradizioa. Antzarren gaineko artikuluan jarri genuen talde batek, 1983an, udaletxean, antzarrak hilda jartzearen aldeko manifestua bat aurkeztu zuela. Sustraia honetan kontatzen denez, 1982an halako saialdi bat egon zen: okertuta ote gaude eta 1983 jarri genuen lekuan 1982 jarri behar dugu, edo ekimen beraren une diferente bi ote dira? Seguruenik urte bete atzeratu dugu geuk saialdi hura.
 
Jo adarrako txisteek, berriz, gaur egun ez lukete lekurik ez halako aldizkari batean ezta beste inon.
 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 37 kaleratutakoa
 
 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 37 originaletatik

Orrialde bat falta da, umearen irudia. Ea agertzen den originala!