2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/10/25

 

1991ko urriaren 25a


Gaurko egunez, 1991n, Jabi Goitia Elordi Kabi hil zen Bilboko Ibarrekolanda auzoan, eskuetan omen zuen lehengailuak eztanda eginda. Lekeitiarra zen, eta etakidea.



2025/10/23

 

KITZIKA 1

2007ko otsaila-martxoa 

Papergintza zabala izan dugu azken urtean blog honetan. Gauza asko falta dira eta asko geratuko dira aipatu gabe ez daukagulako informaziorik horien gainean, baina hori ezin da izan Kitzikaren kasua. Prentsa eta aldizkarigintzan Lekeition izan den asko puntazoa!
 
Badakizue, eta irakurri bagaituzue jakin beharko zenukete, zer pentsatzen dugun Lekeitioren eta kulturaren arteko ebaketaz: osagai bakarreko multzoa dela. Badira tarteka agertzen diren bestelako osagaiak, baina beti irauten du batek, musikak. Musika haren aldaera guztietan: txarangerua, poperua, rockerua, punkerua, metalerua, horien arteko nahasketa posible guztiak, koralerua... Hori bai: 1867ko udaberrian gazte talde batek ―gazteak izan behar orduan ere― bultzatu eta sortutako musika bandaren bidea eteteko damurik ez dogu izan. Kontserbatoriokoa kontserbadoreegia, behar bada, gure belarrietarako!
 
Eta hain musikazale den herri batean, apena zegoen informaziorik unean uneko musika joeren eta horien protagonisten gainean. Harik eta Kitzika sortu zen arte 2007ko otsailean.
 
Hiru lekeitiar gaztek Ibon Goikoetxea, Iban Galletebeitia eta Peru Badiola― pentsatu zuten: batetik bestera ibiltzen gara kontzerturik kontzertu, baina informazio falta handia izaten dugu (diska berriak, kontzertuak non-noiz ziren, musika taldeen asmoak eta joan-etorriak...), eta... zergatik ez dugu geuk sortzen aldizkari bat hutsune hori betetzeko. Bada, pentsatu eta egin. 
 
Aho zabalik geratu ginen atera zenean, eta harrituago hiru lagun bakarrik zirela jakin genuenean: kontzertuetara joan, elkarrizketak egin, maketatu, banatu (debalde). Flipa txabal/potxua!
 
Indarrik bada gurean (gure herrian eta kulturaren arloan), baina, beti bezala, gutxi batzuk aritzen dira horretan, eta normalean ez dute laguntza eta ardura handirik sumatzen herritarren partetik, eta are gutxiago udalarenetik. Kulturak ez du saltzen, eta Lekeitioren izena beste batzuek zabaltzen dute gure mundutxoan barrena; dirua, beraz, horientzat da. 
 
jaioko dira berriak kantatu zuen Xenpelarrek, eta jaioko dira, egon lasai. Gure ardura izango da bizirik irautea.
 
 
 

 Ibon Goikoetxea, Iban Galletebeitia eta Peru Badiola

 

Kitzika argi bizi bat izan zen batzuentzat, Lekeition eta Eskal Herri osoan, eta sudurraren puntan jartzen zaiguna entzutea aholkatu ziguten; hori bai, musika entzuteko eskatu ziguten.  Haien webean diotenez,

 

Kitzika Musika aldizkaria 2007ko Otsailean jaio zen

…Lekitttotik zuzenian kresalan indarraaz eta freskotasunaz beteta, alternatiba bat nahi dau ixan kitzikak zuen belarrixentzako. Diskoetxien dirua mantekilla moduan untata eztaukazen mikroetatik, bi ahots izango dozuez astero zuekin  Arrakala irratixan 107.7fm-an eta underground musikal aberatsetik, askatasunez eta belarrixetako zera faltsu hori kentzeko ilusnoiagaz beste lau langile altruista ixango duzuez aldizkarixen editazinoian. Beste musika bat existiduten dabelako, horren bozgorailu nahi dogu ixan kitzika irratsaiuen bidez, horregaitxik arrakalan. Zein itxasotan murgilduko da gure entzulia? Ba metaletik hasi eta bere adar guztixetara zabaltzen dirazen ibaixetatik ziar…. dala hardcore, dala pop alternatibuena, baitxa punk eta rockak be bere tokixa eukiko dabe, gure aldizkarixan. Beraz, max-mix hori izpide hartunda gure txalupa barrixa estreinateko prest gagoz marrazuen itsaso honetan gure Lekittotik hasi eta EH arte. Gure ilusinoia belarrixatik ziar musikagaz entzulia aberastia da. Beste mundu hori ezkutukua, patroi komertzial handixagaz tapatzen dabena egunero lau txori txiki edo handi gaitxik, mundu ezkutu horreri tapia altza nahi dotzagu eta entzulegua kitzikatu… entzun beza bakotxak surren puntan ipintxen jakona…, kitzikatu musika, Musikatu kitzika!!!


 
 

 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kitzika 1


 


2025/10/21

 

SUSTRAIA 27

1981eko otsaila 

Aurreko editoriala, etsigarria; oraingoa, ostera, pozgarria. Bada, bai! Batzar deiak izan oihartzunik eta etekinik. 14 lagun mando batu ziren Gizart Etxeko bigarren pisuan, eta adorea hartu Sustraiari eusteko. Eta berri ekonomiko bat: aldizkariaren salneurria igo beharrean zeuden, 25 pezetatik 30 era, % 20ko igoera. Diru zikinik gabe nora joango ginduzkean, ba?
 
Hemerotekan ere bada zeri erreparatu. Herria-ren 29. alean hau zekarren: Amnistia etzen inoiz heldu (gogoratu 1981 zela). Ez zekiten sekula ez zela helduko (eta 2025ean gaude, eta ETAk 2011n utzi zuen borroka armatua). ERE aldizkarikoa ere bitxia da: aldea omen zegoen Donostiko eta Bilboko rock zaleen artean. Halakorik!
 
Sustraia 25ean kontatu ziguten Eusebio Maria de Azkue ikastetxean (beti eskola komarkala esan dioguna) txapuza larriak zeudela (tartean beroketa sisteman) eta azaroan greba egitea erabaki zutela (urtarrilean egin zuten hotzen zegoenena). Bada, otsailean plenoa izan zen gai honen kontura eta Udalari (EAJri esan nahi da) ez zitzaion bidezkoa begitandu greba egitea. Zabarkeria eskola publikoen baldintzatean nabarmena zen sasoi hartan: 1980ko urriaren 23an, Ortuellako eskolan, beroketa sistemak eztanda egin zuen eta 52 pertsona hil ziren, haur eta nagusi. Beheko eskuorria 1982-83 ikasturtekoa da, baina argigarria gai honetan (Lekeition ere banatu zen).
 
 

 Eskuorria eskuratzeko egin klik hemen
 
 
 
Guraso eskola bat sortu zen herrian. Premia ei zegoen. Orain ere bai, baina ez dugu halakorik!
 
Eta beste hainbat gai: Arte eskola eta II. diapositiba lehiaketa, bertsoak eta poesiak, bestelako oroitzapenak, eta Mendexara mediku erdaldun hutsa bialdu zutenekoa.
 
 
 


   
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 27 kaleratutakoa


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 27 originaletatik

 

2025/10/19

 

SUSTRAIA 26

1981eko urtarrila 

Editorial etsigarria Sustraia 26an: ez diote etorkizun onik ikusten aldizkariari, nekatuta eta sakabanatuta daude... Irakurtzen baduzue jakingo duzue nola sentitzen ziren. Batzar bat deitu zuten aurrera begira zer egin erabakitzeko, eta emaitza ona izan zuen, antza: beste 25 zenbaki kaleratu zituzten, tartean Azkueren ale berezia. 
 
Editorial honen bidez jakin, gainera, dugu nor den Isidro Berraondo. Aurreko zenbakian esan zutenez, Berraondo Galizian zegoen soldadu, eta zenbaki honetan ageri da Jose Ramon Galizian dagoela, beraz Berraondo hori Jose Ramon Zubizarreta da.
 
Horretaz gain, sendoago etorri zen Sustraia 26 hau. Lehenengo Korrikaren gaineko informazioa (artikulu bi). Ordu bete atzeratuta heldu zen. Eta bigarrena eta hirugarrena ere ordua pasata ailegatu ziren Lekeitiora. Ezeren seinale? Izan ere, hizkuntza kontuetan atzeratuta segitzen dugu. Xabier Amurizak goraipatu zuen bere hizkuntzaren alde korrika egiten duen herria. Eta korrika segitzen dugu: iaz izan zen 23. Korrika. Bere hizkuntzaren alde korrika egiten duen herriak horixe baino ez du egiten: korrika.
 
Udalak, behintzat, diru laguntza bat eman zuen. Zer beste!
 
 
Lulu zen orduan AEKren arduraduna Lekeition. 1982an, bigarren Korrika egin zenean, Lekeition ez zegoen AEK, osaba-loben arteko tira-birak tarteko.

Aurreko zenbakian Ikastolaz egiten zen berba, eta oraingoan inagurazioaz egiten da berba. Egutegian dator esaldi gakoa: Ea Euskal Eskola Publikoaren oinarria izaten den! 1993an galdu zen horretarako aukera. Harrezkero, eskola nazionalak (estatalak esaten da egutegi horretan bertan)  dira euskal eskola publikoa eta ikastola ikastetxe kontzertatua. Aitortu behar da horrek Euskadi izeneko barruti autonomorako baino ez duela balio.  Euskal Herri osoan kontuak bestelakoak dira. 
 

 Eskuorria jaisteko, egin klik hemen
 
Don Antoniok antolatutako Jostailu Zaharren Erakusketa ere aipatzen da, eta elkarrizketa bat dago  berarekin kontu horren gainean. Ba ote dago argazkirik edo bideorik? Bestela, zaharrak ere ez dira izango, galduak baino.

Azti ere ibili ziren telebistaren gaineko artikuluan: Talebistari euskal adjektiboa lotzeak ez dio ezelako balio gehigarririk ematen. Ez orduan ez orain. 

Eta Maite Tabernaren kontrako atentatua dator.
 
Maite tabernaren kontrako atentatuaren berri Egin-en
 

 
Maite tabernaren kontrako atentatuaren berri El Correo-en 
 



 Maite tabernaren kontrako atentatuaren erreibindikazioa El Correo-en
 
 

 
 
 
Kalteak kanpoko aldean izan ziren, eta sustoa gorputzean. Istorio honek, baina, badu bere intrahistoria; izan ere, hori ez zen erasotzaileen asmoa: lehenengo, tiro egin zioten kristalari hura lurrera botatzeko asmotan, eta, hori eginda, lehergailua jaurti zuten barruan lehertu zedin. Zorionez, ez zen beren asmoen moduan gertatu. 
 
Eta zer gertatu zen, bada? Bada, kristala ez zela erori tiroak zulatu baino ez zuen egin eta lehergailua, kristalean errebotatuta, losan lehertu zela. Mirari bat? Ez kasualitate bat! Urte hartako Sanantolinetan Bittor Goitiz Bittor señortxunekuak kristalari ostikada bat eman, eta apurtu egin zuen. Iñaki Uriarte Iñaki Maitekuak eta Jon Goikoetxea Jon Maitekuak Bittorren, seguruaren eta beren aldetik ipinitako diruekin krital apurtezina jarri zuten berriro halakorik ez gertatzeko. Ordu onean pentsatua! Horregatik ez zen gertatu okerragorik. Barruan, Juan Mari Goikoetxea Gorri edo Juan Anton Ugarriza Tako edo biak, barran ez dakigu. Barra muturreko zutabean, Gorri eta Tako jesartzen ziren tokian, beren buruak baino arra bat gorago, tiroaren marka. Ufff!
 

 Gorri eta Tako
 
Sustraia honetan bertan jakin dugu Triple A-korik ez zutela atxilotu. Baina, atxilotuak izan ziren. Nortzuk? Bada, atentatua egiteko lapurtu zuten kotxearen jabea eta hura askatu zuten lau lagunak. Trabajamos por su seguridad, por la seguridad de todo el pueblo vasco, kantatu zuten gero Hertzainakoek. 
 



  
 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 26 kaleratutakoa


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 26 originaletatik

 

2025/10/17

 

SUSTRAIA 25

1980ko abendua 

Historia gogoratzeko gaiak Sustraia 25ean. Esaterako, urtetan batetik bestera ibilita (Gixarte etxea, San Jose ikastetxea), Resurreccion Maria de Azkue ikastolak behin betiko eraikina inaguratu zuen, eta akabo noraeza.
 
Kristo Portalekoa edo humillaeroa lurrera etorri zen Maderas Eigurenera egurretan etorritako kamioi batek jota. Ez zegoen egoera onean, eta konpontzeko premia zuen ―inork ez zuen ardura hori hartu nahi―. Behin lurra jota, jauregikoak behin betiko kentzen ahalegindu ziren, eta orduan konturatu ziren beste batzuk zer balio zuen. Konpondu zen eta hor segitzen du historiaren ikur.
 
Herri kiroletako talde bat ere izan zen sasoi hartan, Aittitta Makurra, dagoeneko desagertua.
 
Udalaren kontu batzuk ere ageri dira, bat nabarmena: Sustraiako hauek beren orriak eskaini zizkioten Udalari herritarrei udal kontuak azaltzeko. Udalaren erantzuna? Ezetz. 10 urte beharko ziren udal aldizkari bat sortzeko, Lekeitioko Udaletik, eta 4 zenbaki ziztrin baino ez zituen kaleratu (hori bai, laurak kalitatekoak). Zertarako behar ote dute herritarrek udalaren barrukoen nondik norakoen gaineko informazioa?
 
Eta urriko eta azaroko berriak ere bero-bero: grebak, entrepresak zarratu, txapuzak obra publikoetan, Itsas Soinuaren arrakasta... Sustraia bera ere herren geratu omen zen; izan ere, Berraondo  ―artikulu bitxi horien egilea― soldadu eraman omen zuten. Egunen batean jarriko ditugu hor aritutakoen izenak, baina... nor demontre da Berraondo? Eta beste bat bitxia: lur sail bat debalde eskaini bertan erakusketa gune bat egiteko, eta udalak ezetz, diru asko zela-eta horretarako gastatu beharrekoa. Kulturaren patua Lekeition. 
 
Eta erakusgela? Bada, batetik bestera ibilita ―Gizarte etxean, Ikusgarri; Plazan, Baradiarran aretoa, 45 urte geroago hor daukagu eremu triste bat Eskolapean. Bien bitartean, Kofradia Zaharra eta Abaroa jauregia sitsak jaten.
 
Prentsa euskaraz dela eta, halakoak banatu ziren herrian
 
 
 
Eskuorria ikusteko eta jaisteko egin klik hemen
 
Beste 10 urte beharko ziren euskara hutseko egunkari nazional bat ikusteko gurean (Euskaldunon Egunkaria). 2003an zarratu zuen Audientzia nazionaleko Juan del Olmo epaileak ETAren tresna zela argudiatuta. Ez genuen etsi: lau hilabete geroago kalean zen Berria. Egunkaria ikusi nahi izanez gero, interneten dago hemeroteka osoa eskuragarri.
 
Euskal prentsaren laguntzarako beste hau ere garai hartan banatu zen 
 
 
Eskuorria ikusteko eta jaisteko egin klik hemen 

 
 




 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 25 kaleratutakoa


 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 25 originaletatik

 

2025/10/15

 

SUSTRAIA 24

1980ko urria
 
Bitxia daukagun alea. Jose Ramón (B.V.) dauka idatzita. Batek daki nola heldu den gure eskuetara. Detektibe lanetan ibili izan gara hemen jarritako material guztia biltzeko, eta, halako batean, berriro langintza berean: nor ote da hemen datorren hau? Badakigu Sustraiak bazkide zerrenda bat zuela (zoritxarrez, ez daukagu zerrenda hori, baina gustatuko litzaiguke), eta etxerik etxe banatzen zietela bazkide haiei. Gure alea Jose Ramon horrentzat zen halakoxea. Heldu ote zitzaion? Gu, izenburuan jasota dugunez, errekistuan ibili gara hango eta hemengo ganbaretan eta lagunei galde-eskean, eta hala helduko zen gure eskuetara. Jose Ramon hori nor izan daitekeen galdetu dugu, eta pistatxo bat eman digute. B.V. hori Banco de Vizcaya bada, Jose Ramon hori Jose Ramon Urdiain izan daiteke, sasoi hartan Lekeitioko banku horren egoitzako zuzendaria. Si non e bero e ben trovato.  Eta badu dugu halako beste alerik ere. 
 
 
Edukia? Bada... Austriar emakume bidaiari-erreportari bat jaien lekuko eta haren nondik norakoak gure herriko aldizkarian; San Antolin jaien balantze bi; alkoholaren eta porroaren problematika, eta nola porroak ez erretzea karkaren sinonimoa zen sasoi hartan; haurren saila, kreazioa...
 

 

 

 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 24 kaleratutakoa

 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 24 originaletatik

2025/10/14

 

1978ko urriaren 14a


Gaurko egunez, 1978an, ETAk Alberto Villena Castillo hil zuen Lekeitioko portuan. Alberto karabineroa zen. El Padul-ekoa (Granada) zen.