Boikota Iberduerori!
Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Boicot a Iberduero!!!
Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Boicot a Iberduero!!!
KOSTRA 5ari buruzko sarreran, Otoiko antenari buruzko zenbait kontutxoren gainean aritu ginen, eta sasoi hartan zabaldutako eskuorri baten lagintxo bat ere jarri genizuen ikusgai. Zoritxarrez, ez genuen eskuorri osoa. Baina, hara, agertu egin da. Ez dago gauza hoberik sariak eskaintzea baino jendeak beren ganbarak errekistatu ditzan. Zer egin dezaketen pote batek eta pintxo batek! Pozarren beteko dugu agindutakoa. Eta, 2-3 pagateko ere prest gaude.
Eskerrik asko, txo/potxua!
Aulestiko gasaren eskuorrian agertu da Bermeoko kalatxoriaren kontua, naiz eta inoiz ez den izan ez kalatxori ez antxeta ez ostirik. Beti izan da La Gaviota.
Sasoi hartan, Iberduero (gaur egun, Iberdrola) zen ekologista-antinuklearren etsai nagusia; izan ere, euskal itsas bazter guztia zentral nuklearrez josi nahi zuen. Baina, isilean, beste batzuk ere hor ari ziren bazterrak nahasten. Tartean, Repsol. Tarteko Bermeoko gasean, eta tarteko Aulestikoan ere.
Eta, petrolioa beltza bada ere, zuri eta berde agertu nahi: sinistarazi nahi ziguten dena zela txukun eta garbia, gure mesedetan ari zirela... Uranioa bezain txukun eta garbia: Zero hondakin. Gurea suertea halako jende zintzoa ardura horretan aritzea gure onean.
Baina inozo samarrak ziren/ginen arren, ez ziren/ginen erabat lerdoak, eta bagenekien zer den zurikeria. Ze, zurikeria ez da gaurko inbentoa. Pentsa, Repsolen euskal adarrak, Petronorrek, inkurtsio eskuzabal bat egin zuen Leketion: Eiguren astilleruan egin zen goleta bat, ustez munduari buelta ematekoa zena, lagundu zuen diruz. Eta, hala, Maria Errota izenez jaio zena Petronor izatera pasatu zen, eta Atila da gaur egun. Ia udaro ikusten dugu portuan.
Zurikeria zurikeriaren gainean, bisita gidatuak-eta antolatzen zituzten eskola-ikastoletako umeentzat, eta eskuorriak-eta zabaltzen zituzten, euskaraz gainera, beren ustezko onurak zabaltzen. Baina antxeta izena erabili arren, guztiok genekien zer zen La Gaviota.
Aspaldian, Aulestin gasa zegoelako zurrumurrua zabaldu zen Lea ibarrean. Batzuk, aberastuko zirelakoan, eta beste batzuk, arduratuta, betikoek beti lez zer triskantza egingo.
Zulatzen ere hasi ziren. Ez zuten ezer aurkitu, antza; edo ezer aurkitu bazuten, ez zitzaien errentagarri begitandu. Orubea han dago, ezertarako ere ez.
Nork salatu zuen hango tejemanejea? Galdetu ere!
Gune honetan ari garenok badugu, dagoeneko, adin bat. Adinarekin, batzuek memoria galtzen dute eta beste batzuek, berreskuratu. Guri, lauso bada ere, zerbait etorri zaigu burura Lekeitioko Udaletik 2an Amotoko zabortegiari buruzko zertzeladatxoak irakurri ditugunean.
Guk hiru zabortegi ezagutu ditugu Lekeition. Lehenengoa, Santa Katalinako bidekoa, kolunpioak baino haratxoago, gaur egun atseden gune bat dagoen lekuan (2-3 aulki eta begiralekua). Gure lohiak, gure zaborrak, zuzen-zuzenean uretara.
Gero, norbaiti otuko zitzaion hori ez zela batere bidezkoa eta Gardatako bide zaharrean egin zuten beste bat. Gaur egun, goiko parkinaren zati bat eta saihesbidearen beste bat dagoz haren gainean. Zementoa zaborra ezkutatzeko. 80ko hamarkadaren hasieran biak ere erabili ziren aldi berean: Iñaki Maximak eta Iñaki Abekrimek (Abd el-Krim-etik dator) erabakitzen zuten non bota, noiz, zer. Itsasoak dena garbitzen zuen antza, baina Gardatakoak arazo gehiago zituen (arratoiak, lixibiatuak, hatsa...). Herritar batzuk eta inguruko baserritarrak arduratuta zeuden. Marmarra zegoen herrian, eta pintadak.
Lekeition, mugimendu antinuklear indartsu bat zegoen. Antinuklearrak esaten genien, orduko arazo nagusia Lemoizeko zentral nuklearra zelako eta horren kontra ari zirelako sutsu, baina edozein eraso ekologiko gertatzen zenean, han zeuden haiek: Miren Tere Aboitiz, Igone Kazalis, Agurtzane Gogenola, Marisol Atxurra, Julen Atxurra Pototo, Jabi Barcina, Juan Daniel Ruiz Mimi, Lurdes Gabikagogeaskoa Lulu... Borroka guztiak galdu zituzten (genituen, gu ere haien atzetik joaten ginen-eta), Lemoizen kontrakoa izan ezik (baina orain ez gara hasiko kontatzen zergatik irabazi zen). Beste batzuek amnistiakoak eta autonomoak esaten zien, eta borroka hori ere irabazi egin zuten (horren arrazoia kontatzen ere ez dugu galduko denborarik).
Eta, Gardatakoak ganez egitean, gure ezagutzako hirugarren zabortegia Amotoko lurretan egitea proposatu zenean, han zeuden haiek kontuak eskatzeko.
Hor esaten denez, Lea-Artibaiko Udalek batzorde bat osatu zuten zabortegiaren kontra-edo. Eta osatu zen.
1987-2-6
700 urteurrena. Urteurrena aurten da, baina 700 aspaldi da. Eta hain aspaldi! Benetako iragana. Eta hala antolatu dira 700 urteurren honetako ekitaldi gehientsuenak: iraganari begira, urruneko iraganari.
Baina, 700 bezain iragan dira 100 urte edo 50 urte. Hurrekoak ere merezi du orain 400ekoetan ipintzen ari garen arretaren partetxo bat. Egia esateko, denari ere ezin zaio erreparatu, baina... Ea ez zaigun gertatzen Silvio Rodriguezen Fábula de los tres hermanos kantukoa.
Ez dakigu zer gertatuko litzatekeen iragan hurbilari behar bezala (metodo zientifikoarekin) erreparatuko bagenio, baina, hori ziur, ez litzaiguke gertatuko Xabier Kaltzakorta markinarrak emandako Lekeitioko tradiziozko kantak hitzaldian (hitzaldi dotorea bestalde) pasatu zena. Han ari zen Xabier Juan Antonio Aboitiz-en kantu baten berri ematen: hitzak heldu zaizkigula baina musika ez, eta letra irakurriko zuela eta gero kantatu egingo genuela denok batera horretarako propio Ibon Rodriguezek sorturiko musikarekin...
Hasi zen Xabier olerkiko ahapaldiak irakurtzen, eta gelan run-run bat entzun zen. Eta batzuk haserre, isiltzeko eske. Baina zergatik isildu behar zuen Goitia jaunak (barkatu, baina izena ez dakigu)? Izan ere, Xabier irakurtzen ari zen ahapaldi haiek berak jatorrizko musikarekin abesten zegoen. Iragan hurbilari behar lez ez erreparatzearen ajeak.
Denari erreparatu behar zaio, baina denari ezin, eta iraganekoak ere geratuko dira hor nonbait, linboan edo. Horregatik, gaurkoan, Bizkaiko Aldundiaren babesean argitaratutako liburu bat dakargu zuentzat. Denak dira iragan zaharraren gainekoak, Iñaki Goioganarena izan ezik. Eskertzen da.
Liburua eskuratzeko, egin klik hemen: Lequeitio, Bizkaiko Aldundia
Mitxel Ondarroako Zubi Zahar ikastolan ari zen irakasle 1973-74 ikasturtea baino lehen, eta ordurako asmatua zuen aditza irakasteko trikimailu bat
Ondarroan, 1972-1973an hasi ziren Gau Eskolak, 1973-74 Lekeition, eta Markinan ez zegoen ezer. Gainera, irakasleak falta ziren eskualde osoan. Hutsune hori konpontzeko, ikastaro bat antolatu zen 1975-76 ikasturtean Markinan, eta klaseak Vera Cruz ikastetxeko geletan eman ziren larunbat arratsaldeetan eta igande goizetan. Maila bi antolatu ziren: bata, aurretiaz 73-74an Gau Eskoletan ibilitakoekin eta bestea, 74-75 ikasturtean apuntakoekin eta ibili gabekoekin. Irakasleak, hurrenez hurren: Josetxu Llerandi eta Mitxel Kaltzakorta. Euskal Herriko historia ere izan zen ikasgai, eta irakasle Abel Ariznabarreta aritu zen.
Urte hartan argitaratutako Alfabetatzen 1 metodoa erabili zen testu liburu
Anaitasuna aldizkariak zenbaki oso bat prestatu zuen Bizkaiko Alfabetatze-euskalduntzearen berri ematen.
Aldizkari horretan, Bizkaiko Alfabetatze-euskalduntzearen nondik norakoa guztiak daude jasota, Lea Artibaikoa barne.
Lea Artibaiko horretan jasota daude Lekeitioko irakasle formatu berrien izenak: Aintzane Aboitiz, Sorkunde Txurruka eta Ramon Egurrola. Aurrerago, 1978an Alfabetatze Batzordeak Euskaltzaindiatik bereizi eta nortasun propioa hartu zuenean (AEK), horiek izango ziren lehenengo irakasleak Lekeition.
Esanda dago Alfabetatze klaseak, Lekeition, Gizarte Etxean ematen hasi zirela, eta gerora ere han emango ziren, baina...
Mitxelek hauek guztiak eta Lekeitioko euskalgintzari buruzko beste hainbat kontu Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian eman zituen argitara, 2001eko azaroan Euskaltzaindiak, Resurrección Maria Azkueren heriotzaren 50. urteurrena aitzaki, Lekeition antolatutako ekitaldietan eman zuen hitzaldiaren harira: EUSKALGINTZA LEKEITION 1970-1977 INGURUAN, Mitxel Kaltzakorta, Euskara 46.
Bada, Gau Eskolak Euskaltzaidiaren gerizapeko Alfabetatze batzordeak antolatu zituen urteetan (1973-1978) Mitxel Kaltzakorta izan zen Lea Artibaiko koordinatzailea, eta domekero-domekero hartzen zuen parte Zornotzako karmeldarren irakastegian, Jon Aurre arduradun zela, Alfabetatze Batzordeak egiten zituen koordinazio-bileretan.
Egia esateko, amaitu 25-ek hori, guk dakigunez, lar optimista da. Ikasle izan ziren batzuen bidez dakigu guk aste santuan, eguraldi ona tarteko, dozena bat eskasera murriztu zela taldea. Baina, ahalegin hark bidea egin zuen: Markinako ikastaroa, irakasle berriak, ikasle berriak, AEK... eta gaur arte.
Eta amaitzeko, Mitxelen beste lan bat, beraren izenik ageri ez bada ere:
Eusko Jaurlaritzaren aurreko Euskal Kontseilu Nagusiak, Hezkuntzan Hizkuntz ereduak ezartzeko bidean, irakaskuntzarako Hizkuntz Edukiekin kaleratutako liburukia.