2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/03/31

 

LEKEITIOKO UDALETIK 3

 



 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitioko Udaletik 3

Oraingoan, 1991ko hauteskundeentan nor izan ziren hautatuak ageri da, udal batzordeen egitura eta asmoak... 

Beste hainbat gai interesgarri ere lantzen dira: etxebizitzaren arazoa, turismoa, lana eskualdean, industria poligonoak, kooperatibak, turismoa...

Astia hartzen baduzue, irakurri, aztertu eta alderatu gaur bizi dugun egoerarekin: etxebizitzaren kontua arazoa larria da, ez dago lanik herrian, arrantzarenak kristalezko bolatik ateratakoa ematen du, ez dugu turismoarik nahi baina beti ari gara turismoa hau eta turismoa bestea, eta horrela beste gaia asko.

Alderatu, alderatu.

2025/03/29

Elixapia

(berdin, Kontzijopia)

 

Gamixek (Juan Luis Plaza) begiz jota dauka Elixapia, edo halako zer edo zer. Makina bat irudi eta istorio kokatu ditu bertan. Eta interesgarria da herriko leku nabarmenak argazkietan eta irudietan jasota izatea herria nondik nora joan den konturatzeko. Nondik nora zergatik joan den jakitea gaitzagoa da, baina begiak dituenak pentsa beza.


Egunkarietan, 7 aldeak izeneko joko bat izaten da; guk, bakarra topatzea proposatzen dizuegu, eta pentsa.

 

 

Aurten, Elixapeko hormetan, 700 urteurrenaren gaineko erakusketa bat daukazue urte osoan. Joan, ikusi ondo, eta pentsa.
 


2025/03/27

 

Saneamentua II

 

Aurreko batean, Saneamentu sarea eta sistema izen genituen barban. Aipatu genuen 1981-82an arazoak izan zirela gai horren gainean eta haren kontrako mozioak jarri zituztela Herri Kandidaturak eta Euskadiko Ezkerrak. Mozio haiek eta beste aldean norbait zentzuzkoa egoteak geldiarazi zuten proiektua, eta beste hamar urte itxaron behar izan ziren fundamentuzko beste zerbait egiteko.

Bada, mozio haietako bat eskuratu dugu (Herri Kandidaturarena) eta hemen daukaze kuriositatea duenak irakurtzeko. Bide batez, testu horretan ageri da nor ziren HK-ko zinegotziak une hartan (aurrerago jarriko dugu 1979ko hauteskunde haien gaineko beste zer edo zer)





Mozioa eskuratzeko, egin klik hemen: Saneamentuaren kontrako mozioa Herri Kandidatura 1982-05-14

 


2025/03/25

 

Parkeko arbolak

 

Baina ez pentsa beti igarten genuenik. Behin, 1980ko udazkenean, parkeko arbolak inausi zituzten eta sekulakoa montatu zen (genuen) herrian: astakeria zela, Santa Elenakoei itsasoa izkutatzen zietelako... Jendea muturta zebilen. Egunkarian ere agertu zen herriko udatiar entsute handiko baten lumatik.

 


Sasoi hartan herrian talde bi zeuden: mariñeruen mundukoak eta lihortarren mundukoak. Lehenengoek, itsasoko mundua bakarrik kontrolatzen zuten, eta, besteek, gehienak baserri mundutik etorritakoak izan arren ahaztuta zeukaten zer ziren zuhaitzak. Gogoan izan Lekeition beee egiten duen edozer bekerekea dela; muuuu egiten badu ganarua, eta beste guztiak patariak, zaldia, txerria, astoa eta mandoa izan ezik. Eta zuhaitzak denak dira arbola, pinua kenduta.

Kontua da ez marinelek, ez lihortarrek, ez udatiarrek ez genekiela zelan zaintzen diren arbolak, eta montatu zen montatu beharrekoa. Hain montatu zen, ezen udala behartuta egon zen argibideak ematen: zergatia azaldu zuen eta teknikoen txostena argitaratu.

Udatiar lumadunak, zerbait entzunda-edo, beste artikulu bat idatzi zuen aurreko purrustada arindu nahian, baina larregirik ere ez.


 

Eta esan bezala, Udalak teknikoen txostena argitaratu zuen.

 


Txostena euskaraz eta gaztelaniaz eskuratzeko, egin klik hemen: Parkeko arbolak inausten 1980-12-16

 

Halakorik! Harrezkero, sekula ez dugu ikusi udala antzekorik ere egiten, eta izan da, eta gaur bertan ere bada, halakoen premiarik. Adi bestela herrian zabal dabiltzan zurrumurru eta txutxu-mutxuei, zer dioten isilpeko mihi gaiztoeek.

Total, duela 44 urte, errua arbolena izan zen, txarto haztearren.


 

 


2025/03/23

 

Nuklearrak gure inguruan  

70.eko hamarkadan Iberduerok zeukan plan nuklearra ez zen txantxetan hartzekoa: erreaktore nuklear bina Lemoizen, Ogellan, Deban eta Tuteran. Euskal kosta nuklearra deitzen genuena.

Ogellan ezer gutxi egin zuten, Deban lurrak salduarazi zizkieten baserritarrei eta Iberdueroren esku geratu ziren onura sozialaren izenean (oraindik batzuk borrokan ari dira lurrok berreskuratzeko), eta Lemoizen aurrera egin zuten. Tuteran, Gladys del Estal hil zuten.

1979an, Three Mile Islandeko istripua (Harriskurg) gertatu zen eta nabari geratu zen zer arriskutsuak ziren zentral nuklearrak. Baina, zer ardura gure gerifalteei? Lemoizekoak aurrera segitu zuen. Botereak hizkera bakarra ulertzen du. Han segitzen dute eraikinek. Lemoizek ez zuen sekula funtzionatu, baina zutik dirau. Mamu bat. 

1986an, Txernobilgo hondamendia gertatu zen, eta itxura batean zentral nuklearrenak egin zuen. Matxan zeudenak jarraitu zuten, baina ematen zuen ez zela besterik eraikiko. Are gehiago Fukushimakoa, ―itsasertzean kokatutako zentral nuklearra gertatu zenean: lurrikarak eta tsunamiak eragindako hondamendia.

Pentsatu zer izan zitekeen halako bat gure kostaldetxo honetan, 50km tartean, 6 erreaktore nuklear jarrita.

Baina energia nuklearra bueltan dator. Bruselaseko jauntxoek, inork aukeratu ez dituen horiek berak, berde erantsi diote nuklearrari. Harrezkero, energia nuklearra berdea da, garbia, ezer kutsatzen ez duena. Adi, zentral nuklearrak bueltan datoz, mozorrotuta. Eta haiekin batera borrokak bueltatu beharko du. Sekula ez da joan, baina irabazitzat geneukana eta ahaztuta, berriro daukagun hemen.

Borroka hark gauza asko erakutsi zizkigun eta gauza asko utzi etorkizunerako, tartean paparrean erabat itsatsita eramaten genituen pegatinak; gaur egun, mitikoak, eta herri honen ondare bizi.


Nuklearren kontrako nazioarteko ikurra
 

 

Eta Txillidak diseinatutako gure pegatina autoktonoa

 


Altzako Tokiko Bilduma / Iturria: Antxon Alfaro / Signatura: L16646 

 



 


Elkarrizketa Lekeitioko Komite Antinuklearrekoekin Sustraia 8an

 1978ko Hondartzako laguna rteko futbol txapelketan, batzuk aldarri antinuklearra eraman zuten paparrean

 

Argazkian, Jose Luis Azurmendi Bokistele, Jabi Barcina Barrabas, Juan Mari Figeroa Txino eta Xabier Iturbe paparrean aldarria dutela.

Irudiak telan Jabi Barcinak egin zituen. Hona hemen haietako baten argazkia
 



 

Borroka ez da amaitu. Borrokak segitzen du!


2025/03/21

 

Lekeitioko Komite Antinuklearra 

Manifestazioak ugari ziren

 

 

Argazkia hau Beitia zinema zenaren aurrean hartuta dago, eta 1978ko da. Atzean, bigarren pankarta bat ageri da David Alvarez gogoan duena. Sustraia 9an agertu zen.



Beste hau ere sasoi berekoa da, eta Sustraia 8an agertu zen. 

Zoritxarrez, ez ditugu Sustraia guztiak. 50 zenbaki atera zituzten eta 20 bat falta ditugu. Sustraiakoei eskatu dizkiegu eta lanean ditugu, baina Sabiñok ez ditu denak leku berean gordeta, antza. Sabiño, mesedez, hartu denbora guretzat.

Gurean, ekitaldi deigarrienak eta koloretsuenak Debarako bizikleta martxak izan ziren

 


Eskuorri osoa eskuratzeko, egin klik hemen: 3garren martxa antinuklearra Debara 1983-07-24

Martxa haiek Bizkaiko ekialde osoa eta Gipuzkoako Deba ibarra mobilizatzen zuten

 


Martxa haien argazkiak ere badira. Guk lau baino ez ditugu eskuratu, baina badakigu badirela beste asko; izan ere, gure laurak zenbatu daude: 50, 54, 58 eta 72. Beraz, pentsatzekoa da badirela egun horretako beste 68 gutxienez (sasoi hartako argazki roiloek 36 argazki hartzeko balio zuten). Berreskuratu ditzakegu?

 

 
Lehenengo biak Edurne Astoreka eta Bixente Goitia 

Lehenengo biak ez dakigu, baina gorrizkoa Amaia Txakartegi eta urdinezkoa Juan Jose Astoreka Zoragarri itxura batean

 
 
Atseden egiten Debako parkean
 



 


 

2025/03/19

 

Lekeitioko Komite Antinuklearra eta muralak 

Herri borrokak aurpegi ugari izan zituen. Horietako bat muralak izan ziren: Euskal Herriko hormak muralez bete ziren, Lekeitiokoak barne. Lekeitioko mural haien atzean Komite Antinuklearreakoak zeuden eta irudigile nagusia Jabi Barcina izaten zen. 

Muralak obren ormetan izaten ziren nagusi. Eskolapean, Monjen horma ―izango da "Eskolapian hormia? Nun? galdetuko duenik. Bada, bai. Eskolapian horma bat egon zen urte luzetan, Bitali tabernatik gaur egungo erakusgelaraino, eta Monjen komentuko lorategia hartzen zuen― aldarri muralez josita zegoen: antinuklear-ekologistak eta bestelakoak. Mural horietan nabarmena izan zen Karraspioko errebueltan margotutakoa: bi-hiru forma desberdin izan zituen, baina mezua beti izan zuen antinuklearra:


 
Mural haren argazkia herrian banatutako eskuorri batean agertu zen. Eskuorri haretan, herrian izandako manifestario biren argazkiak ageri ziren, mural antimilitarista (hau Eskolapeko beste horma batean zegoen, txarto ez badugu gogoratzen) baten detaile bat, eta David Alvarez Peñaren argazki bat, zentral nuklearren kontrako borrokan hildako ETAko militante bat.

Batek daki non dabiltzan mural haien argazkiak, galbidean halakoxea. Ea berreskuratzerik daukagun. 

 


2025/03/17


 

Lekeitioko Komite Antinuklearraren mozioa

 

Eta txostenen, kontzientziazio kanpainen eta erresistentzia zibilaren ostean, mozioen ordua iritsi zen.


 

Mozio osoa eskuratzeko, egin klik hemen: Lekeitioko Komite Antinuklearraren mozioa 1979-10-23

 

2025/03/15

Euskal Herriko Komite Antinuklearra

Udal korporazio berriei zuzendutako dosierra 

Borrokan, ezinbestekoa genuen udal erakundeek ere parte hartzea, baina 1979era arte zail izan zen hori: udalak ez ziren demokratikoak, eta, gehienak, frankisten edo erdifrankisten esku zeuden. Edo, bestela, zinegotziak beldur ziren: erakunde nagusi ia denak, denak ez esatearren, faxisten esku zeuden, eta esku luzea zuten. Hori, 1979an hasi zen aldatzen lehenengo udal demokratikoak eratu zirenean. Orduan, txostenak hasi ziren udaletara ailagatzen eta mozioak aurkezten ziren zentral nuklearren aurka.

Hona hemen, Euskal herriko komite antinuklearrak prestatutako txostena udaletan aurkezteko. Lekeition ere aurkeztu zen.

 



 

Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Udal korporazio berriei zuzendutako dosierra Antinuklearrak

2025/03/13

 

Boikota Iberduerori!

Iberdueroren kontrako borrokan manifestazioak egiten ziren, kartelak jarri, kontzientziazio kanpainak sustatu, muralak margotu...; baina beharrezkoa zen jende guztiak parte hartzea, hau da, erresistentzia zibila egitea, eta modu asko zeuden horretarako: manifestazioak, kontzentrazioak, itxialdiak, intsumisioa... Eskuorri honetan, aholku batzuk dauzkazue bilduta erresistentzia zibila egiteko. Gaur egun ere baliagarriak dira handiari eta zapaltzaileari aurre egiteko. Gorde ondo!
 
 

Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Boicot a Iberduero!!!

2025/03/11

 

Otoioko antena

 

KOSTRA 5ari buruzko sarreran, Otoiko antenari buruzko zenbait kontutxoren gainean aritu ginen, eta sasoi hartan zabaldutako eskuorri baten lagintxo bat ere jarri genizuen ikusgai. Zoritxarrez, ez genuen eskuorri osoa. Baina, hara, agertu egin da. Ez dago gauza hoberik sariak eskaintzea baino jendeak beren ganbarak errekistatu ditzan. Zer egin dezaketen pote batek eta pintxo batek! Pozarren beteko dugu agindutakoa. Eta, 2-3 pagateko ere prest gaude. 

Eskerrik asko, txo/potxua! 



 

Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Otoioko antena


2025/03/09

 

Bermeoko gasa

 

Aulestiko gasaren eskuorrian agertu da Bermeoko kalatxoriaren kontua, naiz eta inoiz ez den izan ez kalatxori ez antxeta ez ostirik. Beti izan da La Gaviota.

Sasoi hartan, Iberduero (gaur egun, Iberdrola) zen ekologista-antinuklearren etsai nagusia; izan ere, euskal itsas bazter guztia zentral nuklearrez josi nahi zuen.  Baina, isilean, beste batzuk ere hor ari ziren bazterrak nahasten. Tartean, Repsol. Tarteko Bermeoko gasean, eta tarteko Aulestikoan ere. 

Eta, petrolioa beltza bada ere, zuri eta berde agertu nahi: sinistarazi nahi ziguten dena zela txukun eta garbia, gure mesedetan ari zirela... Uranioa bezain txukun eta garbia: Zero hondakin. Gurea suertea halako jende zintzoa ardura horretan aritzea gure onean.

Baina inozo samarrak ziren/ginen arren, ez ziren/ginen erabat lerdoak, eta bagenekien zer den zurikeria. Ze, zurikeria ez da gaurko inbentoa. Pentsa, Repsolen euskal adarrak, Petronorrek, inkurtsio eskuzabal bat  egin zuen Leketion: Eiguren astilleruan egin zen goleta bat, ustez munduari buelta ematekoa zena, lagundu zuen diruz. Eta, hala, Maria Errota izenez jaio zena Petronor izatera pasatu zen, eta Atila da gaur egun. Ia udaro ikusten dugu portuan.

Zurikeria zurikeriaren gainean, bisita gidatuak-eta antolatzen zituzten eskola-ikastoletako umeentzat, eta eskuorriak-eta zabaltzen zituzten, euskaraz gainera, beren ustezko onurak zabaltzen. Baina antxeta izena erabili arren, guztiok genekien zer zen La Gaviota.

 

 
Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Antxeta eta Gasa


2025/03/07

 

Aulestiko gasa

 

Aspaldian, Aulestin gasa zegoelako zurrumurrua zabaldu zen Lea ibarrean. Batzuk, aberastuko zirelakoan, eta beste batzuk, arduratuta, betikoek beti lez zer triskantza egingo. 

Zulatzen ere hasi ziren. Ez zuten ezer aurkitu, antza; edo ezer aurkitu bazuten, ez zitzaien errentagarri begitandu. Orubea han dago, ezertarako ere ez.

Nork salatu zuen hango tejemanejea? Galdetu ere!


 

Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Aulestiko gasa



2025/03/05

 

Amotoko zabortegi kontrolatua

 

Gune honetan ari garenok badugu, dagoeneko, adin bat. Adinarekin, batzuek memoria galtzen dute eta beste batzuek, berreskuratu. Guri, lauso bada ere, zerbait etorri zaigu burura Lekeitioko Udaletik 2an Amotoko zabortegiari buruzko zertzeladatxoak irakurri ditugunean.   

Guk hiru zabortegi ezagutu ditugu Lekeition. Lehenengoa, Santa Katalinako bidekoa, kolunpioak baino haratxoago, gaur egun atseden gune bat dagoen lekuan (2-3 aulki eta begiralekua). Gure lohiak, gure zaborrak, zuzen-zuzenean uretara. 

Gero, norbaiti otuko zitzaion hori ez zela batere bidezkoa eta Gardatako bide zaharrean egin zuten beste bat. Gaur egun, goiko parkinaren zati bat eta saihesbidearen beste bat dagoz haren gainean. Zementoa zaborra ezkutatzeko. 80ko hamarkadaren hasieran biak ere erabili ziren aldi berean: Iñaki Maximak eta Iñaki Abekrimek (Abd el-Krim-etik dator) erabakitzen zuten non bota, noiz, zer. Itsasoak dena garbitzen zuen antza, baina Gardatakoak arazo gehiago zituen (arratoiak, lixibiatuak, hatsa...). Herritar batzuk eta inguruko baserritarrak arduratuta zeuden. Marmarra zegoen herrian, eta pintadak.

Lekeition, mugimendu antinuklear indartsu bat zegoen. Antinuklearrak esaten genien, orduko arazo nagusia Lemoizeko zentral nuklearra zelako eta horren kontra ari zirelako sutsu, baina edozein eraso ekologiko gertatzen zenean, han zeuden haiek: Miren Tere Aboitiz, Igone Kazalis, Agurtzane Gogenola, Marisol Atxurra, Julen Atxurra Pototo, Jabi Barcina, Juan Daniel Ruiz Mimi, Lurdes Gabikagogeaskoa Lulu... Borroka guztiak galdu zituzten (genituen, gu ere haien atzetik joaten ginen-eta), Lemoizen kontrakoa izan ezik (baina orain ez gara hasiko kontatzen zergatik irabazi zen). Beste batzuek amnistiakoak eta autonomoak esaten zien, eta borroka hori ere irabazi egin zuten (horren arrazoia kontatzen ere ez dugu galduko denborarik).

Eta, Gardatakoak ganez egitean, gure ezagutzako hirugarren zabortegia Amotoko lurretan egitea proposatu zenean, han zeuden haiek kontuak eskatzeko.


 

 

Hor esaten denez, Lea-Artibaiko Udalek batzorde bat osatu zuten zabortegiaren kontra-edo. Eta osatu zen.

1987-2-6

 
1987-5-19
 
 
1987-7-28
 
 
1987-8-1
 
 
 
1987 hartan hauteskundeak izan ziren eta Leketion aldaketa egon zen udalean: Herri Batasunak hartu zuen alkatetza Eusko Alkartasunarekin egindako hitzarmen bat tarteko (hauteskuneak EAJ-k irabazi zituen). Eskerrak! Horri esker lortu zelako halako adierazpen bat egitea; izan ere, EAJ zabortegia bere horretan egitearen alde zegoen hauteskundeen aurretik eta hauteskundeen ostean.
 
Baina, delako batzordea eratu aurretik eta adierazpen horien guztien aurretik herri ekimena egon zen eta herri ekimen horren buru, Lekeition behintzat, antinuklearrak zeuden. 
 


 
Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Amotoko zabortegi kontrolatua
 

2025/03/03

 

HISTORIAK ETA ISTORIOAK

 

700 urteurrena. Urteurrena aurten da, baina 700 aspaldi da. Eta hain aspaldi! Benetako iragana. Eta hala antolatu dira 700 urteurren honetako ekitaldi gehientsuenak: iraganari begira, urruneko iraganari.

Baina, 700 bezain iragan dira 100 urte edo 50 urte. Hurrekoak ere merezi du orain 400ekoetan ipintzen ari garen arretaren partetxo bat. Egia esateko, denari ere ezin zaio erreparatu, baina... Ea ez zaigun gertatzen Silvio Rodriguezen Fábula de los tres hermanos kantukoa.

Ez dakigu zer gertatuko litzatekeen iragan hurbilari behar bezala (metodo zientifikoarekin) erreparatuko bagenio, baina, hori ziur, ez litzaiguke gertatuko Xabier Kaltzakorta markinarrak emandako Lekeitioko tradiziozko kantak hitzaldian (hitzaldi dotorea bestalde) pasatu zena. Han ari zen Xabier Juan Antonio Aboitiz-en kantu baten berri ematen: hitzak heldu zaizkigula baina musika ez, eta letra irakurriko zuela eta gero kantatu egingo genuela denok batera horretarako propio Ibon Rodriguezek sorturiko musikarekin...

Hasi zen Xabier olerkiko ahapaldiak irakurtzen, eta gelan run-run bat entzun zen. Eta batzuk haserre, isiltzeko eske. Baina zergatik isildu behar zuen Goitia jaunak (barkatu, baina izena ez dakigu)? Izan ere, Xabier irakurtzen ari zen ahapaldi haiek berak jatorrizko musikarekin abesten zegoen. Iragan hurbilari behar lez ez erreparatzearen ajeak.

Denari erreparatu behar zaio, baina denari ezin, eta iraganekoak ere geratuko dira hor nonbait, linboan edo. Horregatik, gaurkoan, Bizkaiko Aldundiaren babesean argitaratutako liburu bat dakargu zuentzat. Denak dira iragan zaharraren gainekoak, Iñaki Goioganarena izan ezik. Eskertzen da.


Liburua eskuratzeko, egin klik hemen: Lequeitio, Bizkaiko Aldundia

2025/03/01

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (eta 3.2)

 

Mitxel Ondarroako Zubi Zahar ikastolan ari zen irakasle 1973-74 ikasturtea baino lehen, eta ordurako asmatua zuen aditza irakasteko trikimailu bat

 

 
Egin klik hemen joku osoa ikusteko eta jaisteko: Aditza irakasteko tresna

Ondarroan, 1972-1973an hasi ziren Gau Eskolak, 1973-74 Lekeition, eta Markinan ez zegoen ezer. Gainera, irakasleak falta ziren eskualde osoan. Hutsune hori konpontzeko, ikastaro bat antolatu zen 1975-76 ikasturtean Markinan, eta klaseak Vera Cruz ikastetxeko geletan eman ziren larunbat arratsaldeetan eta igande goizetan. Maila bi antolatu ziren: bata, aurretiaz 73-74an Gau Eskoletan ibilitakoekin eta bestea, 74-75 ikasturtean apuntakoekin eta ibili gabekoekin. Irakasleak, hurrenez hurren: Josetxu Llerandi eta Mitxel Kaltzakorta. Euskal Herriko historia ere izan zen ikasgai, eta irakasle Abel Ariznabarreta aritu zen.

Urte hartan argitaratutako Alfabetatzen 1 metodoa erabili zen testu liburu

 




Anaitasuna aldizkariak zenbaki oso bat prestatu zuen Bizkaiko Alfabetatze-euskalduntzearen berri ematen.

 


 Aldizkaria
jaisteko, egin klik hemen: Anaitasuna 311, 1976-2-15

Aldizkari horretan, Bizkaiko Alfabetatze-euskalduntzearen nondik norakoa guztiak daude jasota, Lea Artibaikoa barne.

Lea Artibaiko horretan jasota daude Lekeitioko irakasle formatu berrien izenak: Aintzane Aboitiz, Sorkunde Txurruka eta Ramon Egurrola. Aurrerago, 1978an Alfabetatze Batzordeak Euskaltzaindiatik bereizi eta nortasun propioa hartu zuenean (AEK), horiek izango ziren lehenengo irakasleak Lekeition.

 


 

Esanda dago Alfabetatze klaseak, Lekeition, Gizarte Etxean ematen hasi zirela, eta gerora ere han emango ziren, baina... 


Gizarte Etxearen historia baltzaz ere norbaitek arrotu beharko lituzke isilean gordetako hautsak.

Mitxelek hauek guztiak eta Lekeitioko euskalgintzari buruzko beste hainbat kontu Euskaltzaindiaren Euskara aldizkarian eman zituen argitara, 2001eko azaroan Euskaltzaindiak, Resurrección Maria Azkueren heriotzaren 50. urteurrena aitzaki, Lekeition antolatutako ekitaldietan eman zuen hitzaldiaren harira: EUSKALGINTZA LEKEITION 1970-1977 INGURUAN, Mitxel Kaltzakorta, Euskara 46.

Bada, Gau Eskolak Euskaltzaidiaren gerizapeko Alfabetatze batzordeak antolatu zituen urteetan (1973-1978) Mitxel Kaltzakorta izan zen Lea Artibaiko koordinatzailea, eta domekero-domekero hartzen zuen parte Zornotzako karmeldarren irakastegian, Jon Aurre arduradun zela, Alfabetatze Batzordeak egiten zituen koordinazio-bileretan.

 
 


Egia esateko, amaitu 25-ek hori, guk dakigunez, lar optimista da. Ikasle izan ziren batzuen bidez dakigu guk aste santuan, eguraldi ona tarteko, dozena bat eskasera murriztu zela taldea. Baina, ahalegin hark bidea egin zuen: Markinako ikastaroa, irakasle berriak, ikasle berriak, AEK... eta gaur arte.

Eta amaitzeko, Mitxelen beste lan bat, beraren izenik ageri ez bada ere:

 


Eusko Jaurlaritzaren aurreko Euskal Kontseilu Nagusiak, Hezkuntzan Hizkuntz ereduak ezartzeko bidean, irakaskuntzarako Hizkuntz Edukiekin kaleratutako liburukia.