2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/02/27

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (3.1)

 

Baina Mitxelen ekarriak ez dira horretan amaitzen, Lekeitiori dagokionez behintzat. Ez dagozkio ez futbolari, ez liburugintzari, ezta euskararen azterketari ere. Eta elektrizitatearen arloari ere ez, zirraragarri badira ere.

Mitxel dela-eta, ezer nabarmendu behar badugu Lekeitiotik erreparatuta, hori herrigintza da. Bai, Mitxel aitzindaria izan dugu euskalgintzan Lekeition eta Lea-Artibain. 

60-70eko hamarkadetan, lekeitiar gehien-gehienek ez zekiten ez idazten ez irakurtzen beren hizkuntzan, euskaraz. Hori konpondu nahian-edo, egon ziren ahalegin batzuk: ikastola sortu zen (Ana Mari Uribe, Irene Uribe eta Ana Dani Zugadi); Anjel Ugarteburu, Milloiko Ikaran nagusia baserrikoa, eta Jon Barbarias lekeitiarra (Jon da Julen askatu) 1971-72 ikasturtean Enrike Antonen akademian (udan, Andres Urrutia gaur eguneko Euskaltzainburua aritu zen ikasle); Gaztedi elkartean Josetxu Llerandik 1972-73an emandako eskolak bertako bazkide batzuei; eta Mitzel berak emandako eskola batzuk 1972-73an.

Baina pausu garrantzitsuena 1973-74an eman zen Euskaltzaindiaren Alfabetatze batzordearen gerizapean eta lehenengo Gau Eskolak antolatu ziren Lekeition. Irakasleak? Batez ere Mitxel Kaltzakorta, eta Josetxu Llerandi. Guardia Zibiletan nork eskatu zuen baimena? Mitxelek eta Josetxuk. Lokal bila eta eskean nor ibili zen? Mitxel eta Josetxu. 

1973-74 haretan eman ziren Lekeition, lehenengo aldiz behar lez antolatuta, euskarazko eskolak: Alfabetatzen. Urte osoa iraun zuten, urritik ekainera, aste santuan bajak egon arren (eguraldi onaren ordaina). Klaseak Gizarte Etxean eman ziren, beheko solairuan, Zumatzeta kaleko atetik sartuta. 

Materialak, gehien bat, Mitxelek berak prestatzen zituen. Irakugaietarako erabili zen lehen liburua Felix Bilbaoren Ipuin barreka izan zen

 

eta gramatika kontuetarako Txillardegiren Euskara batua zertan den

 

Haur daukagu, bada, Mitxel Gau Eskolen sortzaile eta lehen irakasle Lekeition. Lau urtez aritu zen zeregin horretan harik eta Alfabetatze Batzordea Euskaltzaindiatik bereizi eta AEK sortu zen arte.

Baina Mitxelen historia ez zen hor amaitu.


2025/02/25

HEZKUNTZA

 

Idatzia irakurtzeko eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitioko ikasliak udalari 1980-02-25

1980an, Espainian, UCD (Unión de Centro Democrático) zegoen Madrileko agintean. Izenean Centro eta Democrático izan arren, eskumakoak ziren, eta Fragaren Alianza Popularrekoak bezain Francoren oinordeko. Politika guztiak eskumakoak ziren, Hezkuntzari zegozkionak tartean. Hiru lege onartu nahi zituzten Hezkuntzaren arloan: Ikastetxeen Estatutua (Estatuto de Centros), Autonomia Unibertsitariorako Lege Organikoa (Ley Orgánica de Autonomía de Universitaria, LAU) eta Irakaskuntzaren Finanztiazioaren Legea (Ley de Financiación de Centros), eta hirurak zein baino zein atzerakoiago. 

Sasoi hartan, Lehen Hezkuntza baino ez zegoen Lekeition, eta ez zegoen instituturik; bai, ostera, Lanbide Heziketako zentro bat San Jose ikastetxean (gaur egungo Kultur Etxea), zentro xumea izan ere. Batxilerra egin nahi zuten herriko ikasle gehienak Ondarroakora joaten ziren, eta apurren batzuk Gernikakora. Pribatuan estudiatu nahi zutenek ere ba zituzten beren aukerak: Durangoko jesuitak, Eubako pasionistak eta Derioko seminarioa, batez ere.

1980ko lehen hiruhilekoa eta 1979ko azkena nahikoa beroak izan ziren ikastetxeetan, eta greba eta mobilizazio ugari egin ziren lege haien kontra. Herriko ikasleak bildu egin ziren eta eskabide bateratu bat aurkeztu zioten udalari gaurko egunez, 1980an. 

Idatzian, gehien bat, orduko ikasle mugimenduen aldarriak jasotzen dira, gehienak ezkerreko ikuspegi batetik; izan ere, orduko mugimendu haietan antolatuenak EMK-koak (Euskadiko Mugimendu Komunista) eta LKI-koak (Liga Komunista Iraultzailea) ziren, neurri apalagoan HB-koak (Herri Batasuna) IAM-en (Ikasle abertzale Mugimendua) eta EE-koak (Euskadiko Ezkerra. Ez konfunditu gaur eguneko PSE-EErekin). PNV-EAJ, ostera, testimoniala baino gutxiago zen. Hala ere, agiriaren azken puntuan nabari da saiatzen zirela eskua sartzen. Batasunaren izenean. 

Goian daukazue Lekeitioko ikasleeek orduko udalari (lehen udal demokratikoa: 8 EAJ eta 5 Herri kandidatura) egindako eskabidea.

Eskuratu dugun bertsioak oharrak ditu idatzita, eta, guk dakigula, aurreragoko zirriborro baten azken bertsioa da. Parkatu txapuzilla samarrak izatearren, baina eskuratu dugun bakarra da. UIdaletxeko artxibategian egongo da gordeta garbiagorik.

Sasoi hartako mugimenduaren adierazgarri, hemen daukazue borroka hartan Bizkaiko ikasleek argitaratu zuten boletinaren lehen zenbakia.


Eskuorria jaisteko, egin klik hemen: Unibertsitatea borrokan



 

2025/02/23

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (2)

 

Eta, zer beste da Mitxel Kaltzakorta, bada?

Injineru teknikoa (elektrizitatekoa, zelan ez!) formazioz, irakaskuntzan aritu izan da bizi osoan: Ondarroako Zubi Zahar ikastolan, Donostiako Santo Tomas Lizeoan eta Mondragon Unibertsitateko Humanitateen eta Hezkuntza Zientzien faskultatean (HUHEZI), Eskoriatzako Magisteritza fakultatean.   

Mitxel, bere ortodoxian, erabat heterodoxoa izan da, eta da: sekula ez da izan ezein hizkuntza-lobbyko kide, eta bere kaxa aritu da beti; ez du sarrerarik Wikipedian berak bere buruaz egina hirugarren eta lehen pertsonak nahastuta; puntuazioaz arduratuta zebilen Juan Garziak EIMA liburukietan bere Puntuazioa egoki erabiltzeko gida: oinarriak, jarraibideak eta aholkuak argitaratu aurretik; eta, batez ere, aditza aurreratu beharra aldarrikatzen zuen atzerakarga existitu ere egiten ez zenean, ez hitz eta ez kontzeptu modura; hau da, Pello Esnalek Hitz-ordena. Erabilera estrategikoa (Euskaltzaindia, Jagon Saila) kaleratu baino dezente lehenago. Hau da, ondo komunikatzea, erraz, argi eta ulergarri izan da haren ardura. Eta 80 urte betetzeko bidean, gaur egunere hori hori du ardura.

 

1980an argitaratu zuen bere lehen liburua: Mintzamena Lantzen. Ahozkoan euskal gazteen trebezia ezak arduratuta egin zuen lan hori

 

 Hitzaurrea irakurtzeko, egin klik hemen: Mintzamena lantzen. Hitzaurrea

Gero, ahozkotasunetik idatzira egin zuen salto; izan ere, ideiak eta mezuak, ulergaitz emanda egoteagatik, zuzen ez badira jasotzen, nekez adieraziko dira zuzen eta egoki. Euskal klasikoak goitik behera irakurrita eta aztertuta, eta Auspoa sailekoetan (euskara idatzian trebatu bako idazleek idatzitako liburu sorta zoragarria) murgilduta, ohartu zen testu idatzietako ―informazio testuetakoa eta, batez ere, eskola testuetakoa― idazkera moldea ez zela ez ulergarria ez eraginkorra: aditza esaldiaren atze-atzean ematea oztopo baino ez zela; Altuberen legeak oker ulertu genituela eta, gainera, lege horiek hainbatetan oker zeudela; errezen erabili behar zen testuinguruetan erabiltzen genuela hizkuntza okerren... Eta harrezkero, bada, buru belarri aritu izan da arlo horretan. Artikulu ugari idatzi ditu arazo hori gogoan, hau da, komunikagarritasuna eta testuen eraginkortasuna helburu hartuta.


Artikulu horien motor bera dago idatzi dituen beste liburu bietan:

 

 

Liburua irakurtzeko eta jaisteko, egin klik hemen: Prosa komunikagarriago egiten

Prosa komunikagariago egiten. Zenbait proposamen (I). 2007 liburuari buruzko ohar bat

eta

 

 

Zelan ordenatu egoki informazioa testuetan (I). 2012.

Lekeitioko ormetan ikusten ditugun kartel asko eta askotako euskara moduak irakurrita eta buzoietan jasotzen ditugun bateko eta besteko argitalpen eta eskuorrietakoei erreparatuta, lekeitiar ugarik du premia liburu horietan jasotzen dena zertan den jakiteko.

Baina, jakina, inork gutxik aitortuko dio ezer, lobbykide ez izatearen ordaina. Eta, herrian, Azkuek goregi utzi zigun langa. Zer zorigaizto norberaren herrian hain arrotz izatea, eta zer triste Mitxelek gure herrian duen historia izanda.





2025/02/21

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, azken galderaz (1)

 

Bai. Non demontre da Mitxel Kaltzakorta?

Nori galdetu, halakoa erantzuna. 80 urtetik gorakoei galdetuz gero, Gerbasio eletrizistiaren semea dela esango dizuete; 70-80 bitartekoei itaunduta, Tartalosaren (Juan Carlos, hau ere eletrizistia) anaia dela entzungo duzue, eta hondartzako futbol txapelketan Bonbillon taldearekin jokatzen zuela jakingo duzue (izan ere, futbolaria zen, eta Jose Maria Mendiagaz eta Jabi Zugadigaz batera, Begoñako nagusien taldean jokatu zuen, artean 17 urte zituela)

 

Haur daukazue, 3.a ezkerretik.


60-70 bitartekoengana jo ezkero, Bonbillonena errepikatuko dizuete, eta informazio garrantzitsuago bat: 1974an, Athletik-ek Lezaman 
futbol txapelta bat antolatu zuen eta Lekeitioko gaztetxo batzuk parte hartu zuten, Lezama Lekeitiotik oso urrun egon arren orduan. Eta nork entrenatzen zituen mutiko haiek? Bada, Mitxel Kaltzakortak. Kontuan izan, orduan Lekeition ez zegoela futbol zelairik ezta talderik ere: dena egiten zen hondarrean. Eta, futboleko botakin sekula jokatu barik egon arren, finalera heldu ziren.


Lezaman. Goian: Mitxel Kaltzakorta, Xabier Iturbe, Jose Enrike Amillategi, Fernando Intxausti, Josu Erkiaga, ? eta ?

Behean: Joseba Goitia, Mitxel Galan, Mikel Salinas, Jose Angel Goitia eta ?

Hiru ezezagun horiek ez dira lekeitiarrak, eta taldeak kanporaketetan aurrera egin ahala atzean geratutako taldeetako zenbait jokalari (on) hartu behar izan zituzten Athletikek hala aginduta.


 
Hondarrean. Goian: Andoni Zamora, Andoni Gallastegi, Joseba Goitia, Fernando Intxausti, Andoni Madariaga eta Mitxel Galan.

Behean: Mikel Salinas, Xabier Iturbe, Josu Erkiaga, Jose Angel Goitia eta Jose Enrike Amillategi.

Zoritxarrez, sasoi hartan, Lezama eta Bilbo urrunegi zeuden Lekeitiotik.

Eta behar bada, horiek denek esango dute: Mitxel Kaltzakorta? Fernanditon anaia.


 Fernandito, Superman jantzita, Lior-Itsasokoekin

 

Eta zer du horrek guztiak zerikusirik euskararekin? Ezebez, baina argi dago esku bat botatzeko prest egon dela beti.


2025/02/19

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, dibagazioaren erantzun bat

 

Bai, bada zerrenda horretan egotea merezi duen pertsona bat behintzat.

Zergatik ez dago Mitxel Kaltzakorta zerrenda horretan?

Eta..., nor demontre da Mitxel Kaltzakorta?


2025/02/17

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, dibagazio bat

 

Utz ditzagun idazleak alde batera egia esateko, 2018tik hona zerrenda potolotu egin zaigu―, eta pasatu gaitezen atalaren bigarren partera: eta euskalariak?

Azkue hil eta harrezkero, izan ote dugu euskalaririk Lekeition? Eusebio Erkiaga euskaltzain osoa izan zen, baina ez dugu uste euskalaria zenik, eta, gainera, ageri da zerrendan. Gauza bera esan dezakegu Miren Agur Meaberi buruz. Jabier Erdozia euskaltzain urgazlea izan zen eta Iñigo Aranbarri ere bada. Andres Urrutia euskaltzain burua bera ere proposatu dezakegu, hiru arima dituen arren: bilbotarra, lekeitiarra eta ondarrutarra ―azken hau, mesederako baino gehiago, eragozpen da. Eta beste hainbat eta hainbat filologo eskola-institutu-ikastoletan euskara irakasten ari direnak.  Baina euskalari ote dira horiek guztiak? Gu ezezkoan gaude.    

Lekeitio700eko ekitaldietan, hitzaldi bat dago Lekeitioko euskara. Haren interesa alderdi linguistikotik izenekoa, eta lekeitiar birek emango dute: Gorka eta Arantzazu Elordieta Alcibar neba-arrebek. Biak hizkuntzalaritzan doktoreak, eta Linguistikako irakasle Euskalerriko unibertsitatean. Lan bat dute argitaratuta, J.I. Hualderekin batera, (The basque dialect of Lekeitio (ASJUren gehigarriak, 34). Donostia eta Bilbo: Gipuzkoako Foru Aldundia eta EHU) Lekeitioko euskarari buruz, eta sumatzen dugu lan hori dagoela Lekeitioko kultur eta natur ondareak laneko Lekeitioko euskararen berezitasunak atalarren oinarrian, edo ez, ze Mara Salinasek ere egin zuen antzeko lan bat aspaldian. Elordieta neba-arrebek, gainera, badituzte beste hainbat lan euskararen gainekoak: Menpeko perpausetako hitz azentugabeen foku azentuaz edo Merezi ete dau erabilera hauei begiratzea?, besteak beste. Dena den, haien lan-esparrua linguistika da, eta lanok ikuspuntu horretatik begiratuta egin dira.

Jaso behar ote dira euskalarien zerrenda horretan?

Ba ote da besterik? 

Zientzilariek beti esaten dutenez, ikerlan batean galderak egin behar zaizkio norberaren buruari, eta horretan ari gara gu: geure buruari galderak egiten, eta bide batez zuoi ere bai.





 

2025/02/15

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, galdera bat erretorikoa-edo

 

Ba ote du lekurik zerrenda horretan Iñigo Aranbarrik?

― Idazle bikaina da, eta zutabegile aparta.

― Lekeition bizi da aspaldi-aspalditik, eta seguru asko udaldian herri barruan aparkatu dezeketen horietako da.

― Parte hartzen du herriko bizitzan: Belaunaldien arteko irakurketa klubaren dinamizatzailea da.

― Lekeitio 700-en parte hartzen du: Narrazioaren hariak.

 

Iñigo oparoa da eta estilo guztietan aritu da: poesia, narrazioa, saiakera..., denetan bikain.


Liburua irakurtzeko, egin klik hemen: Jonas Poisson

 

Arriskatu egiten da, eta gai da bere herriko historia kontuetan sartzeko zer esango duten aintzat hartu barik.


 

Liburua irakurtzeko, egin klik hemen: Apirila

Eta bikain aritzen da, guztion gozagarri, saikera eta zutabegintzan ere. Horren froga


Liburua irakurtzeko, egin klik hemen: Hizlandia

Hor jasotakoak denak dira eder, baina hitzekin jolastea, irudiak eta konparazio ez hain begibistakoak gustuko badituzue, erreparatu egiozu honi: Gerraren antzea.

 

Eta, batez ere, ez da Ubedatik cerrotik joan zale.

Badakigu, badakigu: azkoitiarra da. Eta ez diegu azkoitiarrei herritar ospetsurik ostu nahi. 

Baina, Juan Bautista Eguzkitza lemoaztarrarekin egin legez, hitzarmen bat sinatu dezakegu Azkoitiarekin nazionalitate bikoitza aitortzeko Iñigori, ezta?


 

2025/02/13

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, laugarren galdera

 

Zergatik ez dago zerrenda horretan Joseba Alcalde Amutxategi?

― Ez dakigulako nor den?

― Liburu bakarra idatzi duelako?

― Eremuko dunen atzetik dabilelako elixapian atzera-aurrera ibili beharrean, eta euri zitalari esker bizi delako?



Liburua irakurtzeko (https://www.susa-literatura.eus webgunean dago jasota), egin klik hemen: Babiekaren hotzikarak, edo beste hemen pdf formatoan jaisteko: Babiekaren hotzikarak pdf

Joseba Alcaldek 5. aipamena jaso zuen Laukizko Lauxeta olerki sariketan, baina hori gutxienekoa da. 

 


 Ostera, nabarmentzekoa da Ibon Sarasola epaimakideak esan zuena:

 

Artikulua irakurtzeko, egin klik hemen: sariketak, literaturgintzaren erakusgarri, Ibon Sarasola

 

Joseba Alcalde ezagunako dugu Itoiz musika taldearen hainbat kanturen letrak idatzi zituelako, batez ere, Ezekiel diskoko guztiak. Baina, jakina, ez badakigu lekeitiarra dela eta ez badakigu nor dan, bada, ezin jaso lekeitiartasuneko ezein zerrendatan. 

 

 

Bide batez, Itoizen lehenengo diskoan (Itoiz) eta hirugarrenean (Alkolea) beste lekeitiar baten hitzak ere kantatzen dira: Jose Antonio Garcia, eta Joseba Erkiagak flauta jotzen du Itoiz eta Ezekiel diskoetan.



2025/02/11

 

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, hirugarren galdera

 

Zergatik ez dago zerrenda horretan Eusebio Maria de Azkue? 

 


― Azkue entzunda, haren seme Resurrección bakarrik datorrelako gure buruetara?

― Bizi bitartean ezer argitaratu ez zuelako?




Sarrera, 1896ko liburukoa, irakurtzeko, egin klik hemen: Parnasorako bidea, Arrgibidea

Bada, bai. Eusebio Maria Azkuek ez zuen ezer argitaratu bere bizitzan, eta lagunen artean zabaldu zituen bere eskuizkribuen kopiak. 1896an, Resurreccion haren semeak liburu bakarrean bildu zituen gehienak, zorritxarrez ez denak, eta liburu bakarrean eman zituen argitara: Parnasorako bidea.

Liburu osoa (sarrerarik gabe) www.armiarma.eus-eko esteka honetan daukazue: Parnasorako bidea

Eusebio Erkiagaren artikulua Eusebio Maria de Azkueri buruz Euskaltzaindiaren Euskara argitalpenean (Euskara XIX, 1974): Eusebio Maria de Azkue gizon eta idazle.

Badu olerki bat, liburu honetan jaso gabea, Euzkadia izenekoa. Aditu batzuen arabera, Azkueren olerki hau Sabino Aranak asmatutako  Euzkadi terminoaren oinarrian egon daiteke.

 

 

 


2025/02/09

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta, bigarren galdera

 

Zergatik ez dago zerrenda horretan Mario Onaindia Natxiondo? Lekeitiarra da, makina bat liburu idatzi zituen, literaturakoak zein saiakerakoak...

― Ez dugulako jakin lekeitiarra dela? (Bilbon jaio omen zen, orduko leketiar asko lez).

― Eibarrek eibartar aldarrikatzen dutelako? Ezin ote da izan aldi berean eibartar eta lekeitiar? Juan Bautista Eguzkitza lemoatarra eta lekeitiarra zen aldi berean.

― Ez zaigulako gustatzen haren ibili politikoa? ETAn hasi, Burgoseko epaiketan mito bihurtu, eta EIAtik eta EEtik pasatuta EE-PSEn amaitu zuelako?


 

Lliburua irakurtzeko (https://armiarma.eus webgunean dago jasota), egin klik hemen: Grand Placen aurkituko gara

 



 

 

Bidegileak sailean ere badu liburuki bat berari buruz

 

 Liburukia ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Mario Onaindia, Bidegileak

 

 

 

2025/02/07

 

LEKITTARRAK

Diez lustros en la Villa de Lequeitio, 1925-1974

 

Esan dugu Francisco Okamikak ―askorentzat, Don Pako 5 liburu idatzi zituela. Guk bakarra daukagu pdf-an zuen eskura jartzeko. Ahaleginduko gara besteak eskuratzen. 

 

 


Liburua jaisteko, egin klik hemen: Diez Lustros en la Villa de Lequeitio, 1925-1974


2025/02/05

 

LEKITTARRAK

Ondarea dela eta

 

Lekeitiarrak eta merituak. Akabo, zabaldu dugu Pandoraren kaxa, nork duen meritua eta nork, ez; nor dan lekittarra eta nor, ez. Baina, behin hasita, ibili dezagun bide hori. 

Lekeitioko kultur eta natur ondareak webgunean, Lekeitioren ondarearen gaineko lan mardul eta bikain bat dago jasota, udalaren beka bat tarteko egindakoa. Egilea Ander Plaza Txopitea dugu, eta lanaren zuzendaria Maite Garamendi Rey. Meritu handiko lana da, eta asko ikasi dugu bertan. Gehiago ikasi genezakeen, ordea, eta osatzen lagunduko dugu; izan ere, 9.3. puntuko Lekeitioko idazle eta euskalariak atalean ez dugu ulertzen zer irizpide erabili den; izan ere, eta denak jasotzea beti zaila bada ere, pentsatzen dugu ezinbesteko izen batzuk falta direla.

Hona hemen, 9.3. atal horren edukia

9.3.- Lekeitioko idazle eta euskalariak

Lekeitioko idazle eta euskalariak[1]

[1] Euskalari: euskara aztertzen eta ikertzen duen hizkuntzalaria.


6 pertsona, eta, gure aldetik, galdera batzuk. 

Lehenengoa: Zergatik ez dago zerrenda horretan Francisco Okamika Don Pako? Lekeitiarra da, berton bizi izan zen, medikua eta alkatea...

― Ez duelako literaturarik idatzi?

― Ez duelako euskaraz idatzi?

― Alkate izan zelako Francoren sasoian, eta, beraz, frankistia-edo?

Paco Okamikak bost liburu idatzi zituen eta beste hainbat artikulu. Jakina, alkatea izanda entxufea zeukan Lekeitioko artxibategian ibiltzeko.




Pako Okamikari buruz gehiago jakiteko, Iñaki Madariaga Valleren webgune honetara jotzea baino ez dago: Lekitxoko bibliografia  

Gaur egun, artxiboa ondo gordeta eta zainduta dago, denok kontsultatzeko moduan, eta, hil honetan bertan, ikusteko aukera dugu 700 urteurreneko ekimenetako bat baita. Horretarako, txanda  eskatu behar da aurretiaz.


2025/02/03

 

KUADRILLA ARTEKO FUTBOL TXAPELKETA


Aurrekoan, Hondartzako Futbol Txapelketaren 25. urteurreneko argitalpena jarri genizuen eskura. Argitalpen horretan, gauza ugari kontatzen dira, baina material gehiago egon behar da hortik buelta-bueltaka, eta komeni da batzea betiko galdu aurretik. Hona hemen gure ekarpen xumea

1. Kartela

Irakurle baten bidez jakin izan dugu karteleko irudia Claude Serre irudigile eta umorista frantsesarena dela (beheko sinadurari ez erreparatzearren). Jakina, haren baimenik gabe eta egile-eskubideak ordaindu barik erabiliko zen (zuten, genuen). Zergatik demontre erabili ote dugu -ko modalizatzaile hori aurreko esaldiak modalizazio beharrik ez badu? Ay, modalizazioa!

 


 2. Arbitrajeen zerrenda bat

 



 


2025/02/01

 

1980ko otsailaren 1a

Gaurko egunez, 1980an, ETAk Victorino Villamor Gonzalez (Quecedo de Valdivielsokoa zen, Burgos. 41 urte zituen), Antonio Martin Gamero (Oliva de la Fronterakoa zen, Badajoz. 27 urte zituen), Jose Martinez Perez-Castillo (Oriakoa zen, Almeria. 26 urte zituen), Carlos Jose Gomez Trillo (Xirivellakoa zen, Valencia. 30 urte zituen), Jose Gomez Martiñan (Algecirasekoa zen, Cadiz. 24 urte zituen) eta Alfredo Diez Marcos (Fermosellekoa zen, Zamora. 25 urte zituen) hil zituen Ispasterren. Guardia Zibilak ziren denak.

Ekintzan, Gregorio Olabarria Bengoa (durangarra zen. 28 urte zituen) eta Jabier Gorrotxategi Agote (eibartarra zen. 26 urte zituen) etakideak hil ziren (bertsio ofizialaren arabera, berek jaurtitako lehergailuek eztanda egitean hil ziren).