SANEAMENTUA
Saneamenduaren gaineko ardura zaharra zen Lekeition. Paco Okamikaren Diez lustros en la Villa de Lequeitio irakurtzea baino ez dago horretaz konturatzeko. 1975eko da azken aipua, Manuel Kazalis alkatearen sasoikoa: El pavimentado de las calles tendrá que esperar al nuevo saneamiento.
Lehenengo udal demokratikoan ―1979, EAJ-k 8 zinegotzi eta Herri Kandidaturak 5 (Hasi, Euskadiko Ezkerra, LKI eta independienteak)― azkar heldu zioten gaiari: 1982an zehaztuta zuten proiektu bat eta orduko 1100.000.000 pta hitzartuta Ahaldundiarekin berriztatze lanetarako.
Herri Kandidaturak ez zituen begi onez ikusten proiektuaren hainbat arlo: isurlekua (Hartzabal), araztegia jartzeko aukeratutako tokia (Isuntza gaineko parkea), ur zikinak Hartzabalera eroateko modua (hondartzatik, Leapean sifoia, eta Kurlutxu eta Hartzabal zulatuta), 200 metroko tutua itsasoan barrena..., eta proiektu hura inolako azterketarik egin gabe idatzi zela argudiatzen zuen.
Hala ere, EAJk aurrera egin zuen proiektuarekin bestela dirua galduko zela argudiatuta, eta sua-edo piztu zen herrian: manifestazioak, pegatinak, agiriak...
Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Herri Kandidatura. Sanemantuari buruzko gogoetak

Mendexarrak ere, zelan ez, kexatu ziren.
Antza denez, Mendexako udalak eta herritarrek ez zekiten ezer proiektua jendeaurrean jarri aurretik.
Jarri ziren alegazioak, baina 1983ko hauteskundeak baino lehen
ez zen lortu ezer: EAJ-k berean segitu zuen, eta Herri Kandidaturak
hauteskundeei begira aritzea leporatu zion; izan ere, gainean
zeuden 1983ko hauteskundeak.
1983ko hauteskundeetan ez zen egon Herri Kandidaturarik, eta Herri Batasuna eta Euskadiko Ezkerra zein bere aldetik aurkeztu ziren. Herri Batasunak bere kanpaina osoa saneamenduari begira egin zuen. Emaitza? Bada, EAJk 9 zinegotzi, Herri Kandadaturak 3, eta Euskadiko Ezkerrak 1. Itxura batean, herritarrak ados zeuden saneamendua berregiteko proiektuarekin: Hartzabal eta Karraspio kakaztearekin, araztegia parkean jarrita herrian hatsa zabaltzearekin. Ai, nere juaneteak!
Herri Batasunak, orduan, epaitegietan helegite bat jartzea erabaki zuen, eta, aldi berean, Anton Azkona injeniari elantxobetarraren (saneamendu kontuetan aditurik onenetakoa estatuan) aholku eta iradokizunekin kontraproposamen baten lerro nagusiak
aurkeztu zituen: itsasoan tuturik ez, araztegia orain dagoen inguruan, isurlekua Arropaineko padura... Euskadiko Ezkerrak ere mozio bat aurkeztu zuen saneamenduaren proiektuaren kontra (itxura batean, Herri Batasunako norbaitek pasatu zien eurek egindako ikerketaren informazio osoa). Mobilizazioekin jarraitu zen. Itxura batean, dena alferrik.
Komiki eran egindako eskuorri hau Jabi Barcinak egin zuen eta kanpainako mural guztiak ere berak eginak dira. Pena bat mural haien argazkirik gorde ez izana.
Baina, derrepentean, zer edo zer aldatu zen. Sasoi hartan, EAJn gazteak indarra hartzen ari ziren eta Josu Erkiaga Atila zen batzokiko buru (gero gehienak EAra pasatuko ziren), eta gazte haiek ohartu omen ziren egindako alegazioek zentzuzkoak zirela: ezin zela araztegia herri erdian, parkean, jarri. Hala eginda, akabo gure Lekeitio dotorea (Lea errekako Alfaren hatsekin kexu, eta geuk jarri Alfa herrian!), eta araztegia parkean jarri ezean proiektuak ez zuen batere zentzurik.
Eta, hala, proiektua bertan behera geratu zen. Beste 10 urte pasatu beharko ziren bigarren proiektu bat egin, finantzazioa bermatu, eta saneamendu sare berria egiteko. Eta behin betiko proiektu hura, azterketa serio bat eginda, Herri Batasunarentzat Anton Azkonak markatutako lerroei jarraituta egin zen.
Orain, parkeak eder segitzen du, eta Lekeitiok ere bai.