KOSTRA 8
EZ DOK KOSTRA 8
Eta LEKH-EI`TIOH kapitulua gabe geratu ginen. Baina, eta batez ere, KOSTRA barik geratu ginen!!! Zer gertatu ote zen?
1987a zen, Herri Batasunak irabazi zituen udal hauteskundeak, eta pentsatzekoa zen herriko kultur taldeen egoerak hobera egingo zuela.
Baina HBk egitasmo propioa zeukan, eta kulturarako asmoen ardatza Udal aldizkari bat zen. Irakurri ondo, Udal aldizkaria. Edozein erdipurdiko filologok dakienez, Udal aldizkaria ≠ Herri aldizkaria. Edozein politikok ere badaki hori, eta, kolorea kolore, ez ditu inondik inora nahastu nahi Udal eta Herri berbak (edo bai, baina hori beste kontu bat da). Kontrola! Kontrola! Estamos trabajando por su seguridad, por la seguridad de todo el Pueblo Vasco.
Eta hala izan zen. Herriko aldizkariekin konta(k)t(at)u gabe, Udaltzainen Land Roverra eta haren gaineko bozgorailuak gora eta behera ibili ziren herrian herritarrei deiez eta batzar batera deitzen: "Udalak Udal aldizkari bat atera nahi du eta jendea behar du horretarako, batez ere Kazetaritza ikasten ari diren herritarrak".
Sustraiakoak ezin sinestuta entzuten ari zirena; Kostrakoak, aho zabalik; eta Arrakala irratikoak, zer da hauka.
Hainbat joan ziren batzarrera, tartean kazetaritzako ikasleak, baina, itxura batean, batzar hark ez zuen eman ezertarako; ze, Udal aldizkariarenak ez zuen aurrera egin urte hartan, ez hurrengoan, ezta hurrengoaren hurrengoan ere.
Euskadi Auzolanean da gaur eguneko Eusko Jaurlaritzaren leloetako bat, eta urteetan aldarrikatu dute ezkerreko hainbat erakundek eta herri elkartek. Kontua da gauza bat dela auzolana eta beste bat astolana. Auzolana herritarroi dagokigu, ez Udalari; eta erakunde publikoak auzolana gora eta auzolana behera badabiltza, zeinale zerbait oker dabilela. Lehen, eta orain. Batzarrera joan zirenak norbaitek lelotzat hartu zituela pentsatuta irten ziren.
Jokabide hark, baina, izan zuen eraginik, badaezpadako eragina izan ere: ez Udal aldizkaririk, ez Herri aldizkaririk. Kontrola eta nik neurea. Herri aldizkari BI zeuden herrian, eta, derrepentean, ZERO aldizkari geneukan.
Gomutan daukat bozgorailuena (Lan Roverrarena ez). Guk jo genduan eurengana, eta egin genduan eurakin berba (Kulturako zinegotziagaz eta). Kontraproposamen bat be egin geuntsen, baina eurena nahi eben eta pikutara bota ginduezan. Hantxe amaittu zan gure bidia.
ErantzunEzabatuZergatik ez zenuten jo EAkoongana? Ni kirol arloko zinegotzi arduraduna nintzen (kultur arloan, Joseba Gezuraga), eta ez dut gomutan zuetako inork guregana jo zuenik. Bestela, ahalegindu izango ginen zer edo zer egiten.
ErantzunEzabatuUdal aldizkariari dagokionez, bi-hiru argitaratu ziren 1991n. Gero, krisi ekonomikoa etorri zen, eta geldialdia egon zen urte batzuetan... Kazetariak, oker ez banago, Isaias Gezuraga eta Larizgoitia abizeneko neska bat izan ziren...
ErantzunEzabatuNik uste dut lau izen zirela. Kazetariak Isaias Gezuraga eta, 2.ean ageri denez, Lorea Etxeandia
Ezabatu