KOSTRA 6
Kostra 6. 68 orrialde! Emankorrak ziren Kostrako hauek izan ere. Nondik atarako ote zituzten istorio eta pertsonaia haiek huztiak? Ze, beti eskatzen zieten irakurleei bidaltzeko beren lanak, baina ez zuten esaten nora (Kostra 6 honetan agertu zuten, azkenean, nora: 89 postakodea, Lekeitio). Komiki lehiaketa bat deitu zuten eta lanak izenpetu barik zeuden (horrek zaildu egiten du jende horri merezi duten moduan gorazarre egitea), baina irudi batzuen estiloan sumatzen zen zerbait: Bittor Txakartegi zegoen Mikel Matrallu-ren azpian, fotoistorioetan ikusia dugu Isasias Gezuraga, eta Juan Luis Plazarenak dira hainbat istorio. Zenbaki honetan bertan, Markus-en humore fina ageri da Murelagako ontziolan itsasontziak luzatzeko teknika dela-eta. Pertsona berak egiten ote zituen gidoia eta irudiak? Nola banatzen zuten lana? Nortzuk ziren prosistak?
Munduan zeharreko beste Lekeitioen istorioen zerrendan, Lake Town-en txanda izan zen. Bidegurutzean, Avelino; BBK ez zegoen gaur egun dagoen lekuan; Abascale Saloon, "hiru errege datoz Eskolapetik, mozkor-mozkor eginda Abaskalenetik", eta bidegurutzera heltzen: O´Tiburcy lines, mundiala txo/potxua!
Posterra ere bazekarren
Gure herriko beste pertsonaia garrantzitsu bat ere agertzen zen: Don Jose Uribe, maixu Txatua. 60-70eko hamarkadetan, Lekeition ez zegoen eskolarik orduko Batxillerra (gaur eguneko BBB) egiteko, eta bide hori hartu nahi zutenek Akademia Uriben ikasten zuten urte osoan; azterketak, ostera, Gernikako institutuan egin behar izaten ziren, ekainean, 2-3 egunetan. Lekeitioko makinatxu bat belaunaldi egurtu zituen gizon hark.
Ez da harritzekoa, bada
Erabat ahaztuta eta gure burmuinetako txokorik ilun eta sakonenean galduta genuen beste gertakari bat ere ekarri digu gogora Kostra honek: Lekeitioko Genijuen II. Erakusketa Desastrosua. Baina zelan ahaztu ditugu erakusketa horiek.
Sasoi hartan, herriko artistek (margolari eta eskultore) erakusketa bat egiten zuten San Antolinetan. Baina inork ez zekien zer sanedrinetan antolatzen zen erakusketa hura, eta jende gaztea eta bestelako arte-kontuetan zebilen jendea beti geratzen zen kanpoan. Eta, halako batean, non antolatzen duten Genijuen Erakusketa Desastrosua 1984an, eta bigarren bat 1987an. Erakusketa haien aztarna grafikorik egon badago, batek daki non dauden, eta pena litzateke horiek denboraren komunetik joatea. Ea berreskuratzen ditugun! Beste lan bat Mikel Matraullerentzat.
Zertzelada bat ere ageri da hurrengo 1987-88 urte haietan gertatuko zena ulertzeko bide ematen duena. Udal hauteskundeak gainean zeuden. Lehenengo biak EAJ-PNVk irabazi zituen, eta Xabier Txakartegi jarri alkate. Hirugarrenak estu zeudela ematen zuen, eta Lekeitioko kultur taldeetan HBk irabaziko zituelako itxaropena zegoen, horretara kulturarako diru gehitxoago egongo zelakoan. HBk irabazi zituen eta Juan Carlos San Miguel jarri zen alkate, baina kultur taldeen egoera ez zen gauza handirik aldatu.
Baldemoro Gayosoren ospa istorioa ere zenbaki honetan amaitu zen. Aurrerago, monografiko berezi bat kaleratu zuten kapitulu guztiak KOSTRA´S batean jasota.
Eta, Arrakala irratiaren programazioa
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina