asto joan eta mando etorri
Hasieran, asmoa zen 80ko hamarkadan eta kultura kontuetan Lekeition bizitako ekimen gogoangarri bat eta haren emaitzak agertzea (KOSTRA komikia), belaunaldi gazteek halakoak izan zirela jakiteko; izan ere, nekez topatu daiteke herrian ekimen haren aztarnarik.
Baina –kontuak zer diren– bati komentatu eta besteari kontatu, puztu eta puztu joan da asmoa. Batek, halakoa esan behar dela; besteak, bestea azaleratu behar dela; hurrengoak, beste hura. Horretara, 5-6 asto batu gara (badakigu mando amaituko dugula), eta prest agertu gara gune hau hornitzeko, nork bere bizipenetatik, bakoitzak bere txapeladak ditu-eta, bere oroitzapenak, bere...
700. urteurrena ere gainean zegoen, eta bide ofizialetatik aparteko gauza
bat egitea ekarpen polita izan zitekeen, ze beldur gara 700. urteurreneko
ekitaldietan ez ote den berba lar egingo harri eta handikien gainean, eta gutxi
harginen eta morroien gainean.
Izan Lekeitio da 700. urteurreneko leloa, eta zenbat bider ez ote dugu entzun Izan zirelako gara, garelako izango dira? Eta egia da: badakigu izan zirela, baina badakigu zer izan ziren?, zer egin zuten?, eta zergatik? Gutako nork daki gure aurreko belaunaldikoek zer egin zuten?; eta, aurrekoen aurrekoek? Kontatu diegu gure ostekoei zertan ibili ginen gu eta zertzuk egin genituen? Paperetan ez da ageri gure historia, ezta gure aurrekoena ere, are gutxiago gure aurrekoen aurrekoena. Eta ageri denean, oker ageri da, edo gezurrak dira, betikoen betiko bahetik iragazita.
Hala, bada, 80ko hamarkadako kultura ekarpenak gogoratu nahi ditugu hemen, ekarpen horien nondik norakoaz zerbait aipatu eta komentatu, eta herrian beste kontu batzuez dauden hutsuneak betetzen ahalegindu.
Dena dela, gune hau ez da gurea, ezta guretzat bakarrik ere. Zerbait kontatu eta agertu nahi duen guztiak lekua izango du gune honetan, gure bidearen zoruko harriak bata bestearen ondoan egon daitezen eta ez metro batetik metro batera.
Eta zergatik hau guztia? Ba, gogoan ditugulako Mikel Laboak kantatzen zuen
Bertolt Bretch-en Langile baten galderak
liburu batean aurrean olerkiko berbak:
Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen?
Liburuetan errege-izenik baizik ez da ageri.
Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar haundiok?
Eta hainbatetan porrokatua izan zen Babilonia,
nork jaso zuen beste hainbestetan? Lima distirant hura
eraiki zuten langileak, zer etxetan bizi ote ziren?
Txinako Harresia bukatu zen iluntzean,
nora jo zuten harginek? Erroma bikain hura,
garaitza-arkuz beterik. Nork altxatu zituen?
Nortzuk menderatu zituzten zesarrek?
Hain ospetsua zen Bizantziok, jauregiz besterik
ez ote zuen bertako jendearentzat? Alegiazko Atlantidan berebat,
itsasoak irentsi zuen gauean, biztanleak ito zorian
oihuka hasi zitzaizkien esklaboei laguntza eske.
Alejandro gazteak India bereganatu zuen.
Berak bakarrik ote?
Zesarrek galoak menderatu.
Ez ote zuen berarekin sukaldari bat bederen?
Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada
urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?
Federiko Bigarrenak Zazpi Urteko Gerra irabazi.
Nork bestek zuen irabazi?
Garaitza bat orrialde bakoitzean.
Nortzuk atondu zituzten garaitza-banketeak?
Hamar urtez behin gizon handi bat.
Nork ordaintzen zituen haren gastuak?
Zenbat historia, hainbat galdera. Historiak bezainbat galdera.
Zenbat historia! Zenbat galdera!
Eta Iñaki Eizmendiren Badakigu kantua ere bai:
badakigu
gure gustoa egitea
ezin posible
eginen digutela
eta libertatea, poesia, euskara,
argia, gaua, bizitza eta lana,
eta beste hainbat
beharrezko gauza
debekatuak izanen ditugula...
dakigulako
orainan kantatzen ditugu
etorkizuneko penak
eszeptikoak betiko
ikasi dezaten
gu soilik
hain soilik
galtzaileak gerala
ez bait gera ezertan
inoren kide
ez bait dugu inoiz
merkatariek asmatutako
bizitza honetan
parterik hartu
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina