2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/11/20

 

1984ko azaroaren 20a

Gaurko egunez, 1984an, GALek Santiago Brouard Perez hil zuen Bilboko haren kontsultan. Santi, mediku pediatra zen, eta HASIko presidentea. Lekeitiarra zen.

2025/11/19

 

SUSTRAIA 36

1982ko abuztua 

Oraingo honetan ere jakin izan doguz kontu batzuk. Sustraia zahar haiek balio dute behintzat garai batean gure herrian zer gertatzen zen jakiteko.
 
Aurrekoan jakin genuen Antonio Hidalgo izendatu zutela udaltzain buru (aurrerago, bere semeak ere beteko zuen ardura hori), eta oraingoan elkarrizketa dator berarekin.
 
Jaien gaineko artikulan esaten da gazte jende gutxi batzen dela jai batzordera; zaharrak berri, beraz. 81eko antzarretan istiluak egon omen ziren eta epaimhaia berrantolatzea erabaki zen. Alde guztiek arduraren bat izanda, arrisku gutxiago istiluak izateko. Antzeko zerbait gertatu zen 2005 aldera (orduan ere aurreko urteko istiluen harira), epaimahaian kuadrilletako kide batzuk, txandaka, egotea erabaki zenean.
 
Ekintzen artean, zer demontre ote dira Infernuko marathoia eta Zeruko sokalariak? Horiek galdu dira Pentatloia galdu zen moduan. Zaharrak joan eta berriak etorri. 
 
Euskadiko ezkerrak bultzatutako Turismo batzordeak ere izan zuen urte hartan emaitzarik. Ez zuen luze iraun, Euskadiko Ezkerrak berak legez. 
 
San Kristobal jaia ere ospatu zen. Eskolapean egiten zen, eta Autobusen konpainiak, kamiozaleek eta taxistek ordaintzen zuten. Autobus konpainiarik ez dago, eta kamiozale eta taxistarik apenas. Akabo, bada, San Kristobal jaia. Parranda egun bat gutxiago egutegian. Ea, ba, debalde festa preparatzen det gogua dedan orduan... 
 
Portaleko merkadilloa bizi osoan ezagutu dugu toki horretan. Ez da beti hala izan, antza: 1982ko kontua da. Lehenago ez dakigu non zegoen. Plazan edo? Baina lekuz aldatzea ez zen gozoa izan kontatzen dutenez.
 
Euskal Zinema Bilera ere ez da beti egin udazken partean. Orduko hartan ekain-uztailetan egiten zen.
 
Eta Aitor Sabiñoren aurreko artikuluari erantzuten. Obispoaren deia, manifestazio antinuklearrak eta biolentzia (definitu biolentzia). Sustraia barrukoak elkarri mokoka. 
 







 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 36 kaleratutakoa
 
 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 36 originaletatik

 

2025/11/17

 

SUSTRAIA 35

1982ko ekaina 

San Juan suak azalean. Sustraiaren zenbat alek ez zuten amaituko su horietan!
 
Sutan amaitu du, edo kiskalita behintzat, ikastolako irakasleek greba egiteko izan zuten helburuak ere: euskal eskola publiko bakarra. 1993an egon zen horretarako aukera, eta hainbat ikastolak muzin egin zioten. Ondorioak begi bistan daude han eta hemen: euskal eskola publiko bat eta euskal eskola publiko kontzertatuak, eta elkarren artean mokoka.
 
Eskola nazionaletan ere greba zuzendarien dekretua dela-eta: greba irakasleek, ze uneko zuzendariak bat egin zuen dekretuarekin eta bera izendatu zuen administrazioak 1983-84 ikasturteko zuzendari. Dekretuak ez zuen aurrera egin, eta zuzendari hura joan egin zen Lekeitiotik.
 
Korrika 82 (Korrika 2) ordu bi atzeratuta pasatu zen herritik. Kontatu digute han egondakoek Enrike pastelerua eta Aka (Akarregi pastelerua; gaur egun Guzurmendi taberna dago haren pastelerian) pastekin egon zirela Korrikaren zain Lekeitiori zegokion lehenengo kilometroan, Asterrika parean. Atzeratuta zetorrenez, lanera bueltau behar izan zuten korrika egin gabe; bertan bildutakoek pasta guztiak jan zituzten eta Ondarroara joan ziren txurrutari ematen: dezente omen zeuden Korrika heldu zenean! Argazkiak eta guzti omen daude, baina... ez dizkigute eman nahi izan.
 
Ikusgarri erakustaretoa inaguratu zen. Elizak Gizarte etxea saldu zuenean, akabo.
 
Gaur egun, Korrika ia-ia zuzenean ematen digute ETBn; 1982an, gauzak beste era batera zeuden: udalak ez zuen diruz lagundu euskararen aldeko ekimena. 2025ean gobernuak bere utzikeria garbizeko baliatzen ditu euskararen aldeko herri ekimenak, tartean Korrika. Datorren urtean, 24 garrena, eta etorriko direnak. Zoritxarrez.
 
Elkarrizketa, Karlos Castellanoseri, Valentin Castellanos Zapaterito pelotari handiaren seme eta Lekeitioko udal liburutegiko arduradunari. Liburutegi hura ere Gizarte etxean egon zen, lehen pisuan.     
 
Osti! Eta Sabiñok firmatutako artikulu bat! (Baleki nor garen...). Firmatu egin zuen, eta Sustraia taldeak artikuluarekin zerikusirik ez zeukala argitu beharrean egon zen, antza. Hori bai, patrimonializatuta zeukan aldizkaria, ze jarraian elkarrizketa bat ageri da bere Mermeleko kolegekin, hondartzako futbol txapeketa irabazi zutelako aitzakian.
 
Eta kontuak argi: herriak lagundu zuen diruz Korrika 82, eta herriari azaldu egin behar zaio zertan gauzatu den laguntza hori. Hor daude ditu kontuak iñork aztertu nahi baditu ere.
 
 





 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 35 kaleratutakoa
 
 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 35 originaletatik


2025/11/15

 

SUSTRAIA 34

1982ko apirila 

Itsas-soinua abesbatzak fruituak ematen segitzen du: oraingoan, 8 neskak osatutako Lumentza zortzikoteak Bilboko Aurrezki Kutxa Munizipalak antolatutako lehiaketa irabazi zuen.
 
Saneamentua ere berbagai: udal osoko bilburan zoritxarreko proiektua onartu zen EAjren aldeko botoekin. Horretaz aurretik ere egin dugu berba Saneamentua eta Saneametua II sarreretan.
 
Graba egiteko eskubidea berriro istilu bide: Ondarroako institutko gertakarien erantzun modura Lea-Aribaiko eskolak geldi. 
 
Irakaskuntzako hautsak harrotu zituen gertakari bate gaineko iruzkina ere ageri da. Hona hemen errua izan zuen irudia
 
Kontua zertan izan zen jakin nahi izanez gero, hemen duzue El Paisen agertutako artikulua
 

Esku pelota txapelketan, Kuku aipatzen da bereziki. Hura ere joan da. Beste kuku batek esan digu bikoteak aldatuta egon izan balira, txapelketa hartan kukuak besteletara joko zuela agian. Kontua da Amoto eta Jabi Bolotaren eta Kukuren kontra izan zela finala eta ez Amoto eta Kuku Bolotaren eta Jabiren kontra.
 
Badago aipamen bat lekeitiarroi batere gustatzen zaigun gai bati buruzkoa: turismoa. EEkoek ekimen bat izan zuten: turismoa errealitatea zenez, hori aprobetxatzeko zerbait egitea. Onartu egin omen zen, baina guk dakigula, Lekeitioko udalak, eskuorriren bat edo beste kaleratzetik aparte, ez du egin ezer gai horren inguruan. Denporari utzi zaio bere higalana egiten, eta, 23 urte geroago, hemen gaude noraezean: 40 eta piku urtetan ez dugu pentsatu etorkizunean, eta etorkizunak zapaldu egin gaitu. 
 
Eusebio Erkiaga, haserre, herriko berbak zaindu eta gordetzeaz ari zaigu. Errespetuaz, azken finean.

Parkeko arbolen gainean esan beharrekoak esanda dadue.
 
Elkarrizketa, Mark Legasserekin.    





 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 34 kaleratutakoa
 
 

Sustraia 34aren originalak galduta dagoz, oraingoz. Sabiño, segi bila topako dituzu-eta. Pasatu ahalik eta arinen, hau eta falta ditugun besteak.

 

2025/11/13

 

SUSTRAIA 33

1982ko otsaila 

Miren Agur Meabek Idatz eta Mintz aldizkariak antolatutako idatz sariketa irabazi zuela aipatzen da. Harrezkeroko ibilaldiak badakigu noraino eraman duen.
 
Entzerrona bat egin zen udaletxean (eleizakoa berriro ez gertatzeko, neurriak hartzen ziren, eta Ibañez de Aldekoatarren etxean jendea egoten zen zelatan, polizia edo guardia zibilak agertuz gero, abisua emateko). Baina gaur egun ez da egiten entzerronarik. Zertarako!
 
Gizarte etxeko lehenengo solairuan, Bizkaiko Aurrezki Kutxak diruz lagunduta, erakusketa areto bat prestatu zen. Gero, beheko solairuan jarri zen; geroago, Barandiaran aretoan; tartean BAKen egoitza zaharrean; geroago... Eta, gaur egun badakigu non daukagun, eta zer.
 
Ostalarekin zer egin behar zen pentsatzen hasi ziren. 10 urte beharko ziren asmo haien fruitua-edo ikusteko. Eta begiak ikusteko dituenak ikusi du zer eman duen asmo hark. 
 
Elkarrizketa Mark Legasserekin.    


Erdiko orrialde bikoitza
 

 
 
 
 






Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 33 kaleratutakoa
 
 

 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 33 originaletatik

 

2025/11/11

 

 

SUSTRAIA 32

1982ko urtarrila 

Sustraia 32an euskal prentsaren aldarria. Euskal prentsa euskaraz gauzatzen dena den neurrian, sasoi hartan euskal prentsa nazionala Argia eta Anaitasuna ziren, eta kito. Gainera, orduko hartan, Josetxu Llerandi genuen Anaitsaunako erredakzio-buru, eta Mitxel Kaltzakortak eta Euken Entziondok sarri-sarri idazten zuten bertan.
 

 
Gainera, herri aldizkariak eta horiek babestu beharra nabarmentzen da. Egin eta Deia ere baziren, baina euskara testimoniala zen egunkari horietan bietan. Eginek eta Deiak Eguna eta Hemen astekariak kaleratu zituzten 80ko hamarkadako bigarren erdialdean euskara hutsean eta gobernuaren ditu laguntzarekkin: ez dakigu nor engainatu nahi zuten; izan ere, Argiaren inguruan garatu nahi zen euskara hutseko egunkaria oztopatu nahi izan zen, baina alferrik: 1990eko abenduaren 6an, asko eta askoren borondatearen eta nahien kontra, Euskaldunnon Egunkariaren lehen zenbakia kaleratu zen.
 
ETBri dagokionez, berriz, 1982ko abenduan egin zuen lehen emanaldia eta 1983ko hasi ziren emanaldi errgularrak. 1986an, ETB2 ezarri zuten, eta akabo gure esperantza.
 
Bagenekien obretan zeudela, baina, bat-batean, ospitala erresidentzia bihurtu zen, eta zenbaki honetako elkarrizketak hori du berbagai.
 

El Correo 1981-12-29 


Artikuluetako batean, hau galdetzen da: Atsedenaldia, zertarako?, eta errezeta batzuk ematen ditu sasoi hartan denbora librea-edo betetzeko. Denbora joanda, guk, urreko baten berbak gogoratu nahi ditugu: nik aspaldi ikasi nuen aspertzen, eta horregaitik ez naiz sekula aspertzen. Beste errezeta edo gomendio bat hemen aurkitu dezakezue.
 
Eta, gero, Anboto, zoazte Anbotora eta ahaztu, garbitu neuronak.
 
 




Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 32 kaleratutakoa
 
 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 32 originaletatik

 

2025/11/09

 

SUSTRAIA 31

1981eko abendua 

Interesgarri Sustraia 31. Berriro ageri da Andobi abadea, eta haren gaineko aipamenak zer pentsatua ematen du: herritik joan zen, eta iñork ez zekien zergatik. Galdetuta, esan digute joan eta urte batzuetara utzi egin zuela abadetza.   
 

 
 
Herriko ahaztu batzuk ere ageri dira: Amias ea Klaret. Kartzelan sartu zituzten Komando Autonomoen izenean banketxe bat atrakatzearren. Herriko mihi gaiztoek primeran pasa zuten txarto esaka eta lapur arruntak zirela behin eta berriro errepikatzen. 
 
Baina ezer nabarmendu behar bada 1981eko azaro hartan, hilaren 23ko greba orokorra aipatu behar da. Eskola nazionaletan (izena berriro berreskuratuta) arazo larriak izan zirela nabarmentzen da, eta orrialde oso biko hausnarketa ageri da gero. Irakurtzekoa. Betikoak greba eskubidea zapuztu nahian; izan ere, horientzat sekula ez da une egokia greba egiteko.
 
Greba hura orokorra izan zen 
 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Punto y Hora 245, 1981-11-27 
 
 
Ondoren datorren komunikatua (Anton Goitia y un numeroso grupo de padres de alumnos de las Escuelas Públicas) Euskadiko Ezkerrak kaleratutakoaren erantzuna da, baina guk, zoritxarrez, ez daukagu.
 
 

 
Komunikatua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Al pueblo de Lekeito, 23ko greba, Anton Goitia eta beste 
 
 Euskadiko Ezkerrekoek 2. komunikatu bat kaleratu zuten
 
 

 
Komunikatua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitioko herriari eskola publikoak direla EEren 2 komunikatua 1981-11-29 
 
Eta amaitzeko HK-k ere berea kaleratu zuen udalean aurkeztutako mozio baten harira
 

Komunikatua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitioko herriari HK 1981-12-11 
 
 
Beste gune interesgarria zenbaki honetan, Manuel Endeizari egindako elkarrizketa da. Manuel Endeiza, komunista omen, jubilatuen eta adin nagusikoen eskubideen alde nekatu gabe borrokatzen zuen gizona. Esanda daukagu haren ekimenez hasi zirela egiten San Antolinetan nagusien eguna eta nagusien bazkaria; harena izan zen Saridunen etxea eraikitzeko ekimena eta bultzada; oraingoan, Zaharren Aste Internazionala antolatu zuen, eta antolatuko zituenak. 
 
 
Gizon hark ez zuen sekula begetatu. Eta haren haziak eman du fruitu: gaur egun, Manuel Endeiza zaharren etxeaz eta elkarteaz gainera, Lagunkoia taldea ere badago herrian, makinatxu bat ekimen eta jarduera antolatzen dituen taldea, batez ere auzolanean.
 
Erdiko posterra
 

 

Azalean, irrati bat eta telebista bat, eta aldarri bat: gabonetarako euskaraz. Euskalerrian Euskaraz jo eta zebilen aldarrikatzen komunikabide horiek euskaraz behar genituela eta jabetza publikokoak izan behar zutela. Ez ziren gabonetarako egon, baina montatu zituzten: ETB1, euskaraz eta kirol festetarako, adarjotze bat euskaldunontzat, eta beste gauza inportante guztietarako ET2, gaztelaniaz. Eta 45 urte geroago berdin segitzen dugu: ETB1 itxura egiteko eta beste guztirako ETB2.
 
 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 31 kaleratutakoa
 
 




Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 31 originaletatik