2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2026/02/27

 

Ekina

1998ko urria

HBk ere kaleratu zuen bere aldizkaria. Hona dakarguna 12. zenbakia, eta ez daukagu besterik. Ea agertzen diren Lekeitio Kirol 1 agertu den moduan.

Azalean, Lizarra-Garaziko akordioa eta ETAren su etena. Denok dakigu zelan amaitu zen hura. Konponbide garaia omen zen, eta hemen segitzen dugu kontua konpondu ezinean. Presoek barruan segitzen dute behintzat. Tartean Pototo eta Liher, eta Arantza kartzelan sartu berri dute.  Konponbidea noiz?



 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
Ekina 12, HB
 
 
 

2026/02/25

 

Lekeitio Kirol 1

1989ko martxoa 

Lagun batek, Josafateko zelaira joandako bat gogoan, ekinak izatea ez dela gauza ona esaten digu. Baina blog honetan ez dugu beste erremediorik eta ezinbestean behar dugu izan ekin. Eta batzuetan fruitua ematen du. Horren froga Lekeitio Kirol 1 hau. Hiru bakarrik genituen, eta ezin besterik aurkitu. Eta hara non lehen zenbakia bidali diguten ocr-a eginda eta guzti. Eskerrik asko. Lehen zenbakiak beti dira garrantzitsuak.

Lehen zenbaki honetan Lekeitioko kirol taldeen errepaso orokorra.

 



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio Kirol 1

 

Azken orrialdea iluntxu dago aldizkarian, eta guk, Bittorrek hori eta gehiago merezi du-eta, beste bertsio bat aurkitu dugu, argiagoa (jatorrizkoa, Aulestin ikusi genuenez, koloretan da). Ea animatzen den eta Lekeition ere erakusketa bat oparitzen digun. Onartzen diogu erdiaulestiar sentitzea, baina pentsatzen dugu Lekeition ere egin beharko lukeela bat.




 

2026/02/23

 

Lekeitioko II. udal boletina 

1990 

Karin Kara aldizkariaren 5 zenbakia ez daukagu eta pentsatzen dugu 12. bat ere egon zela hauteskunde kanpainan, baina ez dugu topa. Beraz, besterik ezean, 11.arekin amaituko dugu EH Bilduren aldizkarigintzakoa.

Duela gutxi eskuratu dugu gaur dakargun aldizkaria, EAk kaleratutakoa. Ez dakigu zehatz-mehatz noizkoa den, ezta zenbat kaleratu zituzten ere. Beraz, oraingoz, bakarra eskuratuko dizuegu.

XXI. mendera begirako zenbakia duzue gaurko hau, eta, sarreran, itaun interesgarriak egin zituzten. 35 urte geroago, erantzuteko moduan gaude.

Itaunok baieztapen batetik abiatzen dira: Izan ere, argi dago Lekeitio krisian sartuta daukagula luzaroan, inork gutxik dakigularik norantz bideratu nahi dugun herri hau. Bitxia gu hori: haiek bazekiten nora bideratu herria. Ez dugu pentsatzen gaur eguneko errealitatea gustatuko zaienik.

Zertan den itaun haien mamia gaur egun? Ea, bada

zergatik bajatu dira erdira itsasuntziak? Ez da geratzen bajurako itsasontzirik.

zergatik geratu gara Kabana erdiekin? Ez dago kabanarik.

zergatik daude lehengo astilero erdiak? Ez dago astilerorik. Bueno, bai: iraganaren oroigarri-erakusgarri antzeko bat, museo-edo egin nahi dutena.

zergatik daude alde zaharreko etxe erdiak hutsik? Hutsik segitzen dute.

zergatik doaz 25-35 urte bitarteko gazte erdiak herritik kanpora lan egitera? Dagoeneko ez dira erdiak ia denak baino.

Eta aurrera begira, ze pisu izan behar luke turismoak? Honi bakoitzak erantzun diezaiola.

ze industri-mota bultzatu beharko litzateke gure herrian? Ez dago industriarik.

ze leku bilatu behar diogu arrantzari? Arrantza kirola da, portua kirol portua da, eta hiru lebatzale daude, bat salgai.

REM ikastetxea, kiroldegia, depuradora eta osasun etxea, ostera, errealitate dira.  Kultur etxea ere bada, eta, zelebrea bada ere, eleizak beretzat eskuratutako Gizarte etxearen argazki bat ageri da azken orrialdean: dagoeneko ez da existitzen.

 


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
Lekeitioko II. udal boletina EA
 
 
 

2026/02/21

 

EH Bilduren Programa udal hauteskundeetarako 

2023ko maiatza 

Irakurri, eta pentsa dezala bakoitzak nahi duena. Izan ere, gure herriko alderdi politiko bien berba usaritua hurrenguan da. Eta hemen gaude gu, noiz ailegatuko hurrenguan hori.

Zer egingo duten ageri da dokumentuan. EAJrenean ere berdin (https://mandaskia.blogspot.com/2026/01/eajren-programa-udal-hauteskundeetarako.html). 2027an ikusiko dugu elkar, eta orduan aztertuko ditugu dokumentuok. Gero, komentariuak.

 



Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen:
EH Bilduren udal programa 2023-2027 agintaldirako
 
 
 

2026/02/19

 

Karin Kara 11

2022ko azaroa 

Energiaren krisia eta eredua aldatu beharra. Gai serioa. 

Etxebizitzaren arazoa. 40 urte buelta-bueltaka eta aurrera egin ezinik.

Urtetik urtera, gero eta gatxago egiten jaku herritarroi Lekitton bizitea. Zaharrak berri. Herrian lan egitea eta bertan bizitzea nekeza izan da aspaldi luzean, eta ezinezkoa gaur egun administraziorako lan egiten ez bada edo zerbitzuetan eguneroko ogia lortzeko ahaleginean ez bazabiltza. Askok eta askok aukeratu dute egunero hara-hona ibiltzea autoan Lekeition bizitzea hautatu dutelako, eta asko eta asko dira herririk joan behar izan dutenak  langintza berean. Urteak joan urteak etorri, batzuk lekeitiar osoak dira eta besteak beraneante zapaltzaileak. Eta, bideak eta komunikabideak hobetu ahala, arazoa areagotu egin da.

laster gazteleraz biziko gara eta ez jaku ardura izango dator Euskaraldiari buruzko artikuluan. Mintzatuan eusten diogu oraindik; baina, aspaldi ari gara espainolez idazten euskarazko berbak erabilita, eta ez gara konturatzen.

 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 11
 
 

2026/02/17

 

Karin Kara 10

2022ko ekaina 

Zenbat iraun behar dute Sanantolinek? Ederra itauna. Ausartu ere! Beti izan dira 8 egun eta! Beti? Ederra eztabaida zehazteko zer diren geureak eta zer betikoak.

Sasoi batean, antiojuak dirudunek eta abadeek bakarrik izaten zituzten. Gure herriko Kristobal Amezketa eskribauak ez zuen izango halakorik, baina begitanduten zaigu izanda ere ez zuela ikusiko andrerik begi aurreko aldran.

Hizkuntza politiken kontuetan ez gara sartuko, geu ere makinatxo bat argazkitan agertutakoak gara-eta. Argazkitik argazkira hurrengo argazkira arte, ze euskarak ez du aurrera egiten aspaldion.

Pentsa, Gure eskukoek Pirinioak argiztatu zituzten, baina argi gutxi gure bidean. Errua, behar bada, energia berriztagarrien komunitatekoena.

Postaleko herria eta gazteok. Ihartu bidean den postala dagoeneko.


 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 10
 
 

2026/02/15

 

Karin Kara 9

2022ko otsaila 

Portuko obrak. Arrantza portutik kirol portura. Egin ahal izango ziren udala kontra ipini izan balitz eta aurre egin izan balio goitik ezarritako erabakiari? Aurrerantzean ezingo dute jarri turismoko eskuorrietan Pequeño pueblo pesquero. Hilkutxa horrek jarrita dauka dagoneko azken iltzea.

Osakidetzarena ere marka da gero! Mundu mundialeko osasun sistema onena zena hilbanean hartuta zegoen, antza. Danbateko bat, eta arrakalak di-da batean agertu zitzaizkion.

Aratusteen eta antzeko jai-ekimenen inguruko hausnarketa bat ere badator. Zer pentsatu ematen du. Baina burutazio txiki bat honen inguruan: Lekittoko aratusteetako asteartearen ospe eta jendetzarik ez da urteotan entzuten gure kaleetan. Lekitton ez dago beharrik; Maderas Eiguren, Maderas Lekeitio eta Latoneria zarratu zituzten egunean hasi zen bertan behera karnabal martitzena. Enpresok jardun bitartean, Hausterre-eguna lanik gabeko eguna izaten zen, eta horrek arratsalde-gaueko giroa ahalbidetzen zuen. Gaur, herriko langileek ez dute jai martitzen biharamuna, arratsaldean ez daude herrian eta ezin dute gaua alaitzen ibili hurrengo egunean kotxea hartu eta lanera joan behar badute.

Zer geratzen da? Eskola-ikastoletako umeen jai-kalejira, jubilatu batzuk eta... Halako jaiek arrakasta izateko masa kritikoa behar dute, eta, dagoeneko, herrian ez dugu halakorik. Masa kritikoa zegoenean, umeek ere pando egiten zuten eskolara Sasikopatsu egunean, eta maisu-maistrak haserretu. Memoria geratzen zaigu, baina hori ere galtzen daukagu.

Casimiro Etxebarria gogoan artikuluan, Baina ba dago jakiterik Casimiroren bandari zergatik galarazi eutsen herrian jotea? itauna. Zelebrea. 2025ean, Kasimiro Etxeberria Urtzi Irondon haragitu zan. Eta ez dago jakiterik zergatik.

 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Karin Kara 9
 
 
Ohar bat. Ez dakigu gure Kasimiro Etxebarria zen edo Etxeberria.  Lekeitioko kale-izendegian Etxebarria da eta Fernando Garateak 4. Kurik-en argiataratutako artikuluan, Etxeberria. Fernando zein zehatza den jakinda, ez daukagu batere zalantzarik nor dabilen zuzen. Eta, hartara, gure Kasimiro giputz jatorrikoa genuen.