2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/04/13

 

Lekittarrak 

Jabi Goitia Kabi

Lekeitioko Udaletik 4an, Jabi Goitia Kabiren heriotzaren berri ageri da, une hartan udalean aurkeztu zen mozioak zer aldarrikatzen zuen eta zer gertatu zen mozio harekin.

 


Ordukoetan sartu gabe, kontu berriagoez arituko gara. 2022ko azaroaren 10ean, Koldo Goitia orduko alkateak artikulu bat argitaratu zuen Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzan: Bizikidetzarako bidea egiten.


Bizikidetzarako bidea egiten. Koldo Goitia 

Artikulu horretan, honako hau idatzi zuen:

2022ko urriaren 25ko Lekeitioko Udaleko osoko bilkurak, barriro aho batez, Lekeition, biolentziaren edo indarkeria guztien eta giza eskubideen urraketaren ondorioz izan diren biktima guztiei, egia, justizia, erreparazioa eta merezitako aitortza adierazteko, urtero Memoriaren Egunean, azaroaren 10ean, ikurrina masta erdian jarriko dela onartu genuen.

Ez dakigu orduko ebazpen hartan herriko biktima guztien izen-abizenak zerrendatu ziren. Baina, paragrafo bi beherago, Koldo Goitiak berak izendatzen ditu, zuzen-zuzenean, biktima horiek, eta, hara, biktima bat falta da: Jabi Goitia Kabi! Zergatik ote da? Erailak bakarrik gogoratu nahi dituelako? Ez ote da, bada, Kabi Goitia biolentziaren biktima? Zatikako bizikidetza batekin konformatzen ote da Koldo Goitia?

Hori nahikoa ez eta, Lekeitioko EAJ-PNV-ek bere faebook-ean, 2024ko azaroaren 10ean, Memoriaren Egunaren harira, arrasto berean segitzen du: biktima guztiak aipatu eta "justizia, egia eta erreparazioa bermatzeko lanarekin jarraituko dugu" aldarrikatu, eta beherago Jabi Goitia erabat ahaztu. 

70-80-90eko hamarkadetan, izugarrikeria handiak gertatu ziren herri honetan, eta denak, batera edo bestera, biktimak izan ziren. Eta horretaz ez bagara ohartzen edo ez badugu ohartu nahi, nekez egingo dugu aurrera bizikidetzarako bide horretan.

Guk dakigun bat bere eginkizunetatik bota zuten (edo joanarazi egin zioten, berdin dio) Koldo Goitiaren beraren agintaldian, 2022ko adierazpen hura baino 10 urte lehenagotik gauza berak ozen aldarrikatzearren.

Halakoak pasatzen dira aldarriak aldarri huts direnean: politagoak dira nik esaten ditudanean zuk esaten dituzunean baino.

 

2025/04/11

 

Lekeitioko Musika Banda II

158 urteko historia. 158 horiek Fernando Garateak finkatu ditu, luze eta sakon aztertuta Bandaren nondik norakoak. Ikerketa horren emaitza hitzaldi gogongarri batean eman zigun Azkue aretoan, eta Kurik 4an idatzi. Han dago irakurri nahi duen edonoren eskura.

Lekeitioko Musika Banda. Fernando Garatea, Kurik 4

Eta, horrez gain, bada dokumental bat Bandakoek beren 150. urteurrenean egindakoa.

 



Disfrutatu, ez dakigu-eta noiz izango dugun berriro modua.



2025/04/09

 

Lekeitioko Musika Banda I

Atzo, berbaroa herrian. Zer pasatu ote da?

Eta bat batean, di-da (itxuraz aspaldiko kontua den arren), 158 urteko historia lohietara

Komunikatu osoa irakurtzeko, egin klik hemen: Lekeitioko Musika Bandako kideen komunikatua 

Eta guri zerbait hautsi zitzaigukean bihotzean, kra.

Zaharrak berri gure herrian.

Ene begiek ez dute malko isurtzeko gogorik

 

Txu-txua gora, txu-txua behera, txu-txu gehiagorako bidea



Testu-analisia egiteko modukoak dira bata zein bestea. Guk, egin dugu, bada, geurea, eta, muturrak okertuta, geure ondorioak atera.  Ez gara hasiko, ordea, ondorio horiek hemen azaltzen (ez gogorik ez dugulako; kontrara, senak egiteko eskatzen digu). 

Hor, kuku, beste aldean inor bada, irakurri, eta egin kontu.


2025/04/07

 

LEKEITIOKO UDALETIK 4

 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitioko Udaletik 4

Lekeitioko Udaletik 4 1991ko abenduan kaleratu zen. 4.a eta azkena. Sosak amaitu, eta akabo aldizkaria. Pena; izan ere, udalean eta  inguruan zer gertatzen zen jakiteko modu bakarra genuen. Ez dena, baina herritarrok gauza askoren jakinaren gainean jartzen gintuen.

Gai potoloak daude: etxebizitza, irakaskuntza, herriaren garapen urbanistikoa...   Eta interesgarriak, ikusteko zer egin den, zer ez, zer geratu den denboran ahaztuta, zer pentsatzen zen egitea eta zer den orain...

Etorriko gara gaiotara hurrengo egunetan. Oraingoz, disfrutatu azken zenbaki hau.


2025/04/05

Etxebizitza

Atzo, Patxi Entziondo Batarrita arkitektoak Hirigintza-garapenaren bilakaera Lekeition (1939-1960) berbaldia eman zuen Azkue aretoan. Kontu askoz aritu zen (azkenean labur geratu zitzaigun), eta tartean etxebizitza sozialen gainean egin zuen berba: Casas Baratas (1954), san Andreseko etxeak (1973) eta Trinkete aurrekoak. 

Arranegi bueltako etxeak, sasoi hartan behintzat, ez ziren oso osasungarriak: argi gutxi (bat ere ez esatearren) barruko geletan, eta horren ondoriozko hezetasuna, batez ere. Eta horri konponbidea eman nahian edo egin omen ziren lehenengo etxebizitza sozialak Lekeition: Casas Baratas-ekoak. Leiho zabalak eta gelak argiztatuta. Aurrerapen bat.

Baina, etxe haiek egin zituztenek ez zuten gogoan hartu beste baldintza bat: pertsonako zenbat metro karratu behar zen gutxienez. Poxpolo kaxak egin zituzten, eta, hala, batzuk etxe haien sotoetan bizi ziren goiko pisuan lekurik ez eta. Hartu kontuan sasoi hartan familiako 3-4 seme-alaba izaten zirela. 

60-70eko hamarkadetan, Lekeition edonondik urrun geunden: bide eskasak hara-hona ibiltzeko, Autxagane tontorra zen bihurgunez josia (gaur gane du izenean, baina han ez dago aldaparik). Pentsa, Markinako Eskola Laboralera joaten zirenak bertan geratzen ziren astean zehar, eta 18 kilometrora bakarrik dago (Milloi ere ez zen gaur egunekoa). Eta, zer esanik ez, kanpoan lan egiten zutenak kanpoan geratzen ziren bizitzen. Gauzak aldatu egin dira: bide hobeak, Autxagane ez da mendi ez bihurgune, Trabakun ez dago errebueltarik ere, eta Trabakutik aurrera autopista daukazu. Beraz, kanpoan lan egin arren, langile horiek guztiak, nagusi zein gazte, buelta egiten dute herrira, eta etxebizitzaren arazoa areagotu egin da.

Lekeitioko Udaletik 3an, etxebizitza sozialei buruz galdetu zen. Hona erantzun bi. Intentzio txarrik gabe, baina galderak erantzuna baldintzatu zuen.

Aitorrek, esate baterako, galderari erantzun zion



 

Agurtzanek, berriz, arazoa bere gordinean planteatu zuen:



 

Kontuak kontu, arazoak bere horretan segitzen du.




 

Urteak joan urteak etorri ez dirudi konponderik jarri zaionik: arazoa handitu eta handitu baino ez da egin eta herrian egingo diren hurrengo etxeek (Frailekietan eta Beitian) ere ez dute ezertan lagunduko ez dira-eta gazteen eros ahalmenerako. Turismo basatiaren kontra omen gaude. Bai? Aspaldiko aldarria da, Baina aldarri egiten duenak aldarri besterik ez du egiten, aldarrian geratzen da. Denok dakigu norentzat dira etxe horiek.

 

Txin txin, txin txin, diruaren hotsa...

 

Kartel horietako euskara ereduaz (lekeitiarkeriak eta ahozko hizkuntzaren esateko moduak) hurrengoan egingo dugu berba.

 

2025/04/03


 

Cavaillé-Coll

Txin txin, txin txin, diruaren hotsa...

Total, dana da musikia

Bai, Lekeition Cavaillé-Coll¹ organo erromantiko zoragarria daukagu, estatuan jarri zen lehenengoa. Jose Jabier Uribarrenek eta Maria Jesus Agirrebengoak 1855ean herrirako erosi zutenetik (Fernando Garateak dixit Kurik 4an) makinatxo bat bide egin du harrezkero.

Guk, eskuorri hau bakarrik jartzeko asmoa genuen, baina kazetaritzan (eiona barre) egunerokotasunak...

 

Eskuorria eskuratzeko, egin klik hemen: Musikaldia Lekeitioko Cavaillé-Coll berriztatzean

Urteen joanak kalte egin dio (nori ez?), eta konponketak behar izan ditu. Azkenak, 1977an eta 1990ean. Gaur arte. Eta gaur, egoera larrian dago eta konpondu beharra dauka joko badu. % 40an omen dago, eta zuzenean sentitu genuen galera hori martxoaren 29ko kontzertuan.

Herritar batzuk antolatu egin dira, eta Lekeitioko organoaren lagunak elkartea sortu dute konpontzeko lanak ordaintzekko behar den dirua batzeko. Hortik larunbateko emanaldia.


 

Eta, jakina, dirua ipini behar denez, hautsak harrotu dira herrian: Norena da organoa? Pribatua bada, zergatik jarri behar dugu dirua herritarrok? Ez baduzu dirurik jartzen, ondarea gordetzearen kontra zaude! Dirua herriak ipintzen badu, izan dadila jabegoaren parte bat gurea!

Gero eta katoliko gutxiago egotearen ajeak.

Auzolanean hainbat gauza egiten dira gure herrian (azkena, Jose Arrueren Itxasgaña txakolina koadroaren erreprodukzioa Santa Katalinako bide zaharreko aterpean Lagunkoia taldearen eskutik), eta organoaren aldekoa ere herri ekimen bat da. Alde batekin: oraingo hau jabego pribatuaren aldekoa da. Eta Elizagaz eskarmentua hartutakoak gara gurean: gogoratu, bestela, zer gertatu zen Gizarte etxeagaz.

Kontuak kontu, herriko ondarearen aldeko Atabaka elkarteak ere eman du omen du bere iritzia: norbait ondarea berreskuratzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko lanean ari bada, haiek alboan egongo dira jabea edozein dela ere. 

Ez dira berba txikiak ondarea berreskuratzeko, kontserbatzeko eta zabaltzeko horiek. Zabaltzeko horrek adiera diferenteak ditu: bat, hedatzeko, eta bestea, zabalik egoteko. Bigarren hori interesatzen zaigu guri. Izan ere, zergatik egoten da elixia beti zarratuta elixkizunetarako izan ezik? Zenbat lekeitiarrek bisitatu du Zubietako jauregia? Ez dute zabaldu behar, bada, urtean birritan edonork bisitatzeko moduan? Zergatik du sarrera moztuta (eta beraz, pribatizatuta) Lumentzaren magaleko herri bideak?

Organora bueltan, Elizak ez omen du eskatu konpontzeko. Jakina, hori baino txori abilagoa da: ohartuko dira herritarrak eta arduratuko dira haiek.

Eta guk, kokolo-kokolo, konpondu egingo dugu. Zer erremedio. Eliza desegin eta ondarea saltzen ez duten bitartean, organoa gurean egondo den esperantzan.

Baina ezin dugu ahaztu Gizarte etxearena: elizak ederra negozioa egin zuen harekin.



(1) Euskera txukunagoan ere idatzi daiteke, eta ez Lekeition txukun-ek daukan esanahian.

2025/04/02

 

Elixapia, Elixia...

Martxoaren 29an, Gamixen (Juan Luis Plaza) komiki bat jarri genizuen eta joko bat proposatu. 

Egunkari-aldizkarietan, 7 aldeen jokoa kartzen dutenean, hurrengo zenbakian jartzen dute erantzuna. Gu ez gara gutxiago, eta gauza bera egin dugu: erantzuna Lekeitioko Udaletik 3an daukazue. 

Baten batek aldea igarri ez badu edo ez badu topa, hemen daukazue:


 

Elixapian berjia ipini zuten. Hormarik hormaka eta kalabakaka ibiltzen ginen toki hura itxi egin zuten. Akabo gauez ilunetan eta kontu kontari pipak jaten egotea. Lehen leku asko herrian halakoetarako,, eta...  

Diru publikoa erabili zuten jabego pribatu-edo zena pribatuago egiteko. 10 milioi pezeta, hau da, 60.000 euro. Gaur egun, aparkatzeko partzela bat erosteko ematen du, baina etxe bat erosteko beste zen 1991n.

Udalak berehala ohartu zen jokaldiarekin eta bide beretik ekin zuen: Kontzijopia itxi zuten. 

Txiza omen zen arazoa. Horrexegatik daukagu herria komun publikoz beteta gaur egun.

Gero, teilatua konpontzeko beste 25 milioi. Antza, baten bat beldur zen, Asterix eta Obelix eta haien herrixkako gainerako galiar guztiak bezala, zerua ez ote zitzaion/zitzaien/zitzaigun buruaren gainera etorriko.