2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2024/12/13

 

 

DZANGA 2


 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 2

Santa Mariako parrokia dakar berbara Iñaki Goioganak, Lekeitio sortu zuten sasoiko kontuekin. Orain elizkizunetan eta hiletetan bakarrik zabaltzen duten herri ondarea. Eiona barre! Herri ondarea esan dugu? Bai zera! Eraikin hori inorena da, eta horrexegatik egoten da ia beti zarratuta. Badakizue norena den?

Ondo dino Txantxanek: Eugenio Egiaren historia beraren adineko edozein marineroren historia da. Bizitza gogorra, 13 urtegaz itsasora, eta ekonomia, familiarra: aita marinero, semea mutil txiki eta ama-alabak enkarnaten, saregin, señero… Nola aldatzen diren gauzak, kamaraaada!!!

 

Eugenion berbetan ogibidearekin batera galbidean dauden makina bat berba: traina, mandzuidza, arin-aringa, txikota, partilla, drogan, señerua, txarrantxia, tretza, errenkadan etorri, kandelak, parasmia, blankuria, txartadan ibili, ardora, giñarrea, maluta, part, palta...

 

Anton piperra, Jose txikia, Sebilla… eta Jesus Baltza!!! Zigarrotxu bat, zigarrotxu bat ezagutu genuen guk, nagusi eta makal, eta barre egiten genion. Baina, gure aitak kontatzen zigunez, gizon txiki, dardarti eta ihar hura handia izandakoa zen. Artean, gazte eta berde ginen.

 

Agurtza ere ageri da kontakizunean. Bapore dotoreagorik itsaso gainean! Orain, 2004tik, Santurtzin dago ikusgai. Lekeitioko ondarea, Murelaga anaien ontziolan egina, Santurtzin!

 

 
 

 

Izan genuen herrian beste itsasontzi bat gure ondarearen erakusgarri: Playa de Ondarzabal, 2003an udalak erosia. Portuan egon zen ikusgai, bisitagai. Itsasora ere irteten zen.  Apurka-apurka, hondatu egin zen zaintza eta mantenimendu faltaren faltaz. Makinatxo berbaleku eman zuten Andoni Madariaga Menbrik eta Josu Erkiaga Atilak bapore hura zela eta: zaindu eta gorde beharra zegoen. Baina, gauzak zer diren kontuak ez zaizkit ateratzen ongi; bapore kontuetan gabiltza-eta, sekula ere ez aproposago esaldia: Donde manda patrón, no manda marinero. 

 

Hala, bada, ez dago dirurik eta hondora erabaki zuen Udalak, sasoi hartan EHBilduren ardurapean. Gauzak zer diren kontuak ez zaizkit ateratzen ongi kantatzen du Ruper Ordorikak Zaindu maite duzun hori kantuan. Euskaldunon Egunkariaz ari zen, berdin-berdin ari zitekeen Playa de Ondarzabalen gainean.


 
 
 
Hauxe duk hauxe gure destinu petrala, hauxe!
 

 




2024/12/11

 

DZANGA 1


 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 1

Polita zelako egin ete eben Lekeitioko uria sortu? artikulua dator Iñaki Goioganak idatzita. Eta galdera ona da; izan ere, 1325 hartan, hiribildu titulua eman aurretik, bazan Lekeitio. Eta horretaz galdetzen du Iñakik bere artikuluan: polita ote zen aurreragoko Lekeitio hura? Irakurri artikuluori kontuan izanda 1989koa dela. Harrezkero, gauza asko ikasi ditugu, eta asko horren berri izan nahi baduzue, irakurri Iñaki Madariagak www.lekeitio700.eus webgunean jarri duen artikulua: Lekeitioko lurralde antolaketaren bilakaera (VIII. mendetik XVI.era) 

Gero Juan Zugadi Juanito Bonbilloneri egindako elkarrizketa duzue. Futbol talde bat bere izenekoa hondartzako futbol txapelketan, eta Erregen kabalgata berezi baten sortzailea: Hospitalerako (orduan Hospitala esaten genion gaur Erresidentzia esaten diogunari) laguntza biltzeko jai-kabalgata bat Errege egunean bertan, Erregeak traktore baten gainean zirela edonon zurrut egiten, eta ez zaldi gainean izar baten atzetik. Sotanadun batzuri seguru ez zitzaiela gustatu halako irreberentzia.

Juanito Bonbillonen gainean besterik jakin nahi izanez gero, ikusi Jon Grandek egindako bideoa: Juanito Bonbillon

Azken orrialdean, euskararen jaiak datoz: Ibilaldia, Kilometroak, Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Araban Euskaraz eta Korrika (urte birik behin). Durangoko azoka falta da. Urte berean guztietan (Durangoko azoka barne) dzanga egiten duena salbuetsita omen dago euskaraz alfabetatzetik bizi osorako. Itxura guztien arabera, lekeitiar ugarik bete dute balentria hori


2024/12/09

 

 

DZANGA


Dzanga, dzapart, dzingoa, berba gaitzak esaten Lekeitioko euskaraz moldatzen ez denarentzat. Baina berba politak Lekeitioko aldizkari baterako; batez ere, Dzanga horrek Dzanga euskarara (Dzanga euskararen saltsa freskoan) esan nahi badu, geroago ere antzera (dzanga geurera) erabili izan den leloa.

Dzangak aldi bi izan zituen. Lehenengoa, Zorione Aboitizen ekimenez. Zorione, sasoi hartan, euskara teknikaria zen, eta DZANGA Euskara Batzordearen aldizkaria: 1989tik 1993ra arte iraun zuen, eta zazpi zenbaki arrunt eta zenbaki berezi bi atera zituzten, denak egunkari tamaninan. Sinadura bi ageri dira: Iñaki Goiogana (Historia kontuak) eta Euken Entziondo Txantxan (elkarrizketak).

Bigarren aldia 2000. urtean hasi zen, eta Kultur Batzordeak argitaratzen zuen. Andoni Seijo zen kulturako zinegotzia, eta Bittor Txakartegi nahastu zuen Dzangari bigarren bizialdi bat emateko, oraingoan Kultur batzordearen aldizkari modura. Aldaketa batzuk zituen: formatua ez zen egunkariena, aldizkariena baizik eta erabilgarriago; izenburuaren formatua, eta azkenengo A-k ez zuen inora salto egiten; artikuluen egileen izenak agertzen ziren eta beste ilustratzaile bat batu zen aurrekoetara Bittor Txakartegi eta Joseba Markuerkiaga (Jabi Barcina beste baterako utziko dugu)―: Jon Zubiaur.

2000. urtean ikusi zuen lehen argia, eta legealdiarekin batera itzali zen, 2003an, 9 zenbaki aterata.

Etzi, lehen aldiko lehen zenbakia.

2024/12/07

 

ETA ORAIN, ZER?

Ipini ditugu Kostra guztiak, eta bete da gune honen lehen asmoa; baina, Lekeition, Kostratik aparte, beste aldizkari batzuk ere argitaratu dira, eta horien txanda hasiko da orain. 

 

Lauren goiburuak jarri ditugu (Gaztedi elkarteko Sustraia, Lekeitioko Euskara Batzordearen Dzanga, Lekeitioko Udaletik eta Zer esana, Lekeitioko gazteena),  garrantzitsuenak-edo direlakoan, baina beste argitalpen ugari izan da gure herrian: Isuntzakadak, Tximistakadak, eskola-ikastoletako eskola-aldizkariak, Lekeitio Kirol, Iglesia S.A., Kitzika musika aldizkaria, alderdi politikoenak (Entzuizu eta Karin Kara) eta beste argitalpen solte batzuk.
 
Kontua da ez ditugula den-denak ―esaterako, Sustraia eta Zer esana guztiak, eta hor gabiltza, isilean, ea denak eskuratzen ditugun hemen ipintzeko. Bien bitartean, daukaguna jarriko dizuegu.
 
Aldizkarietatik aparte, herrian banatu diren eta eskura ditugun paper, propaganda-orri, komunikatu, kartel eta abar ere jarri nahi ditugu hemen, eta, horien bidez, izan diren eta oraindik badiren herri-taldeen aldarria egin. 
 
700. urteurrena luze joango da 2025eko azaroaren 3a arte, eta izango dugu astia horrek guztiak hemen jartzeko eta komentatzeko aldizkariotan jasotakoak eta oroimenean gordeta ditugun beste hainbat kontu. 
 
Ez daitezen galdu negar malkoak euritan bezala. Zuek sinetsiko ez zenituzketen gauzak ikusi ditugu guk: gerra-ontziak sutan Orion-etik harantz, C izpiak dir-dir ilunetan Tannhäuser-eko atearen ondoan...

 




2024/12/05

 

LEKITTARRAK

 

Lekeitio, 1859-1959

 

Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio, 1859-1959

 

Kiñukakoek argitaratua zuten beste argazki-liburu bat Lekitxarrak I eta II-ren aurretik: Lekeitio, 1859-1959. Liburu horretan, lan-taldea Kiñuka bera baino zabalagoa zen: 

eta jende ugarik jarri zituen gordeta zeuzkan argazkiak lan-taldekoen eskura

 


Liburu hau, testu aldetik, Lekitxarrak I eta II baino landuago dago: hainbat informazio ageri da, tartean datak eta zenbait pertsona identifikatua izenez.

Sasoi bateko Lekeitioren irudia egiteko primeran dator, desagertutako eraikin asko hor ageri dira-eta: alondegia, eskola zaharra, Uribarren jauregia, zezen plaza, San Joseko ortuaren horma Eskolapean, Aittitta Makurra osorik, frontoia tapa barik...  

Aukera ona belaunaldi berriek jakiteko zer zegoen beren herrian haiek jaio aurretik.




2024/12/03

 

LEKITTARRAK

 

Lekitxarrak, 1990era arte, erretratuak

 Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekitxarrak II

 

Jon Josuk eta Jon Iñakik, aurrekoaren bidetik, Lekitxarrak II liburua ere argitaratu zuten, oinarri beretik abiatuta eta beste batzuen ekarpenekin. Eta, beraren ederrean, aurrekoaren huts bera zeukan: data batzuk, bai, eta beste batzuk, ez. Izenik, bat bera  ere ez. Hori bai, atzeko partean orri zuri bat zekarren nork bere oharrak hartzeko.

Ez legoke txarto argazki horiei izenak eranstea. 

Geu hasiko gara



Goian, ezkerretik eskumatara:

Paul Seijo, Jose Mari Mendia, Mitxel Kaltzakorta, Enrique ituarriagagoitia, Koldo Zarzoso eta Manu Roldan

eta behean

Julian Akarregi, Txabi Gabikagogeaskoa, Jose Antonio Agirre Txitxo, Zorion Elorrieta eta Jabier Arrasate


Ikertuko dugu izenen kontua, eta, topa ahala, ipiniko ditugu; baina gure emailera bidaltzen badizkiguzue, hobeto.






2024/12/01

 

LEKITTARRAK

Lekitxarrak, 1960-1983

Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekitxarrak 1960-1983, Erretratuak

 

2023an, Jose Maria Arriolaren TALA FILMS, Guiones Lekeitianos liburua argitaratu zen.


Un conjunto de historias noveladas que, sobre la base de la memoria histórica del autor y con un mismo hilo conductor, tratan de resumir aspectos de la vida de Lekeitio y, en especial de su veraneo, durante la segunda mitad del siglo XX. Se presentan como un diálogo abierto entre sus protagonistas, encuadradas paralelamente con inolvidables películas cinematográficas de esa época para una exposición más amable.

Liburuak alkanfor poto batetik irten dela ematen du, eta egilearen beraneoa erabat dago lotuta Club de Pesca de Atún de Lekeitiori (CPAL), beste beraneo eta beste beraneanterik ez balego lez. Liburuan, zerrendak eta zerrendak daude: nor den nor beraneante horien artean, zein beraneante ezkondu den zein beraneanterekin, zein beraneante ezkondu den kanpotar batekin, zein beraneante ezkondu den lekeitiar batekin, beraneante horien seme-alabak... Eta hori guztia XX mendeko 2. erdialdeko beraneanteak nor izan diren betiko jasota geratzeko, eta horien izen-abizenak. Ze, beraneanteenak jaso beharra zegoen, lekeitiarrenak elizako liburuetan eta Bake Epaitegiekoetan jasota daudelako.

Alkanforra alkanfor, neurri batean zuzen dabil: herria herritarrek egiten dute (gure kasuan lekeitiarrek eta beraneanteek), eta komeni da horien guztien izenak, aurpegiak ahal den neurrian, eta egintzak jasotzea, jakin dezagun nondik gatozen. 2024an ezin dugu atzera pauso handirik eman, baina, bide horretan, ekarpen garrantzitsuak egin dira azken urteotan Lekeition:

Alejandra Goikoetatxea eta Aitziber Izagirreren Ezkutuko amandrea, XX. mendeko emakumea Lekeition liburua eta dokumentala Erreportaia Argian

 

hogeita zazpi emakumeren testigantzak jaso, eta egungo Lekeitio ulertzeko ezinbestekoa zaigun iraganari beste kolore eta xamurtasun bat

 

Josu Erkiaga Atilaren Baxurako arrantza Lekeition liburua. Gezurra ematen du nondik gatozen eta nora heldu garen!

 


"belaunaldi berrien eskura jarduera baten testigantza ipini, Lekeition jarduera hori funtsezkoa izan delako eta ezin dugulako ahaztu eta ezerezean utzi"

Lekeitioko Udaleko Ondare batzordeak eta Parekidetasun batzordeak bildutako informazioa (tartean, Maite Garamendi eta Monica Eiguren) lekukoak, testigantzak bideoan hartuta, argazkiak... erabilita prestatutako  Lekeitioko errekak, emakumeen lantoki eta bilgune. Zaintzak Lekeition atzo, gaur eta bihar. Zaintza, memoria eta belaunaldi arteko harremanak erakusketa.


 

Aitor Iturbe, Iñaki Goiogana Mendiguren eta Maite Garamendiren (lehengo liburukian Iñaki Madariaga ere tarteko zen) lanaren fruitu diren KURIKak

Aitor Iturberen KRESALETIK I eta II



Beste liburu interesgarri bat Agurtzane Lakaren eta Iñaki Goiogana Mendigurenen Nacionalismo Vasco en Lekeitio da. Interesgarriago izan zitekeen liburuaren edukia eta izenburua bat baletoz eta Lekeitioko nazionalisten gainean berba egingo balu, baina Batzokiaren historia kontatzera mugatzen da (hurrengo batean egingo dugu berba horren gainean).


Lekeitioren gaineko bibliografiaz gehiago jakin nahi duenak Iñaki Madariagaren blogera jotzea baino ez dauka.

Eta Jose Miguel Meabek eta Aittitta Txikik urtero-urtero egiten duten argazki zaharrak bilduta egiten duten erakusketa.

Bide horretatik, atal honetan, Kiñukako Jon Iñaki Gojenolak eta Jon Josu Uribarrenek atondutako Lekitxarrak 1960-1983 liburua jarri nahi dugu zuen eskura. Liburu honen oinarrian, Lekeitioko Foto Victor-eko Victor Torres González argazkilariaren lana dago, laguntzaile batzuen ekarpenekin osatuta. 

Egileen esanetan, liburuko argazkien data batzuk zehatzak dira, batzuk gutxi gorabeherakoak eta beste askok ez dute datarik. Eta ez da ageri inoren izenik. Pena bat da; izan ere, aurpegiak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuago da izenak jartzea, lekeitiarron izenak elizako liburuetan eta bake epaitegiko liburuetan ageri direlako, baina ez Udaletxekoetan. Galdetu, bestela, Fernando Garateari; ze, Lekeitioko Musika Bandaren historia eraiki nahian zebilela, ez zuen lortu jakiterik nortzuk ziren 1867ko martxoan musika banda bat sortzeko udalari laguntza eskatu zion gazte talde hartako kide, ezta nortzuk jotzen zuten zuten 1867 urriaren 14 fundatu zen bandan. Hori bai, alkatearen izena ageri da. 

Liburuetan errege-izenik baizik ez da ageri.
Alkateak eta zinegotziek jo ote zituzten musika tresnok?