2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2026/03/29

 

Korrika (2)

 Korrika 1. 1980ko azaroaren 29tik abenduaren 7ra

 


 

Korrika 1en gaineko kontuak Sustraia 26an eta haren gaineko postean agertu genizkizuen. Han agertutakoak dira argazki hauek



Argazkian, Lekeitioko alkate Xabier Txakartegi lekukoa hartzen lehen kilometroari ekiteko.

Korrika, Ondarroatik, kostako bidetik etorri zen, eta lekukoa ostal aurrean hartu behar zen arren, Kurlulutxuko errebuelta lekeitiarrez beteta egon zen Korrikaren zain. Euria goitik behera, baina inor ez zen geratu etxean.

Aitor, Iñaki, Jabi, Sabiño eta Grillua?

Jokin?, Patxi, Jabi, Jon, Kruzito eta Iñaki 
 

 

Azken honek ez du ematen Lekeition denik, eta itxura batean lekeitiarrak Ean sartu zirenekoa da.


Korrika 2. 1982ko maiatzaren 22tik 30era

 

Korrika2ko argazki bakarra daukagu (segituko dugu lanean ea besterik aurkitzen dugun), baina istorio polit bat kontatzeko.

 

Lekeitioren txanda Ondarroako bidean hasten zen, Asterrikapeko iturriaren parean. Hotz egiten zuen. Goizeko 6retan, lehen kilometroari ekiteko prest, Enrike Iturriagagoitia eta Jose Mari Akarregi, pastelero jantzita, pasta eta guzti ondarrutarren zain.

Baina Korrika atzeratuta zetorren, oso atzeratuta: ordu biko atzerapena. Enrike eta Aka Lekeitiora bueltatu ziren kotxez, eta han zeuden besteak Ondarroara jeitsi ziren hotsari eskapando. Enrikeren eta Aken pastek ez zuten ordu bi iraun eta Ondarroako marinako patxaran guztia amaitu zen. 

Ordu bi geroago, ondarrutarrak lekukoarekin heldu zirenean, pasta apur batzuk geratzen ziren eta Earainoko bidea luze egin zen, oso luze.

 
Korrika 3. 1983ko abenduaren 3tik 11ra

Korrika 3arenistoriorik ez dakigu, baina argazkiak baditugu.

  

Gorri, Bingen, Pototo, Agurtzane eta Iñaki

 


 Pintinho eta Aitor

 





 

 


 

 





 

 

Korrika 4. 1985ko maiatzaren 31tik ekainaren 9ra

Eta xelebreena Korrika 4an gertatu zen. Baina horren aurretik daukagun orduko argazki bakarra.



 
 
Juan Kruz, Jesus Mari Anakabe, Sabiño Madariaga, Cristian Arantzamendi, Miguel Arantzamendi

Argazkia hau 1987ko Aizu! batean  agertu zen, 5. Korrika iragartzeko egindako erreportaje batean. Artikulua Mikel Alonso Mikel Samar Korrika haietako argazkilariari buruzkoa zen. Baina bertan 5 lekeitiar ageri ziren, jende gutxi Korrikaburua izateko eta lekua ezezaguna zitzaigun. Hala, bada, ikertzea pentsatu genuen.

Gure lekukoak kontatu digunez, goizeko 6retan bajatu zen Eskolapera: giroa, mandualakoxea. Bera bizikletan joan zen Bedaruko kruzera, leketiarrok lekukoa han hartu behar genuen-eta. Goizeko zazpiretan baina, Ean gora Korrikaren soinua entzuten hasi zenean, lekukoa hartu behar zen tokian gure txirrindularia bakarrik zegoen. Bizikleta hartu eta han joan zen aldapan behera, Korrikaburura ailagatu eta furgonetan Andoni Seijo.

 ―Txo, hor eztago inor. 

― Zer?

―Lasai, hor taldian datozenen artian egongo da lekittarren bat, eta neuk preparako dot dana.

Sartu bizikletia funrgonetan, eta esan eta egin. Eatik lau lekeitiar zetozen, eta haiek hartu eta eraman zuten lekukoa kilometro bitan, Mikel Samar (multzoa egiteko, kamara utzi eta korrika hasi zen) eta bedarutar batzuk lagun.

Lekeitiarrak heldu zirenean, Felipe eta Sabiño nor baino nor ibili ziren: batak lekukoa hartu nahi eta besteak eman nahi ez.

Korrika 1ean Goma Bikoek bete-betean igarri zuten

 

Urte hartako bideo bat ere badago Jon Grandek grabatuta:

 



 Hortik aurrerakoa historia da.

2026/03/27

 

Gastibeltzaren karabinak (2)

 1991

2024ko Natibitate egunean, Gastibeltzaren karabinak antzezlanaren liburukia jarri genuen sarean denon eskura. Eta 2025 uztailaren 19an, III. Kale Antzerkiaren programa. 1991 zen, eta orduan antzeztu zen.
 

 
Programa ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: III. Kale Antzerki Jaialdia
 

Duela gutxi, Imanol Agirrek, Lekeitioko Kale Antzerkiaren sortzaileak, yotuben partekatu du emanaldi haren bideo osoa guztiontzat; https://www.youtube.com/watch?v=AwK1OcdZG9M
 
 


2026/03/25

 

Korrika

 1982ko maiatza

Ez daukagu gomutan Korrika beti pasatu izan den Lekeitiotik, baina gehienetan bai, 1980ko azaro-abendu tartean egin zen lehenengo hartatik hasita. Aurten, martxoaren 25etik 26rako gauean pasatuko da.

Korrika 24 dela eta, Korrika 2ko materialaren argazki eta pdf batzuk bidali dizkigute. Guztiak Lekeition banatutakoak.

 

 

 
 


 


Hirugarren honekin, badakigu  Jose Antonio Aranburu Natxi tartean zela.
 


Eta karpetan sartuta

Ibilbidea 


Ibilbidea eta ordutegia jaisteko, egin klik hemen:
Korrika 2, ibilbidea eta ordutegia

 

Eta azalpenak eta informazioa. 2026an denok dakigu zer den AEK, baina 1980 urrun hartan azaldu egin behar zen; izan ere, Euskaltzaindiak babesa kendu zion. Garai hartan, gainera, Eusko Jaurlaritza AEKren kontra zegoen, gaur egun dena Korrikaren aldeko aldarria den arren.

 


Azalpenak eta informazioa jaisteko, egin klik hemen:
Korrika2, azalpenak eta informazioa
 

Korrika 2ko pegatina  



2026an gaude, 24. Korrika eta ez dakigu zenbatgarren Plan estrategikoa. Urte bi barru 25.a eta lau urte barru 50. urteurrena. Pentsatuko ote dugu inoiz zertan egiten dugun huts eta zeri egin behar diogun aurre?
 


2026/03/23

 

Korrika datorrela eta...

Antton Abaroaren hiztegia

 
25etik 26rako gauean 24. Korrika pasatuko da gure herritik. Ia denok egongo gauerdian kalean, gure izanaren sustrai nagusiaren aldarri. Aldarri, arduratuta gaudelako: erasoa handik, eraso hemendik, eta guk geuk ere eraso. Ehunekoetan behera, lexiko gero eta kaxkarragoa eta urriagoa, erabilera zabar eta badaezpadakoak, adierazkortasun traketsagoa... Korrika egingo dugu, eta oihu, baina ez gabiltza bide onean.
 
Oi gu hemen 
Bidean galduak (Hir.) 
Heriotz minez.
 
Bide hori zuzendu nahirik-edo, Lekeitioko Berbak liburukiak imini ditugu hemen, Sustraia 49a ere iminiko dugu egunen batean  (Resurrección Maria de Azkueren lanen separata bat, Lekeitiori buruz bildu zuen guztia biltzen duena), eta, gaur, Korrika datorrela aprobetxatuta, Antton Abaroak atondutako hiztegia dakartsuegu (Pena ordena alfabetikoan ez egotea). Ea berreskuratzen ditugun galbidean ditugun berba horiek.
 
 

 
 

Hiztegia ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Antton Abaroaren hiztegia

  

 

2026/03/21

 

LEKITTARRAK

Eusebio Erkiaga 

 

Lekeitioko kultur eta natur ondareak webgunean, 9.3. puntuko Lekeitioko idazle eta euskalariak atalean jasota dago Eusebio Erkiaga. Herriko Kultur etxeak haren izena du eta kale bat ere bada Lekeition haren izenarekin: ateta bakarreko kalea, inork ibili nahi ez duen bidearen abiaburuan, kanposanturako bidearen hasieran.

Lekeitioko eta inguruko herrietako kronista gerra aurrean Euzkadi egunkarian, idazle, itzultzaile, euskaltzain...  



Beraren liburuak eta aparteko beste kontu batzuk Euskarazaintzaren web gunean dituze eskuragai eta musu truk.

 

Andres Urrutia euskaltzain buruak bildu zituen Eusebio Erkiagaren prosa lanak Berbalauaren kulunkan, prosa lanak 1 eta 2 lanean. Lan mardula. Labairuk ditu sarean ipinita liburu biak.

 


Berbalauaren kulunkan, prosa lanak 1

 


 

Berbalauaren kulunkan, prosa lanak 2


Baina guk, ezer gutxi dakigu Eusebio Erkiagaren gainean. Gerra aurreko argazkiren batean ikustetik aparte, Auñamendi entziklopedian irakurri duguna. 

 

 

 

 

 

2026/03/19

Gardatapeko zabortegia

Urte bete inguru da gune honetan Amotoko zabortegia ekarri genduala berbara. 

Sarrera hartan, Gardatapeko zabortegia aipatu genuen. Ikaratzeko modukoa. Bada, 1984ko Egin zahar bateko artikulua aurkitu dugu zabortegia haren gainekoa, Herri Batasunak sinatuta.

 

 



Eta ideia bat egin dezazuen. argazki batzuk: Ez dira oso onak, baina dardara eragiten dute.



 Balio egin behar da leku horretan txaleta egiteko.




Txaletekoena, baina, aukerakoa zen.  Beste batzuk, bizitza irabazi nahian, ostera, ez zuten beste erremediorik bertan bizitzea baino.

Eta, behar bada, ez duzue sinistuko leku hartan bizi zitekeenik. Bada, hona hemen han bizi zirenetako batzuk:




 


  

 Padre Aldamiz-Etxebarrian bizi zirenak ez ziren poz-pozik egongo.

 

 

Hau behetik hartuta badago, beldurtzeko modukoa izango zen tontor hura.

 


 

Eta beste alde batetik begiratuta ere, ez zegoen lasaitzerik, antza.


Irakurri itzazue, Gartapeko zabortegi haren gainean, Sustria 19an agertutako bertsoak. Kontu serioa izan zen.

 


 


 


 

2026/03/17

 

Euskadiren izena ZEN zenekoa

1982an, PSOEk irabazi zituen Espainiako hauteskunde orokorrak, eta gobernu haren buru Felipe Gonzalez izan zen. Felipe Gonzalezek Jose Barrionuevo izendatu zuen Ministro del Interior. Interior hartan laster izendatu zuten Norte bat: Zona Especial Norte, eta Plan bat landu zuten gune horretarako: Plan Zona especial del Norte, ZEN plana.

Plan hark di-da batean kriminalizatu zituen euskal gazte guztiak. Honela esaten zuen: 

"Desconfíe especialmente de las personas jóvenessobre todo si visten anorak oscuro, pantalón vaquero, zapatillas deportivas bolsa de deportes."

Hau da, ohiko janzkera: praka bakeroak eta kiroleko zapatillak zabal-zabal zeuden, eta, neguan, anoraka. gazteek ez zuten dirurik arropa dotoreetarako; boltsa haiek, berriz, ez ziren kirolerako ―orduan ez zegoen gimnasiorik, ez publikorik ezta pribaturik ere, eta kirola egiten zuenak desordutan egiten zuen edo asteburuetan―, makuto esaten zitzaien, eta liburuak eta ikasketetako materialak eramateko erabiltzen ziren batez ere. Mutiletan, goiko paragrafoan adierazten ez den beste ezaugarri bat ere nabarmentzen zen: ilea luze izatea. Neskak, berriz, erabat sospechosoak ziren erakargarriak eta dotore jantziak.

Eta, hala, sospechoso bihurtu ziren euskal gazte guztiak.

 

Dokumentua ikusteko eta jaisteko, egin klik hemen: Zen plana, 1983 

 

Gazteek, baina, beti jakin dute aurre egiten erasoari. Eta, hala, eskuorri bat kaleratu zuten edozein susmo uxatzen jakiteko: Utzi nahi diozu "sospechoso" izateari? agiria

 

 

Eskuorria ikusteko eta jaisteko, egin klik hemen: Utzi nahi diozu "sospechoso" izateari?  

Urteak joan, urteak etorri, dokumentu hark (isilpekoa urte luzetan) ez zuen baliorik eta erabilgarriasunik galdu Poliziarentzat, Guardia Civilarentzat eta Barne arazoetako ministerioarentzat. Eta, 2017an, bere gordinenean berragertu zen Katalunian hango mugimendu independentistaren eta Procés-aren kontra.