2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2024/11/29

 

KOSTRA 8

  

EZ DOK KOSTRA 8

Eta LEKH-EI`TIOH kapitulua gabe geratu ginen. Baina, eta batez ere, KOSTRA barik geratu ginen!!! Zer gertatu ote zen?

1987a zen, Herri Batasunak irabazi zituen udal hauteskundeak, eta pentsatzekoa zen herriko kultur taldeen egoerak hobera egingo zuela.

Baina HBk egitasmo propioa zeukan, eta kulturarako asmoen ardatza Udal aldizkari bat zen. Irakurri ondo, Udal aldizkaria. Edozein erdipurdiko filologok dakienez, Udal aldizkaria ≠ Herri aldizkaria. Edozein politikok ere badaki hori, eta, kolorea kolore, ez ditu inondik inora nahastu nahi Udal eta Herri berbak (edo bai, baina hori beste kontu bat da). Kontrola! Kontrola! Estamos trabajando por su seguridad, por la seguridad de todo el Pueblo Vasco

Eta hala izan zen. Herriko aldizkariekin konta(k)t(at)u gabe, Udaltzainen Land Roverra eta haren gaineko bozgorailuak gora eta behera ibili ziren herrian herritarrei deiez eta batzar batera deitzen: "Udalak Udal aldizkari bat atera nahi du eta jendea behar du horretarako, batez ere Kazetaritza ikasten ari diren herritarrak". 

Sustraiakoak ezin sinestuta entzuten ari zirena; Kostrakoak, aho zabalik; eta Arrakala irratikoak, zer da hauka. 

Hainbat joan ziren batzarrera, tartean kazetaritzako ikasleak, baina, itxura batean, batzar hark ez zuen eman ezertarako; ze, Udal aldizkariarenak ez zuen aurrera egin urte hartan, ez hurrengoan, ezta hurrengoaren hurrengoan ere.

Euskadi Auzolanean da gaur eguneko Eusko Jaurlaritzaren leloetako bat, eta urteetan aldarrikatu dute ezkerreko hainbat erakundek eta herri elkartek. Kontua da gauza bat dela auzolana eta beste bat astolana. Auzolana herritarroi dagokigu, ez Udalari; eta erakunde publikoak auzolana gora eta auzolana behera badabiltza, zeinale zerbait oker dabilela. Lehen, eta orain. Batzarrera joan zirenak norbaitek lelotzat hartu zituela pentsatuta irten ziren.

Jokabide hark, baina, izan zuen eraginik, badaezpadako eragina izan ere: ez Udal aldizkaririk, ez Herri aldizkaririk. Kontrola eta nik neurea. Herri aldizkari BI zeuden herrian, eta, derrepentean, ZERO aldizkari geneukan. 

AGUR KOSTRA, AGUR


2024/11/27


 

KOSTRERUAK


Kostrakoek modu bitxian aurkeztu zituzten euren buruak Kostra 1ean. Hasiera-hasieran aitortu zutenez, aurkezpen serio bat ez egiteko arrazoia leku falta zen, baina horren azpian, bene-benetan, diru falta zegoen, halako kultur ekimen guztiek sufritzen duten gaixo larria, senda ezina antza. Txin-txin, txin-txin. diruaren hotsa, haretxek ematen dit... Beste bati emango, ze Lekeitioko kultur taldeek ez dirurik ezta haren hotsik ere, beti atezuan.

Bada, gabeziak gabezi, topa zuten aurkezpena egiteko modua orrialde bakar bat gastatuta. Eta komikigile eta irudigile izanda, zer modu hoberik beren irudiak egitea baino.


 

Kontua da gu ez garela batere fisonomista, eta ez dakigula nor dan nor. Erdikoa, Gamix, Juan Luis Plaza izango da, ze hura zen Gamix. Beheko erdikoa, Fernando Plaza. Bestak? Ikertu beharko dogu eta bakoitzari izena jarri.

Fotoistorioetako argazkiak zerbait argiago dira, eta jarri diegu izena batzuei   

 

 Juan Luis Plaza



Isaias Gezuraga

Iñaki Pereda

Juanjo Caceres


Antxon Caceres
 

 Kostrakoak, Eskolapian, alde guztietara begira, badaezpada ez ote den don Antonio agertzen. Gogoratu ihes egin behar izan ziotela Gabonetako kabalgatan paje ez joateko.

Pena bat da istorioak eta testuak sinatu gabe agertu izana. Dena den, ahalegindu gara aurpegiak eta izenak jartzen Kostrako taldekoei: Juan Luis eta Fernando Plaza, Isaias Gezuraga, Juanjo eta Antxon Caceres, Iñakia Pereda, eta falta direnak. Kolaboratzaileen artean, ezagun-ezagunak dira Bittor Txakartegiren dibujatzeko estiloa eta Joseba Markuerkiagaren, Markusen, estiloa eta umorea. Gainera, duela gutxi jakin izan dugu Lekeitioren munduko bikien egilea Koldo Leniz ez ote den. Komiki horien oineko © 1987 It is a new K.L.O. prodakshon ikusita, zuzen esan digutela ematen du

Kostra 7an, KOSTRA 8an LEKH-EI`TIOH (RUB AL KHALI-ko lurraldean) kapitulua ekarriko zigutela agindu ziguten. Hala, bada, Kostra 8aren zain geratzen gara.

2024/11/25

 

KOSTRA 7

 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 7

7.ean Jaungoikoak berak ere atseden hartu omen zuen. Kostrakoek ez zuten halakorik egin, eta 7. zenbakia ere kaleratu zuten, sekulako lodien eta 200 pezetatan: 32 orrialdeko istorio bat jarri zuten, eta horrek garestitu egingo zituen inprenta lanak seguru. Kostra 6an salatutakoak ere izango zuen eraginik nonbait: "Zuri, mmm, 5 pta; hari, noski, ezebez; eta besteari 500000 pta, eta abar". Dirulaguntzak eta banatzeko moduak (edo ez banatzeko moduak) nahikoa txistosoak ziren sasoi hartan (eta zein sasoitan ez!). 

 

 

Zenbaki honetan, Lekeitioko leku enblematikoak ageri dira: Santi, Toki, Maite, Bitali, Jai-Club.  Eta Gamixen (gidoia) eta Markusen (irudiak) arteko kolaborazio bat. Eta goian mentatutako 32 orrialdeko istorioa, galego batek idatzia: talde armatu bateko kide ohia, polizia frankistak, kontrabandoa, manipulazioa... 

Eta, zer dinozue Eusebio Eutanasiasen gainean: Barandiaran, Lumentza, Garratxako kubia, eta (Francisco) Okamika alkatea! Ez daukagu berbarik! Gutxiago Okamika perpetratzaileetako biren osaba zela jakinda!

Lekeitioren bikien historian, Hossalarena berriro errepikatzen da: tente > alperrikalduta. Urte haietan, berriro hotel ziztrin bat izan aurretik, hostala munduko Gaztetxerik onena zen.

Gero eta mardulago eta landuago ari zen agertzen Kostra, eta 8.aren irrikitan geratu ginen. Zer ekarriko ote ziguten? Kostrakoen eta Lekeitioko beste irudigile batzuen arteko beste kolaborazio batzuk? Kanpoko istorioak eta komikigileak?

Herria burrundara hutsa zan, giroa bero-bero, eta era guztietako ekimenak ―Arrakala irratia, Argazki taldea, Zinema Bilera, gaztetxea, musika taldeak, kirol talde ugari, Hondartzako futbol txapelketa, Kostra eta Sustraia...― zeuden; baina ez zen batere erraza Kostraren moduko ekimen batek arrakasta izatea, finkatzea eta aurrera ateratzea. Pozgarriago, bada, esku artean geneukan aldizkaria irreberente hura aurrera egiten ikustea.


Eta, gehienetan legez, posterra



 

 


 

2024/11/23

 

KOSTRAS!

markus, extra


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA´S, markus extra

  

Kostrak  Markusen bigarren bilduma bat ere atera zuen: KOSTRA´S MARKUS extra. Pena bat bilduma hauetan Kolonen arrautzari buruz egindako irudirik ez egotea.


2024/11/21

 

KOSTRAS

markus, ale berezia


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kostras. Markus, ale berezia

  

Baldomero Gayosoren bildumaren ostean, Kostrak  Markusen ale berezi bat eta estra bat atera zituen. Ale berezi hau, Markusen humore bitxi eta biziaren erakusgarri dugu, Kostra 6ko Murelaga ontziolako teknikei buruzko irudiaren bidetik. Oraingoan, Antzarteken aitzindari mekanikoa ikusi dezakegu (gogoratu 1987an gaudela. Juan Fran Agirrek eta Iñaki Letonak Markusen irudi hau hartu ote zuten inspirazio iturri?); Aittita Makurra, artean osorik, Hondartzako Futbol Txapelketan futbolarien egitekoa baldintzatzen —sakonean, orduko farol zaharra—; udaletxe aurreko eskulturen bertsio erotikua...  Bide batez, Iñaki Madariagaren ikerketa bat tarteko, eskultura horiek baliozkoak direla jakin genuen orain pare bat urte eta une honetan udal biltegi batean daudela, botata eta apurtuta. Eta urteak daramatzagu ondarea gora eta ondarea behera? Zer ondare?

Kostra 6an, Lekeitioko Genijuen Erakusketa Desastrosuak eragindako emozioarekin, gauzatxo bat ahaztu genuen: gehigarri bat, Arrakala irratiaren programazioa.

Haur ba, eta parkatu

 







2024/11/19


KOSTRA´S

Baldomero Gayoso


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRAS Baldomero Gayoso

  

Kostraren sei zenbaki leidu behar izan dituzue Baldomero Gayosoren joan etorriak zertan diren jakiteko. Hasten den guztia, baina, amaitu egiten da, eta Baldomeroren historia KOSTRA 6an amaitu zen.

Halako istorio batek merezi zuen kapitulu guztiak bildu, eta dena batera argitaratzea. Hemen daukazue, bada, Baldomero Gayosoren album historikoa!
 
Orain arte tantaka disfrutatu baduzue, haur dena batera. Gozatu!
 

 

2024/11/17

 

KOSTRA 6

 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 6

  

Kostra 6. 68 orrialde! Emankorrak ziren Kostrako hauek izan ere. Nondik atarako ote zituzten istorio eta pertsonaia haiek huztiak? Ze, beti eskatzen zieten irakurleei bidaltzeko beren lanak, baina ez zuten esaten nora (Kostra 6 honetan agertu zuten, azkenean, nora: 89 postakodea, Lekeitio). Komiki lehiaketa bat deitu zuten eta lanak izenpetu barik zeuden (horrek zaildu egiten du jende horri merezi duten moduan gorazarre egitea), baina irudi batzuen estiloan sumatzen zen zerbait: Bittor Txakartegi zegoen Mikel Matrallu-ren azpian, fotoistorioetan ikusia dugu Isasias Gezuraga, eta Juan Luis Plazarenak dira hainbat istorio. Zenbaki honetan bertan, Markus-en humore fina ageri da Murelagako ontziolan itsasontziak luzatzeko teknika dela-eta. Pertsona berak egiten ote zituen gidoia eta irudiak? Nola banatzen zuten lana? Nortzuk ziren prosistak?


Munduan zeharreko beste Lekeitioen istorioen zerrendan, Lake Town-en txanda izan zen. Bidegurutzean, Avelino; BBK ez zegoen gaur egun dagoen lekuan; Abascale Saloon, "hiru errege datoz Eskolapetik, mozkor-mozkor eginda Abaskalenetik", eta bidegurutzera heltzen: O´Tiburcy lines, mundiala txo/potxua!


Posterra ere bazekarren


Gure herriko beste pertsonaia garrantzitsu bat ere agertzen zen: Don Jose Uribe, maixu Txatua. 60-70eko hamarkadetan, Lekeition ez zegoen eskolarik orduko Batxillerra (gaur eguneko BBB) egiteko, eta bide hori hartu nahi zutenek Akademia Uriben ikasten zuten urte osoan; azterketak, ostera, Gernikako institutuan egin behar izaten ziren, ekainean, 2-3 egunetan. Lekeitioko makinatxu bat belaunaldi egurtu zituen gizon hark. 

Ez da harritzekoa, bada

Erabat ahaztuta eta gure burmuinetako txokorik ilun eta sakonenean galduta genuen beste gertakari bat ere ekarri digu gogora Kostra honek: Lekeitioko Genijuen II. Erakusketa Desastrosua. Baina zelan ahaztu ditugu erakusketa horiek.

Sasoi hartan, herriko artistek (margolari eta eskultore) erakusketa bat egiten zuten San Antolinetan. Baina inork ez zekien zer sanedrinetan antolatzen zen erakusketa hura, eta jende gaztea eta bestelako arte-kontuetan zebilen jendea beti geratzen zen kanpoan. Eta, halako batean, non antolatzen duten Genijuen Erakusketa Desastrosua 1984an, eta bigarren bat 1987an. Erakusketa haien aztarna grafikorik egon badago, batek daki non dauden, eta pena litzateke horiek denboraren komunetik joatea. Ea berreskuratzen ditugun! Beste lan bat Mikel Matraullerentzat.

 

 


Zertzelada bat ere ageri da hurrengo 1987-88 urte haietan gertatuko zena ulertzeko bide ematen duena. Udal hauteskundeak gainean zeuden. Lehenengo biak EAJ-PNVk irabazi zituen, eta Xabier Txakartegi jarri alkate. Hirugarrenak estu zeudela ematen zuen, eta Lekeitioko kultur taldeetan HBk irabaziko zituelako itxaropena zegoen, horretara kulturarako diru gehitxoago egongo zelakoan. HBk irabazi zituen eta Juan Carlos San Miguel jarri zen alkate, baina kultur taldeen egoera ez zen gauza handirik aldatu.


Baldemoro Gayosoren ospa istorioa ere zenbaki honetan amaitu zen. Aurrerago, monografiko berezi bat kaleratu zuten kapitulu guztiak KOSTRA´S batean jasota. 

Eta, Arrakala irratiaren programazioa