2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/10/13

 

SUSTRAIA 23

 1980ko iraila 
 
Historiaren ibilian galdutako kontuak eta protagonistak Egutegian eta barruko orrialdeetan: San Kristobaleko jaiak, Itsas-Soinua abesbatza (festibalak jarraitzen du), Hondartzako Rock gaua (irabaziak herriko taldeen artean banatzen ziren, eta ez patrika pribatuetan geratu oraingo makrofestibaletan bezala), Beitia hotela (amaitu da Beitia hotelean afaltzeko kontua, baina kantua geratuko zaigu betiko)...
 
Kantzontzilo karrerak (prakak orkatilan direla) debekatu zituzten. Moralaren eta etikaren izenean, antza. Pentsa!, ze 1980 ez dago hain urrun.

Aurreko zenbakian, futbola dela-eta izandako hika-mikako artikulista anonimoak anonimotasuna galdu zuen: Sabiño Madariaga zen anonimoa (sumatzen genuen; izan ere, Mermeleko batekin zuen familiartekotasunak ez zuen tarte handirik uzten beste ezertarako). Sustraiak editoriala ere badakar gai horretaz: anonimoa konbentzitu behar izan omen zuten ez erantzuteko, eta Zorioneri losintxaka ari zaizkio futbolean egindako lana goraipatuta. Editorialaren bigarren gaia txikikeria bat da: diru zikina.
 

 



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 23 kaleratutakoa



 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 23 originaletatik


2025/10/11

 

SUSTRAIA 22

1980ko uztaila 

Ederra erabili dugu zenbaki honetan: ale bi ditugu, eta orrialdeak ez daude ordena berean. Jaso dugun originalaren kopiak ere ez digu ezer argitu: hirugarren ordena bat. Kopiarik zentzuzkoena eta originala jarriko ditugu; bi horietan ordenak berdin dio, eta hirugarrena, ostera, buru-hausgarri bat da.
 
Egunerokoa irakurrita jakin dugu Guardia Zibilak 1980ko maiatzean joan zirela herritik. Ez iren urrun joan: Gernikara, eta luze gabe etorriko ziren herrira beste polizia batzuk.
 
Eskolapeko gasolindegia ere sasoi hartan agindu zuen udalak kentzeko. Gaur egun sinesgaitza da herri erdi-erdian gasolindegi bat genuela sinistea. 
 
Matematiketan trebe direnentzat, ariketa bat. Erreparatu zer prezio zuten eguneroko jakiek 1980an eta kalkulatu zenbatean garestitu den bizi maila 45 urtean. Ez bazarete moldatzen, eskatu laguntza Fernando Garateari.
 
Metakazetaritzatik ere bada (beste eguneroko batzuetan bezala): Sabiñok arazoren bat izan zuen sokamuturrako zezenen batekin. Ikustekoa izango zen. 

Els Joglars antzerki talde katalan ospetsua izan zen Lekeition Komite antinuklearraren eskutik, eta Sustraiak elkarrizketatu egin zituen.

Demokrazia ere aipatzen da, baina Gobernadore Zibilak bertan behera utzi zituen (ohikoak ziren halakoak) Guardia Zibilen sarekadak zirela-eta Lekeitioko udal demokratikoak hartutako akordioak.
 
Aurreko zenbakian hasitako bidetik (udal batzordeen berri ematea), oraingoan Sanidade batzordearen berri ematen da.

Komite antinuklearrekoak ere ageri dira prentsaurreko ematen: nahikoa katxondoak neska-mutilak.

Eta polemika bat! Aurreko zenbakian Lagun arteko futbol txapelketaren gaineko kritika bat agertu zen eta oraingoan erantzuna dator. Gogorra erantzuna, ad hominem esaten zaionetakoa, irudi eta guzti lagunduta. Kritikak kritika eta erantzunak erantzun, bizi luzea eta arrakastatsua izan zuen txapelketa eredu hark. Sustraiak baino gehiago, kirolaren onerako eta kulturaren kalterako. Baina zein politak diren halako hika-mikak herri aldizkari batean.

 



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 22 kaleratutakoa


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 22 originaletatik


 

2025/10/09

 

SUSTRAIA 21

1980ko ekaina 

Bitxia izan da Lekeition kanpinik ez zegoenean kanpina ―basatia, eta zein ondo datorren berba hori kanpin hura izendatzeko― Marierrota zela gogoratzea. Nekez sinistu daiteke basatza hartan kanpin dendan jartzen zirenik.
 
Lea ibarreko lehen sokatira txapelketa ere egin zen. Lekeition ez da faltako kirol talderik, ez horixe. Baina, harrigarri bada ere, kritika bat ageri da zenbaki honetan futbola dela-eta, Lekeitioko kuadrilla eta elkarteen arteko futbol txapelketari buruz. Antza denez, ez zen izan hain kuadrilla artekoa, ezta lagunartekoa ere.
 
Ez galdu Egunorokoa atala. Bitxia da memoriarako. 
 
4. Aste Kulturalaren balantze-kronikak ere ez du galtzekorik. Zer pentsatuko luke Josu Naberanek berriro irakurriko balu orduan egindako baieztapena: 25 urte barru euskaldun alfabetatuen kopurua %1 igongo da. 45 urte pasatu dira, eta, agian dezente gehiago igon da alfabetatuen  kopurua; kalitateari buruz, baina, ezin esan gauza bera. Eta Atxagarena ere ez da makala: euskal liburuekin batzuek kriston negozioa egiten zutela baieztatu zuen (1980an!). Eta hala segitzen dugu: kultura negozio ez bada, ez da ezer. Lekeitioko panaroma kulturalari erreparatzea baino ez dugu (musika alde batera utzita).
Eta musika berba platerera aterata, bitxia zenbaki honen azalean musika-zuzendari bat agertzea eta azpian Lekeitioko musika idatzita egotea (barruan, gainera, Migel Arrietarekin elkarrizketa bat), noiz eta herrian musika banda barik geratu garenean, noiz eta Lekeitioko musika bandaren zuzendari Urtzi Iriondo maltzurkeriaz, baina egun argitan eta denok ikusteko moduan, herriko plazan urkatu dugunean.
 



 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 21 kaleratutakoa


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 21 originaletatik

 

2025/10/07

 

Zer Esana 10

2002ko abendua 

2002ko abenduko Zer Esana hau dugu azken Zer Esana gure partetik. Guk ez dugu besterik, eta, gainera, ez dugu aurkitu 2003tik aurrekorik ―gustatuko litzaiguke oker egotea eta beste batzuk agertzea. Ea belaunaldi honetakoek beste herri aldizkaririk ateratzen duten.
 
Agertu ziren gaiak gaur egun ere konpondu gabe segitzen dute, eta mintzagai izaten segituko dute etorkizuneko beste Zer Esana batean ere. Zoritxarrez. Ibarretxeren proposamenari buruz versus estatus berria; atxilotutik atxilotura eta oraindik ere kartzelan 14 urteren ostean; erlijioa eta beste gezur batzuk eta judaismoa nazismoaren oinordeko; lokalak arazo edo kapritxo, gazte-gune propio baten beharra, gaztetxea 40 urte gai beraren inguruan buelta eta buelta; Lekeitioko euskararen kale erabilera etengabe beherantz konpromisoak hartu, eta akordioak, eta hitzarmenak behin eta berrio sinatu arren.
 
 



Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 10 2002ko abendua
 
 
21. eta 22. orrialdeak kaltetuak ditu gure aleak. Pozarren hartuko genuke baten batek osorik bidaltzea orriok zuen eskura behar bezala jartzeko.
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

2025/10/05

 

Zer Esana 9

2002ko iraila 

Gaurkotasun handiko gaiak duela hogeitasak urteak Zer Esanan: Palestinako arazoa ―urtetik urtera okerrera harrezkeroko 23 urteetan gaurko genozidiora heldu arte― eta Paul Nicholsonekin egindako elkarrizketa orduko Palestinaz eta erresistentziaz; Garzon eta garzonkeriak, euskal gizarte osoa ilegalizatu zuen epailea, ilegalizazioaren bidea erakutsi zuena, eta, hala, orain dena da ilegala: euskaraz egitea poliziari, edo Palestinaren alde, etxebizitza dela-eta, faxisten kontra... manifestatzea; antzerkia eta Imanol Agirre Lekeitioko kale antzerkiaren sortzailearekin elkarrizketa; Lekeitioko Lanbide heziketako ikasgaiak euskaraz ematearen garrantzia... eta, hara, nok esango eban!: aparkalekuen arazoa mintzagai. 23 urte geroago, horretan segitzen dugu, eta asko eta asko haserre (baina hau ez da lekua horretaz berba egiteko lekua).
 


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 9 2002ko iraila
 

2025/10/03

 

Zer Esana 8

2002ko abuztua 

Irakaskuntzaren gainean berriro, Karnabaletako kronika sakona (gaur egun ezda orrialde askorik behar halako kronika bat egiteko: gaueko roiloa amaitu da), Boroako zentral termikoa, Zer esana eguna... 
 



 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 8 2002ko abuztua
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

2025/10/01

 

Zer Esana 7

2002ko urtarrila

Irakaskuntzaren gaineko hausnarketa sakona, amnistia eta Lekeitioko presoak, drogak, euskara... Sasoi hartako arazoak zertan ziren jakiteko bide ezin hobea, Geuk ere argitalpen baten berri izan dugu: LG-k dio, baina zoritxarrez ez daukagu ale bakar bat.
 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Zer Esana 7 2002ko urtarrila