2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2024/12/27

 

Kultura ekitaldiak


 
 Eskuorria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Periodikua letuz ilustratzen gera

2008 urrun hartako abenduan, herri-prentsaren eta komunikazioaren gaineko jaurdinaldi interesgarri batzuk egin ziran herrian. Batez ere interesgarri izan ziren Lekeitioko eta inguruko herrietako aldizkarien erakusketa eta Maribi Ugarteburuk zuzendutako mahai ingurua herrian aldizkarigintzan eta komunikazioaren munduan ibilitakoekin. 

Imanol Muruarekin izan beharreko armozu-tertulia ere interesgarria izango zen, baina bertan behera geratu zen. Han ibili zen Imanol herrian batetik bestera non ote zen tertulia ditxosoa: inork ez zion esan ekitaldia bertan behera geratu zenik. Hau herria, gurea.

Harrezkero, ez dugu herri-prentsarik Lekeition. Alderdi politikoen propaganda-komunikazio aldizkariekin konformatu behar izan dugu: Entzuixu!!!, EAJ-rena eta Karin Kara, ehbildu-rena. 2023ko udal hauteskundeak egin zirenetik ez dituzte kaleratu. Orain, udalak ateratzen duen Talaiapekoa daukagu. Berriro ote gaude, bada, 1987an?



2024/12/25

 

GASTIBELTZAREN KARABINAK


 
 Libretoa ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: GASTIBELTZAREN KARABINAK

Uztailaren 14a Liberté, Égalite, Fraternité-ren eguna omen da, eta egun horretan antzeztu zen Lekeitioko plazan Gastibeltzaren Karabinak, gure herriarentzat Liberté aldarrikatzen duen lanetako bat, Liberté-ren jabeak aitortzen ez digun askatasuna. Haur duzue kantuekin eta musikarekin kaleratu zen liburukia. Horretaz aparte, barruan, textu-moldatzaileen, musikarien, antzezleen, eta antolamenduan ibili zirenen izen-abizenak, mutil kozkorrarenak barne. Ez du argitzen nork sortu zuen Natxo de Feliperen eskutik irten ez zen kantu bakarra. Miguel Arrieta? 

Bide batez, ohartu zenbat denbora daraman gure artean Iñigo Aranbarrik.

Eta, karlistaden sasoian gaudenez, beste inon entzun ez dugun bertso ahapaldi bat hona ekarri barik ez gara joango. Zein bertso-katetan sartu behar ote da?

Erregina maturranga
su(du)r luze dongia
haretxek ekarri eiuan
Bizkaira gerria




2024/12/23

 

DZANGA 6


 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 6

Kolinetak, kolinetak. Orain ere galbidean dira, baina hor segitzen dute. Hurrengo Santinetik pasatzen garenean, bat eskatuko dugu.

Eta karamelo gomazkoak! Gutxi ikusten dira Astesantuetan; izan ere, Astesantuak dagoeneko ez dira Astesantuak. Gero eta katoliko gutxiago dagoen seinale. Zergatik ote da? Hori bai, Astesantuero astesantuero Mingorrik karamelo gomazkoa izaten duzu beti zintzilik bere mingainetik.

Antzerkiaz eta lekeitiarron zaletasunaz ere egiten da berba: zaletasun gutxi, halakoxea! Gerra aurrekoek ereindako haziak izan zuen fruiturik gerra ostean, baina gutxi Franco hil ondoren: 50 urtean, lekeitiarrek antzeztutako lan bi: Vizcaitik Bizkaira (Tramana kuadrillakoek) eta Gaztibeltzaren karabinak (herritarrek). Emanaldiak ere, gutxi, eta dirua galduta sarritan.

Kontrabandistak gara, familia alaia
armak saldu ta erosten beti gara saia
hala ere badakigu nun dugun sustraia
listo gara apurtzeko foruen etsaia

Dena dela, 1979an antzerki-topaketa batzuk egin ziren herrian, hemen leku hartu zuten antzerkigile batzuen eskutik: Txiruliruli konpainia. Dinamarkako Odin Theatre ekarri zuten, eta ikusgarria izan zen. Horrek batzuen barruko sua piztu zuen, Imanol Agirrerena esaterako, eta 10 urte geroago, 1989an Lekitoko Kale Antzerkia sortu zuen, harrezkero 34 edizio izan dituen jaialdia. Bada zer edo zer.

Antzerkigileak ere sortu ziren. Hiru aipatzen daira: Amaia Aboitiz, Ana Meabe (emanaldi bat izango du Lekeitio 700en) eta Miren Gogenola.

Elkarrizketa interesgarri bat Anton Ansotegi Txakartegirekin. Bizi gogorra eta zelan urten aurrera beso bakarrarekin. Gerro osteko antzerkiaz ere egiten du berba. Leiru, ez zarete damutuko. 

Bihar Gabon Gaba

Gabon gabian
soledadian
lapurrak teilatuan
teilak ohostuten 
konpaiñerua jagoten ...



2024/12/21

 

DZANGA 5

 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 5

Gabonak datoz, eta gaur santo Tomas dugu. Azokia plazan. Han batuko gara denok inguruko baserrietakoen produktuak erosteko: batzuk, sagarrak, eta besteak, gaztaia. Kontua da hemen bertokoa erosteko ohitura sustatzea. Apropos datorkigu Dzanga hau: Santo Tomaseko ohituraren gainean hitz egiten da, eta kontuan izanda Gabonak ditugula, bada, jostailuei eta olgateko moduei buruz, batez ere, Gallo tabernako Juli Mendia eta Karmen Goitien bizpenetatik abiatuta. Laster ikusiko dugu Karraspion ez dagoela olaturik!

Nola aldatu diren garaiak: ez dakigu nolakoak ziren hor aipatzen diren jolas gehien-gehienak.

La línea está trazada la maldición esta echada
lo lento hoy será rápido mañana
vuestro tiempo ha pasado
y el diablo esta de nuestro lado.

Por que los tiempos están cambiando.

Eta hala da, gure denborak joan dira, gure gurasoenak aspaldiago amaitu ziren. Baina guk ez dugu alzheimerrik; beste batzuk, berriz... 


2024/12/19

 

DZANGA 3

 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: DZANGA 3

Azalean, marmuak.

Iñaki Goioganak uren kontuak dakartza oraingoan, eta hara non jakin dugun gune honi izen ematen dion iturria 1724an eraiki zutela. Aurten 300 urte. Halakorik, geu ere mendeurrenean gara!

Gero, barriro ere Don Antonio. Oraingoan, Don Antonio Zamora. Abadea. Lan handia egina da Don Antonio umeekin herrian: eskursiñoiak, tanborrada, Antero, jolasak, herriko eskoletan (orduan, eskola nazionalak)...

Gaur eguneko begiekin erreparatuta ostera, goiko argiei ilunak ere batzen zaizkie. Baina hurrengo baterako utziko dugu hori.

Elkarrizketetan, denak ez ditugu ezagutzen, baina: Ramón, Ramón Fernandez da; Beatriz, Beatriz Anakabe; Kepa, Kepa Goitia; Koke, Jesus Mari Gogenola; Jesús Mari, Jesús Mari Malaxetxebarria.

Bertsio bi dauzkagu: lehenengoan, bazkaria Zapirain jatetxean da, eta bigarrenean, Leagi kanpinean. Ez dakigu non bazkaldu zuten irabazleek.




 

 


2024/12/17

 

LEKITTARRAK

 Baxurako arrantza Lekeition, 1960-2010

 

Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Baxurako arrantza Lekeition. 1960-2010

Aurrerago batean, Lekitxarrak 1 1960-1983, Lekitxarrak 2 1990era arte, eta Lekeitio 1859-1959 liburuak ekarri genituen hona ―Kiñukakoen oniritziarekin; izan ere, zeozertarako jarri genuen gure emaila: mandaskia@gmail.com―. Oraingoan, Josu Erkiagak helarazi digu bere Baxurako arrantza Lekeition 1910-2010 liburua zuen guztion eskura jartzeko (paperean nahi izanez gero, oraindik eskuratu daiteke). 

Gaur egun aproposa da liburuori hona ekartzeko. Zergatik? Bada, pasa den astean Kalamua salgai dagoela jakin genuelako. Finito, beraz, baxurako arrantzaren historia Lekeition. Aurrerantzean, liburuetan eta bildumetan jasoko dugu guk historia horren berri, eta Eusko Jaurlaritzak eta Ahaldundiak ateratzen dituzten badaezpadako turismo-orri eta turismo-triptikoetan turistek. Museoa noiz egingo zain, ekarpen ezin hobea eta ezinbestekoa dugu Josu Erkiagaren hau.


Egin kontu
Bost mila zazpiehun
kultura ezberdin
desagertu dira historian.
Esaten dutenez
aurrerabidea
elkar jan horretan
oinarritu da mendeetan zehar.
Beraz ez larritu
izan jakintsu
orpoa erakutsi
aurrerabideari.
Jarraitu egiozu
asko dakienari
behingoz utziozu
baldar izate horri.
Zer gabiltza hainbeste
nor gara gu
zer gara gu
lekittarrak gara gu
...
 

Kantatzen du Ruper Ordorikak, eta guk bizi.

Liburuarekin batera, beste hau ere helarazi digu:

 

Disfruta, eta gorde ondo. 
 
Gaur, beste ekarpen bat jaso dugu: Armintxe txalupako tripulaziñoko gizonen izenak




 
“Armintze” txalupako tripulaziñoia Dakarren.
1. Konterno
2. Luis Sesma
3. Jose Belaustegui
4. ????
5. Placido Belaustegui
6. Baltza-Dakar
7. ????
8. Damaso Amillategui
9. Felix Arrasate (bakarra bizirik)
10. ”Martin “potorrua”
11. Faustino Garatea
12. Luciano ”Urrusolo”
13. ????
14. Imanol Mendieta
15. Telex Sesma.

 




 




2024/12/15

 

Arrantza

Eten bat egingo dugu gure orain arteko bidean asteon jakin dugun berri bat hona ekartzeko.

Hona gure herriko baxurako azken itsasontzia:

 
Kalamua
 

Bada, aste honetan jakin dugu salgai dagoela

Arrantza-ontzia salgai

Iragarkiko salneurriari zero bat falta zaio, eskuman. Gu, berriz, aspalditik gabiltza zeroak pilatzen ezkerretara.

Josu Erkiaga Atilak Baxurako arrantza Lekeition  liburua argitaratu zuenean 2011n, baxurako bapore bi geratzen ziren herrian: Ondarzabal eta Kalamua. Ondarzabal aspaldi saldu zen, eta, orain, erretiroaren ordua heldu zaie Kalamuako armadoreei. Emaitza: azkena, kito; Lekeitio gizarte posmodernoan.

Aurrerantzean, turistentzako liburukietan baino ez gara agertuko. Aldatu egin beharko dituzte, ordea, hasierako berbak: Herri arrantzalea/pueblo pesquero.

Urteak zeramatzaten Lekeition kirol-portu bat ipini nahian, kirol-portu bihurtu nahian. Gomutan ditugu aurreko mendean/milurtekoan farolpean edo san Juanpean portu hori egiteko proiektuak, herri ekimenaren indarrez atzera botatakoak. Baina ez zuten etsi, eta kanpoan eraiki ezin izan zutena, azkenean, barruan egin dute: gurea zen arrantza-portua haien kirol-portua da orain. Aste honetan jarri diote azken iltzea hilkutxari. Hiribilduaren 700. urteurrenean. ezin data hoberik aukeratu. Gogoan gorde dezagun ondo iltzatuta.

Lebazaleak hasi prestatzen, zerrendan hurrengoak  zuek zarete-eta. Se fini. Yateak, balandroak, motor txikiak eta arrantza-txapelketak. Museoa egitea baino ez zaigu faltatzen. Haur kofradia zaharra leku aproposa horretarako.  Turismoa turismorik nahi ez duen herrian.

Aspaldi kantatzen zuen Xenpelarrek:

Ia gureak egin du

badegu zeinek agindu