2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2025/12/31

 

ENTZUIXU 11

2015eko azaroa 

Maiatzeko udal hauteskundeak EAJk irabazi zituen, eta 11. Entzuixu honetan agintaldiko lehen 100 egunen balantzea egiten dute. 

Beren 10 konpromisoak errepikatzen dituzte (garraio publikoa: Lekeitiotik Blbora 60 minutu baino gutxiagoan, eraztun berdea, ekonomia berpiztea...), elkarlana aldarrikatzen dute lekeitiarron onerako eta EHBilduri sail biren ardura eskaini izana nabarmentzen dute. 

Sailok, Kultura eta Gaztedia. Hauri Mauri! Badakit ez dakizula zer egin kulturan eta zer eskaini gazteei, baina neuk ere ez dakidanez... Eta horrela, 50 urte laster. 

Orain, izarra Musika eskola publikotzea da. Urte betean, 200 eskaritik 400era pasatu gara eta, une honetan, 700 dira eskariak dagoeneko. Abiada honetan, milatik gora izango dira laister. Hori bai, denak omen dira batabestearen berdin-berdinak. Non egin ote dituzte fotokopiak? Gaztetxeak beste 50 urte egon beharko du zain, noiz zainddia helduko.

Tira, urte zaharra badoa eta izan gaitezen formal: gogoratu dezagun lankidetza aldarrikatzen dela. 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 11
 
 

2025/12/29

 

ENTZUIXU 10

2015eko apirila 

Udal programa edo egitasmoak eta hautagaiak aurkeztu zituen EAJk Entzuixuren zenbaki honetan, Lekeitiok ustez behar zuen bultzada emateko. 

bakoitzak erabaki dezala zer neurritan bete diren horiek guztiak. Guri bat gustatzen zaigu, garraio publikoarena: Bilbo 60 minutu baino gutxiagora izatea. Eskatzea libre da, kasu honetan helburutzat jartzea. Seguru  batek baino gehiagok sinistu egin zuela. Ezin dena ezinezkoa da eta, gainera, ez da posible. Hori bai: kotxez zoazela Bizkaibuseko autobus bat atzean ikusten baduzu, aparta paretik ardura barik, bestela gainetik pasatuko da.

 




Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 10
 
 

2025/12/27

 

ENTZUIXU 9

2015eko urtarrila 

Playa de Ondarzabal desguazatu zutenekoa, ikurriña udaletxeko balkoian jarri zenekoa ―zer diren gauzak, EHBilduri tokatu zitzaion― eta berriro geldialdia, geldialdia, paralisia eta bultzada sakonak eman beharra. 2015eko udal hauteskundeak gainean ziren, eta EAJ motorrak berotzen ari zen.






Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 9
 
 

2025/12/25

2025/12/23

 

ENTZUIXU 8

2014ko abuztua 

Eta ekin. Berriro zaborrak, iruzurrak eta urte galduak. EHBilduk ez du betetzen bere programa. Erreparatu Maderas de Lekeitioren gaineko artikuluari, eta ohartu noiz bereganatu zuen udalak: argi ikusiko duzue zein neurritan betetzen dituen EAJk bere programak eta proposamenak.




 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 8
 
 

2025/12/21

 

ENTZUIXU 7

2014ko apirila 

Koldo Goitia ageri da alkatetzarako hautagai. Pixka bat beherago, benetako antzarrak/Antzartek eztabaidan erreferenduma bultzatzearen alde ageri da alderdia. 

Handik urte batzuetara, Koldo Goitia bera buru zuen udalbatzak onartu zuen, aho batez, benatako antzarrak behin betiko kentzea eta Antzarteken alde egitea. Gu, ados gaude hartutako erabakiarekin eta egiteko moduarekin, baina eta erreferenduma?

 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 7
 
 

2025/12/19

 

ENTZUIXU 6

2013ko abendua 

EAJrentzat, agintean bera ez badago, dena da denbora galdua. Marcel Proust balira bezala, beti denbora galduaren bila (inork galdutakoaren bila, jakina!).

Gaien artean: Atez ateko zabor-bilketa inposatua, Gaztegunea, zergak igotzea, betiko antzarrak/Antzartek eztabaida... 

Baina, batez ere batek egin digu begira: Abaroa jauregia herri-ondarearen egoerari eta haren gaineko proiektu faltari buruzkoa. Bada, amaitu zen agintaldi hura, etorri EAJ 8 urtez eta, tatxan!, proiektu falta salatzen zuenak berak ere ez zeukan inolako proiekturik Abaroa jauregirako. Eta hor segitzen du... bere gisan eroriko zelakoan zai egona, nork ehortziko elkarri galdezka...




Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 6
 
 


2025/12/17

 

ENTZUIXU 5

2013ko uztaila 

Txakurrak txakurrari, zaunka. Ustez galdutako aukerak, ustez agindu bai baina bete gabeak...

Ondarzabal baporaren historia tristea. EAJ pintadak aldarrikatzen! Fraileen okupazioa (hobeto okupata oraingo etxebizitza espekulatiboak baino, baina...). Islako moillia nork hondatu zuen ez dakigu, baina bai noren bidez etorri zen konpobidea. Eta hala, segi batak besteari mokoka.


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 5
 
 
 

2025/12/15

 

ENTZUIXU 4

2013ko martxoa 

BILDU españolen morroi letra larriz Entzuixu 4aren azalean. EAj EHBilduri kontu eske. 40 urte erakundeetan parte hartzeko eskatzen, eta parte hartzea erabakizen dutenean, fakturia. Kontuan izanda EHBilduk jarri zuela makallau azala udaletxeko balkoiko erdiko mastan... Kontua da ez gabiltzala españolen trapuzaleengandik hain urrun: batzuk eta besteak ikurrinaren atzean. Baina lasai; laster ikusiko ditugu gure herriko alderdi nagusi biak eskutik hartuta etsai berriaren kontra: GKSeko gazteak.

Eta bigarren gaia? Ez dugu negar-zotiñik egingo, kontua serioa da-eta Eskola publikoaren alde, nor eta... EAJ. Irakaskuntza pribatua inolako lotsa barik babestu eta diruz ondo baino hobeto hornitu daben alderdia. Jakina da irakaskuntza, zerbitzu publikoa den neurrian, edonork eman dezakeela EAJren ustez, taxien moduan; batez ere, eleizak eta haren kristau eskolek. Egia esateko, irakaskuntzaren gai honetan, EHBildu bera ere ez dago EAJtik oso urrun. Zergatik ez ote du aldarrikatzen irakaskuntzan osasunbidean aldarrikatzen duena?  


 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 4
 
 

2025/12/13

 

ENTZUIXU 3

2012ko abendua 

Etxebizitza sozialak Entzuixu 3aren azalean. 2012 zen. Zenbat etxebizitza egin ote dira harrezkero herrian? 4 urte EHBildu, 8 urte EAJ eta beste bi EHBildu. Egin kontu...



 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 3
 

2025/12/11

 

ENTZUIXU 2

2012ko uztaila 

Kontuan izan alderdi politiko baten aldizkaria dela eta zeuek esan esan beharrekoak.

Guk islako moillia bakarrik komentatuko dugu: Obras del puertoko arduraduna Federiko Fernandez zenean, urtero-urtero konpontzen ziren neguko itsasoak moilla horri eragindako kalteak. Jubilatu zen, eta amaitu ziren konpontze lanak. Urte luzetan ikusi genuen apurtzen eta apurtzen, harik eta dena hondatu arte. Isuntza hondartzak Karraspio ematen zuen eta Karraspiok, Isuntza. Eta orain, apurtuta dagoenean, horra hor zertarako balio duen: bata besteari harrika egiteko.

 
 

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 2
 
 

2025/12/09

 

ENTZUIXU 1 

2012ko apirila 

Beste aldizkari klase bat ere izan da Lekeition: alderdi politikoen aldizkariak. Izan zen 90eko hamarkadan Herri Batasunak ateratako bat (gehiago jakin nahian gabiltza); baina, batez ere XXI. mendean nabarmendu dira: EAjren Entzuixu eta EHBilduren Karin Kara. Zertarako balio izan duten? Bada, bata besteari mokoka ibiltzeko. Biak hasi ziren beren aldizkaria kaleratzen alkatetzarako hauteskundeak galdu eta gero (zergatik ote?): Nor baino nor kukuak beleari ipurbeltz.
 
Kulturatik ezer gutxi dute, baina azken urteotan udalean eztabaidagai izan diren gai askoren inguruan zer pentsatua ematen dute: gu gaudenean agintaritzan, bon, eta ez gaudenean, emon.
 
 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Entzuixu 1
 

Sasoia ixan da! 
 
Eta hori esan egin behar zen, batere lotsa barik, 2012an, e!
 
 
 

2025/12/07

 

SUSTRAIA 44 

1983ko ekaina 

Sustraia 44 hau ale berezi izendatuta dator, Ibilaldia 83ren aitzakian kaleratua. Ibilaldiari ongi etoria ematen dio; azalean, baina, galdera bat: Zein euskal eskola publikoren alde?, eta horretan segitzen dugu 42 urte geroago.
 
Herriko talde-elkarte nagusien aurkezpen bat-edo da gehien bat. Errepaso horiek baikorrak eta informatiboak direla esan daiteke, bat izan ezik: Tintin delako batek sinatutakoa. Itxura baten, Lekeitioko kultur egoerari errepaso bat eman nahi dio: Lekettioko egoera kulturalari errepaso bat emoteko? hasten da eta honetara segitzen du: Ezta munduan hori baino gauza errezagorik. Zein kultura errepasa biot?... Lekitton ezpadagp kulturarik? Zur utzi gaitu. Orain dela 50 urte ere gaur eguneko egoera berean zegoen gure herria. Zenbat ikusteko jaio garen!
 








 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 44 kaleratutakoa
 
 
Sustraia  44aren originalak galduta dagoz, oraingoz. Sabiño, segi bila topako dituzu-eta. Pasatu ahalik eta arinen, hau eta falta ditugun besteak.

 

 

 

 

2025/12/05

 

SUSTRAIA 43

1983ko maiatza 

Pixka bat tetrikoa Sustraia 43 honen azala: edozer pizti klase kalean (aurreko zenbakietan irakurri dugun saneamentu proiektuaren erreferentzia ote da?) eta udala osatzeko bozketa. 

Tetrikotasuna fotokopiaren kalitate faltak ematen dio, ze irudi originala nahikoa argiagoa zen.
 
 

 
 

Barrua ere nahikoa tetrikoa batzuentzat: udal hauteskundeen emaitzak datoz jasota eta HBk (3) eta EEk (1) 4 zinegotzi lortu zituzten guztira,  eta, beraz, aurrekoetan baino bat gutxiago (HK-k 5 izan zituen). 
 
Alderdiek balorazioak ere badatoz: EAjrena, zer esan genezake?; HB inori errua botatzen, Hont legearen tranpa eta EAjk irabazitako 212 botoen jatorriaz dibagazioak egiten (berek galdutako 71k abstentziora joan omen ziren, bolita magikoak dixit. Zergatik ote?); eta EEkoak harrituta 4 urte lehenagoko arazoak bere horretan egon arren EAJk gehiengo osoa lortu zuelako, baina argi zeukaten (bolita magikoa berriro ere) EAj ez zela gai izango udala behar bezala kudeatzeko. 
 
Baieztapenak egitean bakar bat ere ez atzean geratzen:
 
- Eguneroko bihar egitea eta arduratzea onartzen dabezela herriak (EAJ). Eiona barre.
HB izan baita HKri 4 urtetako bizia eman diona (HB). Eiona barre. Zer pentsatu ote zuen Bego Zugadik (LKI)? HASIk paso egiten zuen,  eta besteak HB ingurukoak izan arren ez ziren HBkoak. HBren mahaia, Lekeition, 1982ko urriko estatuko hauteskundeetarako eta 1983ko udalekoetan parte hartzekko sortu zen. Deia HKren mahaitik egin zen, batez ere Zorione Aboitizen ekimenez, jakin dugunez.
- Udaletxean errepresentazioa izatea lehen aldiz lortzen dugu (EE). Einoa barre. Eta nor zen, bada, HKren zerrendan zegoen Jon Mikel Seijo? Guk dakigula, EEkoa zen, baina arin utzi zuten HK.
 

Eskola-ikastoletako umeen lan ugari ere ageri da, eta oraingoan ez dira bakarrik sormen arlokoak.
 
... Eta ez nuen nire osaba hura ezagutu artikuluan kontu ezezagun bat guretzat (eta beste askorentzat). Galdetu egin behar izan dugu zertaz ari den artikulu hau. Bada, eleizaren horma batean, Erkiagako beheko partearen parez pare dagoenean, Francoren ejerzitoan borrokatu (batzuk halabeharrez) zuten lekeitiarren izen-abizenak zeuden grabatuta harrian, burdin hesi batez hornituta eta ereinotz landarez apainduta. 
 
Franco bizi  bitartean, ereinotzok inausi egiten ziren eta izen-abizenak agerian zeuden. Udal demokratikoaren sasoian, ereinotzak ez ziren inausten, eta apurka-apurka tapa egin zituzten izenak. Batzuk, baina, ondo ere ondo zekiten zer zegoen ereinotz-orri haien atzean, eta horretara dator artikulua: ezabatzeko eskatzen. Besterik da gerra hartan hildako herritar guztiak gogoan izatea.
 






 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 43 kaleratutakoa
 
 
Sustraia  43aren originalak galduta dagoz, oraingoz. Sabiño, segi bila topako dituzu-eta. Pasatu ahalik eta arinen, hau eta falta ditugun besteak.

 

 

 

 

2025/12/03

 

SUSTRAIA 42


Sustraia 42?  Sustraia 42a ez zen izan. Sustraien hurrenkeran, 1etik 51ra, 42 ez dago (edo guk ez daukagu), aurretik 13 egon ez zen moduan. Eta 9, ostera, birritan. Zergatik? Batek daki.
 
42 zenbaki bikoti pepelerdo bat da. 4+ 2 = 6 da. eta 6 =3 x 2 x 1 da, hau da, lehenengo hiru zenbaki primoen biderkadura; bada zer edo zer. Eta 6 Bakero handiak lepoan zeraman zenbakia da. 42/3 =14, eta 14 Cruiffen zenbakia da. Baina ez dugu pentsatzen zenakiok ez agertzearen arrazoi futbolean dagoenik.
 
Zer lotura dagoen 9, 13 eta 42ren artean? Bada, 42ren eta 9ren faktore-deskonposaketan 3 ageri da, eta 13 3n amaitzen da. Hori izango ote da lotura? 3 zenbakia, eta gaur, gainera, abenduaren 3a da, euskararen eguna. Aldarrikatu, eta burrukatu, osti!
 
10 urtean, 51 - 2 + 1 =50. Ez da zenkaki txarra, 50, zenbaki biribila; baina, kontuz: 0n amatzen da eta guk zerotik ihes egin behar dugu, nahiz eta aspaldion horretara jo nahian gabiltzan.
 

2025/12/01

 

SUSTRAIA 41

1983ko apirila 

Sakrilegio bat Sustraia 41 honen azalean: Pascual Abaroa eta, behean, NEGREO letra larri eta, imajinatzen dugu, beltzez idatzita. Hautsak harrotuko zituen horrek herrian: ez dugu pentsatu nahi ere zertzuk esango ziren eta noren kontra. Eta Sustraiako hauek, gainera, txantxetan: ez zuten, bada, azpian jarri HILEKO MARKARIK GOGORRENA. Behar da, e!
 
Hurrengo orrialdeetan lehenengo udal-legegintzaldi demokratikoaren balantzeak:Eusko alderdi Jeltzalearena eta Herri Kandidaturarenak. Zeuek irakurri. Sustraiakoek ez zuten eman iritzirik, baina hurrengo orrialdean 13 urteko nesken talde bat kexu da: asteburuetan ez da ezer antolatzen gazteentzat, eta, antolatzen bada, futbol txapelketak dira, eta, jakina, mutilentzat. Legengiltzadi hartako, eta harrezkerokoen puntu beltza: gazteak.
 
Zaharren Kongreso Estatala egin zen Alakant-en, eta zelan ez, Manuel Endeiza han izan zen Lekeitioko Elkartearen ordezkari.
 
Eta, lehen lerroan aipatu dugunaren harira, Lekeitioko Jubilatu eta Pentsionisten elkartearen gutuna udalari Pascual Abaroaren kontra egindako atentatua salatzeko eta eskabide bat egiteko: eskultura bere jatorrizko egoerara bueltzatzea lehenbailehen eta ekitaldi bat egitea herriko ongilearen izen ona goraipatzeko. Gutun honetan jakin dugu, gainera, negrero idazteaz gain aurpegia eta eskuak ere beltzez magoztu zizkiotela. Sustraiakoak hemen ere zirika aritu ziren: Langile baten galderak liburu baten aurrean kantuko letrak jarri zituzten, Beltord Bretht-en berbekin Mikel Laboak egindako kantua.
 



 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Sustraia 41 kaleratutakoa
 
 
Sustraia  41aren originalak galduta dagoz, oraingoz. Sabiño, segi bila topako dituzu-eta. Pasatu ahalik eta arinen, hau eta falta ditugun besteak.