2024/11/03 asto joan eta mando etorri

 

Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan

2024/11/29

 

KOSTRA 8

  

EZ DOK KOSTRA 8

Eta LEKH-EI`TIOH kapitulua gabe geratu ginen. Baina, eta batez ere, KOSTRA barik geratu ginen!!! Zer gertatu ote zen?

1987a zen, Herri Batasunak irabazi zituen udal hauteskundeak, eta pentsatzekoa zen herriko kultur taldeen egoerak hobera egingo zuela.

Baina HBk egitasmo propioa zeukan, eta kulturarako asmoen ardatza Udal aldizkari bat zen. Irakurri ondo, Udal aldizkaria. Edozein erdipurdiko filologok dakienez, Udal aldizkaria ≠ Herri aldizkaria. Edozein politikok ere badaki hori, eta, kolorea kolore, ez ditu inondik inora nahastu nahi Udal eta Herri berbak (edo bai, baina hori beste kontu bat da). Kontrola! Kontrola! Estamos trabajando por su seguridad, por la seguridad de todo el Pueblo Vasco

Eta hala izan zen. Herriko aldizkariekin konta(k)t(at)u gabe, Udaltzainen Land Roverra eta haren gaineko bozgorailuak gora eta behera ibili ziren herrian herritarrei deiez eta batzar batera deitzen: "Udalak Udal aldizkari bat atera nahi du eta jendea behar du horretarako, batez ere Kazetaritza ikasten ari diren herritarrak". 

Sustraiakoak ezin sinestuta entzuten ari zirena; Kostrakoak, aho zabalik; eta Arrakala irratikoak, zer da hauka. 

Hainbat joan ziren batzarrera, tartean kazetaritzako ikasleak, baina, itxura batean, batzar hark ez zuen eman ezertarako; ze, Udal aldizkariarenak ez zuen aurrera egin urte hartan, ez hurrengoan, ezta hurrengoaren hurrengoan ere.

Euskadi Auzolanean da gaur eguneko Eusko Jaurlaritzaren leloetako bat, eta urteetan aldarrikatu dute ezkerreko hainbat erakundek eta herri elkartek. Kontua da gauza bat dela auzolana eta beste bat astolana. Auzolana herritarroi dagokigu, ez Udalari; eta erakunde publikoak auzolana gora eta auzolana behera badabiltza, zeinale zerbait oker dabilela. Lehen, eta orain. Batzarrera joan zirenak norbaitek lelotzat hartu zituela pentsatuta irten ziren.

Jokabide hark, baina, izan zuen eraginik, badaezpadako eragina izan ere: ez Udal aldizkaririk, ez Herri aldizkaririk. Kontrola eta nik neurea. Herri aldizkari BI zeuden herrian, eta, derrepentean, ZERO aldizkari geneukan. 

AGUR KOSTRA, AGUR


2024/11/27


 

KOSTRERUAK


Kostrakoek modu bitxian aurkeztu zituzten euren buruak Kostra 1ean. Hasiera-hasieran aitortu zutenez, aurkezpen serio bat ez egiteko arrazoia leku falta zen, baina horren azpian, bene-benetan, diru falta zegoen, halako kultur ekimen guztiek sufritzen duten gaixo larria, senda ezina antza. Txin-txin, txin-txin. diruaren hotsa, haretxek ematen dit... Beste bati emango, ze Lekeitioko kultur taldeek ez dirurik ezta haren hotsik ere, beti atezuan.

Bada, gabeziak gabezi, topa zuten aurkezpena egiteko modua orrialde bakar bat gastatuta. Eta komikigile eta irudigile izanda, zer modu hoberik beren irudiak egitea baino.


 

Kontua da gu ez garela batere fisonomista, eta ez dakigula nor dan nor. Erdikoa, Gamix, Juan Luis Plaza izango da, ze hura zen Gamix. Beheko erdikoa, Fernando Plaza. Bestak? Ikertu beharko dogu eta bakoitzari izena jarri.

Fotoistorioetako argazkiak zerbait argiago dira, eta jarri diegu izena batzuei   

 

 Juan Luis Plaza



Isaias Gezuraga

Iñaki Pereda

Juanjo Caceres


Antxon Caceres
 

 Kostrakoak, Eskolapian, alde guztietara begira, badaezpada ez ote den don Antonio agertzen. Gogoratu ihes egin behar izan ziotela Gabonetako kabalgatan paje ez joateko.

Pena bat da istorioak eta testuak sinatu gabe agertu izana. Dena den, ahalegindu gara aurpegiak eta izenak jartzen Kostrako taldekoei: Juan Luis eta Fernando Plaza, Isaias Gezuraga, Juanjo eta Antxon Caceres, Iñakia Pereda, eta falta direnak. Kolaboratzaileen artean, ezagun-ezagunak dira Bittor Txakartegiren dibujatzeko estiloa eta Joseba Markuerkiagaren, Markusen, estiloa eta umorea. Gainera, duela gutxi jakin izan dugu Lekeitioren munduko bikien egilea Koldo Leniz ez ote den. Komiki horien oineko © 1987 It is a new K.L.O. prodakshon ikusita, zuzen esan digutela ematen du

Kostra 7an, KOSTRA 8an LEKH-EI`TIOH (RUB AL KHALI-ko lurraldean) kapitulua ekarriko zigutela agindu ziguten. Hala, bada, Kostra 8aren zain geratzen gara.

2024/11/25

 

KOSTRA 7

 Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 7

7.ean Jaungoikoak berak ere atseden hartu omen zuen. Kostrakoek ez zuten halakorik egin, eta 7. zenbakia ere kaleratu zuten, sekulako lodien eta 200 pezetatan: 32 orrialdeko istorio bat jarri zuten, eta horrek garestitu egingo zituen inprenta lanak seguru. Kostra 6an salatutakoak ere izango zuen eraginik nonbait: "Zuri, mmm, 5 pta; hari, noski, ezebez; eta besteari 500000 pta, eta abar". Dirulaguntzak eta banatzeko moduak (edo ez banatzeko moduak) nahikoa txistosoak ziren sasoi hartan (eta zein sasoitan ez!). 

 

 

Zenbaki honetan, Lekeitioko leku enblematikoak ageri dira: Santi, Toki, Maite, Bitali, Jai-Club.  Eta Gamixen (gidoia) eta Markusen (irudiak) arteko kolaborazio bat. Eta goian mentatutako 32 orrialdeko istorioa, galego batek idatzia: talde armatu bateko kide ohia, polizia frankistak, kontrabandoa, manipulazioa... 

Eta, zer dinozue Eusebio Eutanasiasen gainean: Barandiaran, Lumentza, Garratxako kubia, eta (Francisco) Okamika alkatea! Ez daukagu berbarik! Gutxiago Okamika perpetratzaileetako biren osaba zela jakinda!

Lekeitioren bikien historian, Hossalarena berriro errepikatzen da: tente > alperrikalduta. Urte haietan, berriro hotel ziztrin bat izan aurretik, hostala munduko Gaztetxerik onena zen.

Gero eta mardulago eta landuago ari zen agertzen Kostra, eta 8.aren irrikitan geratu ginen. Zer ekarriko ote ziguten? Kostrakoen eta Lekeitioko beste irudigile batzuen arteko beste kolaborazio batzuk? Kanpoko istorioak eta komikigileak?

Herria burrundara hutsa zan, giroa bero-bero, eta era guztietako ekimenak ―Arrakala irratia, Argazki taldea, Zinema Bilera, gaztetxea, musika taldeak, kirol talde ugari, Hondartzako futbol txapelketa, Kostra eta Sustraia...― zeuden; baina ez zen batere erraza Kostraren moduko ekimen batek arrakasta izatea, finkatzea eta aurrera ateratzea. Pozgarriago, bada, esku artean geneukan aldizkaria irreberente hura aurrera egiten ikustea.


Eta, gehienetan legez, posterra



 

 


 

2024/11/23

 

KOSTRAS!

markus, extra


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA´S, markus extra

  

Kostrak  Markusen bigarren bilduma bat ere atera zuen: KOSTRA´S MARKUS extra. Pena bat bilduma hauetan Kolonen arrautzari buruz egindako irudirik ez egotea.


2024/11/21

 

KOSTRAS

markus, ale berezia


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Kostras. Markus, ale berezia

  

Baldomero Gayosoren bildumaren ostean, Kostrak  Markusen ale berezi bat eta estra bat atera zituen. Ale berezi hau, Markusen humore bitxi eta biziaren erakusgarri dugu, Kostra 6ko Murelaga ontziolako teknikei buruzko irudiaren bidetik. Oraingoan, Antzarteken aitzindari mekanikoa ikusi dezakegu (gogoratu 1987an gaudela. Juan Fran Agirrek eta Iñaki Letonak Markusen irudi hau hartu ote zuten inspirazio iturri?); Aittita Makurra, artean osorik, Hondartzako Futbol Txapelketan futbolarien egitekoa baldintzatzen —sakonean, orduko farol zaharra—; udaletxe aurreko eskulturen bertsio erotikua...  Bide batez, Iñaki Madariagaren ikerketa bat tarteko, eskultura horiek baliozkoak direla jakin genuen orain pare bat urte eta une honetan udal biltegi batean daudela, botata eta apurtuta. Eta urteak daramatzagu ondarea gora eta ondarea behera? Zer ondare?

Kostra 6an, Lekeitioko Genijuen Erakusketa Desastrosuak eragindako emozioarekin, gauzatxo bat ahaztu genuen: gehigarri bat, Arrakala irratiaren programazioa.

Haur ba, eta parkatu

 







2024/11/19


KOSTRA´S

Baldomero Gayoso


 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRAS Baldomero Gayoso

  

Kostraren sei zenbaki leidu behar izan dituzue Baldomero Gayosoren joan etorriak zertan diren jakiteko. Hasten den guztia, baina, amaitu egiten da, eta Baldomeroren historia KOSTRA 6an amaitu zen.

Halako istorio batek merezi zuen kapitulu guztiak bildu, eta dena batera argitaratzea. Hemen daukazue, bada, Baldomero Gayosoren album historikoa!
 
Orain arte tantaka disfrutatu baduzue, haur dena batera. Gozatu!
 

 

2024/11/17

 

KOSTRA 6

 


Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 6

  

Kostra 6. 68 orrialde! Emankorrak ziren Kostrako hauek izan ere. Nondik atarako ote zituzten istorio eta pertsonaia haiek huztiak? Ze, beti eskatzen zieten irakurleei bidaltzeko beren lanak, baina ez zuten esaten nora (Kostra 6 honetan agertu zuten, azkenean, nora: 89 postakodea, Lekeitio). Komiki lehiaketa bat deitu zuten eta lanak izenpetu barik zeuden (horrek zaildu egiten du jende horri merezi duten moduan gorazarre egitea), baina irudi batzuen estiloan sumatzen zen zerbait: Bittor Txakartegi zegoen Mikel Matrallu-ren azpian, fotoistorioetan ikusia dugu Isasias Gezuraga, eta Juan Luis Plazarenak dira hainbat istorio. Zenbaki honetan bertan, Markus-en humore fina ageri da Murelagako ontziolan itsasontziak luzatzeko teknika dela-eta. Pertsona berak egiten ote zituen gidoia eta irudiak? Nola banatzen zuten lana? Nortzuk ziren prosistak?


Munduan zeharreko beste Lekeitioen istorioen zerrendan, Lake Town-en txanda izan zen. Bidegurutzean, Avelino; BBK ez zegoen gaur egun dagoen lekuan; Abascale Saloon, "hiru errege datoz Eskolapetik, mozkor-mozkor eginda Abaskalenetik", eta bidegurutzera heltzen: O´Tiburcy lines, mundiala txo/potxua!


Posterra ere bazekarren


Gure herriko beste pertsonaia garrantzitsu bat ere agertzen zen: Don Jose Uribe, maixu Txatua. 60-70eko hamarkadetan, Lekeition ez zegoen eskolarik orduko Batxillerra (gaur eguneko BBB) egiteko, eta bide hori hartu nahi zutenek Akademia Uriben ikasten zuten urte osoan; azterketak, ostera, Gernikako institutuan egin behar izaten ziren, ekainean, 2-3 egunetan. Lekeitioko makinatxu bat belaunaldi egurtu zituen gizon hark. 

Ez da harritzekoa, bada

Erabat ahaztuta eta gure burmuinetako txokorik ilun eta sakonenean galduta genuen beste gertakari bat ere ekarri digu gogora Kostra honek: Lekeitioko Genijuen II. Erakusketa Desastrosua. Baina zelan ahaztu ditugu erakusketa horiek.

Sasoi hartan, herriko artistek (margolari eta eskultore) erakusketa bat egiten zuten San Antolinetan. Baina inork ez zekien zer sanedrinetan antolatzen zen erakusketa hura, eta jende gaztea eta bestelako arte-kontuetan zebilen jendea beti geratzen zen kanpoan. Eta, halako batean, non antolatzen duten Genijuen Erakusketa Desastrosua 1984an, eta bigarren bat 1987an. Erakusketa haien aztarna grafikorik egon badago, batek daki non dauden, eta pena litzateke horiek denboraren komunetik joatea. Ea berreskuratzen ditugun! Beste lan bat Mikel Matraullerentzat.

 

 


Zertzelada bat ere ageri da hurrengo 1987-88 urte haietan gertatuko zena ulertzeko bide ematen duena. Udal hauteskundeak gainean zeuden. Lehenengo biak EAJ-PNVk irabazi zituen, eta Xabier Txakartegi jarri alkate. Hirugarrenak estu zeudela ematen zuen, eta Lekeitioko kultur taldeetan HBk irabaziko zituelako itxaropena zegoen, horretara kulturarako diru gehitxoago egongo zelakoan. HBk irabazi zituen eta Juan Carlos San Miguel jarri zen alkate, baina kultur taldeen egoera ez zen gauza handirik aldatu.


Baldemoro Gayosoren ospa istorioa ere zenbaki honetan amaitu zen. Aurrerago, monografiko berezi bat kaleratu zuten kapitulu guztiak KOSTRA´S batean jasota. 

Eta, Arrakala irratiaren programazioa


2024/11/15

 

KOSTRA 5

 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 5 

Kostra mardulduta etorri zen. 58 orrialde mando 150 pezeta ziztrinen truke! Eta, barrua? Ai barrua! Leidu, leidu eta jakingo duzue zer aurkitu genuen guk orain dela 38 urte.

Aurrerapen bat. Lekittoko bizitzako une gogoangarriak zeuden jasota, baina, batez ere, kontu nabarmen bat: fanzineak  ez ziren nork bere txapeladak Kostra 4an Yo, Txapela izeneko istorioa egon arren― kontatzeko, kritika gune ere baziren gizarte-borrokan ari ziren guztientzat: antinuklearrak, ekologistak, amnistiaren aldeko taldeak, Euskal Herrian Euskaraz...

85-86 tarte hartan, borroketako bat Otoioko anteniaren kontrakoa zen, eta Kostra honetan horren fede ematen da

 

Borroka tresna ez zen Kostra bakarrik izan: manifstazioak egin ziren, Otoio okupatu zen, herrien manifestuak zabaldu ziren:


 

Manifestu haietako baten 6 orrialdeetatik  bakar bi aurkitu ditugu (inork osorik badauka eta bialtzen badigu ―telefonoarekin argazkiak atera eta gure email-era bialduta nahikoa da― pote bat eta pintxoa pagatuko diogu Gallo tabernan.

Kostrak, baina, inkesta bat ere bazekarren, eta bertan herritar batzuen iritziak jasotzen ziren: batzuk, alde, eta beste batzuk, kontra. Zelan ez herri honetan (eta beste askotan): dantza talde bi (Kaxarranka eta Etorkizuna); Triatloi talde bi (Garraitz eta Amandarri); orain, herriko Musika Bandia eta Musika Eskola elkarri mokoka. Ez daukagu konponbiderik. Inkestan, berriro agertzen da Don Antonio eta Jaungoikoaren eskuetan utzi zuen gaia (bera ote zen Kostrako idatzi salatzailea idatzi zuena?); Xabier Txakartegi alkateak beharrizanak asetzea argudiatzen du; Abelino aguazilari bost axola dena; eta Caja Laboraleko pibotak (bankeroa) Arzalluzen aginduak betebeharra argudiatu zuen.

Esan behar da Caja Laboraleko pibota ez zela bankeroa, bankaria baizik; izan ere, ez dira gauza bera dirua kontatzen jakitea eta diru kontuetan jakitea. Dena den, tipo arriskutsua pibota: 1982ko urriarren 28ko hauteskunde orokorretan (bai, PSOEk irabazi zituen lehenengoetan), hauteskunde gauean (zuzenean bizi izan zuen lekuko bati entzun diogunez), Fernando Garatea epaimahai-burua mehatxatu zuen eta salaketa jarri posta bidezko botoak zirela-eta. Zeuek esangostazu neuri! (ez daukagu beste zehaztasunik: Mikel Matrallu-ri aginduko diogu gertakari hori ikertzeko eta argitzeko, eta kontako dizuegu).

Baina geure buruari barre egiten ere badakigula erakutsi ziguten. Horra hor Lekeitioko nagusien ohitura bat jasota: elixapian buelta bueltaka ibiltzea pasiuan

 

Gaur egun, zoritxarrez, galduta dago ohitura hori: elixapia hesituta dago, eta ezin da sartu. Ea 700. urteurrena dela eta berreskuratzen den, erakusketa erraldoiaren harira elixapia zabalik egongo da-eta. Erreparatu goiko kartelari, orain ere han egongo da: Prohibido jugar a...

Eta gero. LEI-KI-CHOW. Mundiala, txo/potxua!

Jauregia obretan: ostala.

Eta Eskolapia? Iñaki Laka aguazila, Mari kargeria, Juanito barranderua. Eutsiona horreri!


Ez dakizuela nor dan Mari kargeria? Garai bateko herriko eguneroko irudiaren parte bat


Eta errepara ezkerrean bizikleta gainean doanari: Tako, alias Juan Anton Ugarriza. Agertuko zaigu berriro ere.

Eta posterra ere bazekarren



 
 
 



 
 

 

 




 

 

 

 

2024/11/13

 

KOSTRA 4

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 4

 Aurkibidea

 

Eta, hemen dator berriro ere Baldomero Gayosoren ospa, baina... ez dago Berriz Degustation

Aurreko zenbakiko historia ez zen ondo amaituko. Gogoratu Don Antoniok bere kabalgatarako fitxatu nahi izan zituela, eta Kostrakoak, ospa egin, eta Berriztarrenean ezkutatu zirela. Don Antonio, atzetik segiduta, hara heldu bazen, ez zitzaion hango iluntasuna, ketza eta giro beltza gustatuko: Inpernuaren ahozuloa begitanduko zitzaion. Kontuak kontu, gu Berriz Degustationeko istoriorik barik gelditu ginen. Gaur egun ez da posible halako taberna-ardandegirik: Osasunbidekoek di-da batean zarratuko lukete. Garai profilaktikoak gureak. Baina, guk, beti izango dugu gogoan: Ai, Berriztarreneko artatxoak! Munko onenak!

Kostrakoak, oraingoan, aurrekoan legez, kexu ageri dira laguntza heltzen ez delako, inork gutxik bidaltzen dituelako bere lanak (kexu hori errekurrentea da Lekitton eta beste edonon):

 Eta Posterra ere ba ei zekarren

... baina guk daukagun aleak ez dauka posterrik. Sentizen dugu benetan be (segiduko dugu errekistuan).

 

 




 
 
 


 

 

 

2024/11/11

 KOSTRA 3

 

Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 3

  

Kostra 3 agertu zen. Gainera, editorial antzeko bat zekarren azalean, Amurizaren berbak erabilita:

  Bizitzak zazpi alderdi ditu

  bi serio bost komiko

  bi hoik kentzerik lor bageneza

  bizi gintezke polito.

  Bizi bagara, hil ez bagara

  ez ginen jaio betiko

  umore honek aileza iraun

  gure bizitza guztiko.

Eta berriro salneurria aldatuta: 5 ogerleko > 125 pta > 115 pta. 2. zenbakian matematika kontu arraro batzuk zeuden 125 pezetena arrazoitzeko, eta arrazoibide haren haritik ez zen ulertzen 3. zenbakiaren salneurria 115 pta izatea. Hori bai, guk sinestu egin genien dirua galtzen zutelako kontuan.
 
2. orrialdean, txiste bikain bat:
 
 
Puntual-puntual agertu bazen, ez zen 4 aste beranduago agertu, eta lau aste beranduago agertu bazen, ez zen puntual-puntual agertu. Baina, behar bada, arrazoia dute Lekeition hitzordura ordu-orduan agertzeko dugun modu bitxia aintzat hartuta. Parkatuta, beraz; horregatik eta barruan gordetzen zuen guztiagatik
 
Ohiko Berriz Degustation eta Baldemoreo Gayosoren ospa. Baina, hara, beste leku mitiko bat ageri zen orrialde haietan: Bonbillon tabernia (Bonbi) ―Txibiri birin ponpero, txibiri birin pon pon, todos los días trabaja Juanito Bonbillon― eta askatasunaren gaineko istorio bat. Gau txori (wisky club) ere aipatzen zen, sasoi batean puntako pub-a eta gaur egun moilako terraza huts. Don Antonio eta haren kabalgatia (eta prozesiñoiak, tanborradak, jaietako erreginak, Antero...) aitzakia ziren arin-arringa ospa egiteko eta Berrizenean ezkutatzeko. Don Antonio, Don Antonio. Askotarako ematen du, eta hurrengo baterako utziko dugu.

Eta ezin dugu ahaztu Birgienanua parodia. Gure umezaroa eta gaztaroa Oesteko pelikula eta telesailez beteta daude. El Virginiano zen telesail haietako bat, eta Zine Barrian Custer generala eta zalduneria yankia txalotzen genituen. Bada, Birgienanuak umetako pekatu haiek ostikada batekin zuritu zizkigun.

Zine Barria eta Gizarte etxea. Hara beste kontu putolo bat. Don Antoniorena legez, aurrerago landuko dugu, gai mamitsuegia da-eta. 

A! KOSTRA 3ak ez zekarren posterrik, edo guk dugun alean ez dago behintzat.


 

 


2024/11/09


 KOSTRA 2

Eta etorri zen bigarren Kostra ere. Agindutakoa bete zuten: han zeuden Baldomero Gayosoren ospa-ren bigarren atala eta Blaust kapitainaren menturak istorioa. Baina aldaketak ere bazeuden: tranparik gabe, azalean bertan ageri ziran aldaketak:

 

 

Deigarriena, jakina, ✭ GARESTIAGO!!! hori, eta salneurriaren unitatean egindako aldaketa. Gure arbasoek bazekiten ogerlekoetan kontatzen, baina gu nahiko trakets moldatzen ginen bosnan bosnan kontatzen —gu hogeira arte bakarrik moldatzen ginen; baganekien zenbat zen hogei ogerleko, baina nekez esango genuen 25 edo 35 ogerleko—, eta horregatik beharbada, salneurria, oraingoan, pezetatan jarri zuten: 125 pta (euro batetik urrun, hala ere).


Dena den, hori guztiori gure burutazio huts bat baino ez da. Kostraren historia Kostra egin zutenek kontatu behar dute, eta ez, guk. Gu 7 zenbaki arruntak eta 3 bereziak biltzen ahalegindu gara, eta ez da erraza izan —ez dira alperrik 40 urte joan—: 1 zenbakia gmailez etorri zaigu eta beste bat Bilboko Astarloa liburudendan eskuratu dugu 18 €-ren truke. 

Bigarren zenbaki honen barruan, hau guztiau topatu genuen:


Haur aldizkaria, eta gozatu
 
 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 2

Posterra ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Posterra

 Esandakoa, KOSTRAkoek beren historia kontatu nahi badigute, gure email-era bidaltzea baino ez dute. Guk, bien bitartean, zenbakiak zuen eskura ipintzen segituko dugu.

 


 

 

 

 

 

2024/11/07


KOSTRA 1

 
Aldizkaria ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: KOSTRA 1
 
 
1984ko abenduan, KOSTRA agertu zen, ustekabean. Plaza anaiak, Juan Luis eta Fernando, eta Isaias Gezuraga ziren arima eta haien kuadrilako batzuk haragi, Euren eskutik eta burutazioetatik sartu ziren gure bizitzan Baldomero Gayoso eta haren historia, Baldomero Gayosoren ospa, eta Hoplita. 
 
Gainera, fotokontakizunak daude eta Goiko kaleko Berriztarra ardandegi gogoangarriko txoko beltz-ilunean, argi motel baten azpian izaten ziren tertulia harrigarrien lekukotza bat.
 
Eurek esan zuten: hurrengoa ahal dugunean egingo dugu. Bigarren zenbakirako, agindu ziguten Baldomero Gayosoren ospa-ren bigarren atala eta Blaust kapitainaren menturak istoriari ekitea.
 

Eta poster "da buti" bat


Posterra ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Posterra
 
Horren guztiaren truke, 15 ogerleko eskatzen zuten (euroarekin jaio zaretenontzat, euro erdirik ere ez)

 

2024/11/03

asto joan eta mando etorri


Hasieran, asmoa zen 80ko hamarkadan eta kultura kontuetan Lekeition bizitako ekimen gogoangarri bat eta haren emaitzak agertzea (KOSTRA komikia), belaunaldi gazteek halakoak izan zirela jakiteko; izan ere, nekez topatu daiteke herrian ekimen haren aztarnarik.

Baina –kontuak zer diren– bati komentatu eta besteari kontatu, puztu eta puztu joan da asmoa. Batek, halakoa esan behar dela; besteak, bestea azaleratu behar dela; hurrengoak, beste hura. Horretara, 5-6 asto batu gara (badakigu mando amaituko dugula), eta prest agertu gara gune hau hornitzeko, nork bere bizipenetatik, bakoitzak bere txapeladak ditu-eta, bere oroitzapenak, bere...

700. urteurrena ere gainean zegoen, eta bide ofizialetatik aparteko gauza bat egitea ekarpen polita izan zitekeen, ze beldur gara 700. urteurreneko ekitaldietan ez ote den berba lar egingo harri eta handikien gainean, eta gutxi harginen eta morroien gainean.

Izan Lekeitio da 700. urteurreneko leloa, eta zenbat bider ez ote dugu entzun Izan zirelako gara, garelako izango dira? Eta egia da: badakigu izan zirela, baina badakigu zer izan ziren?, zer egin zuten?, eta zergatik? Gutako nork daki gure aurreko belaunaldikoek zer egin zuten?; eta, aurrekoen aurrekoek? Kontatu diegu gure ostekoei zertan ibili ginen gu eta zertzuk egin genituen? Paperetan ez da ageri gure historia, ezta gure aurrekoena ere, are gutxiago gure aurrekoen aurrekoena. Eta ageri denean, oker ageri da, edo gezurrak dira, betikoen betiko bahetik iragazita.

Hala, bada, 80ko hamarkadako kultura ekarpenak gogoratu nahi ditugu hemen, ekarpen horien nondik norakoaz zerbait aipatu eta komentatu, eta herrian beste kontu batzuez dauden hutsuneak betetzen ahalegindu.

Dena dela, gune hau ez da gurea, ezta guretzat bakarrik ere. Zerbait kontatu eta agertu nahi duen guztiak lekua izango du gune honetan, gure bidearen zoruko harriak bata bestearen ondoan egon daitezen eta ez metro batetik metro batera.

Eta zergatik hau guztia? Ba, gogoan ditugulako Mikel Laboak kantatzen zuen Bertolt Bretch-en Langile baten galderak liburu batean aurrean olerkiko berbak:

Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen?
Liburuetan errege-izenik baizik ez da ageri.
Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar haundiok?
Eta hainbatetan
porrokatua izan zen Babilonia,
nork jaso zuen beste hainbestetan? Lima distirant hura
eraiki zuten langileak, zer etxetan bizi ote ziren?
Txinako Harresia bukatu zen iluntzean,
nora jo zuten harginek? Erroma bikain hura,
garaitza-arkuz beterik. Nork altxatu zituen?
Nortzuk menderatu zituzten zesarrek?
Hain ospetsua zen
Bizantziok, jauregiz besterik
ez ote zuen bertako jendearentzat? Alegiazko Atlantidan
berebat,
itsasoak irentsi zuen gauean, biztanleak ito zorian
oihuka hasi zitzaizkien esklaboei laguntza eske.
Alejandro gazteak India bereganatu zuen.
Berak bakarrik ote?
Zesarrek galoak menderatu.
Ez ote zuen berarekin sukaldari bat bederen?
Felipe Espainiakoak negar egin zuen bere Armada
urperatu zenean. Ez ote zuen beste inork negarrik egin?
Federiko Bigarrenak Zazpi Urteko Gerra irabazi.
Nork bestek zuen irabazi?
Garaitza bat orrialde bakoitzean.
Nortzuk atondu zituzten garaitza-banketeak?
Hamar urtez behin gizon handi bat.
Nork ordaintzen zituen haren gastuak?
Zenbat historia, hainbat galdera. Historiak bezainbat galdera.
Zenbat historia! Zenbat galdera!

 


 

Eta Iñaki Eizmendiren Badakigu kantua ere bai:

badakigu 

gure gustoa egitea

ezin posible

eginen digutela

eta libertatea, poesia, euskara,

argia, gaua, bizitza eta lana,

eta beste hainbat

beharrezko gauza

debekatuak izanen ditugula...

dakigulako

orainan kantatzen ditugu

etorkizuneko penak

eszeptikoak betiko

ikasi dezaten

gu soilik

hain soilik

galtzaileak gerala

ez bait gera ezertan

inoren kide

ez bait dugu inoiz

merkatariek asmatutako

bizitza honetan

parterik hartu