2024/11/03 asto joan eta mando etorri
Lekeitioko historia ezkutuak... gure ganbaretan errekistuan
2024/12/29
DZANGA 7
Sakon ditu sustraiak gure herriak historian, eta zutabe sendoak eraiki ditu mundura jagiteko, berbatik berbara erabiltzen ditugun berbak: euskara, arrantza eta arrantzaleak, itsasoa. Gutxi erabiltzen dugu halako testuinguruetan emakumea berba, eta besteen neurriko zutabea . Baina, historian... historiaren gurpilean atalean kontatzen denez, Rebeka dauke kartzelan. Gure lagun batek dinonez, errezoia daukazu, baina kartzelarako zara.
Kartzelak kontzijopera ematen zuen, beraz, beheko partean zegoen; han izango zuten Rebeka. Baina, emakumeak, bultza eta bultza, iraultzen ari dira egoera hori, eta, Udaletxean behintzat, goiko partera ari dira pasatzen: sasoi batean gizona baino ez zegoen hor goian, eta gaur, ostera, emakumeak dira nagusi.
Bidea luzea da, baina Dzanga honetan arraildura zabaltzen dagoela erakusten zaigu: katekistak, sareginak (bie batez, Teodora, Teodora Abaroa erkiaga da), elektrikariak, abokatuak, eta monja bat: Juana Atxabal. Guztiekin joan zaitezke edonora, baina Juana Atxabalen berbek harritu egingo zaituzte: pobreek ez dute etorkizunik ikusten, ondorioz etorkizuneko aditzak galdu egiten dira. Iraultzailea!
Andre horien guztien lan eta bultzada barik, gure amen eta amumen lan eta bultzada barik ez ginen hona helduko: ez genuen inolako aldaketarik biziko; ez genuen ikusiko Ane Maruri Kaxarranka dantzatzen; ez genituen Jaione Murelaga (Euskal Herritarrok) eta Maitane Larrauri (ehbilbu) alkate ikusiko; ez genuen...
saiatu hura botatzera,
usteltzen hasita dago-ta,
laister eroriko da.
Hik bultza gogor hortikan,
ta bultza nik hemendikan,
ikusiko dek nola-nola
laister eroriko dan.
2024/12/27
Kultura ekitaldiak
2008 urrun hartako abenduan, herri-prentsaren eta komunikazioaren gaineko jaurdinaldi interesgarri batzuk egin ziran herrian. Batez ere interesgarri izan ziren Lekeitioko eta inguruko herrietako aldizkarien erakusketa eta Maribi Ugarteburuk zuzendutako mahai ingurua herrian aldizkarigintzan eta komunikazioaren munduan ibilitakoekin.
Imanol Muruarekin izan beharreko armozu-tertulia ere interesgarria izango zen, baina bertan behera geratu zen. Han ibili zen Imanol herrian batetik bestera non ote zen tertulia ditxosoa: inork ez zion esan ekitaldia bertan behera geratu zenik. Hau herria, gurea.
Harrezkero, ez dugu herri-prentsarik Lekeition. Alderdi politikoen propaganda-komunikazio aldizkariekin konformatu behar izan dugu: Entzuixu!!!, EAJ-rena eta Karin Kara, ehbildu-rena. 2023ko udal hauteskundeak egin zirenetik ez dituzte kaleratu. Orain, udalak ateratzen duen Talaiapekoa daukagu. Berriro ote gaude, bada, 1987an?
2024/12/25
GASTIBELTZAREN KARABINAK
Uztailaren 14a Liberté, Égalite, Fraternité-ren eguna omen da, eta egun horretan antzeztu zen Lekeitioko plazan Gastibeltzaren Karabinak, gure herriarentzat Liberté aldarrikatzen duen lanetako bat, Liberté-ren jabeak aitortzen ez digun askatasuna. Haur duzue kantuekin eta musikarekin kaleratu zen liburukia. Horretaz aparte, barruan, textu-moldatzaileen, musikarien, antzezleen, eta antolamenduan ibili zirenen izen-abizenak, mutil kozkorrarenak barne. Ez du argitzen nork sortu zuen Natxo de Feliperen eskutik irten ez zen kantu bakarra. Miguel Arrieta?
Bide batez, ohartu zenbat denbora daraman gure artean Iñigo Aranbarrik.
Eta, karlistaden sasoian gaudenez, beste inon entzun ez dugun bertso ahapaldi bat hona ekarri barik ez gara joango. Zein bertso-katetan sartu behar ote da?
Erregina maturranga
su(du)r luze dongia
haretxek ekarri eiuan
Bizkaira gerria
2024/12/23
DZANGA 6
Kolinetak, kolinetak. Orain ere galbidean dira, baina hor segitzen dute. Hurrengo Santinetik pasatzen garenean, bat eskatuko dugu.
Eta karamelo gomazkoak! Gutxi ikusten dira Astesantuetan; izan ere, Astesantuak dagoeneko ez dira Astesantuak. Gero eta katoliko gutxiago dagoen seinale. Zergatik ote da? Hori bai, Astesantuero astesantuero Mingorrik karamelo gomazkoa izaten duzu beti zintzilik bere mingainetik.
Antzerkiaz eta lekeitiarron zaletasunaz ere egiten da berba: zaletasun gutxi, halakoxea! Gerra aurrekoek ereindako haziak izan zuen fruiturik gerra ostean, baina gutxi Franco hil ondoren: 50 urtean, lekeitiarrek antzeztutako lan bi: Vizcaitik Bizkaira (Tramana kuadrillakoek) eta Gaztibeltzaren karabinak (herritarrek). Emanaldiak ere, gutxi, eta dirua galduta sarritan.
Kontrabandistak gara, familia alaia
armak saldu ta erosten beti gara saia
hala ere badakigu nun dugun sustraia
listo gara apurtzeko foruen etsaia
Dena dela, 1979an antzerki-topaketa batzuk egin ziren herrian, hemen leku hartu zuten antzerkigile batzuen eskutik: Txiruliruli konpainia. Dinamarkako Odin Theatre ekarri zuten, eta ikusgarria izan zen. Horrek batzuen barruko sua piztu zuen, Imanol Agirrerena esaterako, eta 10 urte geroago, 1989an Lekitoko Kale Antzerkia sortu zuen, harrezkero 34 edizio izan dituen jaialdia. Bada zer edo zer.
Antzerkigileak ere sortu ziren. Hiru aipatzen daira: Amaia Aboitiz, Ana Meabe (emanaldi bat izango du Lekeitio 700en) eta Miren Gogenola.
Elkarrizketa interesgarri bat Anton Ansotegi Txakartegirekin. Bizi gogorra eta zelan urten aurrera beso bakarrarekin. Gerro osteko antzerkiaz ere egiten du berba. Leiru, ez zarete damutuko.
Bihar Gabon Gaba
Gabon gabian
soledadian
lapurrak teilatuan
teilak ohostuten
konpaiñerua jagoten ...
2024/12/21
DZANGA 5
Gabonak datoz, eta gaur santo Tomas dugu. Azokia plazan. Han batuko gara denok inguruko baserrietakoen produktuak erosteko: batzuk, sagarrak, eta besteak, gaztaia. Kontua da hemen bertokoa erosteko ohitura sustatzea. Apropos datorkigu Dzanga hau: Santo Tomaseko ohituraren gainean hitz egiten da, eta kontuan izanda Gabonak ditugula, bada, jostailuei eta olgateko moduei buruz, batez ere, Gallo tabernako Juli Mendia eta Karmen Goitien bizpenetatik abiatuta. Laster ikusiko dugu Karraspion ez dagoela olaturik!
Nola aldatu diren garaiak: ez dakigu nolakoak ziren hor aipatzen diren jolas gehien-gehienak.
La línea está trazada la maldición esta echada
lo lento hoy será rápido mañana
vuestro tiempo ha pasado
y el diablo esta de nuestro lado.
Por que los tiempos están cambiando.
Eta hala da, gure denborak joan dira, gure gurasoenak aspaldiago amaitu ziren. Baina guk ez dugu alzheimerrik; beste batzuk, berriz...
2024/12/19
DZANGA 3
Azalean, marmuak.
Iñaki Goioganak uren kontuak dakartza oraingoan, eta hara non jakin dugun gune honi izen ematen dion iturria 1724an eraiki zutela. Aurten 300 urte. Halakorik, geu ere mendeurrenean gara!
Gero, barriro ere Don Antonio. Oraingoan, Don Antonio Zamora. Abadea. Lan handia egina da Don Antonio umeekin herrian: eskursiñoiak, tanborrada, Antero, jolasak, herriko eskoletan (orduan, eskola nazionalak)...
Gaur eguneko begiekin erreparatuta ostera, goiko argiei ilunak ere batzen zaizkie. Baina hurrengo baterako utziko dugu hori.
Elkarrizketetan, denak ez ditugu ezagutzen, baina: Ramón, Ramón Fernandez da; Beatriz, Beatriz Anakabe; Kepa, Kepa Goitia; Koke, Jesus Mari Gogenola; Jesús Mari, Jesús Mari Malaxetxebarria.
Bertsio bi dauzkagu: lehenengoan, bazkaria Zapirain jatetxean da, eta bigarrenean, Leagi kanpinean. Ez dakigu non bazkaldu zuten irabazleek.
2024/12/17
LEKITTARRAK
Baxurako arrantza Lekeition, 1960-2010
Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Baxurako arrantza Lekeition. 1960-2010
Aurrerago batean, Lekitxarrak 1 1960-1983, Lekitxarrak 2 1990era arte, eta Lekeitio 1859-1959 liburuak ekarri genituen hona ―Kiñukakoen oniritziarekin; izan ere, zeozertarako jarri genuen gure emaila: mandaskia@gmail.com―. Oraingoan, Josu Erkiagak helarazi digu bere Baxurako arrantza Lekeition 1910-2010 liburua zuen guztion eskura jartzeko (paperean nahi izanez gero, oraindik eskuratu daiteke).
Gaur egun aproposa da liburuori hona ekartzeko. Zergatik? Bada, pasa den astean Kalamua salgai dagoela jakin genuelako. Finito, beraz, baxurako arrantzaren historia Lekeition. Aurrerantzean, liburuetan eta bildumetan jasoko dugu guk historia horren berri, eta Eusko Jaurlaritzak eta Ahaldundiak ateratzen dituzten badaezpadako turismo-orri eta turismo-triptikoetan turistek. Museoa noiz egingo zain, ekarpen ezin hobea eta ezinbestekoa dugu Josu Erkiagaren hau.
Egin kontu
Bost mila zazpiehun
kultura ezberdin
desagertu dira historian.
Esaten dutenez
aurrerabidea
elkar jan horretan
oinarritu da mendeetan zehar.
Beraz ez larritu
izan jakintsu
orpoa erakutsi
aurrerabideari.
Jarraitu egiozu
asko dakienari
behingoz utziozu
baldar izate horri.
Zer gabiltza hainbeste
nor gara gu
zer gara gu
lekittarrak gara gu
...
Kantatzen du Ruper Ordorikak, eta guk bizi.
Liburuarekin batera, beste hau ere helarazi digu:
1. Konterno
2. Luis Sesma
3. Jose Belaustegui
4. ????
5. Placido Belaustegui
6. Baltza-Dakar
7. ????
9. Felix Arrasate (bakarra bizirik)
10. ”Martin “potorrua”
11. Faustino Garatea
12. Luciano ”Urrusolo”
13. ????
15. Telex Sesma.
2024/12/15
Arrantza
Eten bat egingo dugu gure orain arteko bidean asteon jakin dugun berri bat hona ekartzeko.
Hona gure herriko baxurako azken itsasontzia:
Bada, aste honetan jakin dugu salgai dagoela
Iragarkiko salneurriari zero bat falta zaio, eskuman. Gu, berriz, aspalditik gabiltza zeroak pilatzen ezkerretara.
Josu Erkiaga Atilak Baxurako arrantza Lekeition liburua argitaratu zuenean 2011n, baxurako bapore bi geratzen ziren herrian: Ondarzabal eta Kalamua. Ondarzabal aspaldi saldu zen, eta, orain, erretiroaren ordua heldu zaie Kalamuako armadoreei. Emaitza: azkena, kito; Lekeitio gizarte posmodernoan.
Aurrerantzean, turistentzako liburukietan baino ez gara agertuko. Aldatu egin beharko dituzte, ordea, hasierako berbak: Herri arrantzalea/pueblo pesquero.
Urteak zeramatzaten Lekeition kirol-portu bat ipini nahian, kirol-portu bihurtu nahian. Gomutan ditugu aurreko mendean/milurtekoan farolpean edo san Juanpean portu hori egiteko proiektuak, herri ekimenaren indarrez atzera botatakoak. Baina ez zuten etsi, eta kanpoan eraiki ezin izan zutena, azkenean, barruan egin dute: gurea zen arrantza-portua haien kirol-portua da orain. Aste honetan jarri diote azken iltzea hilkutxari. Hiribilduaren 700. urteurrenean. ezin data hoberik aukeratu. Gogoan gorde dezagun ondo iltzatuta.
Lebazaleak hasi prestatzen, zerrendan hurrengoak zuek zarete-eta. Se fini. Yateak, balandroak, motor txikiak eta arrantza-txapelketak. Museoa egitea baino ez zaigu faltatzen. Haur kofradia zaharra leku aproposa horretarako. Turismoa turismorik nahi ez duen herrian.
Aspaldi kantatzen zuen Xenpelarrek:
Ia gureak egin du
badegu zeinek agindu
2024/12/13
DZANGA 2
Santa
Mariako parrokia dakar berbara Iñaki Goioganak, Lekeitio sortu zuten sasoiko
kontuekin. Orain elizkizunetan eta hiletetan bakarrik zabaltzen duten herri
ondarea. Eiona barre! Herri ondarea
esan dugu? Bai zera! Eraikin hori inorena da, eta horrexegatik egoten da ia
beti zarratuta. Badakizue norena den?
Ondo dino Txantxanek: Eugenio Egiaren historia beraren adineko edozein marineroren historia da. Bizitza gogorra, 13 urtegaz itsasora, eta ekonomia, familiarra: aita marinero, semea mutil txiki eta ama-alabak enkarnaten, saregin, señero… Nola aldatzen diren gauzak, kamaraaada!!!
Eugenion berbetan ogibidearekin batera galbidean dauden makina bat berba: traina, mandzuidza, arin-aringa, txikota, partilla, drogan, señerua, txarrantxia, tretza, errenkadan etorri, kandelak, parasmia, blankuria, txartadan ibili, ardora, giñarrea, maluta, part, palta...
Anton piperra, Jose txikia, Sebilla… eta Jesus Baltza!!! Zigarrotxu bat, zigarrotxu bat ezagutu genuen guk, nagusi eta makal, eta barre egiten genion. Baina, gure aitak kontatzen zigunez, gizon txiki, dardarti eta ihar hura handia izandakoa zen. Artean, gazte eta berde ginen.
Agurtza ere ageri da kontakizunean. Bapore dotoreagorik itsaso gainean! Orain, 2004tik, Santurtzin dago ikusgai. Lekeitioko ondarea, Murelaga anaien ontziolan egina, Santurtzin!
Izan genuen herrian beste itsasontzi bat gure ondarearen erakusgarri: Playa de Ondarzabal, 2003an udalak erosia. Portuan egon zen ikusgai, bisitagai. Itsasora ere irteten zen. Apurka-apurka, hondatu egin zen zaintza eta mantenimendu faltaren faltaz. Makinatxo berbaleku eman zuten Andoni Madariaga Menbrik eta Josu Erkiaga Atilak bapore hura zela eta: zaindu eta gorde beharra zegoen. Baina, gauzak zer diren kontuak ez zaizkit ateratzen ongi; bapore kontuetan gabiltza-eta, sekula ere ez aproposago esaldia: Donde manda patrón, no manda marinero.
Hala, bada, ez dago
dirurik eta hondora erabaki zuen Udalak, sasoi hartan EHBilduren ardurapean. Gauzak zer diren kontuak ez zaizkit ateratzen ongi kantatzen du Ruper Ordorikak Zaindu maite duzun hori kantuan. Euskaldunon Egunkariaz ari zen, berdin-berdin ari zitekeen Playa de Ondarzabalen gainean.
2024/12/11
DZANGA 1
Polita zelako egin ete eben Lekeitioko uria sortu? artikulua dator Iñaki Goioganak idatzita. Eta galdera ona da; izan ere, 1325 hartan, hiribildu titulua eman aurretik, bazan Lekeitio. Eta horretaz galdetzen du Iñakik bere artikuluan: polita ote zen aurreragoko Lekeitio hura? Irakurri artikuluori kontuan izanda 1989koa dela. Harrezkero, gauza asko ikasi ditugu, eta asko horren berri izan nahi baduzue, irakurri Iñaki Madariagak www.lekeitio700.eus webgunean jarri duen artikulua: Lekeitioko lurralde antolaketaren bilakaera (VIII. mendetik XVI.era)
Gero Juan Zugadi Juanito Bonbilloneri egindako elkarrizketa duzue. Futbol talde bat bere izenekoa hondartzako futbol txapelketan, eta Erregen kabalgata berezi baten sortzailea: Hospitalerako (orduan Hospitala esaten genion gaur Erresidentzia esaten diogunari) laguntza biltzeko jai-kabalgata bat Errege egunean bertan, Erregeak traktore baten gainean zirela edonon zurrut egiten, eta ez zaldi gainean izar baten atzetik. Sotanadun batzuri seguru ez zitzaiela gustatu halako irreberentzia.
Juanito Bonbillonen gainean besterik jakin nahi izanez gero, ikusi Jon Grandek egindako bideoa: Juanito Bonbillon
Azken orrialdean, euskararen jaiak datoz: Ibilaldia, Kilometroak, Herri Urrats, Nafarroa Oinez, Araban Euskaraz eta Korrika (urte birik behin). Durangoko azoka falta da. Urte berean guztietan (Durangoko azoka barne) dzanga egiten duena salbuetsita omen dago euskaraz alfabetatzetik bizi osorako. Itxura guztien arabera, lekeitiar ugarik bete dute balentria hori.
2024/12/09
DZANGA
Dzanga, dzapart, dzingoa, berba gaitzak esaten Lekeitioko euskaraz moldatzen ez denarentzat. Baina berba politak Lekeitioko aldizkari baterako; batez ere, Dzanga horrek Dzanga euskarara (Dzanga euskararen saltsa freskoan) esan nahi badu, geroago ere antzera (dzanga geurera) erabili izan den leloa.
Dzangak aldi bi izan zituen. Lehenengoa, Zorione Aboitizen ekimenez. Zorione, sasoi hartan, euskara teknikaria zen, eta DZANGA Euskara Batzordearen aldizkaria: 1989tik 1993ra arte iraun zuen, eta zazpi zenbaki arrunt eta zenbaki berezi bi atera zituzten, denak egunkari tamaninan. Sinadura bi ageri dira: Iñaki Goiogana (Historia kontuak) eta Euken Entziondo Txantxan (elkarrizketak).
Bigarren aldia 2000. urtean hasi zen, eta Kultur Batzordeak argitaratzen zuen. Andoni Seijo zen kulturako zinegotzia, eta Bittor Txakartegi nahastu zuen Dzangari bigarren bizialdi bat emateko, oraingoan Kultur batzordearen aldizkari modura. Aldaketa batzuk zituen: formatua ez zen egunkariena, aldizkariena baizik eta erabilgarriago; izenburuaren formatua, eta azkenengo A-k ez zuen inora salto egiten; artikuluen egileen izenak agertzen ziren eta beste ilustratzaile bat batu zen aurrekoetara ―Bittor Txakartegi eta Joseba Markuerkiaga (Jabi Barcina beste baterako utziko dugu)―: Jon Zubiaur.
2000. urtean ikusi zuen lehen argia, eta legealdiarekin batera itzali zen, 2003an, 9 zenbaki aterata.
Etzi, lehen aldiko lehen zenbakia.
2024/12/07
ETA ORAIN, ZER?
Ipini ditugu Kostra guztiak, eta bete da gune honen lehen asmoa; baina, Lekeition, Kostratik aparte, beste aldizkari batzuk ere argitaratu dira, eta horien txanda hasiko da orain.
2024/12/05
LEKITTARRAK
Lekeitio, 1859-1959
Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekeitio, 1859-1959
Kiñukakoek argitaratua zuten beste argazki-liburu bat Lekitxarrak I eta II-ren aurretik: Lekeitio, 1859-1959. Liburu horretan, lan-taldea Kiñuka bera baino zabalagoa zen:
eta jende ugarik jarri zituen gordeta zeuzkan argazkiak lan-taldekoen eskura
Liburu hau, testu aldetik, Lekitxarrak I eta II baino landuago dago: hainbat informazio ageri da, tartean datak eta zenbait pertsona identifikatua izenez.
Sasoi bateko Lekeitioren irudia egiteko primeran dator, desagertutako eraikin asko hor ageri dira-eta: alondegia, eskola zaharra, Uribarren jauregia, zezen plaza, San Joseko ortuaren horma Eskolapean, Aittitta Makurra osorik, frontoia tapa barik...
Aukera ona belaunaldi berriek jakiteko zer zegoen beren herrian haiek jaio aurretik.
2024/12/03
LEKITTARRAK
Lekitxarrak, 1990era arte, erretratuak
Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekitxarrak II
Jon Josuk eta Jon Iñakik, aurrekoaren bidetik, Lekitxarrak II liburua ere argitaratu zuten, oinarri beretik abiatuta eta beste batzuen ekarpenekin. Eta, beraren ederrean, aurrekoaren huts bera zeukan: data batzuk, bai, eta beste batzuk, ez. Izenik, bat bera ere ez. Hori bai, atzeko partean orri zuri bat zekarren nork bere oharrak hartzeko.
Ez legoke txarto argazki horiei izenak eranstea.
Geu hasiko gara
Goian, ezkerretik eskumatara:
Paul Seijo, Jose Mari Mendia, Mitxel Kaltzakorta, Enrique ituarriagagoitia, Koldo Zarzoso eta Manu Roldan
eta behean
Julian Akarregi, Txabi Gabikagogeaskoa, Jose Antonio Agirre Txitxo, Zorion Elorrieta eta Jabier Arrasate
Ikertuko dugu izenen kontua, eta, topa ahala, ipiniko ditugu; baina gure emailera bidaltzen badizkiguzue, hobeto.
2024/12/01
LEKITTARRAK
Lekitxarrak, 1960-1983
Liburua ikusi eta jaisteko, egin klik hemen: Lekitxarrak 1960-1983, Erretratuak
2023an, Jose Maria Arriolaren TALA FILMS, Guiones Lekeitianos liburua argitaratu zen.
Un conjunto de historias noveladas que, sobre la base de la memoria histórica del autor y con un mismo hilo conductor, tratan de resumir aspectos de la vida de Lekeitio y, en especial de su veraneo, durante la segunda mitad del siglo XX. Se presentan como un diálogo abierto entre sus protagonistas, encuadradas paralelamente con inolvidables películas cinematográficas de esa época para una exposición más amable.
Liburuak alkanfor poto batetik irten dela ematen du, eta egilearen beraneoa erabat dago lotuta Club de Pesca de Atún de Lekeitiori (CPAL), beste beraneo eta beste beraneanterik ez balego lez. Liburuan, zerrendak eta zerrendak daude: nor den nor beraneante horien artean, zein beraneante ezkondu den zein beraneanterekin, zein beraneante ezkondu den kanpotar batekin, zein beraneante ezkondu den lekeitiar batekin, beraneante horien seme-alabak... Eta hori guztia XX mendeko 2. erdialdeko beraneanteak nor izan diren betiko jasota geratzeko, eta horien izen-abizenak. Ze, beraneanteenak jaso beharra zegoen, lekeitiarrenak elizako liburuetan eta Bake Epaitegiekoetan jasota daudelako.
Alkanforra alkanfor, neurri batean zuzen dabil: herria herritarrek egiten dute (gure kasuan lekeitiarrek eta beraneanteek), eta komeni da horien guztien izenak, aurpegiak ahal den neurrian, eta egintzak jasotzea, jakin dezagun nondik gatozen. 2024an ezin dugu atzera pauso handirik eman, baina, bide horretan, ekarpen garrantzitsuak egin dira azken urteotan Lekeition:
Alejandra Goikoetatxea eta Aitziber Izagirreren Ezkutuko amandrea, XX. mendeko emakumea Lekeition liburua eta dokumentala Erreportaia Argian
hogeita zazpi emakumeren testigantzak jaso, eta egungo Lekeitio ulertzeko ezinbestekoa zaigun iraganari beste kolore eta xamurtasun bat
Josu Erkiaga Atilaren Baxurako arrantza Lekeition liburua. Gezurra ematen du nondik gatozen eta nora heldu garen!
"belaunaldi berrien eskura jarduera baten testigantza ipini, Lekeition jarduera hori funtsezkoa izan delako eta ezin dugulako ahaztu eta ezerezean utzi"
Lekeitioko Udaleko Ondare batzordeak eta Parekidetasun batzordeak bildutako informazioa (tartean, Maite Garamendi eta Monica Eiguren) lekukoak, testigantzak bideoan hartuta, argazkiak... erabilita prestatutako Lekeitioko errekak, emakumeen lantoki eta bilgune. Zaintzak Lekeition atzo, gaur eta bihar. Zaintza, memoria eta belaunaldi arteko harremanak erakusketa.
Aitor Iturbe, Iñaki Goiogana Mendiguren eta Maite Garamendiren (lehengo liburukian Iñaki Madariaga ere tarteko zen) lanaren fruitu diren KURIKak
Beste liburu interesgarri bat Agurtzane Lakaren eta Iñaki Goiogana Mendigurenen Nacionalismo Vasco en Lekeitio da. Interesgarriago izan zitekeen liburuaren edukia eta izenburua bat baletoz eta Lekeitioko nazionalisten gainean berba egingo balu, baina Batzokiaren historia kontatzera mugatzen da (hurrengo batean egingo dugu berba horren gainean).
Eta Jose Miguel Meabek eta Aittitta Txikik urtero-urtero egiten duten argazki zaharrak bilduta egiten duten erakusketa.
Bide horretatik, atal honetan, Kiñukako Jon Iñaki Gojenolak eta Jon Josu Uribarrenek atondutako Lekitxarrak 1960-1983 liburua jarri nahi dugu zuen eskura. Liburu honen oinarrian, Lekeitioko Foto Victor-eko Victor Torres González argazkilariaren lana dago, laguntzaile batzuen ekarpenekin osatuta.
Egileen esanetan, liburuko argazkien data batzuk zehatzak dira, batzuk gutxi gorabeherakoak eta beste askok ez dute datarik. Eta ez da ageri inoren izenik. Pena bat da; izan ere, aurpegiak garrantzitsuak dira, baina are garrantzitsuago da izenak jartzea, lekeitiarron izenak elizako liburuetan eta bake epaitegiko liburuetan ageri direlako, baina ez Udaletxekoetan. Galdetu, bestela, Fernando Garateari; ze, Lekeitioko Musika Bandaren historia eraiki nahian zebilela, ez zuen lortu jakiterik nortzuk ziren 1867ko martxoan musika banda bat sortzeko udalari laguntza eskatu zion gazte talde hartako kide, ezta nortzuk jotzen zuten zuten 1867 urriaren 14 fundatu zen bandan. Hori bai, alkatearen izena ageri da.
Liburuetan errege-izenik baizik ez da ageri.
Alkateak eta zinegotziek jo ote zituzten musika tresnok?